Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q15/90) Ebazpena. Horren bidez, Presidentetza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatu zaio gutxienez 7 kaboz eta 13 suhiltzailez hornitu dezala Nabaskozeko suhiltzaileen parkea, martxoaren 28ko 85/2014 Foru Agindua aplikatuz.

2015 apirila 15

Justizia

Gaia: Incumplimiento de la Orden Foral 85/2014.

Barne arloa

Presidentetza, Justizia eta Barne kontseilaria

Kontseilari jauna:

  1. 2015eko otsailaren 13an, [...] jaunak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Bertan, kexa bat formulatu zuen Presidentetza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurrean, Nabaskozeko suhiltzaileen parkeko kide kopuruari buruzkoa.
  2. Ondoren, Presidentetza, Justizia eta Barne Departamentura jo nuen, aurkezturiko kexari buruzko argibideak eman ziezazkidan.

    Zera adierazi da jasotako txostenean:

    "2015eko otsailaren 18ko idazkiaren bidez, [...] jaunak Presidentetza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurrean formulatutako kexari buruz informatzeko eskatu du Nafarroako Arartekoak. 85/2014 Foru Agindua bete ez delako abiarazi da aipatu kexa, Nabaskozeko suhiltzaileen parkean egon beharreko suhiltzaile kopuruari dagokionean.

    Horri dagokionez, egokia da honakoa adieraztea:

    Presidentetza, Justizia eta Barne kontseilariaren apirilaren 7ko 85/2014 Foru Aginduak adierazi ditu Suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko eta Salbamendu Zerbitzua osatzen duten suhiltzaileen parkeak. Aipatu zerbitzuak Nafarroa osoan jarduten du, antolakuntza eta zuzendaritza bakarrarekin, eta Nafarroako Larrialdi Agentziari atxikita dago.

    Xedapen berberak ezarri ditu suhiltzaileen parke bakoitza ezaugarritzeko eta kokatzeko zenbait ohar, hala nola, horien izena, tipologia, agintaria eta erreferentziazko kideak zein jardunbideak, edo horien egoera herri inguru batean eta arrisku zehatzen egoera, eta Suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko eta Salbamendu Zerbitzua (SPISZ) lurraldeka egituratzeko eremuekiko duten atxikipena.

    Parkeko kideei dagokienez, 85/2014 Foru Aginduak inola ere ez du adierazi gutxieneko kide kopururik, edo suhiltzaileen parkeak nahitaez eduki behar duenik kide kopuru hori edo hortik gorakoa. Erreferentziazko kide kopurua ezartzera mugatzen da; erreferentziazko jardunbide kopurua bezain erreferentziazkoa izanik kide kopurua, edo agintari batek zein beste batek era berean agintzeko duen aukera bezain erreferentziazkoa.

    Ondorioz, 85/2014 Foru Aginduaren 1. artikuluak suhiltzaileen instalazioetako kideentzat zehaztu dituen oharrak identifikaziorako erreferentzia baino ez dira, bai eta suhiltzaileen parkeko tipologia homogeneizatzeko erreferentzia ere.

    Alabaina, SPISZko kideak suhiltzaileen parkeetan banatzeko, kontuan hartzen dira bai 85/2014 Foru Aginduan zehaztutako erreferentzia, bai parke horietako bakoitzak burutzen dituen jardunbide kopurua eta izaera, eta, beharrezkoak direnean, giza baliabideen eta materialen mugikortasun irizpideak aplikatzen dira hornikuntzak estaltzeko edo osatzeko".

  3. Islatu den bezala, Nabaskozeko suhiltzaileen parkeko kide kopurua dela-eta aurkeztu da kexa, eta aipatu parkeko sarjentua da horren egilea.

    Kexa formulatu baino lehen, interesdunak administrazio-eskaera aurkeztu zuen 2014ko abenduaren 30ean. Bertan, Presidentetza, Justizia eta Barne kontseilariaren martxoaren 28ko 85/2014 Foru Agindua aipatu du, eta, 2015eko urtarrilaren 1etik aurrera, parkeak zazpi kabo eta hamabi suhiltzaile izango dituela azaldu du. Aipatu foru aginduan oinarrituta, beste suhiltzaile bat sartzeko eskatu du interesdunak.

    Bestalde, foru aginduan aipatutako kide kopurua erreferentzia bat dela azaldu du Presidentetza, Justizia eta Barne Departamentuak, eta uko egin du kexagileak egotzi dion gutxieneko kopuru horri.

  4. Otsailaren 16ko 12/2009 Foru Dekretuak onartutako Nafarroako Larrialdi Agentziaren Estatutuetako 31. artikulua garatuz idatzi da Presidentetza, Justizia eta Barne kontseilariaren martxoaren 28ko 85/2014 Foru Agindua. Zera ezarri du aipatu 31. artikuluak: Presidentetza, Justizia eta Barne kontseilariaren foru aginduaren bidez zehaztuko dira Suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko eta Salbamendu Zerbitzuko Zuzendaritza lurraldeka egituratzeko parkeen sorrera eta iraungitzea eta eremuak, eta agindu horretan zehaztuko dira parke bakoitzaren tipologia, kide eta jardunbide kopurua, artatuko den herria eta arriskuen mapa.

    Nabaskozeko parkeari dagokionez, erreferentziazko zifra gisa, 7 kabo eta 13 suhiltzaile edukitzea zehaztu da [1. artikuluko e) letra].

    Foru aginduaren arauzko izaera dela-eta, eta zerbitzu publikoak antolatzeko xedea dela-eta, are hurrengo gogoetan adieraziko dena alboratuta ere, arrazoizkoa da pentsatzea kide kopurua gutxieneko erreferentzia dela.

    Izan ere, azken batean, foru aginduan ex ante aurreikuspena aztertzen eta erregulatzen da, plangintza bat, parkeen beharrizanei eta parkeei arreta egokia emateko beharrezko kideen hornikuntzari dagokiena.

  5. Arauzko erreferentzia horren eraginkortasuna zein den interpretatzeko xedez, egokia da martxoaren 28ko 85/2014 Foru Aginduaren xedapen indargabetzailea aztertzea.

    Xedapen horretan, indargabetu egin dira 85/2014 Foru Aginduaren aurkakoak diren eta horren maila berekoak edo azpikoak diren xedapen guztiak, eta, zehazki, Presidentetza, Justizia eta Barne kontseilariaren abuztuaren 31ko 318/2006 Foru Agindua. Azken agindu horren bidez, suhiltzaileen parkeak sortzen eta atxikitzen dira, eta Nafarroako Larrialdi Agentzian zehazten dira Suteak Prebenitzeko eta Itzaltzeko eta Salbamendu Zuzendaritzaren eremuak.

    Zera ezarri zuen azken foru agindu horrek, Nabaskozeko parkeari buruz:

    Kide kopurua: Kide kopurua, gutxienez, 14 suhiltzailetakoa eta 7 suhiltzaile-kabotakoa izango da.

    Eta, gertatzen den bezala, 318/2006 Foru Aginduak eta 85/2014 Foru Aginduak errealitate bera erregulatzen badute, hots, parkeko kide kopurua biek zehazten badute, apetazkoa da lehenengoan erreferentziak gutxieneko izaera daukala eta bigarrenean balio hori ez daukala adieraztea.

  6. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, egoki ikusi dut:

    Presidentetza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea gutxienez 7 kaboz eta 13 suhiltzailez hornitu dezala Nabaskozeko suhiltzaileen parkea, martxoaren 28ko 85/2014 Foru Agindua aplikatuz.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Presidentetza, Justizia eta Barne Departamentuak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezala, aginduzkoa baita, gomendio hau onartzen duen ala ez, eta, hala balitz, baita berau betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen adieraz dezala ere.

Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2015. urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia