Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Ultzamako Udalak baimendutako jai batek kexagileak kudeatzen duen hotel-establezimendu bateko bezeroei sortu dizkien arazoak.
Alcalde de Ultzama / Ultzamako alkate
Alkate jauna:
1. 2023ko ekainaren 13an eta 20an, instituzio honek […] andrearen, Beigorri Aventura, SL-ren izenean, hainbat idazki jaso zuen. Horien bidez, kexa bat aurkeztu zuen Ultzamako Udalak baimendutako festa batek eragindako eragozpenengatik.
Idazki hartan, hauxe zioen:
a) Lizason dagoen hotel-establezimendu baten arduraduna da.
b) Beren establezimenduaren inguruan jaiak ospatzeak kalte larriak eragiten dizkie; izan ere, jai horietan sortutako zaraten eta eragozpenen ondorioz, beren ospe onari eutsi ahal izateko, establezimendua itxi behar dute, edo bezeroei, konpentsazio gisa, ostatuagatik ordaindutako zenbatekoa itzuli behar diete edo egun gehiago doan geratzen utzi behar diete.
c) Baztango errugbi taldeak urtero gaupasa bat antolatzen du hotel-establezimenduaren inguruan, eta, adierazitako kalteak saiheste aldera, lortu dute antolatzaileek aldez aurretik jakinaraz diezaietela noiz egingo duten gaupasa, establezimendua itxi ahal izateko eta egun horretan erreserbarik ez onartzeko.
d) 2023ko ekainaren 17an, gaupasa bat egin zen hotel-establezimenduaren inguruan, eta 10 egun lehenago baino ez zuten izan horren berri. Hori horrela, ezinezkoa izan zitzaien egun horretan establezimendua ixteko eta horren ondoriozko kalteak saihesteko beharrezko neurriak hartzea.
e) Jaiaren antolatzaileek adierazi zutenaren kontra, musikaren bolumena oso altua izan zen, eta karpa ez zen hotel-establezimendutik urrun eta frontoiaren atzean jarri, aitzitik, pilotalekutik gertu eta eraikin baten atzean jarri gabe.
f) Eragindako eragozpenak zirela-eta, establezimenduko arduradunetako bat festaren lekura joan zen bolumena jaisteko eskatzera, baina ez zen halakorik gertatu.
g) Jaia goizeko 7ak arte luzatu ondoren, bezeroak konpentsatu behar izan zituzten jaiak eragindako eragozpenengatik.
2. Ondoren, erakunde honek Ultzamako Udalara jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:
"2023ko uztailaren 23an, Nafarroako Arartekoaren idazki bat jakinarazi zitzaion udal honi. Horren bidez, 2023ko ekainaren 17an baimendutako jaiari buruzko kexaren inguruko informazioa eskatu zigun.
Udal honek jakinarazi nahi duen lehenengo gauza da 2023ko ekainaren 7an jaso zela "Ultzamako kuadrillen eguna" ospatzeko udal-baimena.
Baimena honako jarduera hauetarako eman zen:
- Kuadrillen arteko herri-kirolen desafioa egiteko Ultzamako Udal Pilotalekuan, hilaren 17ko goizean, larunbata.
- 140 lagunentzako bazkaria egiteko, egun horretako eguerditik aurrera, udal-karpan, frontoiaren ondoan. Karpa alboetako itxiturarik gabe instalatuko da.
- Dantzaldia musikarekin ekainaren 18ko 6:00ak arte, udal-karpan.
Eta ekainaren 14an eman zuen baimena Udalak, Alkatetzaren 147/2023 Ebazpenaren bidez, honako baldintza hauekin:
- Lizentzia hau aipatutako ekitaldia egiteko baino ez da ematen, eta ebazpen honetan zehaztutako xedearekin eta ezarritako baldintzetan emango da.
- Baimendutako edukiera eta ordutegiak pertsona interesdunen/eskatzaileen eskaeran jasotakoak izango dira.
- Musika mendebalderantz proiektatuko da, zuzkidura-eremuaren gainerako alderantz. Jarduerak hirigunean sortzen duen kanpoko soinu-maila 60 dBA baino txikiagoa izango da, eta aldez aurretik soinu-probak egin beharko dira. Interesdunak/eskatzaileak arduratu beharko dira maila hori ez gainditzeaz ikuskizunak dirauen bitartean.
- Ultzamako Udal Pilotalekuan egin beharreko kirol-jarduerari dagokionez, interesdunek/eskatzaileek ekitaldiaren garapen egokia kontrolatzeko behar diren segurtasun-baldintzak kontrolatu beharko dituzte, eskaeran baimendutako erabileraren, edukieraren (gehienez 500 pertsona, enpresaren txostenaren arabera [...]) eta segurtasun-araudiaren arabera.
Interesdunek/eskatzaileek Jendaurreko Ikuskizunak eta Jolas Jarduerak arautzen dituen martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legea bete beharko dute. Lege hori Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 44. artikuluaren arabera eman zen.
- 16 urtetik beherakoei ez zaie ikuskizunera sartzen utziko, salbu eta haien segurtasunaz arduratzen diren adinez nagusiak diren pertsonekin badatoz. 18 urtetik beherakoei ezin izango zaie edari alkoholdunik zerbitzatu, eta ezin izango zaie kontsumitzen utzi.
- Ultzamako Udalak ez du inolako erantzukizunik izango ekitaldiaren ondorioz sor daitezkeen kalte pertsonal edo materialengatik.
- Jarduera/ekitaldia amaitu ondoren, instalazioak eta altzariak hasieran zeuden garbiketa-, mantentze- eta kokapen-baldintza berberetan geratu beharko dira, hondakinak bildu beharko dira eta abar.
- Baimen hau behar diren gainerako baimenak gorabehera ematen da.
- Jendaurreko ikuskizunen eta jolas-jardueren Legea garatzeko Erregelamendua onartzen duen abuztuaren 27ko 2816/1982 Errege Dekretuan ezarritako segurtasun-baldintzak bete beharko dira, bereziki, instalazio elektrikoari eta suteen aurkako babes-elementuei dagokienez.
- Establezimendu, ikuskizun publiko eta josteta jardueren katalogoa onetsi eta enpresa eta lokalen erregistroak arautzen dituen irailaren 23ko 202/2002 Foru Dekretuan ezarritakoa bete beharko da.
- Interesdunek/eskatzaileek behar diren neurri guztiak hartu beharko dituzte bai erabiltzaileak bai jarduerara bertaratzen direnak frontoiaren ondoan dagoen Ultzamako Udalaren Biomasen Mantaren instalazioetara sar daitezela ekiditeko eta bertan egon daitezkeen kalte eta galerak saihesteko; halakorik gertatuz gero, aipaturiko pertsonak erantzule izango dira Udalaren aurrean. Betebehar hori frontoiaren inguruan dauden ondasun eta instalazioei ere aplikatuko zaie (aparkalekua, Gizarte Etxearen eta Osasun Zentroaren ingurua eta abar); bertan hainbat udal-zuzkidura daude.
- Nolanahi ere, interesdunei/eskatzaileei dagokie egile-eskubideak ordaintzea SGAEren eta/edo horretarako beste edozein elkarteren alde, antolatutako jarduera dela-eta; eskubide horiek ezin izango dira inola ere Ultzamako Udalarenak izan. Horren arabera, SGAEk eta/edo horretarako beste edozein elkartek Udalari ordaintzeko eskatzen badio, Udalak erakunde eskatzaileari jasanarazi ahal izango dio.
- Ekitaldia amaitutakoan, interesdunen erantzukizuna izango da lagatako instalazioak eta elementuak garbitzea, bai eta frontoiaren, aparkalekuaren eta zuzkidura-gunearen inguruak garbitzea ere. Era berean, Ultzaman jarritako publizitate-kartelak kendu beharko dira.
Beraz, Udalak legezko baldintza guztiak bete ditu bere baimenean.
Hala ere, jasotako kexan oinarrituta, udal honen asmoa da bilera bat egitea "Ultzamako kuadrillen egunaren” antolatzaileekin, festak izan duen eragina aztertzeko eta jasotako kexen berri emateko.
Nolanahi ere, Udalak eskatuko du horrelako ekintzen eskaerak behar besteko aurrerapenaz egitea, 500 metro baino gutxiagora dauden etxebizitzei edo jarduera ekonomikoei horien berri emateko.
Azkenik, udal honek deitoratu du "Ultzamako kuadrillen eguna" ospatzeak ondoko auzo edo jarduera ekonomikoengan izan duen eragina.
3. Herritarrek ingurumen egokiaz eta osasuntsuaz gozatzeko duten eskubideari dagokionez, bereziki gehiegizko zarata eta eragozpenen aurrean, erakunde honek honako hau adierazi du:
“Interesdunaren etxebizitzetan jasaten diren zaratak eta eragozpenak lotura dute konstituzioan aitortutako hainbat eskubiderekin. Zehazki, honako eskubide hauek egon daitezke arriskuan: ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Konstituzioaren 45. artikulua), osasuna babesteko eskubidea (43. artikulua), osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (15. artikulua), intimitaterako eskubidea (18.1 artikulua) eta egoitzaren bortxaezintasunerako eskubidea (18.2 artikulua).
Bestalde, Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 5.a) artikuluak honako eskubide hauek aitortzen dizkie herritarrei: “Etxebizitza duin, egoki eta eskuragarri bat izatea bizilekutzat, pertsona guztientzako diseinuaren printzipioaren arabera pentsatua, aplikagarri den legeriak onarturiko gehieneko mugak gainditzen dituen zaratarik edo beste edozein motatako immisio kutsagarririk gabea, ingurumen eta paisaia egoki batean”.
5. Administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruari dagokien neurrian, herritarren konstituzio-eskubideak babestu beharko dituzte (Konstituzioaren 53.1 artikulua).
Udalek funtsezko eginkizun bat betetzen dute herritarren oinarrizko eskubideak babesteari dagokionez. Halaxe ondorioztatzen da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak eta Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legeak emandako eskumenetatik.
Era berean, honako hau ere adierazi da:
“Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 5. artikuluak herritar guztiei aitortzen die zaratarik gabeko etxebizitza batez gozatzeko eskubidea, aplikagarri den legeriak onarturiko gehieneko mugak gainditzen dituen zaratarik edo beste edozein motatako immisio kutsagarririk gabe. Ordenamendu juridikoan aitortuta dago gehiegizko zaratarik jasan behar ez duen etxebizitza izateko eskubidea, eta Administrazioak babestu behar du, herritarrei aitortutako eskubide publikoa baita.
Gainera, Konstituzio Auzitegiaren eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentziak ohartarazi du etxean zarata iraunkorrak eta gehiegizkoak eginez gero, konstituzio eskubideak kaltetu daitezkeela: ingurumen egokia izateko eskubidea, osasuna babesteko eskubidea, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea, intimitaterako eskubidea eta egoitzaren bortxaezintasunerako eskubidea.
Eskubide horiek, konstituzio-garrantzi handia dutenez, administrazio publikoek bereziki babestu behar dituzte; izan ere, behartuta daude, etengabe, eskubide horiek errespetatzen direla zaintzera, bai eta eman daitezkeen ez betetzeen aurrean neurriak hartzera ere. Gainera, egindako jarduketak edo hartutako neurriak, eraginkortasun-printzipioak gidatu behar ditu, erantzun arina eta puntuala bermatzeko, eta, ahal den neurrian, zaratak sor ditzakeen etorkizuneko arazoei aurrea hartzeko”.
4. Kasu honetan, azaldu berri den guztia ez da osorik aplikagarria, eztabaidagai den zaratak ez baitio bizileku bati eragin, hotel-establezimendu bati baizik, eta horrek berekin dakar problematika berezia izatea.
Araudiaren ikuspegitik, jaiaren udal-baimena aztertu ondoren, erakunde honek ez du irizpen-elementurik aurkitu hura indarrean dagoen araudiarekin bat ez datorrela pentsatzeko. Jaiaren sustatzaileek ekainaren 7an eskatu zuten baimena, eta astebete geroago eman zen, ekainaren 14an, zuzenbidearen araberako baldintzak ezarrita.
Hala ere, kasuaren inguruabarrak kontuan hartuta, erakunde honek honako hau uste du:
a) Hotel-negozioa erreserba-sistema batean oinarritzen denez, denbora-tarte bat baitago erreserba egiten denetik ostatua ematen denera arte, kasu honetan, kexaren egileak ez zuen bere bezeroen aurrean erreakzionatzeko behar adina denbora, berbena berehala ospatuko baitzen; izan ere, baimen-eskaeraren, emakidaren eta ospakizunaren artean 7 eta 3 egun igaro ziren, hurrenez hurren.
b) Ezarritako zarata-muga (60 ezibelio) araudiak ezarritakoaren barruan badago ere, ez da nahikoa berbena hasi baino lehen neurtu behar izatea; izan ere, berbena gauzatzen den bitartean, musikaren bolumenaren eta parte-hartzaileen zarataren konbinazioak goragoko maila bat eman dezake. Hori horrela izanik, erakunde honek uste du zarata-mailaren neurketak ez direla egin behar soilik berbena hasi aurretik, baizik eta, bereziki, berbena egiten ari den bitartean, bestela ez baita erregistratzen baimenaren xede den jardueraren ondoriozko zarata.
c) Baimenak berbena goizeko 6etan amaituko zela aurreikusten bazuen ere, interesdunak 2023ko ekainaren 20ko idazkian adierazten duenez, berbena goizeko 7ak arte luzatu zen. Era berean, adierazi du berbena, azkenean, ez zela aurreikusi zen tokian ospatu, beste leku batean baizik, eta zarata hitzemandakoa baino handiagoa zela.
Inguruabar horiek kontuan hartuta, erakunde honek komenigarritzat jotzen du Ultzamako Udalari iradokitzea, etorkizunera begira, beharrezko neurriak har ditzala herrian jaiak ospatzeak zuzenean edo zeharka bizilagunei eta bertako negozioei kalterik eragin ez diezaien. Era berean, komenigarritzat jotzen da baimenean ezarritako baldintzak benetan bete ziren ikertzea eta, hala egin ezean, beharrezko neurriak hartzea.
5. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
a) Ultzamako Udalari iradokitzea, etorkizunera begira, behar diren neurriak har ditzala herrian jaiak ospatzeak zuzenean edo zeharka bizilagunei eta herriko negozioei kalterik eragin ez diezaien.
b) Ultzamako Udalari iradokitzea, emandako baimenean ezarritakoa bete ez izanaren zantzurik badago, baimen horretan ezarritako baldintzak osorik bete ote ziren iker dezala.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Ultzamako Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2023. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia