Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Luzaideko Udalaren erantzunik eza udaleko plantilla organikoan hizkuntza-eskakizun elebidunik ez izateagatik egin den eskaera bati.
Luzaideko alkate
Alkate jauna:
1. 2023ko ekainaren 12an, instituzio honek […] jaunaren idazki bat jaso zuen, Administrazioan Euskaraz Taldearen izenean. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Luzaideko Udalaren plantilla organikoan profil elebiduna duen langilerik ez dagoelako.
Idazki hartan, hauxe zioen:
a) 2023ko otsailaren 23an, Luzaideko Udalari zuzendutako eskabide bat aurkeztu zuten, 2023ko otsailaren 6ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratutako plantilla organikoari buruzkoa.
b) Zehazki, adierazi zen hiru lanpostuetatik (idazkaria, zerbitzu anitzetako enplegatua eta garbiketako peoia) batek ere ez zuela hizkuntza-eskakizun elebiduna eta euskara ez dela merezimendutzat hartzen. Horregatik eta Luzaide eremu euskaldunekoa denez, idazkari posturako C1 euskara maila ezartzeko eskatu zuten, eta B2 maila zerbitzu anitzetako enplegatuen eta garbiketako peoiaren lanpostuetarako.
c) Eskabidea aurkeztu zenetik igarotako denbora gorabehera, ez dute erantzunik jaso.
2. Ondoren, erakunde honek Luzaideko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:
“Nafarroako Arartekoaren bulegoan, 2023ko ekainaren 21ean, Q23/602 espedientean, [..](e)k [..](r)en ordezkari gisa jarritako kexari buruzko informazioa jaso dugu, 2023ko otsailaren 6ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean (aurrerantzean, NAO) argitaratutako toki entitate horren plantilla organikoaren hizkuntza-eskakizunei buruzkoa.
Arartekoak ekainaren 21eko idazkian Luzaideko Udalari kexari buruz eskatutako txosten-eskaerari erantzunez, honako hau dio:
- Idazkari lanpostua Nafarroako Gobernuko Lurralde Kohesiorako Departamentuko Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren Zuzendaritza Nagusiak Nafarroako toki entitateetako idazkaritzako eta kontu-hartzailetzako lanpostu hutsen egonkortze irekiaren prozesuan sendotuko dituen lanpostuetako bat da, Nafarroako Foru Komunitateko gaikuntzadun funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuetan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzko maiatzaren 30eko 16/2022 Foru Legean eta Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legean jasotako aurreikuspenen arabera.
2022ko abenduaren 30eko 262. NAOn argitaratu zen abenduaren 1eko 679/2022 Ebazpena (Toki Administrazioaren eta Despopulazioaren zuzendari nagusiak emana, zeinaren bidez deialdi bat onesten baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak emandako gaikuntza lortzeko eta Nafarroako toki entitateetako idazkari eta kontu-hartzaileen lanpostuetan sartzeko, merezimendu-lehiaketaren salbuespenezko sistemaren bidez), gai horri buruz honako xedapen hauetan ezarritakoa betez: maiatzaren 30eko 16/2022 Foru Legea (Nafarroako Foru Komunitateko gaikuntzadun funtzionarioentzat erreserbatutako lanpostuetan aldibaterakotasuna murrizteko presako neurriei buruzkoa); uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legea (zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzko abenduaren 28ko 20/2021 Legearen ondorioz); uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legea (Nafarroako Administrazio Lokalari buruzkoa); abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuak onesten duen Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileriaren Estatutuaren Testu Bategina; garatzeko eta betearazteko emandako Nafarroako Administrazio Publikoetan sartzeko Erregelamendua; gainerako arau aplikagarriak eta deialdiaren oinarriak.
679/2022 Ebazpenaren III. eranskinean, Luzaideko idazkari lanpostua huts gisa agertzen da.
Egonkortze-prozesu hori guztia noiz ebatziko zain gaude, arlo horretan beharrezkoak diren neurriak hartzeko. Deitutako idazkari lanpostu hutsen zerrenda horretan —besteak beste, Luzaidekoa—, prozesu horri lotzen gatzaizkio, zeinaren eskumenak aipatu departamentuarenak diren, ez toki entitateenak.
- Zerbitzu anitzetako enplegatuaren lanpostuari dagokionez, lanpostu hori betetzeko deialdia oposizio bidez egin zen, 2000. urtean izapidetutako lege-prozeduraren bidez, eta euskararen ahozko ezagutza baloratu zen; gehienez ere 10 puntu lortu zitezkeen, guztira 100 punturen gainean. Lanposturako hautatua eta izendatua izan zen hautagaiak 5 puntu lortu zituen.
- Garbiketako lanpostua egonkortze-prozesuan dago, eta deialdia eta oinarriak onetsi egin ziren Alkatetzaren azaroaren 28ko 101/2022 Ebazpenaren bidez (2022ko abenduaren 12ko 247. NAO). Horren arabera, lanpostua merezimendu-lehiaketaren prozeduraren bidez beteko da, aldi baterako enplegua egonkortzeko eta finkatzeko prozesu bereziaren barnean, abenduaren 28ko 20/2021 Legearen (Enplegu publikoan behin-behinekotasuna murrizteko premiazko neurriei buruzkoa) eta uztailaren 1eko 19/2022 Foru Legearen (zeinaren bidez neurriak hartzen baitira Nafarroako Administrazio Publikoetan egonkortze prozesuak gauzatzeko, 20/2021 Legearen ondorioz) babesean. Deialdian merezimendu gisa balioesten da euskara jakitea; gehienez ere 10 puntu lortu daitezke.
Nolanahi ere, udal honek eskualdeko beste toki entitate batzuekin partekatzen du Euskara Zerbitzua, itzulpenetarako eta administratuak behar izan dezakeen euskarazko arretaren eskarirako laguntza ematen duen eskualdeko teknikariarekin.
Zerbitzu anitzetako eta garbiketako enplegatuen lanpostuetan ez zaio arretarik ematen jendeari, eta, beraz, balorazio puntuagarria eta merezimendua baino ez da hartu kontuan”.
3. Azaldu den bezala, interesdunak 2023ko otsailaren 22an egin zuen eskabideari ez erantzuteagatik aurkeztu zen kexa.
Kexagileak dioenez, udaleko plantilla organikoan hizkuntza-eskakizun elebiduna duen lanposturik ez zegoela egiaztatuta, eskabide bat aurkeztu zuen udalean arazoari irtenbidea emateko eskatuz, baina oraindik ez diote erantzunik eman.
Luzaideko Udala, bere aldetik, ez dago kexaren egileak esandakoaren aurka, eta, ondorioz, pentsa daiteke hark esandakoa onartzen duela.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluan jasotzen denaren arabera, Administrazioa “behartuta dago ebazpen espresua eman eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua”.
Betebehar hori zer denbora tartetan bete behar den zehazteko, 21. artikuluaren 2. apartatuan ezartzen denez, “ebazpen espresua jakinarazteko gehieneko epea, dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da”. Era berean, 21. artikuluaren 3. apartatuan gaineratzen denez, “prozedurei dagozkien arauetan ezarrita ez badago, hiru hilabete izango da gehieneko epea”.
Ildo beretik, Nafarroako Administrazio Lokalari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 318. artikuluak ezartzen du toki entitateek beren eskumeneko gaietan egiten zaizkien eskaera guztiak ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.
Kasu honetan, eskaera aurkeztu zenetik bost hilabete baino gehiago igaro direnez, ez dago zalantzarik gehieneko epe hori ez zela betetzen ari, eta, ondorioz, erakunde honek egokitzat jotzen du Luzaideko Udalari gogoraraztea herritarrek aurkeztutako instantziak garaiz eta behar bezala ebazteko betebeharra duela.
4. Administrazio-instantzian egindako eskaera zehatzen inguruan (lanpostu jakin batzuetan euskara jakitea eskatzea), erakunde honek ez du egokitzat jo lege-betebeharrik gomendatzea edo oroitaraztea.
5. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Luzaideko Udalari gogoraraztea herritarrek aurkeztutako eskabideak garaiz eta behar bezala ebazteko legezko betebeharra duela.
Aipatutako foru legearen 34.2 artikuluaren ondorioetarako, erakunde honek onartutzat jotzen duen erabaki horren bidez, amaiera ematen zaio gai horretan esku hartzeari, eta kexagileari ere jakinarazten zaio.
Hala ere, horri buruzko oharren bat egin nahi izanez gero edo ez dela onartzen adierazi nahi izanez gero, 34.2 artikuluan aipatzen den bi hilabeteko gehieneko epean egin beharra dago, betiere bertan adierazten diren ondorioak aintzat hartuz, 2023. urteko txostenean kasua sartzeari dagokionez.
Adeitasunez,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia