Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Izarbeibarko Administrazio-zerbitzuetako Mankomunitateak eskaerari erantzun ez izana; eskaera plantilla organikoan profil elebiduneko lanpostuak ez egoteari buruzkoa da.
Izarbeibarko Zerbitzu Administratiboen Mankomunitatearen presidentea
Presidente jauna:
1. 2023ko ekainaren 7an, instituzio honek […] jaunaren idazki bat jaso zuen, Administrazioan Euskaraz Taldearen izenean. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Izarbeibarko Zerbitzu Administratiboen Mankomunitatearen plantilla organikoari buruz.
Idazki hartan, hauxe zioen:
a) 2023ko urtarrilaren 23an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean Izarbeibarko Zerbitzu Administratiboen Mankomunitateko plantilla organikoa.
b) Sei lanpostu daude eta horietako batek ere ez du euskara jakitea eskatzen, ezta merezimendu moduan baloratzen ere.
c) Adios, Eneritz, Obanos eta Tirapu eremu mistoan daude 2017tik.
d) Horregatik, 2023ko otsailaren 13an, instantzia bat aurkeztu zuten Izarbeibarko Zerbitzu Administratiboen Mankomunitatean eta horren bidez, plantilla organikoa aldatzeko eskatu zuten. Zehazki, euskara jakitea (C1 maila) eskatu zuten idazkari, kontu-hartzaile eta ofizial administrari lanpostuetan, bai eta euskara jakitea eskatzen ez den ofizial administrarien lanpostuetan merezimendu gisa baloratzeko ere.
e) Oraindik ez da erantzunik jaso.
2. Ondoren, erakunde honek Izarbeibarko Zerbitzu Administratiboen Mankomunitatera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:
“- Izarbeibarko Zerbitzu Administratiboen Mankomunitatea udalerri hauek osatzen dute: Adios, Eneritz, Legarda, Muruzabal, Obanos, Tirapu, Ucar eta Uterga.
- Eremu mistoan daude udalerri hauek (Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 5. artikulua): Adios, Eneritz, Obanos eta Tirapu.
- Mankomunitateak plantilla organikoa onesten du urtero, modu berean, eta Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen arabera egiten da.
Udalburutzaren ustez arau horren 17. artikuluak ez die Administrazioei inolako betebeharrik ezartzen lan eskaintza publikoan euskararen ezagutza nahitaezkoa duten lanpostuak zehazteari dagokionez, ez eta gainerako plazak eskuratzeko deialdietan euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzeari buruz ere.
17. artikulua.
Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko.
Eskubide horren erabilera bermatzeko, aipatutako administrazioek honako hau egin dezakete:
a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea.
b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea.
3. Adierazi den bezala, Izarbeibarko Zerbitzu Administratiboen Mankomunitateko plantilla organikoan hizkuntza eskakizun elebiduneko lanposturik ez egoteari buruzko instantziari ez erantzuteagatik aurkeztu da kexa.
4. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluan ezartzen denaren arabera, administrazioak behartuta daude “berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua”.
Artikulu beraren bigarren apartatuan ezartzen denez “berariazko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da”. Gainera, hirugarren apartatuan gaineratzen denez, “prozedurei buruzko arauek ez badute gehienezko eperik ezartzen, epea hiru hilabetekoa izanen da”.
Kasu honetan, erakunde honek uste duenez, gai horri buruz Mankomunitatearen irizpidea edozein izanda ere, aurkeztutako eskaera berariaz ebatzi behar zuen. Ondorioz, legezko betebeharrak gogorarazi behar direla uste da.
5. Gaiaren mamiari dagokionez, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 1.2 artikuluaren arabera, honako hauek dira funtsezko helburuak:
“a) Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea.
b) Euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz.
c) Euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun, mailakatze eta errespetu irizpideei jarraikiz, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera”.
Eremu mistoari buruzko Legeko 17. artikuluak ezartzen duenez, “herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako administrazio publikoei zuzentzeko”.
Era berean, manuak ezartzen duenez, eskubide hori bermatzeko administrazio publikoek honako hau egin dezakete: “a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea; b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea”.
6. Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru dekretuaren 3. artikuluko legezko ezarpen horiek garatuz, funtsezko helburu gisa hau ezartzen da: “Eremu mistoan herritarrei aukera eman behar zaie Nafarroako administrazio publikoei, beren erakunde publikoei eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateei euskaraz zuzentzeko eskubidea balia dezaten” [1 b) idatz zatia].
7. Arau esparruari dagokionez, erakunde honek uste du egokia dela Izarbeibarko Zerbitzu Administratiboen Mankomunitateari gomendatzea herritarrek euskaraz jotzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzala.
8. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
a) Izarbeibarko Zerbitzu Administratiboen Mankomunitateari gogorarazi zaio egiten dizkioten eskaerak berariaz ebazteko legezko betebeharra duela.
b) Herritarrek euskaraz jotzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzala gomendatzen zaio Izarbeibarko Zerbitzu Administratiboen Mankomunitateari.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Izarbeibarko Zerbitzu Administratiboen Mankomunitateak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2023. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia