Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q23/107 ) ebazpena; horren bidez, a) Auñamendi Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateari gogorarazten zaio herritarren eskaerei garaiz eta behar bezala erantzuteko legezko betebeharra duela. b) Herritarrek Administraziora euskaraz jotzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzala gomendatzen zaio Auñamendi Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateari.

2023 ekaina 02

Euskara

Gaia: Auñamendi Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitatearen erantzunik eza, plantilla organikoan euskara dakiten lanposturik ez dagoelako edo merezimendu gisa ez delako baloratu.

Auñamendi Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitatearen Presidentea

Presidente andrea:

1. 2023ko otsailaren 6an, instituzio honek […] jaunaren idazki bat jaso zuen, Administrazioan Euskaraz Taldearen ordez. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Auñamendi Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitatearen plantilla organikoari buruz.

Idazki hartan, hauxe zioen:

a) 2022ko irailaren 28an, Auñamendi Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateari zuzendutako eskaera bat aurkeztu zenuen, plantilla organikoan euskararen ezagutza ez eskatzearen eta merezimendu gisa ez baloratzearen harira.

b) Zehazki, adierazi zenuen Erroibar eremu euskaldunean eta Lintzoain eremu mistoan egon arren, hamaika lanpostuetako batean ere ez dela exijitzen euskara jakitea, eta ez dela merezimendu moduan baloratzen.

c) Hori dela eta, eskatu zenuen plantilla organikoa aldatzeko, herritarrek administraziora euskaraz jotzeko duten eskubidea bermatzeko. Horretarako, beharrezkoa litzateke C1 mailako hizkuntza-eskakizuna izatea idazkari, administrari laguntzaile, gizarte-langile, hezitzaile eta familia-langile lanpostuetarako.

d) garotako denbora gorabehera, ez zen erantzunik jaso.

2. Ondoren, erakunde honek Auñamendi Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitatera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

1.- Auñamendi Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak uneoro errespetatzen du herritar guztiek duten eskubidea bertara jotzean euskara zein gaztelania baliatzeko. Ez zaio inoiz inori arretarik ukatu gure eremuan ofizialak diren bi eletako bat erabiltzeagatik.

2.- Mankomunitatearen plantilla organikoa 1989. urtea baino lehenagoko antzinatasuna duten langileek osatzen dute, hala nola gizarte-langilea, administrari laguntzailea eta beste zenbait familia-langile.

Gizarte-hezitzailearen kasuan, plantilla organikoan bere hizkuntza-profila ezagutzera eman ez den arren, euskararen erabateko ezagutza duen pertsona batek betetzen du lanpostua, eta euskaraz bideratzen ditu harremanak, bai inguruko ikastetxeekin, bai berak zuzenean kudeatzen duen haur-eskolarekin. Aipatutako ikastetxeetan D eredua ezarrita dago; beraz, jadanik argitu dugunez, euskara da komunikazio-hizkuntza.

Idazkariaren postuaren kasuan, plantilla organikoaren barruan agertzen bada ere, jakinarazi behar da ez litzatekeela bertan agertu beharko, oro har Mankomunitate hau osatzen duten udal-erakundeetako idazkariek bete izan dutelako; alabaina, ezohiko inguruabar bat egon da, langile horietako batek ere ezin izan baitzuen Mankomunitateko idazkariaren lanpostua bete.

Idazkariaren lanpostuan izandako ezohiko inguruabar horri erantzuteko, aldi baterako kontratazioa egin zen zegokion oposizio-lehiaketaren bidez, eta bertan euskara-maila jakin bat izatea edota maila egiaztatzeko probak egitea eskatu zen, eta, hain zuzen, proba horiek egin ziren.

Bestalde, jakinarazten da bai gizarte-hezitzailearen eginkizunak izan dituzten langileek, bai administrariek urtean daramatzatela prestatzen eta euskara-ikastaroak egiten, bai eta familia-langiletako askok ere.

3.- Hori horrela, zuen oharrak aintzat hartuko ditugu etorkizuneko plantilla organikoak osatzeko orduan.

3. Jasota geratu denez, kexa aurkeztu da ez zaiolako erantzun eskaera bati, Auñamendi Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko plantilla organikoan euskara jakitea exijitzen duten eta merezimendu gisa baloratzen duten lanposturik ez egotearen harira.

4. Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21 artikuluaren lehenengo apartatuak jasotzen duenaren arabera, Administrazioa “behartuta dago berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua”.

Betebehar hori zer denbora-tartetan bete behar den zehazteko, 21. artikuluaren bigarren apartatuan ezartzen denez “berariazko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da”. Jarraian, hirugarren apartatuan gaineratzen denez,“prozedurei buruzko arauek ez badute gehienezko eperik ezartzen, epea hiru hilabetekoa izanen da”.

Hizpide den kasuan, kexagileak eskaera 2022ko irailaren 28an egin zuen eta oraindik ez du berariazko erantzunik jaso. Hori dela eta, erakunde honek uste du Auñamendi Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateari gogorarazi behar zaiola herritarren eskaerei garaiz eta behar bezala erantzun behar diela.

5. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 1.2.a) artikuluan, bere helburuetako bat bezala aitortzen da “herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea”.

Eremu euskaldunean euskara erabiltzeari dagokionez, aipatutako Foru Legearen 10.1 artikuluak dio herritar guztiek eskubidea dutela “euskara zein gaztelania erabiltzeko Administrazio Publikoekiko harremanetan, eta aukeratzen duten hizkuntza ofizialean artatuak izateko”.

Arau hori garatze aldera, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak, Nafarroako administrazio publikoetan, haien organismo publikoetan eta mendeko zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duenak, 3.1.a) artikuluan zehazten du bere funtsezko helburuetako bat dela “eremu euskaldunean bi hizkuntza ofizialetako edozein berdin erabiltzea Nafarroako administrazio publikoetako, haien organismo publikoetako eta mendeko zuzenbide publikoko entitateetako lan-hizkuntza gisa eta herritarrei zerbitzua emateko hizkuntza gisa”.

6. Aipatu berri den araudia kontuan hartuta, interesdunak idazkian planteatutako gaiaren harira, hasteko, erakunde honek adierazi behar du ez duela uste herritar bati ere eskubidea ukatu zaionik arreta euskaraz jasotzeko Auñamendi Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitatean. Horrenbestez, erakunde hau ziur dago Mankomunitateko langileek behar bezala artatzen dutela herritarrekiko euskarazko arreta.

Nolanahi ere, erakunde honek uste du, plantillako plaza baterako ere euskara jakitea exijitzen ez den aldetik, arriskua dagoela, Mankomunitateko langileen balizko aldaketa baten kasuan, euskarazko arreta behar bezala artatzerik ez izateko.

Hori dela eta, betiere Mankomunitateak berez antolatzeko duen gaitasuna errespetatuz, erakunde honek uste du beharrezkoa dela Mankomunitateari gomendatzea neurriak har ditzala herritarrek toki-erakundera jotzean euskara erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko.

7. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

a) Auñamendi Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateari gogorarazten zaio herritarren eskaerei garaiz eta behar bezala erantzuteko legezko betebeharra duela.

b) Herritarrek Administraziora euskaraz jotzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzala gomendatzen zaio Auñamendi Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateari.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Auñamendi Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2023. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

Nafarroako Arartekoa

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia