Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q15/65) Ebazpena. Horren bidez, Osasun Departamentuari iradoki zaio, ahal duen neurrian, azkartu dezala helduentzako eguneko ospitalea edo antzeko zuzkidura abiarazteko proiektua, elikagaiekiko alergia duten pertsonek behar dituzten tratamenduak ezartzea ahalbidetze aldera, eta horien tolerantzia lortzeari begira.

2015 apirila 22

Osasuna

Gaia: Falta de un hospital de día para adulta alérgica al huevo y leche.

Osasuna

Osasun kontseilaria

Kontseilari andrea:

  1. 2015eko otsailaren 2an, [...] andreak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Horren bidez, kexa bat abiarazi zuen Osasun Departamentuaren aurrean, arrautzari eta esneari alergia dioten helduentzako eguneko ospitalerik ez dagoelako, beharrezkoa izaki hori desentsibilizazio-tratamenduak egin ahal izateko.

    Zera azaldu zidan idazki horretan:

    1. Alergia larria zion arrautzari (arrautza pasteurizatuari, zuringoari, gorringoari eta abarri).

    2. Gutxi gorabehera duela bi urte, Alergologia Zerbitzuan artatzen duen medikuak jakinarazi zion eguneko ospitalea ezarri zutela arrautzari eta esneari alergia dioten haurrentzat.
    3. Ordutik, bai alergologia arloko langileak, bai elikagaiekiko alergiak dituzten pertsonak eguneko antzeko ospitale bat abiarazteko zain daude, eta, kasu honetan, arrautzari eta esneari alergia dioten helduentzako izango litzateke ospitalea. Bada, elikagai horiek normaltasun osoz irenstea ahalbidetuko liekeen tratamendua abiarazteko xedea dute aipatu langileek eta eragindakoek.

      Eguneko ospitalea lehenbailehen ireki zedila eskatu zuen.

  2. Horren ondotik, Osasun Departamentura jo nuen, kexaren berri emateko, eta eskatu nion sortutako gaiari buruz informatzeko.

    Zera adierazi da jasotako txostenean:

    "Alergologia Zerbitzuko langileak eta ospitale guneko arduradunak aspalditik dira jakitun elikagaiekiko alergiek dakarten arazoaz, horixe izanik larrialdi zerbitzuetan ebaluatzen diren anafilaxien arrazoi ohikoenetako bat.

    Azken hamarkadara arte, elikagai horiek zorrotz saihestera, nutrizio aholkularitza ematera eta, gertatuz gero, aurkako erantzunak premiaz tratatzera mugatzen zen elikagaiekiko alergientzako tratamendua.

    Elikagaiekiko alergia duten pazienteak desentsibilizatzeko lehen saiakerak ez dira berriak, baina, hala ere, azken urteak arte ez dira onartu erantzun immunea aldatzera bideratutako estrategia aktiboak, bai ahozko tolerantziaren garapena azkartzekoak, bai pazienteei alergia ematen dieten elikagaiekiko nahigabeko esposizioetan modu eraginkorrean babestekoak.

    Duela bost urte ia, pazienteek, pediatriakoek batez ere, Alergikoen eta Asmatikoen Nafarroako Elkartearen bidez, Alergologia Zerbitzuko zerbitzuen zerrenda zabaltzeko eta elikagaiekiko desentsibilizazio programa sartzeko eskatu zuten.

    Arazo hori jorratu beharra zegoen, baina modu orokorrean jorratzeko mugaketak zeudenez, lehentasunezkotzat jo zen paziente pediatrikoengandik hastea, arazoak horiengan dituen ondorio bereziak direla-eta.

    2013an abiarazi zuten ahozko tolerantzia eragiteko unitatea; behi-esneari eta oilo-arrautzari begirakoa da nagusiki, eta tolerantzia bat-batean lortu ez duten 5 eta 15 urte bitarteko haurrei zuzendutakoa da. Arazoa ezagutzen zuten Alergologia Zerbitzuaren eta Nafarroako Ospitale Guneko Pediatria Zerbitzuaren arteko akordioaren bidez lortu ahal izan zen hori. Akordioak gaur ere indarrean dire.

    Helduei dagokienez, kontua ezberdina da.

    Kontuan hartu beharra dago ahozko immunoterapiarako agindua arretaz ezarri behar dela, kasuz kasu, arriskuaren eta onuraren arteko oreka zorrotza duen prozedura izan behar baita.
    Sendagaiekiko eta elikagaiekiko desentsibilizazioaz mintza gaitezke.

    Sendagaiak: Alergologia Zerbitzuan berariazko bi tratamendu ematen dituzte, hots, berariazko immunoterapia eta antigorputz monoklonalak dituen tratamendua. Aurretik beti balioztatzen da sendagai bat sartzeak ekar dezakeen arriskua. Arrisku handia dagoela uste bada, hori saihestea da har daitekeen neurri bakarra, sartzea beharrezkoa den kasuetan salbu. Azken kasu horietan, ospitaleratze erregimenean eragingo litzateke tolerantzia.

    Gaur arte, ez da elikagaiekiko tolerantzia tratamendurik burutu.

    Helduentzako eguneko ospitalea sortzea beharra da; bai diagnostiko konplexuen prozedurak (sendagaiekiko alergiak) egin daitezen bertan, bai arriskudun prozesu terapeutikoak (tolerantziaren garapena) egin daitezen.

    Horretarako, beharrezkoa da ospitale gunean kokatutako espazioak edukitzea, haurren kasuan bezalaxe, arriskudun pazienteak segurtasunez maneiatu ahal izateko (beste lan-kolektibo batzuetatik hurbil, hala nola, zainketa intentsiboko unitatetik gertu). Ospitalean espazio zabalak egokitzea eskatzen du horrek (mediku kontsultak, erizaintza kontsultak, laborategiak, itxarongelak, eguneko ospitalea), eta, gaur gaurkoz, ez dago errekerimendu horiek betetzen dituen eta erabilgarri dagoen espaziorik.

    Egun, Nafarroako Ospitale Guneko arreta zerbitzuak bateratzearen ondorioz, espazioen birmoldaketa eta berrantolamendua egiten ari dira. Laster, egitura fisikoa Nafarroako Ospitale Guneko egitura organiko berriari birmoldatzeko eta berrantolatzeko plana amaituko da. Azaldutako behar guztien barruan, Alergologia Zerbitzua lekualdatzea pentsatu da, eta, zehazkiago, helduentzako eguneko ospitalea prestatzea. Hala, lehentasunezko ekintzatzat jo da hori."

  3. Islatu den bezala, elikagaiekiko alergiak dituzten helduek (zehazki, arrautzarekiko eta esnearekiko alergia aipatu da) elikagai horiek irentsi ahal izateko desentsibilizazio edo tolerantzia tratamenduak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan jaso ezin dituztelako aurkeztu da kexa.

    Helduentzako eguneko ospitalerik ez egoteari lotu zaio gabezia hori, bai kexan, bai Osasun Departamentuaren txostenean arrazoitu denaren arabera. Helduentzako eguneko ospitalea egun haurrentzat dagoenaren antzekoa izango litzateke, eta eskatutako tratamenduak egoki garatzea ahalbidetuko luke.

    Prozesu terapeutiko mota hori egiteko eguneko ospitalea sortzeko beharra dagoela onartu da Osasun Departamentuak egindako txostenean, eta lehentasunezko ekintzatzat jo du.

  4. Erakunde honek egoki ikusi du iradokitzea, Osasun Departamentuak erakutsi duen jarreraren ildoan, eta ahal den neurrian, azkartu daitezela kexagileak eta antzeko arazoak dituzten pertsonek elikagai horiekiko tolerantzia lortzeko behar dituzten tratamenduak jaso ahal izan ditzaten neurriak, xede horretarako egokiak diren bitartekoak antolatuz (helduentzako eguneko ospitalea, informatu denaren arabera).

    Iradokizun hori egin da, kexan azaldu denez, aspalditik eskatzen den tratamendua delako, eta hori ezartzeak osasun zerbitzu publikoaren hobekuntza ekarriko lukeelako. Era berean, justizia eta berdintasun irizpideen arabera, gomendagarria da kexagileak bezala aspalditik nahasmendu mota horiek jasaten dituzten pertsonek azkartasunez jaso ahal izatea prozesu terapeutiko horiek, egunerokotasunean eragozpenak eta arriskuak eragiten baitizkiete.

  5. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, egoki ikusi dut:

    Osasun Departamentuari iradokitzea, ahal duen neurrian, azkartu dezala helduentzako eguneko ospitalea edo antzeko zuzkidura abiarazteko proiektua, elikagaiekiko alergia duten pertsonek behar dituzten tratamenduak ezartzea ahalbidetze aldera, eta horien tolerantzia lortzeari begira.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluarekin bat etorriz, bidezkoa da Osasun Departamentuak, bi hilabeteko epearen barruan, proposamena onartzen duen ala ez jakinaraztea, aginduzkoa izanik, bai eta, hala denean, hori betetzeko hartu diren neurriak onartzen dituen ala ez jakinaraztea ere.

Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2015. urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia