Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q23/1169 eta J24/2) Ebazpena. Horren bidez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuari iradokitzen zaio legegintza-aldaketa bultza dezala, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen bigarren xedapen iragankorraren laugarren atalean jasotzen den Gizarte Segurantzako pentsioen bazterketa eraginik gabe uzteko, 2019ko abenduaren 23ko 29/2019 Foru Legeak txertaturiko “gizarte-aurreikuspeneko mutualitateei aplikatu beharreko araubide iragankorraz” denaz bezainbatean, Nafarroan zergak ordaintzen dituzten pentsiodunek Estatu osoan ematen zaien tratu bera jaso dezaten alderdi horri dagokionez, baita 2020ko ekitaldien eta hurrengo ekitaldi fiskaletan ere.

2024 martxoa 25

Ogasuna

Gaia: Kexaren eta proposamenaren egileen desadostasuna Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legean aurreikusitako gizarte-aurreikuspeneko mutualitateei aplikatu beharreko araubide iragankorrarekin, Nafarroan zergak Estatuko gainerako lurraldeetan ordaintzen dituzten pentsiodunei tratu bera ez emateagatik.

Ekonomia eta Ogasun kontseilaria

Kontseilari jauna:

1. 2023ko abenduaren 15ean, defentsa-erakunde honek kexa bat jaso zuen, Telefónica enpresako enplegatu ohien talde handi batek sinatuta, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legeak gizarte-aurreikuspeneko mutualitateei ezartzen dien araubide iragankorrari buruzkoa (bigarren xedapen iragankorra).

Xedapen horren bilakaera deskribatu eta estatuan zein Euskal Autonomia Erkidegoko foru-lurraldeetan indarrean dauden antzeko arau fiskalek xedatzen dutena azaldu ondotik, kexaren egileek adierazi zuten ez zeudela ados aipatutako xedapen iragankorraren laugarren atalean ezarritakoarekin; abenduaren 23ko 29/2019 Foru Legeak txertatu zuen atal hori eta ondorioak  dauzka 2020ko zerga-ekitalditik aurrera.

Kexagileen ustez, idazkian bertan garatu dituzten hainbat argudio baliatuz, atal horrek urratu egiten ditu espainiarrek legearen aurrean duten berdintasunerako eskubide konstituzionala eta gaitasun ekonomikoaren printzipio konstituzionala, zergapetze bikoitza dakarrelako eta, beraz, ez da aplikatu behar.

Nafarroako Arartekoak esku har dezala eskatu zuten, arestian esandako atala indargabetzeko, baliogabetzeko edo ez aplikatzeko helburuz.

2. 2024ko otsailaren 5ean, Nafarroako aurrerretiratuen eta pentsiodunen elkarteak (Asociación Navarra de Prejubilados y Pensionistas, ANAPP) proposamen-idazkia aurkeztu zuen gai horri buruz. Idazki horretan, Nafarroako Foru Ogasunak Auzitegi Gorenaren otsailaren 28ko 255/2023 Epaian funtsaturik ondorioztatzen dena aplika dezala eskatu zuen, Nafarroako erretiratuei estatu osoan eta Euskal Autonomia Erkidegoko foru-lurraldeetan araututakoa baino tratu fiskal desabantailatsuagoa eman ez diezaieten.

3. Aipatutako kexari eta proposamenari dagokienez, Ekonomia eta Ogasun Departamentuaren txostenak jaso dira.

a) Lehenengoan, honako hau azaltzen da:

I. Kexaren edukia

Kexaren (Q 23/1169 espedientea) egileek honako hau adierazi dute:

a) Telefonicako langile ohiak dira eta, lan-mutualismoaren garaian, ekarpenak egin zituzten Telefónicaren Aurreikuspen Erakundean. Zergaren ikuspegitik, ekarpen horiek ez ziren kengarriak izan 1979ko urtarrilaren 1era arte.

b) Aurreko arrazoia dela eta, adierazi dute Gizarte Segurantzatik erretiroagatik edo baliaezintasunagatik jasotzen dituzten prestazioei Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bategina onartzen duen ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretuaren bigarren xedapen iragankorrean ezarritako murrizketa aplikatu ohi zaiela.

c) Xedapen horretan, abenduaren 23ko 29/2019 Foru Legea dela bide, 4. Atala txertatu zen; horren bidez, arautu da zerga-murrizketa hori ez zaiela aplikatuko Gizarte Segurantzatik jasotako prestazioei, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrerako ondorioa duela, eta manu horrek eragotzi die murrizketa aplikatzen jarraitzea.

d) Kexagileen ustez, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen bigarren xedapen iragankorraren 4. idatz-zatian jasotako neurria baliogabetu egin behar da, eta ez da aplikatu behar, arrazoi hauengatik:

- Manuak urratu egiten duelako espainiarrek legearen aurrean duten berdintasun-eskubide konstituzionala, nafarren eskubidea, gainerako espainiarren aldean, bai eta gaitasun ekonomikoaren printzipio konstituzionala ere.

- Zergapetze bikoitza dakarrelako.

e) Eta, azkenik, Nafarroako Arartekoari eskatu diote “beren kexaren xede den arauzko atala indargabetzeko, baliogabetzeko edo ez aplikatzeko” beharrezkoak diren jarduketak egin ditzala, 2020ko ekitaldiko eta hurrengoetako atzeraeraginarekin.

II. Kexan azaldutako gaiari buruzko informazioa.

Nafarroako Foru Ogasuna ez dator bat kexaren sustatzaileek PFEZari buruzko Foru Legearen bigarren xedapen iragankorraren 4. atalaren inguruan azaldu diren gogoetekin.

Idatzian argudiatzen denaren aurrean, Foru Komunitateak eskumen osoa du zalantzan jartzen den legegintzako neurria onartzeko. Hain zuzen ere, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboak arauzko atal hori aztertzean arrazoitu duenez, “zalantza guztietatik at dago Nafarroako Foru Komunitateak bere zerga-sistemari eusteko, hura ezartzeko eta arautzeko gaitasuna eta eskumena dituela. Gaitasun eta eskumen hori, Konstituzioaren ikuspuntutik, Espainiako Konstituzioaren Lehen Xedapen Gehigarrian jasota dago; xedapen horren 1. zenbakiak foru-lurraldeen eskubide historikoak babestu eta errespetatzen ditu.

Aitorpen horren esparruan eman zen 13/1982 Lege Organikoa, abuztuaren 10ekoa, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzkoa. Lege horren 45. artikuluak gaitasun eta eskumen horiek ezartzen ditu, eta Estatuaren ahalmenarekin eta eskumenarekin harmonizatu behar da.

Horri doakionez, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Ekonomia Hitzarmenak Nafarroako zerga-araubidea eta Estatuko araubide orokorra harmonizatzen ditu. Itun horren 7. artikuluak berariaz arautzen ditu harmonizazio-irizpide orokorrak. Hori guztia, bi araudiak (forukoa eta estatukoa) behar bezala aplikatzeko beharrezkoak diren lotura-puntuak ezartze aldera. Bada, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko arauen aplikazioari buruzko lotura-puntuak ezarritakoan, Nafarroako Parlamentuak gaitasun eta eskumen osoa du bere arau-ekoizpena onartu eta aplikatzeko”.

Eta, era berean, zalantza guztietatik kanpo geratzen da, kexaren egileek Konstituzio Auzitegiaren doktrinari buruz egiten duten aipamen ugariak gorabehera, xedapen horrek ez duela Konstituzioaren testuko manurik edo printzipiorik urratzen. Aztertutako kasu zehatzean, foru-araudia beste lurralde batzuetako edo Estatuko araudiaren desberdina izanik ere, horrek ez du esan nahi konstituzioaren aurkako arau-hausterik dagoenik. Hain zuzen ere, ez da berdintasunaren printzipio konstituzionala urratzen, PFEZari lotutako zerga-neurri jakin bat ez delako estatuko zerga-araudian  bezala jasotzen, eta horregatik, zergadunentzat bestelako zerga-tratamendua dakarrelako. Hori horrela gertatzen da, kexaren egileek aipatu ez badute ere, EKren 14. artikuluaren berdintasun-printzipio konstituzionalak aldarrikatzen duelako debekaturik dagoela jaiotza, arraza, sexu, erlijio edo bestelako inguruabar pertsonal edo sozialengatiko bereizkeria oro, baina ez ditu galarazten, lurralde eta jurisdikzio fiskala kontuan hartuta, tributuen erregulazio desberdinak aplikatzearen ziozko tratu-desberdintasunak.

Eta ezin da inola ere pentsatu, Konstituzioaren berdintasun-ikuspegia aintzat hartuta, printzipio horri eragin dakiokeenik PFEZaren zerga-onura edo -karga jakin bati lurralde fiskal batean eta bestean eustea, hura aldatzea edo kentzea dakarten egoerak sortzen dituen arauzko bilakaera baten ondorioz. Bada, “arauen denborazko bilakaera dela-eta, ordenamenduko subjektuen arteko arau-bereizketa ezin da jo, ‘prima facie’, berdintasun-printzipioaren aurkakotzat” (Konstituzio Auzitegiaren 19/2012 Epaia, otsailaren 15ekoa, 9. Oinarri Juridikoa).

Ildo horretan, kontuan izan behar da Nafarroako auzitegiek lehenago ere baztertu egin dituztela kexaren sustatzaileek, Gizarte Segurantzaren prestazioei gagozkiela, Nafarroako Foru Komunitateak PFEZaren inguruan egindako zerga-erregulazioen azterketan erabilitako planteamendu berberak, hala nola amatasunagatiko prestazioen kasuan, Estatuko araudian zergak ordaintzetik salbuetsita daudenak eta, hala ere, foru-araudian PFEZari lotuta daudenak. Ezespen hori egoitza judizialean justifikatu zen, Nafarroako guraso zergadunen aurkako diskriminaziorik antzeman ez zelako, batzuen eta besteen inguruabarrak parekagarriak ez baitziren eta foru-araua Nafarroako legegileak zerga-arauketa autonomoa ezartzeko ahalmenaren oinarrian funtsatu baitzen.

Kontuan hartzekoa da, gainera, zergadun horiek sustatutako jarduketa jakina epez kanpokoa dela; orain zalantzan jarri duten araua, hain zuzen ere, duela zenbait urte hasi zen indarrean, eta, idazkian aitortu dutenez, “agertutako inork ez ditu etekinak aitortu murrizketa baliatuta, nahiz eta horretarako eskubidea dutela uste izan”, 2020., 2021. eta 2022. urteetako PFEZaren ekitaldietan. Litekeena da jokabide arraro samar horren azalpena kexaren egileek Auzitegi Gorenaren 2023ko otsailaren 28ko epaia ezagutu izana, baina epai horri buruz adierazi behar da azaroaren 28ko 35/2006 Legearen bigarren xedapen iragankorrean xedatutakoa oinarri hartuta eman zela, eta araudi hori ez dela aplikagarria Nafarroako lurraldean, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen artean sinatutako Ekonomia Hitzarmenean xedatutakoarekin bat etorriz.

Gaiaren muina, beraz, juridikoa baino ez da, araua aplikatzeari buruzkoa, eta ez du inolako garrantzi konstituzionalik, xedapenaren hitzez hitzeko edukitik ondoriozta daitekeenez. Esan nahi baita, xedapen horren helburua da, data jakin baten aurretik, erretiroagatiko eta baliaezintasunagatiko prestazioen tributazioa murrizteko gizarte-aurreikuspeneko mutualitate jakin batzuei ekarpenak egin zizkieten zergadun zehatz batzuen balizko eskubideari dagokionez, mutualitate horietatik jasotako prestazioen eremua zedarriztatzea: hain zuzen ere, aipaturiko mutualitate horietatik jasotako prestazioen eremua. Ez da justifikatutzat edo bidezkotzat jotzen, eta xedapen iragankorraren 4. atalak helburu horixe dauka, tributazio horren murrizketa Gizarte Segurantzaren prestazioen kasuetan ere aplikagarria izatea.

Xedapen iragankorra Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legean txertatu zen, Gizarte Aurreikuspeneko Mutualitateetatik jasotako prestazioek besteren konturako lan-etekin gisa tributatu behar zutela ezarri zenean. Horretara, tributazioaren geroratze-araubidea aplikatu zen, pentsio-planetarako araututakoaren antzekoa eta, horrela, amaiera eman zitzaion lehengo Pentsio Plan eta Funtsen Legea indarrean sartu ondoren eta, geroago, Aseguru Pribatuak Antolatu eta Ikuskatzeko Legea aplikatutakoan sortu zen nahasmenduari, lege horrek alde batera utzi baitzuen halako prestazioek bete behar zuten zerga-araubideari buruzko aipamen oro.

Hala eta guztiz ere, Gizarte Aurreikuspeneko Mutualitateei egindako ekarpen guztiek PFEZaren zerga-oinarria murrizteko eskubidea ematen ez zutenez, legegileak ezarri zuen prestazioa lan-etekin gisa aintzat har zedila, zenbatekoa fiskalki kengarriak ez ziren ekarpenen zenbatekoa baino handiagoa zen neurrian, zergapetze bikoitza saihesteko helburuz (ekarpena egiteko unean eta prestazioa jasotzeko unean). Esandakoaz denaz bezainbatean, komeni da kontuan hartzea gizarte-aurreikuspeneko mutualitateekin hitzartutako kontratuak kapitalizazio-eragiketak izan zirela, eta prestazioaren zenbatekoa mutualitateari egindako ekarpenen zenbatekotik abiatuta zehazten zela.

Aldaketa horren harira, bigarren xedapen iragankorrak 1999ko urtarrilaren 1etik aurrera PFEZ zergan aurreikusitako tributazio-araubidea zabaldu zuen, bai eta 1998. urtea baino lehen egindako ekarpenek, neurri batean behintzat, zerga-oinarria murriztu zezaketen mutualitateen prestazioetara ere. Hala, ekarpena lan-etekin gisa integratuko litzateke oinarrian jasotako zenbatekoak mutualitateari egindako eta kendu gabeko ekarpenen zenbatekoa gaindituz gero, eta, beraz, aldez aurretik zergak ordaindu baditu; horrez gain, esan beharra dago, kenkaririk izan ez zuten ekarpenen zenbatekoa zehaztu ezin bazen, prestazioaren zenbatekoa ehuneko 25 murriztuko zatekeela.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren Foru Legearen testu bateginaren bigarren xedapen iragankorrean gaur egun jasota dagoen neurria 1999ko urtarrilaren 1ean hasi zen indarrean, eta, lehen adierazi den bezala, 22/1998 Foru Legeak gizarte-aurreikuspeneko mutualitateei ezarri zien tratamendu berriarekin bat dator.

Hainbat epai eta ebazpenetan adierazi da mutualitateetan egindako ekarpenak ez zirela kengarriak lehengo produktu-zergetan (utilitateen gaineko zerga edo lan pertsonalaren etekinen gaineko zerga). Gizarte Segurantzako kotizazioak ere ez ziren kengarriak. 1979ko urtarrilaren 1etik aurrera ezarri zen PFEZaren kengarritasuna errentaren gaineko zergan, bai mutualitateei egindako ekarpenetan, bai Gizarte Segurantzari egindako kotizazioetan. Berezitasun bat (guztiz funtsezkoa bigarren xedapen iragankorraren esanahia ulertzeko) aintzat hartuta: gizarte-segurantzako kotizazioak kengarriak ziren oro har lan-etekinak zehazteko; mutualitateetan egindako ekarpenak, berriz, baldintza jakin batzuetan baino ez ziren kengarriak, eta hogei urteko aldi horretan (1978tik 1998ra), baldintzak aldatuz joan ziren.

Kontuan harturik bigarren xedapen iragankorraren eta mutualitateei egindako ekarpenak nahiz Gizarte Segurantzari ordaindutako kotizazioak PFEZ zergan kentzeko aukeraren arteko denborazko desfasea, ez dago inolako arrazoirik ulertzeko aipatutako bigarren xedapen iragankorraren helburua honako hau izan daitekeela: PFEZaren zerga-oinarrian kenkaririk baliatu ezin izan duten ekarpenen ziozko errenta batzuk (Gizarte Segurantzaren prestazioak) zergapetzeari lotzeak sor zezakeen zergapetze bikoitza baztertzea, beste zerga batzuei aplikatu beharreko araudiak hogei urtetik gorako aldian hori saihestu duelako. Interpretazio horrek zergapetze bikoitza baztertzea ekarriko luke, bakar-bakarrik, 1999ko urtarrilaren 1etik aurrera jasotako gizarte-segurantzako pentsioei dagokienez, zergapetze bikoitz teoriko hori hogei urtez onartu ondoren, baina horrek ez du inolako zentzurik. Helburua hori izan balitz, xedapen hori 1979ko urtarrilaren 1ean hasi behar izan baitzen indarrean. Era berean, interpretazio horrek ustezko zergapetze bikoitza saihestu egingo luke, gizarte-segurantzako pentsioen kasuan, hartzaileak mutualitate bati ekarpenak egin dizkionean bakarrik; ez, ordea, hartzaileak gizarte-segurantzako kotizazioak ordaindu dituenean.

Argi geratzen da, idatzi zen unean, 1979-1998 aldian, mutualitateei egindako ekarpenek eta Gizarte Segurantzari egindako kotizazioek tratamendu fiskal desberdina zutelako, eta arauak hitzez hitz dioenagatik, bigarren xedapen iragankorra gizarte-aurreikuspeneko mutualitateekin hitzartutako kontratuetatik eratorritako prestazioei doakiela soilik, eta ez zela inola ere Gizarte Segurantzak ordaindutako prestazioen ingurukoa, horien zerga-araubidea (besteren konturako lanaren etekin gisa) ez baitzen aldatu, eta, beraz, 1979tik aurrera indarrean zegoen PFEZaren araudian finkatutako berbera izaten jarraitzen baitzuen.

Gainera, hizpide darabilgun bigarren xedapen iragankorraren idazketak ekarpenak egiteko epea mugatzen ez badu ere, 22/1998 Foru Legea indarrean sartu aurrekoak direla esateaz harago, ez dirudi arrazoizkoa denik 1998ko legegilea 1979a baino lehen egindako ekarpenei buruz pentsatzen ariko zela esatea, baldin eta horren helburua zergapetze bikoitza saihestea bazen. Zaila da onartzea Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergan zergapetze bikoitza gerta daitekeela 1979a baino lehen egindako ekarpenengatik, hau da, PFEZ zerga bera indarrean hasi aurretik.

Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga, orokorra, pertsonala eta gehikorra edo progresiboa, gaur egun indarrean dagoen zergaren parekoa, 1978-12-28ko AD akordioak ezarri zuen foru zerga-sisteman (NAO, 156. zk., 1978-12-29koa). Akordio horrek 1979ko urtarrilaren 1etik aurrera baliogabetu zuen Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Orokorra, 1969-12-29ko  AD akordioak arautua (1970-01-21eko NAO), PFEZaren “aurrekaritzat” har genezakeena, baina esan behar da ez zela herritar guztiei eragiten zien zerga orokorra.

Hala eta guztiz ere, PFEZaren bigarren xedapen iragankorrak zergapetze bikoitza ekiditeko helburua zuela onartuko balitz –Foru Ogasunak ez du uste  helburua horixe zenik– Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga Orokorrak horrezkero zergapetu zuelako, komenigarria da gogoraraztea 17.6 artikuluak, 1969-12-29ko AD akordioaren 15.1.h) artikuluari lotuta, aukera ematen zuela diru-sarreren batura murrizteko honako kuota hauei zegokienez: “profesionalek, enplegatuek eta langileek legez ezarritako eta, eragindako langileen bizitza- edo heriotza-kasuetan, ordenamendu juridikoak baimendutako mutualitateei eta montepioei ordaindutako kuotak”.

Beraz, PFEZO delako zerga horren ezarpena PFEZaren parekoa izan zitekeela eman arren, Nafarroako foru araudian ez zen aipatutako zergapetze bikoitza gertatuko, legez ezarritako mutualitateei ordaindutako kuotek diru-sarrerak murrizteko eskubidea ematen baitzuten.

Horixe da igorritako kexaren inguruan azal daitekeen guztia, ondorio egokiak izan ditzan”.

b) Bigarren txostenean, hauxe adierazi da:

“Jasotako proposamenak (J.24/2 espedientea) Auzitegi Gorenaren 2023ko otsailaren 28ko epai batean hartu du oinarri. Epai horretan funtsaturik, elkarte horrek eskatu du gaur egun erretiratuta dauden eta 1967. eta 1978. urteen artean gizarte-aurreikuspeneko mutualitateetan ekarpenak egin zituzten zergadunei 2019., 2020., 2021. eta 2022. urteetan aurkeztutako aitorpenen PFEZ zerga erregularizatzeko. Horretarako, zergaren foru legearen bigarren xedapen iragankorrean ezarritakoa aplikatuz zuzen ditzatela galdatu dute, bai eta ondorengo ekitaldietan xedapen horretan jasotako onurak aitor daitezela ere, aipatutako epaiarekin bat etorriz.

Eskabidean, Nafarroako Gobernuaren eta EH Bildu-Nafarroa talde parlamentarioaren akordio baten edukia ere aipatu da, non zergadun horien arazoari irtenbidea ematea adostu den.

Azkenik, elkarte horrek eranskin bat aurkeztu du herritarren defendatzaileari bidali dion proposamenarekin batera, kolektiboaren intereseko gaiari lotutako dokumentu eta informazio multzo heterogeneoa barruratuta.

Jasotako proposamenari dagokionez, adierazi behar da, lehenik eta behin, Nafarroako Foru Ogasunak bertan jorratzen diren gaiei buruzko irizpena eman duela, Q 23/1169 espedientearen kexari emandako erantzunaren ildoan. Kexa horren xedea proposamenarenaren berdina da eta Telefonicako langile izan ziren zergadunen talde handi batek aurkeztu zuen.

Espediente horren inguruan ebatzitakoari honako hau gehitu behar zaio:

1.- Duela gutxi, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboak (NFAE) ebazpena eman du, 2024ko otsailaren 9koa, zergadun baten erreklamazioa ebazteko; erreklamazio horren bidez, interesdunak 2018an eta 2019an aitortutako lan pertsonalaren etekinak gutxitzeko eskatu zuen, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren bigarren xedapen iragankorrak xedatutakoa erretiro-pentsioei aplikatuta.

Ebazpenean, administrazio-organo honek aztergai darabilgun gaiari buruz emandako hainbat epai aztertu ditu, bereziki, Auzitegi Gorenaren 2023ko otsailaren 28ko epaia. Auzitegi Gorenak aztertu duen Estatuko arauaren edukia Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren bigarren xedapen iragankorrak dakarren edukiaren ia berdina denez, FAEA bat dator “aipatutako epaietan Auzitegi Gorenak ezarritako irizpidearekin, hau da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren bigarren xedapen iragankorra aplikagarria dela ulertzearekin, baldin eta Bankuen Lan Mutualitateari ekarpenak egin bazaizkio, ez soilik 1967ko urtarrilaren 1a baino lehen, ezpada, data horren ondotik eta 1978ko abenduaren 31 arte ere”.

Horrenbestez, Auzitegi Gorenak transkribatu diren epaietan ezarritako irizpidea aplikatuta, NFAEk honako hau ondorioztatu du, aurreko doktrina zuzendu duela: “lehenik eta behin, interesdunak jasotako pentsioaren zati proportzionala kalkulatu beharko da, 1979ko urtarrilaren 1a baino lehen Bankuen Lan Mutualitateari egindako ekarpenetatik eratorritakoa. Ehuneko horren emaitza izango da data horretara arte mutualitateari kotizatutako denbora zati interesdunaren lan-bizitza, 2024ko urtarrilaren 10eko epaian ezarritako muga aintzat hartuta, eta, bigarrenik, pentsioaren zati proportzional horri Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren bigarren xedapen iragankorrean araututako murrizketa aplikatuta”.

2. Nolanahi ere den, aipatutako ebazpena 2020. urtetik atzeragoko aldietan jaso diren erretiro-pentsioei buruzko erreklamazio bati datxekio, zehazki, 2018. eta 2019. urteetan jasotako erretiro-pentsioei. 2020ko eta hurrengo urteetako aldiei dagokienez, kontuan hartu behar da Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren bigarren xedapen iragankorra ez datorrela bat gai horri buruzko Estatuko aginduarekin; izan ere, abenduaren 23ko 29/2019 Foru Legeak 4. atala txertatu zuen, eta horrek berariaz zehazten du Gizarte Segurantzatik jasotako prestazioei ez zaiela aplikagarri kenkari fiskala, 2020ko urtarrilaren 1etik aurrera.

2024ko urtarrilaren 19an, Nafarroako Gobernuak eta EH Bildu-Nafarroa Talde Parlamentarioak 2024ko Nafarroako Aurrekontu Orokorrei buruzko Foru Legearen proiektuaren gaineko konpromisoak hartzeko akordioa sinatu zuten. Dokumentu horrek, gizarte-aurreikuspeneko erakundeetan kotizatu zuten zergadun nafarren erreklamazioei dagokienez, atal bat jasotzen du Fiskalitatearen eremuan, eta bertan honako hau erabaki da: “Ekonomia eta Ogasun Departamentuak azter dezala Auzitegi Gorenak gai horri buruz eman duen jurisprudentzia, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko-Administratiboaren ebazpenak eta gai horri buruz Nafarroan izandako administrazioarekiko auzien auzitegien epaiak, Nafarroan aplikatu ala ez ebatz dezan, bai eta PFEZaren gaineko Nafarroako indarreko araudia erreformatzeko edo ez erreformatzeko komenigarritasuna ere (PFEZaren Foru Legearen testu bateginaren Bigarren Xedapen Iragankorra –ekainaren 2ko 4/2008 Legegintzako Foru Dekretua–, zeinaren egungo idazketa abenduaren 23ko 29/2019 Foru Legeak, zenbait zerga eta beste zerga neurri batzuk aldatzekoak, onartu baitzuen, 6 hilabeteko epean, mutualistek mahairatutako erreklamazioei irtenbidea emateko proposamena aurkez dezan”.

Nafarroako Foru Ogasuna, dokumentuaren atal horretan erabakitakoarekin bat datorrela, arauzko xedapen horri buruzko azterketa teknikoa egiten ari da gaur egun.

Horixe da igorritako kexaren inguruan azal daitekeen guztia, ondorio egokiak izan ditzan”.

4. Jasota geratu denez, kexan bertan eta aurkeztu den proposamenean jorratu den gaia Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga arautzen duen Foru Legearen bigarren xedapen iragankorrean ezarritako “gizarte-aurreikuspeneko mutualitateei aplikatu beharreko araubide iragankorrari” buruzkoa da.

Auzi hori Auzitegi Gorenaren otsailaren 28ko 255/2023 Epaia eman eta ezagutu ondoren mahairatu da. Epai horretan, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko azaroaren 28ko 35/2006 Legearen bigarren xedapen iragankorraren harira sortutako interpretazio-arazoa ebatzi zen (autua Estatuko araudiarekin bat dator, eta, geroago ikusiko denez, 2019. urtea amaitu arte, funtsean, berdina da).

Epai horretan, Auzitegi Gorenak honako hau ebatzi zuen:

“Galderari emandako erantzuna, arrazoitu dugunaren arabera, honako hau izan behar da: 1967tik 1978ko abenduaren 31ra arte Bankuen Lan Mutualitateari egindako ekarpenak/kotizazioak, edozein izaera juridiko dutela ere, ezin izan ziren PFEZaren zerga-oinarritik kendu, unean-unean indarrean egon zen legeriaren arabera; beraz, bidezkoa da azaroaren 28ko 35/2006 Legearen bigarren xedapen iragankorra aplikatzea Gizarte Segurantzatik jasotako erretiroagatiko pentsio publikoari, eta jasotako erretiroagatiko edo baliaezintasunagatiko prestazioen zenbatekoaren % 075 zergaren zerga-oinarrian txertatu behar da”.

5. Arestian aipatu den eta Estatuko manua den 35/2006 Legearen bigarren xedapen iragankorrak −adierazi dugun bezala, epai horretan interpretatu manuak (horri lotutako zerga-arloko eta gizarte-segurantzako beste xedapen batekin batera)−, honako hau ezartzen du:

“Bigarren xedapen gehigarria. Gizarte-aurreikuspeneko mutualitateei aplikatu beharreko araubide iragankorra.

1. Gizarte-aurreikuspeneko mutualitateekin hitzartutako aseguru-kontratuetatik eratorritako erretiroagatiko eta baliaezintasunagatiko prestazioak, baldin eta 1999ko urtarrilaren 1a baino lehen egindako ekarpenak zerga-oinarrian, gutxienez, zati batean murriztu badira, zergaren zerga-oinarrian integratu beharko dira lan-etekin gisa.

2. Unean-unean indarrean dagoen legeriaren arabera, zergaren zerga-oinarrian murriztu edo minoratu ezin izan diren eta, beraz, aldez aurretik tributatu dutenez, mutualitateari egindako ekarpenen zenbatekoa gainditzen duen neurrian egingo da integrazioa.

3. Zerga-oinarrian murriztu edo minoratu ezin izan diren ekarpenen zenbatekoa egiaztatzerik ez badago, jasotako erretiro- edo baliaezintasun-prestazioen ehuneko 75 integratuko da”. 

Beste alde batetik, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen bigarren xedapen iragankorrak, 2019ko amaierara arte indarrean egon den idazketari jarraikiz, gizarte-aurreikuspeneko mutualitateei aplikatzeko zerga-araubidea ere jaso zuen, funtsean formulazio bera zekarrela:

“Bigarren xedapen iragankorra. Gizarte-aurreikuspeneko mutualitateei aplikatu beharreko araubide iragankorra.

1. Gizarte-aurreikuspeneko mutualitateekin hitzartutako aseguru-kontratuetatik eratorritako prestazioak, baldin eta Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko abenduaren 30eko 22/1998 Foru Legea indarrean hasi aurretik egindako ekarpenek, gutxienez, zati batean, zergaldietako zerga-oinarria murriztu badute, zergaren zerga-oinarrian integratu beharko dira lan-etekin gisa.

2. Unean-unean indarrean dagoen legeriaren arabera, zergaren zerga-oinarrian murriztu edo minoratu ezin izan diren eta, beraz, aldez aurretik tributatu dutenez, mutualitateari egindako ekarpenen zenbatekoa gainditzen duen neurrian egingo da integrazioa.

3. Zerga-oinarrian murriztu edo minoratu ezin izan diren ekarpenen zenbatekoa egiaztatzerik ez badago, jasotako erretiro- edo baliaezintasun-prestazioen ehuneko 75 integratuko da”.

6. Oinarri arauemaile horien gainean, Ekonomia eta Ogasun Departamentuak bigarren txostenean jakinarazi duenez, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko- Administratiboak, xedapen iragankor baten eta bestearen arteko funtsezko antzekotasunetik abiatuta, duela gutxi ebatzi du, laburrean esanda, Auzitegi Gorenak Estatuko eremu fiskalari dagokionez ondorioztatutakoa Nafarroan ere aplika daitekeela (2020 baino lehenagoko aldiaren aipua eginez, epe horretako arauak ia berdinak baitziren).

Ildo horretatik, administrazio-organoaren txostenean jasotzen denez, “FAEAk bat egiten du aipatutako epaietan Auzitegi Gorenak ezarritako irizpidearekin, hau da, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen testu bateginaren bigarren xedapen iragankorra aplikagarria dela, baldin eta Bankuen Lan Mutualitateari ekarpenak egin bazaizkio, ez bakarrik 1967ko urtarrilaren 1a baino lehen, ezpada, data horren ondotik eta 1978ko abenduaren 31 arte ere”; eta, gainera, “lehenik eta behin, interesdunak jasotako pentsioaren zati proportzionala kalkulatu beharko da, 1979ko urtarrilaren 1a baino lehen Bankuen Lan Mutualitateari egindako ekarpenetatik eratorritakoa; portzentaje hori kalkulatu egin beharko data horretara arte aipatutako mutualitatean kotizatutako denbora zati interesdunaren lan-bizitza, 2024ko urtarrilaren 10eko Epaian ezarritako muga aintzat hartuta. Bigarrenez, pentsioaren zati proportzional horri Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Foru Legearen bigarren testu bateginak dakarren murrizketa aplikatu beharko zaio”.

7. Foru-zergei buruzko legeriaren esparruan, ordea, legegintza-aldaketa garrantzitsua egin zen 2019. urtearen amaieran, eta laugarren atala gehitu zitzaion Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen bigarren xedapen iragankorrari (abenduaren 23ko 29/2019 Foru Legea dela bide, zenbait zerga aldatu eta beste tributu-neurri batzuk hartzeari buruzkoa), 2020ko zerga-ekitalditik aurrerako ondorioak ezarri zirela. Aipatutako atalak honako hau ezartzen du

“4. Xedapen iragankor honetan ezarritakoa ez zaie aplikatuko Gizarte Segurantzatik jasotzen diren prestazioei”.

Beraz, xedapen iragankor horren aplikazioa baztertu egin zen, eta, beraz, bigarren eta hirugarren ataletan jasotzen den ezarpenaren murrizketa edo minorazioa, Gizarte Segurantzatik jasotzen diren prestazioei dagokienez.

8. Egia esatera, Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 45. artikuluarekin bat etorriz, Estatuaren eta Nafarroako Foru Komunitatearen arteko Ekonomia Hitzarmenari gagozkiola, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legea da Nafarroan bereziki aplikatzekoa den araua.

Eta, era berean, aipatu den berdintasun-printzipioari doakionez, aitortu behar dugu, modu abstraktuan, foru-legeriak eta Estatuko legeriak zenbait alderditan aldeak izatea ez dela, berez, printzipio horren urraketa dakarren elementua, ahalmen hori berezkoa izan daitekeelako bakoitzaren eskumenak eta ahalak gauzatzeko.

Aurrekoa esanda, eta indarrean dagoen foru legeari buruz aipatu den atala konstituzionala den ala ez alde batera utzita (ildo horretako irizpena ematea Konstituzio Auzitegiari dagokio, konstituzio-kontrakotasuneko errekurtso baten zioz, zeina, gaur egun, ezin izango bailitzateke jarri, foru legearen aldaketa argitaratu zenetik urte batzuk igaro direlako, edo konstituzio-kontrakotasuneko auzi baten zioz, baina, guk dakigula, behintzat, ez da halakorik sustatu), erakunde honek uste du, aztergai darabilgun gai zehatz honetan, ez litzatekeela arrazoi nahikorik, oinarrizkorik, funtsezkorik edo materialik izango Nafarroan Estatuaren esparruan, oro har, erabili denaz bestelako irtenbiderik aplikatzeko, 2020ra arte indarrean egon den foru legeriatik ere ondorioztatuko litzatekeena, arestian aipatu dugun Auzitegi Gorenaren epaia argitaratu ondotik, Nafarroako Foru Auzitegi Ekonomiko Administratiboak egin duen interpretazioarekin bat etorriz. 

9. 29/2019 Foru Legearen zioen azalpenak honako hau jasotzen du:

“Xedapen iragankorrei dagokienez, 4. atala gehitu zaio bigarrenari. Xedapen horren helburua gizarte-aurreikuspeneko mutualitateen prestazio jakin batzuk konpentsatzea zen, baldin eta haiei egindako ekarpenek zerga-oinarria murrizteko eskubiderik eman ez bazuten, prestazio haien zenbatekoa murriztu ahal izateko. Gainera, zerga-oinarria murriztu ez duten ekarpenen zenbatekoa egiaztatzerik ez badago, prestazioa 100eko 75ean integratuko dela ezarri da. Urteak igaro ahala, gizarte-aurreikuspeneko mutualitate batzuk desagertuz joan dira, eta horiei ekarpenak egin zizkieten langileak Gizarte Segurantzan sartu ziren.  Kasu batzuetan, interpretatu da orain Gizarte Segurantzatik jasotzen duten prestazioak mutualitateari egindako ekarpenengatiko prestazioa aintzat hartzen duela eta, beraz, zerga-oinarrian integratzeko eskubidea dutela, ehuneko 25eko murrizketa aplikatuta.

Hala ere, kontuan hartu behar da Gizarte Segurantzaren araubide orokorra banaketa-sistema batean oinarritzen dela, eta horrek esan nahi du Gizarte Segurantzak ordaindutako prestazioek ez dutela zuzeneko loturarik lan-bizitza osoan emandako kopuruekin; aitzitik, prestazioak ordaintzeko unean indarrean dauden arauei loturik daude (esaterako, gutxieneko kotizazio-urte kopuru jakina eskatzea, erretiroaren aurreko azken urteetako kotizazio-oinarrien araberako oinarri arautzailea ezartzea, gehieneko prestazioetarako mugak egotea...). Sasoia zenean, Gizarte Segurantzak mutualista horiek integratzean jaso zituen zenbatekoek konpentsatu egiten zituzten urte haietan Gizarte Segurantzan kotizatu ez zituzten eta, beraz, banaketa-sisteman lagundu ez zuten kopuruak, baina horrek ez du esan nahi jasotako prestazioaren zati bat ekarpen horietatik datorrela onar daitekeenik.

Sortu diren zalantzak direla-eta, beharrezkotzat jotzen da xedapen iragankor honen aplikaziotik kanpo uztea Gizarte Segurantzatik jasotako prestazioak. Beraz, ehuneko 25eko murrizketa hasieran ezarritako prestazioei soilik aplikatuko zaie, hau da, gizarte-aurreikuspeneko mutualitateetatik jaso direnei”.

Hau da, lege-aldaketaren arrazoia araudiaren interpretazio jakina finkatzen edo, hobeto esanda, horri aurre egiten saiatzea izan zen, interpretazio hori zalantzazkoa edo eztabaidagarria baitzen orduan (ez soilik Nafarroaren kasuan, Estatuaren eremuan ere bai, bateko eta besteko arauak oso antzekoak izanik).

Adierazi den bezala, arestian aipatu dugun Auzitegi Gorenaren epaiak indartu egin du araubide hori Gizarte Segurantzatik jasotako pentsioei aplikatzeko jarrera, halako pentsioak berariaz aipatzen baitira interpretazio-irizpidean, nahiz eta hori ez izan eztabaidaren funtsezko edo oinarrizko muina.

Horren haritik, epaiaren edukian, Estatuaren Abokatuaren alegazio baten aurrean, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Legearen bigarren xedapen iragankorra “gizarte-aurreikuspeneko mutualitateek ordaindutako prestazioei buruzkoa da, ez Gizarte Segurantzaren prestazioei buruzkoa, eta, beraz, xedapen horren hitzez hitzeko interpretazioa, teleologikoa, logikoa eta sistematikoak ondorioztatzera garamatza ez zaiela aplikagarria Gizarte Segurantzak ordaindutako erretiro-prestazioei”; hala, auzitegiak ondokoa adierazi zuen: “eztabaidatu den autua kotizazioen izaerari buruzkoa izan da, ez pentsioa Gizarte Segurantzak ordaintzen duen edo gizarte-aurreikuspeneko mutualitate batek ordaintzen duen”; hala eta guztiz ere, ondokoa jasotzen da:

“(...) prestazioak gizarte-aurreikuspeneko mutualitate batetik jasotzen ez badira ere, prestazio horiek prestazioa ordaintzeko betebeharra bere gain hartu duen subjektu batek ordainduta jasotzen dira, mutualitatea desagertu ondoren, legezko ezarpenagatik.

Gainera, aztertutako xedapen iragankorraren hitzez hitzeko edukiak dioenaren arabera, pentsatzekoa da gizarte-aurreikuspeneko mutualitateekin hitzartutako aseguru-kontratuetatik “eratorritako” erretiroagatiko edo baliaezintasunagatiko prestazioak dituela xede, ez aurreikuspen-mutualitateek “ordaindutako” erretiroagatiko prestazioak, Estatuko Abokatuak aldeztu duen bezala. Hori arrazoizkoa da kontuan hartzen bada, errekurritutako alderdiak alegatu duen bezala, jasotako pentsioa kasu guztietan kalkulatuko balitz langilearen lan-bizitza osoko ekarpen guztiak kontuan hartuta, alde batera utzita aurretik mutualitate batekoa edo antzeko erakunde bateko kide izan zen, gerora azkendu eta Gizarte Segurantzan txertatu zelarik”.

10. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 33.2 artikuluak ezartzen duenez, “egindako ikerketen ondorioz Nafarroako Foru Komunitateko arartekoa ziur badago araua zorrotz aplikatzeak justiziaren aurkako edo herritarren kalterako egoerak sor ditzakeela, organo legegile eskudunari edo Administrazioari hura aldatzeko eskatu ahal izanen dio”.

Erakunde honen iritziz, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen bigarren xedapen iragankorraren laugarren atala aplikatzeak, Gizarte Segurantzatik jasotako pentsioak kanpo utzita, egoera bidegabeak edo kaltegarriak eragin ditzake Nafarroako pentsiodunentzat (Nafarroako zergapekoentzat, zehazkiago esanda), baldin eta:

a) Pentsiodun horiek ezin izango lukete Estatu osoan (baita Euskal Autonomia Erkidegoko foru-lurraldeetan ere) oro har aplikatzekoa den murrizketarik jaso, baina Gizarte Segurantzaren prestazio bereko beste onuradun batzuek ere jaso ahal izanen lukete murrizketa hori, baldin eta esandako lege-xedapenetan eta epaian aipatzen diren urteetan, kotizazioari edo tributazioari dagokionez erabakigarriak diren abiapuntuko egoerak funtsean antzekoak edo berdinak badira.

b) Bazterketak Nafarroako pentsiodunen arteko tratu-desberdintasunik ekar lezake, 2020. urtearen aurreko edo ondoko urteetan jasotako pentsioen arabera, baina ez da inolako alde kualitatiborik edo funtsezkorik antzematen horren emaitza dibergentea atera dadin.

Horregatik guztiagatik, iradokitzen da lege-aldaketa bultzatzea, 29/2019 Foru Legeak eragindako bazterketa indarrik gabe utz dadin eta, ondorioz, auzi honetan, Gizarte Segurantzako gainerako pentsiodunei emandako tratu fiskal bera eman dakien.

11. Ondorioz, eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak esleitu dizkidan ahalmenak erabiliz, jarraian azaldutakoa beharrezkoa dela ebatzi dut:

Ekonomia eta Ogasun Departamentuari iradokitzea legegintza-aldaketa bultza dezala, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legearen bigarren xedapen iragankorraren laugarren atalean jasotzen den Gizarte Segurantzako pentsioen bazterketa eraginik gabe uzteko, 2019ko abenduaren 23ko 29/2019 Foru Legeak txertaturiko “gizarte-aurreikuspeneko mutualitateei aplikatu beharreko araubide iragankorraz” denaz bezainbatean, Nafarroan zergak ordaintzen dituzten pentsiodunek Estatu osoan ematen zaien tratu bera jaso dezaten alderdi horri dagokionez, baita 2020ko ekitaldien eta hurrengo ekitaldi fiskaletan ere.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluari jarraikiz, bidezkoa da Ekonomia eta Ogasun Departamentua, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean jakinaraz dezala ebazpen hau onartzen duen ala ez, eta, hala badagokio, hura betetzeko zein neurri hartuko dituen azal dezala.

Legezko manu horretan ezarritakoari jarraikiz, ebazpena onartu ezik, kasua Nafarroako Parlamentuan aurkeztekoa den 2024ko urteko txostenean sartu ahalko da, eta konponbidea egon litekeela ulerturik, aldeko jarrerarik hartu ez duen Administrazioa berariaz aipatuko da.

Zure erantzunaren zain geratzen naizela, har ezazu agur bero bat,

El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
 
Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia