Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q23/658) Ebazpena. Horren bidez Mendigorriko Udalari gogorarazi zaio herritarrek aurkeztutako eskaerak garaiz eta behar bezala ebatzi behar dituela.

2023 iraila 08

Euskara

Gaia: Mendigorriko Udalaren plantilla organikoan profil elebiduneko langileen falta eta euskararen ezagutza merezimendu gisa ez baloratzea.

Mendigorriako alkate


Alkate jauna:

1. 2023ko ekainaren 27an, instituzio honek [...] jaunaren idazki bat jaso zuen, Administrazioan Euskaraz Taldearen izenean. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Mendigorriako Udalaren plantilla organikoari buruzko instantzia bati ez erantzuteagatik.
Idazki hartan, hauxe zioen:
a) 2023ko otsailaren 27an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean Mendigorriako Udalaren plantilla organikoa.
b) Sei lanpostuetatik, batek ere ez du euskarazko hizkuntza eskakizunik eta merezimendu gisa ere ez da baloratzen euskara ezagutzea.
c) Mendigorria eremu mistoan dago 2017tik. 
d) Hori dela eta, martxoaren 20an instantzia bat aurkeztu zuten plantilla organikoa egokitzeko eskatzeko, Mendigorriako herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea betetzeko. Horretarako, euskarazko C1 hizkuntza eskakizuna ezarriko litzateke idazkari, ofizial administrari eta administrari laguntzaile lanpostuetarako eta gainerako lanpostuetan merezimendu gisa hartuko litzateke euskara ezagutzea.
e) Igarotako denbora gorabehera, ez dute erantzunik jaso. 

2. Ondoren, erakunde honek Mendigorriako Udalara jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean: 
“[..] jn. Administrazioan Euskaraz Taldearen ordezkariak kexa bat aurkeztu du (Q23/658) Arartekoan. 
Aplika daitekeen araudi espezifikoari dagokionez, honako foru dekretu honetara jo behar da: 
103/2017 Foru dekretua, azaroaren 15ekoa, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan. 231. NAO - 2017-11-30 

13. artikulua. Herritarrekiko harremanak. 

1. Eremu mistoan izan eta zerbitzu zentraltzat hartzen ez diren administrazio publikoetako, erakunde publikoetako eta zuzenbide publikoko entitateetako zerbitzuetan, behar diren neurriak bultzatzen ahalko dira jakinarazpenak eta komunikazioak ele biz egiteko modua egon dadin. Hizkuntza bakarra erabiliz gero, gaztelania erabili beharko da. 
Pertsona fisikoek edo juridikoek euskaraz hasitako espedienteei dagokienez, espediente horietatik eratorritako jakinarazpenak eta komunikazioak ele biz igorriko zaizkie interesdunei. 

2. Herritarren erabilerarako inprimakiak nahiz idazki ofizialak ele biz idatz daitezke. 

3. Ahozko arretari dagokionez, eremu mistoan dauden administrazio publikoek, erakunde publikoek eta zuzenbide publikoko entitateek behar diren neurriak har ditzakete, herritarrek administrazio publikoei euskaraz zuzentzeko aukera izan dezaten. 

4. Eremu mistoan izan eta zerbitzua eremu horretako biztanleei soilik ematen dieten administrazio publikoek, erakunde publikoek eta zuzenbideko publikoko entitateek behar diren neurriak hartzen ahalko dituzte webguneetako informazioa eta haien bidez egin daitezkeen tramite administratiboak euskaraz eta gaztelaniaz egon daitezen. 

32. artikulua. Ele biko lanpostuak. 
Eremu mistoko toki entitateek, beren eskumenen esparruan, euskararen ezagutza zein lanpostutan den nahitaezkoa zehatz dezakete eta, orobat, beren plantilla organikoetan ele biko lanpostu horiek zein diren adieraziko dute. 

33. artikulua. Merezimendu moduan baloratzea. 
Euskararen ezagutza nahitaezkotzat jo ez den eremu mistoko toki entitateetan, euskara merezimendutzat hartzea erabaki bada, hari balorazio gehigarria emateko Nafarroako Foru Komunitateko Administraziorako 31. artikuluan ezarritako balioak har daitezke erreferentzia moduan 

31. artikulua. Merezimendu moduan baloratzea. 

1. Eremu mistoan dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren unitate organikoetako lanpostuetarako, betiere ele bikotzat jo ez badira, euskara merezimendu moduan baloratuko da. Sarbidea oposizio lehiaketa bidez egiten denean balorazio hori % 7koa izanen da, merezimendu baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez, eta lanpostu horiek betetzeko merezimendu lehiaketetan % 6koa, merezimenduen baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez. 

2. Eremu mistoan dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko unitate organikoetako zenbait lanpostuk herritarrekin duten arreta edo tratu maila kontuan hartuta, horietarako sarbidea oposizio lehiaketa bidez egiten bada eta Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuaren aldez aurretiko justifikazio txostena izanik, haren baloraziorako esleitutako ehunekoa % 14 bitartekoa izan daiteke, merezimenduen baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez, eta, merezimendu lehiaketa bidez betetzen diren lanpostuetan, berriz, % 12 bitartekoa, merezimenduen baremoaren gainerako zatiari esleitutako puntuazioari dagokionez. (Ikus Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren irailaren 27ko 216/2019 Epaia).

Aurreko guztiagatik, honen berri ematen du Arartekoak: 

1.- Euskara jakitea zein lanpostutan den nahitaezkoa edo borondatezkoa zehaztea aukerakoa da (“izan daitezke”, 103/2017 Foru Dekretuaren 31. artikulua). 

2.- Lanpostuak betetzeko merezimenduaren balorazioa ere hautazkoa edo borondatezkoa da (103/2017 Foru Dekretuaren 31. artikuluaren "merezimendutzat hartzea erabakitzen dutenean"; (Ikus Nafarroako Justizia Auzitegi Gorenaren irailaren 27ko 216/2019 Epaia). 

3.- Euskara hizkuntza gutxitu gisa sustatzeko eta erabiltzeko borondatea adierazten da, plantilla organikoetan euskararen ezagutza eta erabiltzeko gaitasuna sartuz, hasieran behintzat herritarrei arreta emateko postuetan eta gero Udaleko gainerako lanpostuetan. Betiere borondatezko izaera kontuan hartuta. 
Adierazpen hori bat dator Mendigorriako Udalaren eremuan euskararen erabilerak eta sustapenak gizartean duen egoerarekin eta bilakaerarekin, eta sortzen ari den biztanleriaren egungo eta etorkizuneko beharrizan eta eskubideekin. Betiere, hartu beharreko neurrien mailakatze, arrazoizkotasun eta bideragarritasun printzipioak kontuan hartuta. 

4.- Mendigorriako Udalaren Osoko Bilkurak du Plantilla organikoa onartzeko eskumena. Horretaz gain, Osoko Bilkurak erantzun hau berretsi beharko du. 

5.- Administrazioan Euskaraz Taldearen gomendioa onartu da, eta proposatutako lanpostuetan euskararen betekizuna eskatzeko bitartekoak ezarriko dira, baita gainerako lanpostuetan merezimenduen balorazioa egiteko ere.

3. Jasotakoaren arabera, kexa jarri zen Mendigorriak Udalaren plantilla organikoan ez zegoelako langile elebidun nahikorik eta euskara merezimendu gisa baloratzen ez zelako.

4. Kexa honen muina den gaia ebazten hasi aurretik, gorabehera formal bati heldu behar zaio: interesdunak 2023ko martxoaren 20an aurkeztutako eskaerari erantzunik ez ematea.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluan jasotzen denaren arabera, Administrazioa “behartuta dago berariazko ebazpena eman eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua”.
Betebehar hori zer denbora tartetan bete behar den zehazteko, 21. artikuluaren 2. apartatuan ezartzen denez, “berariazko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da”. Era berean, 21. artikuluaren 3. apartatuan gaineratzen denez, “prozedurei dagozkien arauetan ezarrita ez badago, hiru hilabete izango da gehieneko epea”.
Ildo beretik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 318. artikuluak ezartzen du toki entitateek beren eskumeneko gaietan egiten zaizkien eskaera guztiak ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.
Kontuan hartu behar da instantzia martxoan aurkeztu zela, eta ebazteko epea aspaldi gainditu denez, erakunde honen ustez egokia da Medigorriako Udalari gogoraraztea garaiz eta behar bezala ebatzi behar dituela herritarrek aurkeztutako eskabideak.

5. Gaiaren mamiari dagokionez, Udalaren borondatearen arabera “euskara hizkuntza gutxitu gisa sustatzeko eta erabiltzeko borondatea dago, plantilla organikoetan euskararen ezagutza eta erabiltzeko gaitasuna txertatuz, hasieran behintzat herritarrei arreta emateko postuetan eta gero Udaleko gainerako lanpostuetan”; hortaz, erakunde honen ustez ez da beharrezkoa gomendiorik egitea.

6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat: 
Medigorriako Udalari gogorarazi zaio garaiz eta behar bezala ebatzi behar dituela herritarrek aurkeztutako eskabideak.
Aipatutako foru legearen 34.2 artikuluaren ondorioetarako, erakunde honek onartutzat jotzen duen erabaki horren bidez, amaiera ematen zaio gai horretan esku hartzeari, eta kexagileari ere jakinarazten zaio. 
Hala ere, horri buruzko oharren bat egin nahi izanez gero edo ez dela onartzen adierazi nahi izanez gero, 34.2 artikuluan aipatzen den bi hilabeteko gehieneko epean egin beharra dago, betiere bertan adierazten diren ondorioak aintzat hartuz, 2023. urteko txostenean kasua sartzeari dagokionez. 

Adeitasunez,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia