Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q22/965); horren bidez, Nafarroako Erdialdeko Garapen Partzuergoari gomendatzen zaio herritarrek administraziora euskaraz jotzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzan.

2023 urtarrila 03

Euskara

Gaia: Nafarroako Erdialdeko Garapen Partzuergoaren plantilla organikoan hizkuntza eskakizun elebiduneko lanpostuak ez aurreikustea.

Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoaren Presidentea

Presidente jauna:

1.2022ko uztailaren 26an, instituzio honek [...]ren idazki bat jaso zuen, Administrazioa Euskaraz Taldearen izenean.Horren bidez, kexa bat jarri zuen Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoaren aurka, bere plantilla organikoan ez dagoelako profil elebiduna duen langilerik eta euskararen ezagutza merezimendu gisa ez baloratzeagatik.

Idazki hartan, hauxe zioen:

a) 2022ko martxoaren 11n Nafarroako Aldizkari Ofizialean Erdialdeko Garapen Partzuergoko Ekintzaileei Laguntzeko Zerbitzuaren plantilla organikoa argitaratu zen.

b) Hamabi lanpostu dira; bakar batek ere ez du hizkuntza-eskakizunik eta euskara ez da meritu gisa aipatzen.

c) Partzuergoa osatzen duten udaletako batzuk eremu mistoan sartu dira, hala nola Adiós, Tirapu eta abar.

d) 2022ko martxoaren 17an plantilla organikoa aldatzeko eskatu zioten Erdialdeko Garapen Partzuergoko Ekintzaileei Laguntzeko Zerbitzuari, Euskararen Legearen 17. artikuluan ezarritako jarraibideak kontuan hartuta.

d) Hiru hilabete igaro dira erantzunik jaso gabe eta administrazio-isiltasunaren bidez proposamena ezetsitzat jo dute.

e) Plantilla organiko honen bidez urratu egiten da herritarrek administrazio publikoetara euskaraz jotzeko duten eskubidea.

2. Ondoren, erakunde honek Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergora jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

“1.- Kexa “Administrazioan Euskaraz Taldea” izeneko elkarte baten izenean formulatzen da.

Kexa horren tratamenduan gutxieneko zorroztasunez jokatzeko, lehenik eta behin, erakunde horren existentzia eta legezko funtzionamendua egiaztatu behar dira, bereziki erakunde horren ordezkari gisa jarduten duela dioenaren legitimazioari dagokionez.

Horregatik Arartekoari eskatzen zaio Nafarroako Elkarte, Fundazio eta Elkargo Profesionalen Erregistrora jotzeko, zerbitzu horrek honako alderdi hauei buruzko informazioa eman edo egiazta dezan:

- Aipatu den elkartearen inskripzioa erregistro horretan, eta, hala badagokio, bidezko zenbakia.

- Elkarte horretako zuzendaritza-batzordearen osaera eta kideen izendapen-data.

- Kexaren aurkezleak zuzendaritza-batzorde horretan betetzen duen berariazko kargua.

- Kexaren aurkezleak betetzen duen karguak elkartearen ordezkaritza-funtzioak betetzen dituen, elkarte horren estatutuen arabera.

- Zein den elkarte horretako zuzendaritza-batzordeko kideak berritzearen azken data.

- Estatutuetan kargu horiek berritzeko beharra eta izendapenen indarraldia jasotzea.

Aipatutako elkartea ordezkatzen duela adierazten duenak ordezkaritza-kargurik ez duela egiaztatuz gero, edo betetzen duen kargua ez bada erakunde horren estatutu-araudiaren arabera berritu, Arartekoari kexa berehala artxibatzeko eskatzen zaio.

Halaber, Defendatzaile horri eskatzen zaio, atal honetan eskatutakoa onartzen ez badu, erabaki horren berri eman diezaiola aldez aurretik lehendakaritza honi, informazio hori beste bide batetik lortzearen ondoreetarako.

2.- Garapen Partzuergoa indarrean dagoen legediaren arabera hornitzen da langilez. Horretarako bi bide ditu:

a) Lan-eskaintza orokorra, behin-behineko langileentzat edo lanpostu huts bat betetzen dutenentzat.

b) Oposizioa, erakundearen plantilla organikoan behar bezala argitaratzen dena.

Enpleguaren lan-eskaintza orokor guztietan erakundeak merezimendu gisa baloratzen du euskararen ezagutza eta puntuazioa esleitzen die euskararen ezagutza aitortzen duen titulazioa duten pertsonei.

3.- Adierazi behar da zure idazkian aipatzen den zerbitzua, “Ekintzaileei Laguntzeko Zerbitzua”, gaztelaniaz eta euskaraz ematen dela gure erakundean zeregin horretarako kontratatutako langileek euskara ezagutzen dutelako. Zerbitzuaren berri emateko bideoa bera euskaraz eta gaztelaniaz editatu da, helbide elektroniko honetan egiazta daitekeen bezala: (https://navarramedia.es/project/atencion-personas-promotoras/#atencion).

4.-Azaldu den hau guztia kontuan hartuta,  Arartekoari berriro eskatzen zaio kexa artxibatzeko”.

3. Txostena kontuan hartuta  erakunde honek egoki iritzi zion kexaren aurkezleari helarazteari, elkartearen ustez egoki iritzitako alegazioak aurkezteko aukera izan zezan.

Alegazio horietan kexaren egileak honako hau adierazten du:

a) Nafarroako Elkarte, Fundazio eta Elkargo Profesionalen Erregistroaren informazio-ohar bat aurkezten duela. Agiri horretan Zuzendaritza Batzordeko kideak nortzuk diren eta idazkaria nor den zehazten da, eta idazkariaren eginkizunetakoa dela elkartearen erabakiak bideratzea. Elkartea Iruñeko Udaleko Elkarteen Erregistroan ere badago.

b) Plantilla organikoek lanpostuak sailkatzeko balio dute, zenbat diren eta zer ezaugarri dituzten adieraziz. Euskarari dagokionez, plantilla organikoan euskararen ezagutza eskatuko den lanpostuen zerrenda ezarri behar da. Horrek ondorio bikoitza du: lanpostu horien hurrengo deialdietan euskaraz jakitea eskatuko da; gainerako lanpostuetan ezin da euskararen ezagutzarik eskatu (Plantilla Organikoa aldatzen ez den bitartean).

c) Euskara meritutzat hartzeari dagokionez, inguruabar hori plantilla organikoan zehaztu daiteke. Horregatik erakundeak plantilla organikoan adierazitakoa bete behar du. Hala ere, euskaraz hitz egitea meritutzat jotzeari dagokionez, plantilla organikoak ez badu zehaztapen hori jasotzen, deialdietan zehaztu daiteke.

d) Eremu mistoan herritar guztiek dute gaztelania zein euskara erabiltzeko eskubidea Nafarroako administrazio publikoetara jotzeko. Eskubide hori bermatzeko, aipatutako administrazioek urteko lanpostuen eskaintza publikoan euskara jakitea  zein lanpostutarako den beharrezkoa zehaztu dezakete  edo euskara merezimendu gisa baloratu dezakete gainerako lanpostuen deialdian.

e) Partzuergoak ez du bere lanpostuetan euskaraz jakiteko baldintza ezarri. Egia da, hala ere, lanpostuen deialdian euskara puntuatu daitekeela, plantilla organikoan aurreikusita ez badago ere. Lehen aipatu dugun bezala, ondo dago euskara baloratzea, baina ez da nahikoa. Euskarazko arreta bermatzeko derrigorrez eskatu behar da gutxienez lanpostu batean euskaraz jakitea.

f) Horretaz gain, zaila da baieztapen hori sinestea. 2017tik ez da lanposturik deitu. Ordura arte herri guztiak eremu ez-euskaldunean zeuden. Eremu ez-euskaldunean, euskara ez eskatzeaz gain, ohiko praktika da meritu gisa ez baloratzea. Hala gertatzen zen 2017. urtea baino lehen, eta hala gertatzen da orain ere.

g) Beste alde batetik, zerbitzua gaztelaniaz eta euskaraz eskaintzen duela adierazten du. Hori horrela izan daiteke, baina ez Partzuergoaren antolaketagatik. Plantilla organikoa ez dago emaitza hori lortzeko prestatuta. Beraz kasualitatea izan da zerbitzu hori eskaintzeko prest dauden langileak egotea.

h) Zerbitzuari buruzko informazioa ematen duen 58 segundoko bideoa gaztelaniaz eta euskaraz egitea ondo dago. Zorionak! Baina horrek gaia desbideratu egiten dela eta arreta beste mutur batera eramaten dela esan nahi du. Ez gara ekintza puntual bati buruz ari, plantilla organikoaz eta zerbitzua euskaraz emateko bermeaz baizik.

i) Partzuergoak bere kabuz erantzun behar du. Partzuergoak bermatu behar du arreta euskaraz eskaintzea, eta hori plantilla organikoan bidezko xedapenak ezarriz gertatzen da (eta gero plantilla organikoa behar bezala garatuz, argi dagoenez).

4. Jasota geratzen denez, kexa Nafarroako Erdialdeko Garapen Partzuergoko plantilla organikoan hizkuntza-eskakizun elebiduna duten lanpostuak aurreikusi ez direlako aurkezten da.

2022ko martxoaren 11ko Nafarroako Aldizkari Ofizialean jasota dagoen bezala, 2022ko ekitaldirako Erdialdeko Garapen Partzuergoko plantilla organikoko lanpostu bati ere ez zaio esleitzen euskara jakitea edo merezimendu gisa baloratzea.

5. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 1.2.a) artikuluak bere helburuen artean ezartzen du honako hau: “Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea”.

Eremu mistoan euskara erabiltzeari dagokionez, Foru Lege horren 17. artikuluak eskubide hau aintzatesten du: “Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko”. Gainera, eskubide hori bermatzeko, administrazio publikoek honako hauek egin ahal izango dituzte: “a) urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea; b) gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea”.

Arau hori garatuz azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuak, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan, 3.1.b) artikuluan adierazten du dekretuaren funtsezko helburuetako bat dela eremu mistoan aukera hau ematea:  “gauzagarri egitea herritarrek duten eskubidea euskaraz nahiz gaztelaniaz zuzentzeko Nafarroako administrazio publikoengana, beren erakunde publikoengana eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateengana, ”.

6. Partzuergoak arlo horretan duen autoantolaketarako gaitasuna alde batera utzi gabe, eta, gaur egun, euskara dakiten kontratatutako langileek herritarrei behar bezala eskaintzen dieten euskarazko arreta alde batera utzi gabe, ukaezina da, plantilla organikoko ezein lanpostutan euskara jakitea berariaz eskatzen ez denez eta merezimendutzat jotzen ez denez, kontratatutako langile horien faltan herritarrei euskaraz behar bezalako arreta ez emateko arriskua dagoela.

7.Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Nafarroako Erdialdeko Garapen Partzuergoari gomendioa egitea  herritarrek administraziora euskaraz jotzeko duten eskubidea bermatzeko beharrezko neurriak har ditzan.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Nafarroako Erdialdea Garatzeko Partzuergoak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2022. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia