Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q23/650) Ebazpena. Horren bidez, Galar Zendeako Udalari gogorarazi dio herritarrek aurkeztutako eskaerak garaiz eta behar bezala ebatzi behar dituela. Era berean, beharrezko neurriak har ditzala gomendatu dio herritarrek administrazioarekin euskaraz hitz egiteko duten eskubidea bermatzeko.

2023 abuztua 25

Euskara

Gaia: Galar Zendeako Udalaren plantilla organikoan profil elebiduneko langileen falta eta euskararen ezagutza merezimendu gisa ez baloratzea.

Alkate jauna:

1. 2023ko ekainaren 23an, instituzio honek [...]  jaunaren idazki bat jaso zuen, Administrazioan Euskaraz Taldearen izenean. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Galarko Udalaren plantilla organikoari buruzkoa instantzia bati ez erantzuteagatik.

Idazki hartan, hauxe zioen:

a) 2023ko otsailaren 27an, Galar  Zendeako Udalaren plantilla organikoa argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

b) Hamaika lanpostuetatik, euskara teknikariak bakarrik du euskarazko hizkuntz profila.

c) Galar eremu mistoan dago.

d) Hori dela eta, martxoaren 17an instantzia bat aurkeztu zuten plantilla organikoa egokitzeko eskatuz, Galar Zendeako herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea gauzatzeko, Idazkaritzako, Kultur Koordinatzaileko, Ofizial Administraritzako eta Administrari Laguntzaileko lanpostuetarako C1 mailako euskarazko hizkuntza-eskakizuna esleituz, eta gainerako lanpostuetarako euskararen ezagutza merezimendu gisa ezarriz.

e) Igarotako denbora gorabehera, ez dute erantzunik jaso.

2. Ondoren, erakunde honek Galar Zendeako Udalara jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

Honen bidez, jakinarazten dizut jaso dudala Q23/650 kexa, zure erakundean jarri zena eta 2023ko ekainaren 29an administrazio honetan jaso zena. Bada, kexa horren harira, zera jakinarazi nahi dizut.

Hain zuzen ere, 2023ko martxoaren 20an jaso zen [..] jaunak Administrazioan Euskaraz Taldearen izenean egindako eskaera. Edukia ikusita, ulertu zen elkarte hori zenbait iradokizun egiten ari zela etorkizuneko plantilla organikoetarako, 2023. urtekoa behin betiko onetsita eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratuta zegoelako jadanik. Hori horrela, eta horren aurkako errekurtso bat ez zenez, erregistratu eta idazkaritzara bidali zen, kontuan har zezaten, egoki izanez gero, hurrengo plantilla organikoa eratzeko orduan.

Hori dela eta, 2024rako plantilla organikoa egiteko orduan emango zaie erantzuna proposatzaileei; izan ere, berriz adierazi nahi dut idazkiaren edukitik ondorioztatzen dela etorkizunerako iradokizun bat dela.

Aurrekoa gorabehera, ikusita zure aurka kexa egin dela, une honetatik bertatik aurrera partekatu behar dizkizut idazkaritzatik helarazi dizkidaten gogoetak, Nafarroako Administrazio Auzitegiaren eta Nafarroako administrazioarekiko auzien epaitegien askotariko ebazpenen harira.

Azpimarratu behar da azken ebazpenetan zera erabaki dela: hizkuntza-eskakizuna esleitu behar zaie soilik herritarrekin harreman zuzena izatea dakarten lanpostuei, betiere udalerrian dagoen euskal hiztunen kopuruarekiko modu proportzionalean. Beraz, ezaguna da, besteak beste, Berriozarko plantilla organikoaren baliogabetzea, euskarazko hizkuntza-eskakizuna jarri izanagatik idazkaritzako eta teknikariko lanpostuetan, herritarrekin zuzeneko harremana izaterik ez dakarten lanpostuak izanda.

Era berean, bai Nafarroako Administrazio Auzitegiak bai epaitegiek ezarri dute eremu mistoan funtzio publikoko lanpostuak eskuratzeko euskara merezimendu gisa baloratzea ez dela zertan aurrez finkatu plantilla organikoan; izan ere, 18/1996 Foru Arauaren 17. artikuluak ez du exijitzen eremu mistoan funtzio publikoko lanpostuak eskuratzeko euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzea plantilla organikoan aurrez finkatu behar denik, eta dagozkion lanpostuak betetzeko deialdiei egiten die erreferentzia.

Halaber, Nafarroako Administrazio Auzitegiak adierazi du 18/1986 Foru Legea garatzeko araudia (azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan zehaztua), eremu mistoan euskara merezimendu gisa baloratzeko ehunekoei buruzko erregulazioari dagokionez, baliogabetu egin zuela EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak irailaren 27ko 216/2019 Epaian, eta ez dagoela legezko betebeharrik; izan ere, 31 DF baliogabetzearen ondorioz, egungo 33. artikulua edukirik gabe geratzen da.

Gauzak horrela, jotzen da udalaren plantilla organikoak bete egiten duela indarreko legeriak ezarritakoa, eta ez da inolako ez-betetzerik sumatzen euskara ezagutzearen eta baloratzearen harira.

Hala ere, eta aurretik adierazi denez, aurkeztutako iradokizuna Idazkaritzari bidali zitzaion 2024. urterako plantilla organikoa eratzean kontuan har zezaten, eta une hori iristean emango zaio erantzuna proposamena egin zuen elkarteari; izan ere, funtsean, egindako eskaera iradokizun bat zen etorkizuneko plantilla organikoa eratzeko.

Nolanahi ere, zuen erakundean jotzen baduzue administrazio honek proposatzaileari berehala erantzun behar diola, Alkatetza honek horretarako jarraibide egokiak emango ditu, noski.

Amaitu baino lehen, gustatuko litzaidake azpimarratzea erakunde honek beti sustatu duela euskara ikastea, eta horretan lagundu duela, bai bertako herritarren artean bai eta plantilla barruan ere; izan ere, plantillako kideei proposatutako adina ordutegi-egokitzapen egin zaizkie, baimenak eta lizentziak eman dira, eta, noski, dirulaguntzak eman dira euskara ikasteko. Ez da harritzekoa, beraz, gaur egun, hamabost langileko plantilla batean hiruk C1 maila izatea eta beste batek B2 maila. Hau da, plantillaren % 26,67 euskalduna da, eta horrek bermatzen du arreta euskaraz eman ahal izatea publikoari eta udaleko kideei.

3. Jasota geratu denez, kexa jarri zen Galar zendeako Udalaren plantilla organikoan langile elebidun nahikorik ez egoteagatik eta euskara merezimendu gisa ez baloratzeagatik.

4. Kexa honen muina den gaia ebazten hasi aurretik, gorabehera formal bati heldu behar zaio: interesdunak 2023ko martxoaren 17an aurkeztutako eskaerari erantzunik ez ematea.

Galar zendeako Udalak zera adierazi du jasotako txostenean: gorabeheraren edukia ikusita, ulertu zen elkartea zenbait iradokizun egiten ari zela etorkizuneko plantilla organikoetarako, 2023. urterako plantilla behin betiko onetsita baitzegoen jadanik. Hori dela eta, erregistratu eta idazkaritzara bidali zen, kontuan har zezaten, egoki izanez gero, hurrengo plantilla eratzerako orduan. Adierazitakoaren arabera, une horretan emango zaio erantzuna proposamena egin duen elkarteari. Nolanahi ere, zera adierazi da: jotzen bada administrazio honek proposatzaileari berehala erantzun behar diola, Alkatetza honek horretarako jarraibide egokiak emango ditu, noski.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluan jasotzen denaren arabera, Administrazioa “behartuta dago ebazpen espresua eman eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua”.

Betebehar hori zer denbora-tartetan bete behar den zehazteko, 21. artikuluaren 2. apartatuan ezartzen denez, “ebazpen espresua jakinarazteko gehieneko epea dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da”. Era berean, 21. artikuluaren 3. apartatuan gaineratzen denez, “prozedurei dagozkien arauetan ezarrita ez badago, hiru hilabete izango da gehieneko epea”.

Ildo beretik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 318. artikuluak ezartzen du toki-entitateek beren eskumeneko gaietan egiten zaizkien eskaera guztiak ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.

Erakunde honen iritziz, nahiz eta Galar zendeako Udalak uste izan zuen kexa jarri zuen elkarteak planeatutakoa etorkizuneko plantilla organikoetarako iradokizuna zela, horrek ez du esan nahi aurkeztutako idazkiari erantzunik eman behar ez ziotenik horretarako aplika daitekeen araudian legez ezarrita dagoen epeetan; are gehiago, udalak aukera ere bazuen jakinarazteko gaia hurrengo plantilla organikoa eratzerakoan baloratuko zela. Hori dela eta, erakunde honek uste du Galar zendeako Udalari gogorarazi behar zaiola garaiz eta behar bezala ebatzi behar dituela herritarrek planteatzen dituzten gaiak.

5. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 1.2.a) artikuluan, helburuetako bat bezala aitortzen da “herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea”.

Eremu mistoan euskara erabiltzeari dagokionez, aipaturiko Foru Legearen 17. artikuluan honako eskubide hau aitortzen da: “herritar guztiek eskubidea dute euskara zein gaztelania erabiltzeko Nafarroako administrazio publikoetara zuzentzeko”. Gainera, eskubide hori bermatze aldera, administrazio publikoek honako hauek gauzatu ahalko dituzte: “a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea; b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea”.

Arau horiek garatuz, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 3.1.b) artikuluan, funtsezko helburuen artean, honako hau identifikatzen du: “Eremu mistoan, gauzagarri egitea herritarrek duten eskubidea euskaraz nahiz gaztelaniaz zuzentzeko Nafarroako administrazio publikoengana, beren erakunde publikoengana eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateengana”.

6. Udalak gai honetan bere burua antolatzeko duen gaitasuna alde batera utzi gabe, eta kontuan hartuta, gaur egun, herritarrei euskaraz ematen zaien arreta behar bezala ematen ari dela, plantillaren % 26 euskal hiztuna baita, ukaezina da plantilla organikoan ez dela berariaz eskatzen, ez eta merezimendu gisa baloratzen ere, lanpostu baterako ere euskara jakitea. Hori dela eta, funtzionario eta enplegatu publiko horiek udaletik kanpo badaude, arriskua dago herritarrari euskaraz behar bezala ez erantzuteko.

Hori dela eta, betiere Udalak berez antolatzeko duen gaitasuna errespetatuz, erakunde honek uste du beharrezkoa dela Galar zendeako Udalari gomendatzea neurriak har ditzala herritarrek toki-erakundera jotzean euskara erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko.

7. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

a) Galar zendeako Udalari gogorarazi behar zaio garaiz eta behar bezala ebatzi behar dituela herritarrek planteatzen dituzten gaiak.

b) Galar zendeako Udalari gomendatzen zaio herritarrek administraziora euskaraz jotzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzala.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Galar Zendeako Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2023. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia