Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q23/50) ebazpena; horren bidez, a) Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari gogorarazten dio herritarrek aurkeztutako eskaerak garaiz eta legearen arabera ebazteko duen legezko betebeharra. b) Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari gomendatzen dio har ditzala herritarrek administraziora euskaraz zuzentzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren neurriak.

2023 maiatza 29

Euskara

Gaia: Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erantzunik eza instantzia bati, plantilla organikoan hizkuntza-eskakizun elebiduna duen lanposturik ez egoteari buruz.

Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Gizarte-Zerbitzuen Mankomunitatearen presidentea

Presidente jauna:

1. 2023ko maiatzaren 19an, instituzio honek […] jaunaren idazki bat jaso zuen, Administrazioan Euskaraz Taldea ordez. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Gizarte-Zerbitzuen Mankomunitatearen plantilla organikoari dagokionez.

Idazki hartan, hauxe zioen:

a) 2022ko irailaren 12an, Nafarroako Aldizkari Ofizialean Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen plantilla organikoa argitaratu zen.

b) 28 lanpostuetatik, administrari laguntzailearen bi lanpostutan bakarrik aipatzen da euskara merezimendu gisa baloratuko dela.

c) Udal horiek eremu mistoan daude eta lanpostu askotan harremanak izan ohi dira herritarrekin.

 

d) Hori dela eta, 2022ko irailaren 21ean, Mankomunitatera zuzendutako eskaera bat aurkeztu zuten. Horren bidez, plantilla organikoa aldatu zezatela eta lanpostu jakin batzuetarako (idazkaria, gizarte-langile lanpostu bat, ofizial administrari lanpostu bat, familia-langile lanpostu bat, hezitzaile berezi lanpostu bat eta administrari laguntzaile lanpostu bat) euskarako C1 profila exijitu zezatela eskatu zuten, bai eta gainerako lanpostuetarako merezimendu gisa balora zezatela ere.

e) Igarotako denbora gorabehera, ez zuten erantzunik jaso.

2. Ondoren, erakunde honek Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Gizarte-Zerbitzuen Mankomunitatera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

“Lehenik eta behin, adierazi behar dugu entitate honek erakunde horrekin lankidetzan jarduteko konpromisoa duela eta barkamena eskatu nahi dugu egindako eskaerari erantzuteko orduan berandutu izanagatik. Konponduta ditugula espero ditugun hainbat akats direla-eta, ez genekien aurretik kexa hori aurretik zuen erakundean aurkeztu zenik.

Mankomunitate honek Q23/50 espedientearen harira aurkezturiko kexari dagokionez egindako txosten-eskaera jaso ostean, honako hau adierazten dizut:

Mankomunitate honek eskerrak eman nahi ditu zure erakundeak azaldu duen interesagatik plantillaren egoera dela-eta, bai eta horren erabiltzaileen arretan izandako balizko hobekuntzak direla-eta ere. Era berean, kontuan izango ditugu hizkuntza-eskakizunak direla-eta egindako ekarpenak, plantillan egin daitezkeen aldaketei dagokienez”.

3. Jasota geratu denez, kexa aurkeztu da ez zaiolako erantzun Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko plantilla organikoan hizkuntza-eskakizun elebidunik ez izateari buruzko eskaerari.

2022ko irailaren 12ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean jasotzen den bezala, Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko 2022. ekitaldirako plantilla organikoan euskara merezimendu gisa bakarrik balioesten duten administrari laguntzaile lanpostuak bakarrik jasotzen dira.

4. Kexa honen muina den gaia ebazten hasi aurretik, gorabehera formal bati heldu behar zaio: interesdunak aurkeztutako eskaerari erantzunik ez ematea.

Kexagileak dioenez, 2022ko irailaren 21ean, plantilla organikoari buruzko eskaera bat aurkeztu zuen Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatean. Kexa aurkeztu zen egunean instantzia hori oraindik erantzun gabe zegoen.

Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatea, bere aldetik, ez dago kexagileak esandakoaren aurka, eta, ondorioz, pentsa daiteke hark esandakoa onartzen duela.

Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluak jasotzen duenaren arabera, Administrazioa “behartuta dago berariazko ematera eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua”.

Betebehar hori zer denbora tartetan bete behar den zehazteko, 21. artikuluaren 2. apartatuan ezartzen denez “berariazko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da”. Era berean, 21. artikuluaren 3. apartatuan gaineratzen denez, “prozedurei dagozkien arauetan ezarrita ez badago, hiru hilabete izango da gehieneko epea”.

Ildo beretik, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 318. artikuluak ezartzen du toki entitateek beren eskumeneko gaietan egiten zaizkien eskaera guztiak ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.

Kasu honetan, eskaera aurkeztu zenetik sei hilabete baino gehiago igaro direnez, ez dago zalantzarik gehieneko epe hori ez zela betetzen ari, eta, ondorioz, erakunde honek egokitzat jotzen du gogoraraztea Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari herritarrek aurkeztutako eskaerak garaiz eta behar bezala ebazteko betebeharra duela.

5. Gaiaren muinaren harira, euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 1.2.a) artikuluan, bere helburuetako bat bezala aitortzen da “herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea”.

Eremu mistoan euskara erabiltzeari dagokionez, aipaturiko Foru Legearen 17. artikuluan honako eskubide hau aitortzen da: “herritar guztiek eskubidea dute euskara zein gaztelania erabiltzeko Nafarroako administrazio publikoetara zuzentzeko”. Gainera, eskubide hori bermatze aldera, administrazio publikoek honako hauek gauzatu ahalko dituzte: “a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea; b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea”.

Arau horiek garatuz, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 3.1.b) artikuluan, bere funtsezko helburuen artean, honako hau identifikatzen du: “Eremu mistoan, gauzagarri egitea herritarrek duten eskubidea euskaraz nahiz gaztelaniaz zuzentzeko Nafarroako administrazio publikoengana, beren erakunde publikoengana eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateengana”.

6. Plantilla organikoan administrari laguntzaileen bi lanpostutan euskara jakitea merezimendutzat hartzea alde batera utzi gabe, 28 lanpostu daudenez eta lanpostu horietako batzuetan herritarrei arreta zuzena eskaintzen zaienez, eta Mankomunitateak bidalitako txostenean hizkuntza-eskakizunei dagokienez etorkizunean plantillan egingo diren aldaketetan egindako ekarpenak kontuan hartuko direla adierazten denez, erakunde honek egokitzat jotzen du herritarrek administraziora euskaraz jotzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzala gomendatzea.

Horrek ez du esan nahi, nahitaez, kexagileak aipatzen duen eskaeran formulatutako planteamendu zehatza bere gain hartu behar denik. Bertan adierazten da zein lanpostu izan behar diren elebidunak eta gainerakoetan merezimendu gisa izan behar den balorazio-maila. Hasiera batean, toki-erakundeari dagokio, antolatzeko duen ahalmenaren esparruan, herritarren eskubidea behar bezala bermatzeko hartu beharreko neurriak zehaztea.

7. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

a) Gogoraraztea Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari herritarrek aurkeztutako eskaerak garaiz eta legearen arabera ebazteko duen legezko betebeharra.

b) Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari gomendatzea har ditzala herritarrek administraziora euskaraz zuzentzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezkoak diren neurriak.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Antsoain, Berriobeiti, Berriozar, Itza eta Txulapaingo Gizarte-Zerbitzuen Mankomunitateak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2023. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia