Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q15/158) Ebazpena. Horren bidez, Tafallako Udalari gogorarazi zaio herritarrek aurkeztutako eskaerak berariaz ebazteko betebeharra duela, kexagileak aipatutakoa barne hartuta. Era berean gomendatu zaio efekturik gabe utz dezala kexagileari ezarritako zigorra, hori ezartzeko eska daitekeen erruzko elementua ez dagoela balioetsi baita.

2015 apirila 21

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de contestación a solicitud de anulación de sanción.

Eskubideen sustapena

Tafallako alkatea

Alkate andre hori:

  1. 2015eko martxoaren 17an, [...] jaunak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Bertan, kexa bat formulatu zuen Tafallako Udalaren aurrean, trafikoko zigor bat deuseztatzeko eskaerari erantzun ez diolako.

    Tafallako alkateari bidalitako idazkia erantsi zitzaion kexari. 2015eko urtarrilaren 6ko data dauka idazkiak, eta honakoa da horren edukia:

    " Bidaiatik trenez itzulitakoan, nire ibilgailua 2015eko urtarrilaren 2an aparkatu nuen lekuan ez zegoela ikusi nuen. Udaltzaingoari deitzean, erregeen kabalgata atzo bertan Zangoza etorbidetik igaro zela jakinarazi zidaten, eta ibilgailua hortik kendu zutela, zigorra jarri ostean, bidaian atera aurreko egunetan aipatu eremuan adierazi zutelako ezin zitekeela kabalgataren ibilbidean aparkatu. Udaltzainekin harremanetan jarri ondoren, jakinarazi diet ez dugula aipatu debekua adierazteko oharrik ikusi, baina horrek ez duela garabiaren ordainketari (95,50€) eta arau-haustearen kostuari (100 €) aurre egin beharretik salbuesten, % 50eko deskontuarekin, errekurtsorik ez jartzeagatik.

    Agenteek adierazi didate gurea bezalako beste bost ibilgailu daudela. Horiek guztiak Renfeko bidaiariak izan ziren, eta, agerikoa denez, debekuaz ohartu ez zirenak. Gure kasuan, goizeko 07:00etan Madrilerantz zihoan trena hartzeko utzi genuen autoa.

    Garabiaren zenbatekoa ordaindu behar izatea uler dezaket, baina gustatuko litzaidake ulertzea gaizki aparkatuta egoteagatiko arau-hausteak ez duela lekurik, oso gaizki argiztatuta zegoelako. Zentzuzkoa denez, oharra ikusi izan bagenu, ez genukeen bertan aparkatuko.

    Beraz, salaketa deuseztatzeko eta arrazoi horrengatik ordaindutako zenbatekoa (100€) itzultzeko eskatzen dizut. Erabakiaren berri emanez erantzutea gustatuko litzaidake".

  2. Ondoren, Tafallako Udalera jo nuen, eta sortutako gaiari buruz informa zezan eskatu nuen.

    Zera adierazi da jasotako txostenean:

    • "Erregeen kabalgata igaroko zen kaleak seinaleztatzeari ekin zion Tafallako Udaltzaingoak, bertan aparkatzea debekatuz. Seinaleztapena abenduaren 29an jarri zen. Egun horretan bertan, seinaleztapena jarri aurretik aparkatuta zeuden ibilgailuen matrikulak jaso zituzten udaltzainek, garabiarekin kendu beharko balira, horiei salaketa formulatzea eta garabia kobratzea saihesteko. Gutxi gorabehera, hirurogeita hamabost aparkaleku utzi behar ziren libre.

    • Kabalgataren egunean, bost ibilgailu bakarrik geratu ziren bertan aparkatuta, eta garabiarekin kendu ziren. Bost ibilgailu horiek seinaleztapena jarri ondoren aparkatu ziren han, hortaz, zegokien salaketa formulatu behar izan zitzaien, eta garabiarekin kendu.

    • Esku artean dugun kasuan, urtarrilaren 5ean 10:00etatik aurrera ez apartzeko seinaleztapena ez errespetatzearen ondorioz kendu ziren ibilgailuak, hau da, egindako arau-haustearekin dago lotuta ibilgailuak kentzea. Beraz, ezin zaio arretarik eman [...] jaunaren eskaerari, hots, garabia ordaintzeko eta arau-haustearen ordainketatik salbuesteko eskaerari.

    • Azkenik, adierazi beharra dago trafikoko gaietako zigortzeko prozedurak epe batzuk ezarri dituela errekurtsoak eta arrazoibideak aurkezteko, eta, era berean, isuna ordaintzeak espedientea amaiaraziko duela ezarri duela".
  3. Islatu den bezala, Tafallako Udalak [...] jaunari ezarritako zigorraren harira aurkeztu da kexa, Tafallako Zangoza etorbidean aparkatzeagatik. Interesdunak gaiari buruzko idazki bat igorri zion Tafallako alkateari, baina ez du erantzunik jaso.

    Herritarraren idazkiari ematen zaion kalifikazio formala edo prozedurazkoa gorabehera, erakunde honen ustez, idazkiak eskaera bat duenez, berariaz ebatzi behar da, Nafarroako Toki Administrazioko Foru Legearen 318. artikuluari jarraiki. Legezko xedapen horrek zehaztu duenez, tokiko erakundeek beraiei bidalitako eskaera guztiak ebazteko eta jakinarazteko betebeharra daukate, beti ere, euren eskumenen barruan.

    Xedapenak bat egiten du, zentzuan, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 42. artikuluak ezarritakoarekin. Hala, administraziora jotzen duen eta zerbait eskatzen duen herritar orori erantzuteko administrazio betebeharra dakar aipatu xedapenak, erantzunak eduki beharreko zentzua dena delakoa izanda ere.

    Beraz, alderdi horri buruzko legezko betebeharren gogorarazpena formulatuko dugu.

  4. Zangoza etorbidean aparkatzeagatik (bertatik igaro baitzen erregeen kabalgata) interesduna zigortzea egokia ote zen kexaren mamia.

    Erabilitako eskumena zigortzekoa da, eta, ondorioz, espedientean zigortuaren erruduntasuna egiaztatzea eskatzen da (Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen 130. artikulua), bai eta sor daitezkeen zalantzak interesdunaren alde ebatz daitezela ere (in dubio pro reo printzipioa).

    Sortu den kasuan, baketsua denez zigorra eragin duen egitatea -ibilgailuak aparkatuta jarraitzen zuela Zangoza etorbidean 2015eko urtarrilaren 5ean, kabalgata egunean-, interesdunaren bertsioa sinesgarria da, debekuaren seinaleztapenaren ohar ezari dagokionez.

    Horri buruz, egokia da hurrengo elementuak nabarmentzea, erakunde honen jarrera agertzearekin bat:

    1. Behin-behineko seinaleztapena zela, ekitaldi berezi bati buruzkoa, ohikotasunean debeku hori ez duen leku batean egindakoa, eta, beraz, posible dela debekua espero ez izatea.
    2. Interesdunak egun batzuk lehenago alde egin zuela Tafallatik, 2015eko urtarrilaren 2an, gauez (Madrilerako 07:00etako trena), eta, hortaz, balitekeela behin-behineko seinaleztapena ez ikustea, argiztapen faltagatik.

      Zigortzeko eskumena erabiltzeak araua hausteko asmoa eskatzen du, edo, bestela, arauarekiko zabarkeria edo erruzko ez-betetzea egotea. Hala ere, erruduntasun mailari dagokionez, kasu honetan gerta litekeena izanik, zigortzeko eskumena baztertu behar da herritarrak zentzuzko arretaz jokatu badu, edo, bestela esanda, ezin zaio herritarrari eskatu arreta bereziz jokatu dezala seinaleztapena hautemateko. Jokaera normala edukitzea eskatu behar zaio, oro har onartzen diren irizpide balioen arabera.

      [...] jaunari ibilgailua zegoen lekutik kentzeko egintzari gaineratutako zigorra ezartzeko arrazoirik ez egotea eragin dute azaldutako zirkunstantzia bereziek.

  5. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, beharrezkoa ikusi dut:
    1. Tafallako Udalari gogoraraztea herritarrek aurkeztutako eskaerak berariaz ebazteko betebeharra duela, kexagileak aipatutakoa barne hartuta.

    2. Tafallako Udalari gomendatzea efekturik gabe utz dezala kexagileari ezarritako zigorra, hori ezartzeko eska daitekeen erruzko elementua ez dagoela balioetsi baita.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Tafallako Udalak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezala, aginduzkoa baita, gogorarazpen hau onartzen duen ala ez, eta, hala balitz, baita betebeharrak betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen adieraz dezala ere.

Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gogorarazpena edo gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2015 urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia