Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q23/514) Ebazpena. Horren bidez, Oteitzako Udalari gogorarazi zaio herritarrek aurkeztutako eskaerak garaiz eta behar bezala ebatzi behar dituela. Era berean, beharrezko neurriak hartzea gomendatu zaio herritarrek administrazioarekin euskaraz hitz egiteko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.

2023 uztaila 05

Euskara

Gaia: Oteitzako Udalaren erantzunik eza, plantilla organikoan euskaraz dakien langileen faltari buruzko eskaera bati.

Oteitzako alkatea

Alkate jauna:

1. 2023ko maiatzaren 24an, instituzio honek […] jaunaren idazki bat jaso zuen. Horren bidez, Administrazioan Euskaraz Taldearen izenean, kexa bat aurkeztu zuen Oteitzako Udalaren plantilla organikoari buruz.

Idazki hartan, hauxe zioen:

a) Oteitzako Udalaren plantilla organikoan, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratua 2023ko urtarrilaren 16an, lau lanpostu agertzen dira. Horietako batek ere ez du hizkuntza-eskakizun elebidunik, eta ez dago xedapenik euskara merezimendutzat hartzeko.

b) 2017tik, Oteitzako udalerria eremu mistoan sartuta dago.

c) Hori dela eta, 2023ko otsailaren 6an, Udalari zuzendutako idazki bat aurkeztu zuten, herritarrek euskaraz zuzentzeko duten eskubidea bermatze aldera plantilla organikoa aldatu zedila eskatzeko. Zehazki, honako hau eskatu zen: euskarako C1 mailako hizkuntza-eskakizuna ezartzeko idazkari, ofizial administrari eta liburuzain lanpostuetarako, eta euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzeko zerbitzu anitzetako langile lanposturako.

d) Igarotako denbora gorabehera, ez dute erantzunik jaso.

2. Ondoren, erakunde honek Oteitzako Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

2023ko otsailaren 8an, udal honetako erregistroan [..] jaunak (IFZ: 15853794D) Administrazioan Euskaraz Taldearen (IFK: G31836323) ordezkari gisa egoitza elektronikoaren bidez aurkezturiko idazkia sartu zen.

Aipaturiko dokumentuan, Oteitzako Udaleko plantilla organikoa aldatzeko eskatu du, Euskarari buruzko Foru Legearen 17. artikuluan eskaintzen diren baliabideak erabiliz. Bereziki, idazkari lanpostua aipatu da, garrantzi handia duelako Oteitzako herritarrek administrazio horretara zuzentzean euskara erabiltzeko duten eskubidea bermatzeari dagokionez; lanpostu horretarako euskarako C1 mailako hizkuntza-eskakizuna ezar dadila eskatu da.

Horrez gain, ofizial administrari eta liburuzain lanpostuetan euskarako C1 mailako hizkuntza-eskakizuna ezartzeko eta zerbitzu anitzetako langile lanpostuan euskara jakitea merezimendu gisa eta % 5eko balioarekin ezartzeko eskatu da.

Udal-bulego horietan dagoen lan-karga dela-eta (neurri handi batean 2023ko hauteskunde-prozesuek eraginda), eskatzaileari erantzuteko ezarritako legezko epea igaro da. Eskatzaileak, bere idazkian, Udalak administrazio-isiltasunaren bidez ezezkoa eman diola onartu du.

2023ko ekainaren 2an, udal-bulego hauetan Nafarroako Arartekoaren Q23/514 kexa-espedientea jaso zen. Bertan eskatzaileak aurkezturiko idazki berria helarazi zen, zeinaren bidez erakunde horri eskatu baitzaio Oteitzako Udalari gomendioa egin diezaiola plantilla organikoan hizkuntza-eskakizuna betetzen duten langileak ezar ditzan eta euskararen ezagutza merezimendu gisa arautu dezan.

Eskerrik asko gai honen harira azaldutako interesagatik eta helarazi diguzun idazkia aurkezteagatik. Horren harira, honako hau jakinarazten dizut:

LEHENENGOA.- 2017ko apirilaren 9an egindako herri-kontsultaren ostean, Oteitza euskararen erabileraren eremu mistoan sartuta geratu zen, ekainaren 27ko 9/2017 Foru Legearen bidez (Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen titulua eta artikulu batzuk aldatzen dituena).

BIGARRENA.- Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak, eremu mistoan euskararen erabilerari dagokionez, 17. artikuluan, honako hau ezartzen du: “Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko”.

Udal honek bermatzen du nahi duen herritarrak idatziz jo ahal izango duela bere udal-bulegoetara eta erantzuna elebitan emango zaiola, Irantzuko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko euskara teknikariak eskaintzen digun itzulpen-zerbitzua aprobetxatuz.

HIRUGARRENA.- Artikulu honen bigarren zatian ezartzen da eremu mistoko administrazio publikoek aukerako gaitasuna dutela urte bakoitzeko enplegu-eskaintza publikoan euskaraz jakitea nahitaezko baldintza gisa jasotzen duten plazak zehazteko eta gainerako plazak eskuratzeko deialdietan euskara merezimendu gisa baloratzeko aukera ezartzeko.

Aukerako gaitasun horren aurrean, eta Oteitzaren hizkuntza-errealitatea ikusita, udal honek ez die bere langileei beren lanpostuetan euskara erabil dezaten eskatuko, baina nahi duten langileek hizkuntza hori ikas dezatela bultzatuko du eta beharrezko neurriak bultzatuko ditu, toki-administrazio honekiko harremanetan euskara erabiltzen duten herritarrei arreta ematea errazteko”.

3. Kexa honen muina den gaia ebazten hasi aurretik, gorabehera formal bati heldu behar zaio: interesdunak 2023ko otsailaren 6an aurkeztutako eskaerari erantzunik ez ematea.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluan jasotzen denaren arabera, Administrazioa “behartuta dago berariazko ematera eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua”.

Betebehar hori zer denbora tartetan bete behar den zehazteko, 21. artikuluaren 2. apartatuan ezartzen denez,“berariazko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da”. Era berean, 21. artikuluaren 3. apartatuan gaineratzen denez, “prozedurei dagozkien arauetan ezarrita ez badago, hiru hilabete izango da gehieneko epea”.

Ildo beretik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 318. artikuluak ezartzen du toki entitateek beren eskumeneko gaietan egiten zaizkien eskaera guztiak ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.

Kasu honetan, eskaera aurkeztu zenetik bost hilabete baino gehiago igaro direnez, bidalitako txostenean adierazten den lan-karga ulergarria bada ere, ez dago zalantzarik gehieneko epe hori ez zela betetzen ari, eta, ondorioz, erakunde honek egokitzat jotzen du Tafallako Udalari gogoraraztea herritarrek aurkeztutako instantziak garaiz eta behar bezala ebazteko betebeharra duela.

4. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 1.2.a) artikuluan, bere helburuetako bat bezala aitortzen da “herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea”.

Eremu mistoan euskara erabiltzeari dagokionez, aipaturiko Foru Legearen 17. artikuluan honako eskubide hau aitortzen da: “herritar guztiek eskubidea dute euskara zein gaztelania erabiltzeko Nafarroako administrazio publikoetara zuzentzeko”. Gainera, eskubide hori bermatze aldera, administrazio publikoek honako hauek gauzatu ahalko dituzte: “a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea; b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea”.

Arau horiek garatuz, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 3.1.b) artikuluan, bere funtsezko helburuen artean, honako hau identifikatzen du: “Eremu mistoan, gauzagarri egitea herritarrek duten eskubidea euskaraz nahiz gaztelaniaz zuzentzeko Nafarroako administrazio publikoengana, beren erakunde publikoengana eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateengana”.

5. Kasu honetan, bidalitako txostenean adierazten denez, herritarrek, hala nahi badute, euskaraz zuzendu ahalko dira idatziz eta erantzuna elebitan jasoko dute, Irantzuko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko euskara-teknikariak egindako itzulpen-zerbitzuari esker.

Hala ere, erakunde honen ustez, ez denez eskatzen euskaraz jakitea eta plantillako lanpostu bakar batean ere ez denez baloratzen merezimendu gisa, arriskua dago euskarazko aurrez aurreko arreta ezin izango dela bermatu.

Hori dela eta, betiere Udalak berez antolatzeko duen gaitasuna errespetatuz, erakunde honek uste du beharrezkoa dela Oteitzako Udalari gomendatzea neurriak har ditzala herritarrek toki-erakundera jotzean euskara erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko.

6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

a) Oteitzako Udalari gogoraraztea herritarrek aurkeztutako eskabideak garaiz eta behar bezala ebazteko legezko betebeharra duela.

b) Oteitzako Udalari gomendatzea beharrezko neurriak har ditzala herritarrek Administraziora euskaraz jotzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Oteitzako Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2023. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia