Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Molestias causadas por la actividad de varios cuartos de cuadrilla.
Ingurumena
Corellako alkatea
Alkate jaun hori:
Jarraian, Corellako Udalera jo nuen; bai kexaren berri ematera, bai piztutako kontuari buruzko informazioa eman ziezadaten eskatzera.
2015eko apirilaren 1ean, udalaren informazioa jaso genuen. Kexa-espedienteari gehitu zaio.
[...] jaunak Corellako [...] kalean dagoen bere etxean jasaten dituen eragozpenengatik, eta, bereziki, jasaten duen zaratarengatik aurkeztu da kexa. Bera bizi den eraikineko etxabeetako lagun-taldeen gelen jardueraren ondoriozkoak dira aipatu eragozpenak.
Laburtuz, zera azaldu du interesdunak: bere etxe azpian hainbat gela daudela, eta, horietan, arau-hausteak errepikatzen direla, eta udalak ez duela bere eskubideak babesteko beharrezko neurrik hartzen; gai horren inguruan onartu berri den udal ordenantzatik eratorritako neurriak bereziki.
Zera ondorioztatu du Corellako Udalak, gaiaren inguruko zenbait gogoeta eta gaiaren harira egindako jarduerak azaldu ondoren:
Udala indarrean dagoen araudia aplikatzen ari dela, eta lagun-taldeen gelei buruzko udal ordenantza betetzen dela ziurtatzeko segimendua egiten ari dela, eskura dituen tresna guztiak emanez, bai segurtasun eta higiene neurriak, bai ordena publikoko neurriak erregulatzeko eta betearazteko, gainerako bizilagunei kalterik egin gabe, gazteen eta herriko biztanleen aisialdia eta denbora librea gozatu ahal izatea posible egiteko xedez.
Ezin daitekeela eska atari bakoitzeko gela kopurua mugatu duen araudia indarrean sartu aurretik jada baziren gelak ixtea. Lokal horiek ez datoz araudiarekin bat, baina horiek erabiltzeko eskubidea dago.
Lagun-taldeen gelei buruzko udal ordenantzan aurreikusitako zigorrak aplikatzen direla.
Ukitutakoen eskubideak babestearen ikuspuntutik, Konstituzio Auzitegiko jurisprudentziak mugaturik utzi du zer konstituzio-eskubide ukitzen dituen pertsonen bizitzaren garapena nahasten duen eta nagusiki kexa eragiten duen faktore horrek (zarata edo kutsadura akustikoa). Ingurumen egoki batez gozatzeko eskubideak (Espainiako Konstituzioaren 45. artikulua) edo osasuna babesteko eskubideak (Espainiako Konstituzioaren 43. artikulua) dakartenaz gain, kutsadura akustikoak oinarrizko eskubideei eragin diezaieke; hala nola, osotasun fisiko eta moralerako eskubideari (Espainiako Konstituzioaren 15. artikulua), intimitatetarako eskubideari (Espainiako Konstituzioaren 18.1. artikulua) eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideari (Espainiako Konstituzioaren 18.2. artikulua).
Besteak beste, Konstituzio Auzitegiaren 16/2004 epaiak eskubide horiek erasan direla aitortzen du. Bertan honakoa ezartzen da: Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 24ko 119/2004 epaian ezarritako doktrinatik abiatuta, adierazi behar dugu osotasun fisiko eta moralerako eskubideak, norberaren eta familiaren intimitaterako eskubideak eta bizilekuaren bortxaezintasunerako eskubideak dimentsio positibo bat ere hartu dutela, nortasunaren garapen askeari dagokionez. Kontuan hartuta gure Konstituzioaren testuak ez dituela eskubide teoriko edo irudimenezko eskubide hutsak bermatzen, baizik eskubide erreal eta eraginkorrak (Konstituzio Auzitegiaren otsailaren 17ko 12/1994 epaia), ezinbestekoa da haien babesa bermatzea injerentzia tradizionalen aurrean ez ezik, teknologikoki aurreratuta dagoen gizartetik sortzen diren arriskuen aurrean ere. Errealitate berri horrekiko sentiberatasuna erakutsi da Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legean.
Ondoren, epaiak honakoa gogorarazi du: gaur egungo gizartean, zarata faktore psikopatogenoa eta herritarren bizi-kalitatearen etengabeko asaldura iturria izan daiteke. Horixe adierazten dute, bederen, Osasunerako Mundu Erakundeak inguruneko zarataren gainean finkatutako zuzentarauek (nabarmendu beharrik ere ez dago OMEk erreferente zientifiko gisa duen balioa). Bertan, luzaroan zarata maila handiaren eraginpean izateak pertsonen osasunean dituen eraginak azaleratzen dira (entzumen urritasuna, ahozko hizkuntza ulertzeko zailtasunak, lo nahasmendua, neurosia, hipertentsioa eta iskemia), baita jokabide sozialean dituenak ere (batik bat, elkartasunezko jarrera murriztea eta joera oldarkorrak areagotzea).
Oinarri horien gainean, eta oinarrizko eskubideen interpretazioari eta zaintzari buruz Europako Giza Eskubideen Auzitegiaren doktrinara joaz, Konstituzio Auzitegiak honakoa baieztatzen du: erabaki beharko dugu zarata maila handiak modu jarraituan pairatu behar izateak pertsonen osasuna arriskuan jartzen duenean, egoera horrek osotasun fisiko eta moralerako eskubidearen (Espainiako Konstituzioaren 15. artikulua) urratzea inplikatu ahalko duela. Hain zuzen ere, egia izan arren osasunerako arrisku edo kalte egoera orok ez duela Espainiako Konstituzioaren 15. artikulua urratzen, botere publikoen egintza edo ez-egite baten ondorioz pertsona batek jasan behar duen saturazio akustikoak atalase bat gainditzen badu, hau da, osasuna modu larri eta berehalakoan arriskuan jartzen duen atalasea gainditzen badu, Espainiako Konstituzioaren 15. artikuluan bermatutako eskubidea urratu ahalko da.
Auzitegiak honakoa adieraziz jarraitu du: Espainiako Konstituzioaren 18. artikuluko eskubideei dagokienez, adierazi beharra daukagu Giza Eskubideen Europako Hitzarmeneko 8.1. artikuluak aitortu egin duela pertsona orok duela bere bizitza pribatu eta familiarrarekiko, bere bizilekuarekiko eta bere korrespondentziarekiko errespeturako eskubidea, eta Espainiako Konstituzioaren 18. artikuluak entitate propioa eta bereizia ematen diela intimitate pertsonalerako eta familiarrerako eta bizilekuaren bortxaezintasunerako oinarrizko eskubideei. Eskubide horietako lehenbizikoari dagokionez, nabarmendu behar dugu auzitegi honek zehaztu duela haren xedea pertsonen bizitzaren arlo bati dagokiola, hain zuzen ere besteren ezagutzatik nahiz hirugarrenen esku-sartzeetatik kanpo geratu behar dena, eta arlo horren mugapena nortasunaren garapen librearen arabera gauzatu behar dela. Irizpide horri jarraituz, ondorioztatu behar dugu arlo horietako bat bizilekuarena dela, horixe baita gizabanakoak, gizarteko usadio eta konbentzioetatik aske, bere askatasun intimoena gauzatzeko erabiltzen dutena (Konstituzio Auzitegiaren epaiak: otsailaren 17ko 22/1984; urriaren 17ko 137/1985, eta maiatzaren 31ko 94/1999). Hori guztia gogoan edukita, honakoa ohartarazi behar dugu, Konstituzio Auzitegiaren maiatzaren 119/2001 epaian adierazitakoari jarraituz: Inor objektiboki saihesgarritzat edo jasangaiztzat jo daitekeen zarata mailaren eraginpean badago luzaroan, norberak eta familiak etxebizitzan intimitatea izateko eskubideari ematen zaion babes berbera eskaini behar zaio, zaratak nortasuna askatasunez garatzea eragotzi edo larri oztopatzen badu, eta kaltea edo galera erakunde publikoen jardunaren edo utzikeriaren ondorioa bada eta, hortaz, gertatutako kaltea eurei egotz badakieke.
Orain arte azaldutakoak balio du baieztatzeko kutsadura akustikoak, zaratak, herritarren oinarrizko eskubideak erasan eta urra ditzakeela, eta urraketa hori gertatuko dela behar den babesa emateko eskumena duten administrazio publikoek jarrera pasiboa, omisiozkoa edo are eraginkortasunik gabea ere erakusten dutenean.
Herri-administrazio guztiek, beren eskumenen esparruari dagokien neurrian, herritarren konstituzio-eskubideak babestu beharko dituzte (Espainiako Konstituzioaren 53.1. artikulua).
Aztergai dugun gaian, udalerriek funtsezko eginkizun bat hartzen dute beren gain dute herritarren oinarrizko eskubideak babestearen arloan. Halaxe ondorioztatzen da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko Foru Legeak eta Toki Araubideko Oinarrien Legeak esleitutako eskumenetatik. Udalerriek zenbait ahalmen dituzte herritarren eskubideak babesteko, nola baitira araudiak, ordenantza eta bandoen bitartez, ikuskapena, zehapena eta abar. Hori, halere, ez da eragozpena bitartekaritza-lana ere egiteko bizilagunen interes desberdinak batera biltzen direnean, halako moduz non bizikidetasun sozialerako haiek uztartzea beharrezkoa den.
Azaldutako aurrekarietatik ondorioztatu dezakegu Corellako Udalak piztu den arazoa ezagutzen duela, eta arazo horri erantzun diotela lokal mota horiek erregulatzeko ordenantzaren duela gutxiko izapideak eta espediente honetan igorri den txostenean aipatu diren neurriek.
Erakunde hau erabat jakitun da arazoa konplexua dela, eta zaila dela interes kontrajarriak guztiz bateratzea. Bada, kasuaren aurrekariak ikusita (eta, bereziki, azken urtean zenbait sonometriak positibo eman dutela ikusita), beharrezkotzat jo dugu gaiari buruzko legezko betebeharren gogorarazpena bidaltzea, udalak eraginkor babestu dezan interesdunak bere etxebizitzan zaratak ez jasateko duen eskubidea, legez ez baitago behartuta araudian aurreikusitako mugetatik haragoko zaratak onartzera, gelen jarduerak kontrolatzeko gainerako neurriak albo batera utzi gabe.
Horri dagokionez, bidezkoa da aitortzea dibertitzeko eta hiriguneko lokal edo etxabeetan elkartzeko gazteek eta gainerako herritarrek daukaten eskubideak ez duela nahastu behar, arrazoizkoa eta onargarria denaz haratago, ez eta eragotzi behar ere, herritarrek beren etxebizitzan atsedena hartzeko eta intimitatea edukitzeko daukaten eskubidea. Eskubide horrek, izan ere, konstituzio-maila kualifikatua dauka.
Zehazki, espedientean jaso den informazioa baloratuta, eta gehiegizko eragozpenak eragiten ari direlako zantzuak hautemanda -egindako sonometria errepikatuetatik ondorioztatu da hori, positibo eman dutelako batzuek, eta mugatik hurbil geratu direlako beste batzuk, zarataren errepikapenaren adierazlea izanik hori-, erakunde honek Corellako Udalari gomendatu dio intsonorizatzeko neurriak eska diezazkiola eragozpen iturri den lokalari edo lokalei.
Gomendio hori egin da, gainera, esku artean dugun kasuan hainbat direlako etxebizitzen azpian kokatutako lokalak, eta balitekeelako zigortzeko espedienteak errepikatzea nahikoa ez izatea zaratak eragindako bizilagunak babesteko, tartean dauden konstituzio-eskubideek eskatzen duten eraginkortasunari gagozkiolarik.
Corellako Udalari gogoraraztea bizilagunek beren etxe-esparruan gehiegizko zaratak ez jasateko daukaten eskubidea eraginkortasunez babesteko legezko betebeharra duela.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Corellako Udalak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezala, aginduzkoa baita, gogorarazpen hau onartzen duen ala ez, eta, hala balitz, baita betebeharrak betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen ala ez adieraz dezala ere.
Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gogorarazpena edo gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2015 urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia