Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q15/166) Ebazpena. Horren bidez, Gizarte Politika Departamentuari gomendatu zaio abona dezala egoitzako arretarako zerbitzua kontratatzeko prestazioa, duen gaixotasun mental larriaren ondorioz, kexagilearen ahizpari dagokiona, 2014ko abuztuaren 8tik aurrerako efektuekin.

2015 apirila 17

Gizarte ongizatea

Gaia: Disconformidad con reclamación de cantidad de deuda.

Gizarte ongizatea

Gizarte Politika kontseilaria

Kontseilari jauna:

  1. 2015eko martxoaren 23an, [...] andreak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Bertan, kexa bat formulatu zuen Gizarte Politika Departamentuaren aurrean, [...] zentro psikogeriatrikoan bere ahizpari (gaixotasun mental larria baitauka)emandako zerbitzuaren ordainketa dela-eta.
  2. Horren ondotik, Gizarte Politiken Departamentura jo nuen, kexaren berri emateko, eta sortutako gaiari buruz informatzeko eskatu nion.

    Zera adierazi da jasotako txostenean:

    " [...] andreak kexa formulatu du Gizarte Politika Departamentuaren aurrean (Q15/166 espedientea), ez dagoelako ados, ahizpak [...] zentro psikogeriatrikoan egindako egonaldia dela-eta, 16.389,54 euro erreklamatzearekin. Bada, 2015eko martxoaren 30eko zure idazkiari erantzunez, zeinetan aipatu departamentuaren aurrean abiarazitako kexari buruzko informazioa eskatzen duzun, zera jakinarazi behar dizut:

    1. 2013ko ekainaren 19an, gaixotasun mentala duten pertsonentzako egoitza batean lekua eskatu zen [...] andrearen izenean. Eskabideari baliabiderako egokitasun txostena erantsi zitzaion, Tuterako Osasun Mentalerako Zentroak igorritakoa, bai eta Gizarte Gaiak, Familia, Gaztaroa eta Kirol kontseilariaren urtarrilaren 14ko 3/2010 Foru Aginduan ezarritakoari heltzeko balorazio eskala eta txosten soziala ere, izan ere, interesdunak mendekotasun moderatua dauka aitortuta, eta horrek ez dio eskatu duen eskubidea bermatzen, ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak onartutako Eremu Orokorreko Gizarte Zerbitzuen Zorroan ezarritakoari jarraiki.

      Urritasunen bat duten pertsonei, gaixotasun mentala duten pertsonei eta gizarte bazterketako egoeran dauden edo egoteko arriskuan dauden pertsonei arreta emateko egoitzetan lekua edukitzeko prozedura eta familiaren egoera baloratzeko baremoa erregulatu dituen aipatu foru aginduaren edukiari erreparatuta, eskatutako betekizunak betetzen zirela egiaztatu zen, eta, hortaz, gaixotasun mentala duten pertsonentzako egoitzan leku publikoa esleitzeko zain geratu zen. Hala ere, aipatu egoera aitortu zenean, ez zegoen leku publikorik hutsik.

    2. 2014ko martxoaren 3an, eta 2014ko martxoaren 11ko jaso izanaren agiriarekin, idazki bat igorri zitzaion [...] andreari, honako terminoetan:

      "Gaixotasun mentala duten pertsonentzako egoitzako arreta zerbitzura sartzeko eskaerari dagokionez, espedientean ageri denaren arabera, zerbitzu mota horretarako eskubidea duzu aitortuta, Eremu Orokorreko Gizarte Zerbitzuen Zorroa onartu duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuarekin bat etorriz.

      Jakinarazten dizugu Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak ezin dizula leku publikorik edo itundurik eman zure eskaerari erantzuteko, une honetan ez baitago leku hutsik. Beraz, zure espedientea lekua esleitzeko zain geratuko da.

      Leku pribatu batean sartzea erabakitzen baduzu, zentroak Gizarte Politika Departamentuaren baimena eduki behar du, eskatzen duzun leku motarako.

      Jada sartu bada, horren berri emateko eta hurrengo dokumentazioa emateko erregutzen dizugu, eskaera egiteko unean aurkeztu ez bazenuen:

      • Zentroko ziurtagiria. Bertan, zentrora sartzeko eguna eta gaur egun betetzen duen lekuaren tarifa jaso behar dira.

      • Transferentzia bidezko abonuaren eskaera.

        Jakin ezazu zerbitzua kontratatzeko egokitu lekizukeen prestazio ekonomikoa 806,58 eurokoa litzatekeela hilero, 78/2014 Foru Legearen arabera. Dena dela, egun, aipatu foru aginduan zehaztutako salbuespena aplikatzen da, ezarritakotik gorako laguntza emateko orduan. [...] andrearen kasuan, hileko 2.731,59 euroko edo hortik gorako prezio pribaturako, 2.264,16 eurokoa litzateke eman beharreko prestazioa, hilero. Aipatu salbuespenaren aplikazioa behin-behinekoa da, eta eman beharreko zenbatekoak aldaketaren bat jasan lezake".

    3. 2015eko urtarrilaren 23an, Olabeko [...] zentroak bidalitako jakinarazpena jaso zen posta elektronikoz, [...] andrea 2014ko abuztuaren 7an bertara sartu zela zioen ziurtagiria erantsita.

      Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak [...] zentroari jakinarazi zion aipatu ziurtagiria interesduna bertara sartu zenetik bost hilabetera bidali zela, eta, hortaz, euren gain hartu beharko dituztela horren ondorioak, euren kudeaketa akats baten ondorioz gertatu bada.

      Era berean, eskatutako dokumentazioa ere aurkeztu ez duela jakinarazi zaio telefonoz interesdunaren familiari. Hala, transferentzia bidezko abonuaren eskaera aurkeztu egin behar da, nahitaez, [...] andrearen ordezkaritza duen pertsonaren eskutik, betebehar hori hirugarren baten gain uzteko aukerarik egon gabe.

    4. Kasuaren zirkunstantziei erreparatuta, nolabait, Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziari egotzi ahal zaizkionak, hileko 2.263,28 euroko diru-laguntza esleitu zen interesduna egoitzara sartu zela jakin zen unetik bertatik, hau da, 2015eko urtarrilaren 23tik aurrera, martxoaren 9ko 1077/2015 Ebazpenaren bidez. Hori, transferentzia bidezko abonuaren eskaera martxoaren 2an aurkeztu zen arren.

    5. Azaldutakotik ondorioztatu beharra dago, beraz, ezin zaiela departamentu horri ez eta Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziari ere egotzi eskatutako dokumentazioan egondako atzerapena. Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentzia Gizarte Politika eta Kontsumo Departamentuko Zuzendaritza Nagusiari atxikita dagoen organismo autonomoa da. Era berean, behin interesduna Olabeko [...] zentrora sartu zela jakin zenean, zegokion prestazioa esleitu zitzaion, ahal besteko presaz eta berarentzako modu onuragarrienean".
  3. [...] andreak bere ahizpak (gaixotasun mental larria duenak) [...] zentro psikogeriatrikoan jasotzen duen zerbitzuaren ordainketaren harira aurkeztu du kexa.

    Martxoaren 9ko 1077/2015 Ebazpenaren bidez aitortu zen aipatu zerbitzua kontratatzeko prestazio ekonomikoa. Bada, prestazioaren efektu dataren ingurukoa da sortu den kontua.

    Kexagilearen ahizpa 2014ko abuztuaren 7an hasi zen jasotzen zerbitzua aipatu zentroan. Zerbitzua data horretan hasi bazen ere, Gizarte Politika Departamentuak balioetsi du egokia dela prestazioa 2015eko urtarrilaren 23tik aurrera esleitzea, kexaren harira idatzitako txostenean adierazitakoagatik (dokumentazioa berandu aurkeztu izana, zehazki, zentroko ziurtagiria eta transferentzia bidezko abonuaren eskaera, kexagileari 2014ko martxoan idazki baten bidez aipatu zitzaizkionak horiek).

    Adierazi den bezala zehaztu da prestazioaren efektu data, Gizarte Politika Departamentuaren txostenetik ondorioztatu daitekeenez, 2015eko urtarrilaren 23an jakin zelako interesduna egoitzan sartu zela. Data horretan, txostenean azaldu denaren arabera, zentroaren posta elektronikoa jaso zuen Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak, interesduna 2014ko abuztuaren 7an egoitzara sartu zela egiaztatuz.

  4. Osasun arloan pertsonek dituzten eskubideei eta betebeharrei buruzko azaroaren 8ko 17/2010 Foru Legeak, 5. artikuluan, pazienteek osasun arreta egokia eta euren beharrei egokitutakoa jasotzeko eskubidea dutela aitortu da.

    Gaixotasun mentala duten pertsonei dagokienez, aipatu foru legearen 22.5. artikuluan ezarri da, euren zaintzarako arreta baliabide soziosanitarioen laguntza behar duten pertsonen kasuan, zerbitzu horietarako sarbidea bermatuko dela, eta osasun zerbitzuarekin koordinatu beharko direla horiek, erantzun konplexuak eskatzen dituzten arazoei arreta egokia eman ahal izateko.

    Bestalde, Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 14ko 15/2006 Foru Legearen garapenarekin batera Eremu Orokorreko Gizarte Zerbitzuen Zorroa onartu duen ekainaren 17ko 69/2008 Foru Dekretuak gizarte zerbitzuen sistema publikoko prestazioen katalogoa jaso du, gaixotasun mentala duten horiei zuzendutakoak barne. Horien artean, kexagilearen ahizpak jasotzen duen egoitzako zerbitzua dago.

    Aipatu foru dekretuaren bigarren xedapen gehigarriak zerbitzua kontratatzeko prestazio ekonomikoa erregulatu du, zerbitzua edukitzeko ordezko modu subsidiario gisa sortua, herri-administrazioak berau emateko leku publiko nahikoak ez dituen kasuetarako.

    Xedapen gehigarri horrek ezarri du zerbitzua emateko aurreikusi den gehienezko epearen barruan esleituko dela zerbitzua kontratatzeko prestazio ekonomikoa (duen ordezko izaerarengatik).

  5. Zerbitzua kontratatzeko prestazio ekonomikoak erregulatu dituen Gizarte Gaiak, Familia, Gaztaroa eta Kirol kontseilariaren ekainaren 1eko 210/2009 Foru Legeak garatu du aipatu xedapen gehigarria.

    Honakoa ezarri du foru agindu horren 5.3. artikuluak: arlo bakoitzean eskuduna den departamentuko talde teknikoek egokitu litekeen zerbitzuaren egokitasuna zehaztutakoan esleituko da zerbitzua. Une horretan zerbitzu publikorik ez badago, interesdunari jakinaraziko zaio zerbitzua kontratatzeko prestazio batek ordeztuko duela zerbitzu publiko hori, eta zerbitzua eraginkorki jasotzen hasten denean hasiko dela jasotzen.

    Zera ezarri du foru aginduaren 6. artikuluak:

    1. "Prestazioak hilero abonatuko dira, eta zerbitzua ematen hasi eta hurrengo egunetik aurrera sortuko dira.

    2. Interesdunak aukeratutako banketxeko kontuan egingo da eragingarri prestazioen abonua, edo, bestela, horren legezko ordezkariak aukeratutakoan. Prestazio horien onuradunen banakako egoera baloratuta, prestazioak zerbitzua ematen duen entitateari abonatu ahal izango zaizkio zuzenean.

      Bestalde, onuradunen betebeharrei buruzko 7. artikuluak adierazi du horiek edo horien ordezkariek prestazio ekonomikoaren lehenengo abonuaren aurretik aurkeztu beharko dutela zerbitzua ematen duen entitateak igorritako ziurtagiria, eta, bertan, zerbitzuan alta emandako data eta erabiltzaileari zerbitzuak ekarriko dion kostua adierazi beharko direla. Era berean, aipatu dokumentazioa aurkeztuko du, zerbitzuan aldaketak gertatzen direnean".

  6. Aipatu arauditik, eta aintzat hartuta esku artean dugun prestazioak eskubide den zerbitzuaren ordezko izaera duela, honakoa ondorioztatu da hemen interesatzen zaigunerako:
    1. Zerbitzurako eskubidearen aitorpena da (kasu honetan, egoitzako arreta) prestazio ekonomikoaren aurretiko funtsa edo aurrekontua.

    2. Zerbitzurako eskubide hori indarrean dagoen araudiaren araberako epeetan ase beharko da.

    3. Lekurik egon ezean, administrazioak ezin badezake eskubidea ohiko moduan asebete, bestelako aukera gisa sortuko da prestazio ekonomikorako eskubidea.

    4. Interesduna zerbitzu pribatura sartzen den unean sortuko da prestazio ekonomiko hori. Horrelaxe zehaztu du indarrean dagoen araudiak, eta prestazioa sortzeko data ezingo da bereizi zerbitzurako eskubidea aitortuta edukitzetik eta administrazioak ohiko moduan asebetetzeko ezintasuna edukitzetik.

    5. Abonua jasotzeko, interesdunak dokumentazio jakin bat aurkeztu beharko du (bereziki, zentro pribatuko ziurtagiria). Baina aipatu dokumentua edo, hala balitz, transferentzia bidezko abonuaren eskabidea aurkezteak ez dio ezertan eragingo prestazioa sortzeko datari (adierazi den bezala, arauz finkatzen baita, zerbitzuaren hasieraren arabera). Eskubidea den laguntza abonatzeari edo ordaintzeari ekiteko baldintza da, eta ez horren jatorria edo efektuen data zehaztekoa.

  7. Azaldutakotik ondorioztatu daiteke martxoaren 9ko 1077/2015 Ebazpena ez dela legezkoa, honakoagatik:
    1. Lehenik eta behin, eta funtsean, arrazoi substantiboengatik, hau da, prestazio ekonomikoaren efektuen data araudi aplikagarriarena ez den irizpide baten arabera zehazteagatik (egoitzan sartu zela jakin zen data), zerbitzua jasotzen hasteko datan zehazten baitu araudi aplikagarriak sortzapena. Ez da aipatu zein izango litzatekeen efektuen data horren arauzko oinarria.
    2. Bigarrenik, eta, are gehiago, interesduna de facto zigortzen ari direlako (uler bedi zentzurik zabalean), itxuraz ez duelako izapideak betetzeko jarduerarik abiarazi, eta jarduerarik ez abiarazi izanari lotutako aurkako ondorio hori sortzeko legez ezarri den prozedura orotik aldenduta zigortu delako.

      Azken horri dagokionez, adierazi beharra dago, alde batetik, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeari jarraiki -horren printzipio nagusia baita pro actione edo antiformalismo printzipioa, kontu formalengatik eskubide substantiboen galera ahal den neurrian saihestera daramana-, herritarrek izapideak betetzeko jarduerarik abiarazi ez dutenean aurkako efektuak ekartzeko beharrezkoa da herri-administrazioek berariazko prozedurazko jardunbideak abiaraztea (errekerimendu zehatzak, horiei arreta emateko epeak adieraziz eta kasurik ez egitearen gainean ohartaraziz, berariazko ebazpenak eskaera atzera botaz edo izapiderako zein esku artean dagoen instantziarako eskubidearen galera adieraziz, eta abar). Horrelaxe egiazta daiteke arauko hainbat xedapenetan: eskabideak konpontzeari buruzko 71. artikuluan, interesdunak izapideak betetzeari buruzko 76. artikuluan edo instantziak iraungitzeari buruzko 92. artikuluan.

      Era berean, egokia da 201/2009 Foru Aginduaren 7.2. artikuluari erreparatzea, horixe baita aplikatu beharreko agindua, interesdunak dokumentazio betebeharra bete ez duela ulertzen bada. Artikulu horren arabera, bada, onuradunek betebeharrak bete ez badituzte, kopuruen zati bat edo kopuru osoa itzultzeko eskatu ahal izango zaie. Hau da, interesdunari egotz dakiokeen ez-betetzeren bat onartzera iritsita ere -erakunde honek ez du horrelakorik ikusi, kasuaren zirkunstantziei eta igorri zioten idazkiaren edukiari erreparatuta, izan ere, ez zioten dokumentuak aurkezteko eperik adierazi, ez eta egiteko modua edota ez egiaztatzearen ondorioak zeintzuk diren adierazi ere-, gehienez ere, itzultzeko arrazoia egon liteke. Dagokion prozeduraren bidez adierazi beharko litzateke hori, beharrezko berme eta kontraesanekin, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Foru Legearekin bat eginez, aurkako neurriak hartu aurretik herritarrei entzutea eskatzen baitu (7. artikulua).

      Berme horiek beti eska badaitezke, arrazoi handiagoz eskatu beharko dira laguntza publikoen eremu materialean, orain gauden egoeran, alegia.

  8. Albo batera utzita gogoeta juridikoak eta prozedurazkoak, erakunde honen iritziz, azkenik sortu den emaitza oso bidegabea eta kaltegarria da gaixotasun mental larria duen interesdunaren eskubideentzat.

    Eragindakoak, duen osasun mentaleko arazoa dela-eta, zerbitzua jasotzeko eskubidea edukita, eta foru komunitateko administrazioak eskubide hori ohiko moduan (leku bat esleituta) asebetetzeko ezintasuna edukita, bide pribatuan ematea zerbitzua eta, antza, transferentzia bidezko abonuaren eskabidea eta ziurtagiri bat (zentroak bidaltzen duena) berandu aurkezteagatik bost hilabeteko laguntzarako eskubidea galdu behar izatea (10.000 eurotik gora) ez da bidezkoa, neurrigabea da eta ez du bat egiten herri-administrazioek gaixotasun mentala duten pertsonak babesteko printzipio gidariekin.

  9. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, egoki ikusi dut:

    Gizarte Politika Departamentuari gomendatzea abona dezala egoitzako arretarako zerbitzua kontratatzeko prestazioa, duen gaixotasun mental larriaren ondorioz, kexagilearen ahizpari dagokiona, 2014ko abuztuaren 8tik aurrerako efektuekin.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Gizarte Politika Departamentuak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezala, aginduzkoa baita, gomendio hau onartzen duen ala ez, eta, hala balitz, baita betebeharrak betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen ala ez jakinarazi dezala ere.

Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2015. urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia