Partekatu edukia
Gizarte ongizatea
Gaia: Error en valoración económica para calculo cuota residencia.
Gizarte ongizatea
Gizarte Politika kontseilaria
Kontseilari jauna:
2015eko martxoaren 9an, [...] jaunaren idazkia jaso nuen. Horren bidez, kexa abiarazi zuen Gizarte Politika Departamentuaren aurrean, bere aitari, [...] jaunari, [...] egoitzan ordaintzen zuen kuota murrizte aldera egindako balioztapen ekonomiko okerrari buruz, bai eta egindako espedientearen edo ebaluazio ekonomikoaren kopia eskaerari erantzun ez izanaren inguruan ere.
Zera azaldu zidan idazki horretan:
Bere aita [...] egoitzan bizi zen, eta lanbide arteko gutxieneko soldata baino txikiagoa zen erretiro-pentsioa kobratzen zuen. Egoitzako kuota handiagoa zenez, familiak bere gain hartu zuen diferentzia ordaintzeko ardura han bizi izan zen urteetan.
2014an, 557,10 euro kobratzen zituen hilero aitak, eta 1.971,73 euro ordaintzen zituen egoitzarengatik. Beraz, 2014 hasieran, egoitzako gizarte langilearen bidez, eskabidea aurkeztu zuten ordaindu beharreko kuota murriztu zezatela eskatuz.
2014ko martxoaren 20an, Gizarte Politika Departamentuaren erantzunaren berri eman zion gizarte langileak. Bere ustez akatsak zituen, eta, hortaz, hitzordua eskatu zuen departamentuko teknikariekin.
Departamentuko teknikariekin eduki zuen elkarrizketan ahoz eta oso orokorrean adierazi zizkioten balioztapena egiteko orduan kontuan hartzen dituzten datuak, eta, dokumentazioren bat nahi izanez gero, idatziz eskatu behar zuela jakinarazi zioten.
Jarraian, Gizarte Politika Departamentura jo nuen, piztutako kontuari buruzko informazioa eman ziezadaten eskatzera.
Zera adierazi da jasotako txostenean:
"Zure erakundeak egindako informazio-eskaerari erantzunez, [...] jaunak formulatutako kexa-espedienteari (Q15/139 espedientea) buruzkoa, zeinetan, bere aitari, [...] jaunari, egindako balioztapen ekonomikoarekiko eta espedientearen eta balioztapen ekonomikoaren kopia eskaerari erantzun ez izanarekiko desadostasuna erakutsi duen, zera jakinaraziko dut:
[...] jaunak egoitzako lekua betetzen zuen [...] egoitzan 2004ko urtarrilaren 24tik; hasieran, baliozkotzat (baliozkoa/lagundua) kalifikatu zuten, eta mendekotasun arina zuela adierazi zuten 2010eko uztailean.
Gizarte Ongizaterako Nafarroako Institutuko Gobernu Kontseiluaren 1997ko ekainaren 18ko akordioan ezarri ziren interesdunari aplikatutako tarifa eta interesdunak egin beharreko ekarpena. Akordio horren bidez, aipatu organismoak zuzenean edo zeharka kudeatutako zerbitzuak emateagatiko tarifak eta horiek aplikatzeko arauak onartu ziren, baita horien geroko aldaketak ere.
2014ko urtarrilaren 30ean, ekarpena aldatzeko eskatu zuen interesdunak, egoitzako gizarte langilearen bidez, ezin baitzion aurre egin adierazitakoari. Era berean, sor zitekeen zorrerako bermeak ezartzeko aukerari buruzko informazioa eskatu zuen.
2014ko urtarrilaren 31n, interesdunaren gaitasun ekonomikoa berrikusteari eta baloratzeari ekin zitzaion, eta finkatutako ekarpena berretsi zen. [...] egoitzako gizarte langileari helarazi zitzaizkion txostena eta balioztapen ekonomikoa, egoiliarrari eta horren senideei horien berri emateko xedez.
2014ko apirilaren 8an, balioztapen ekonomikoa berriro berrikusteko eskatu zuen [...] jaunak, interesdunaren semeak.
2014ko apirilaren 20an, egindako balioztapen ekonomikoari buruzko informazioa bidali zuen zentroko gizarte langileak telematika bidez, baita balioztapen taldeko teknikariekin harremanetan jartzeko aukerari buruzko informazioa ere, balioztapenaren gaineko azalpen xehea jaso zezan interesdunak.
2015eko apirilaren 15ean, egindako txostenaren edota balioztapen ekonomikoaren kopia eskatu zuen [...] jaunak.
Balioztapen ekonomikoko taldearekin elkartu zen 2015eko maiatzaren 8an, eta, bertan, balioztapen prozeduraren eta kontuan hartutako kontzeptuen eta kopuruen gaineko informazio zehatza jaso zuen interesdunak. Beste berrikuspen bat eskatzekotan, idatziz aurkeztu beharko zuela jakinarazi zitzaion, eta eskaera berria justifikatzeko dokumentazioa erantsi beharko zuela. Bilera horretan, interesdunak ez zuen espedientearen kopia äskat.
Era berean, ez da jaso berrikuspen ekonomiko berririk eskatu zuenik."
Islatu den bezala, [...] jaunari [...] egoitzan ordaintzen zuen kuota murrizte aldera egindako balioztapen ekonomikoa dela-eta aurkeztu da kexa, bai eta egindako espedientearen edo ebaluazio ekonomikoaren kopia eskaerari erantzun ez zaiolako ere.
2014ko apirilaren 14an, egindako espedientearen edota ebaluazio ekonomikoaren kopia eskatu zuen [...] jaunak, Gizarte Politika Departamentuko teknikarien jarraibideei jarraiki. Kexa aurkezteko egunean, oraindik ez zioten idazkiari erantzun, eta ez zioten aipatu dokumentazioa eman.
Kontu horri dagokionez, Gizarte Politika Departamentuak adierazi du hitzordua jarri zitzaiola [...] jaunari, eta balioztapen prozeduraren eta kontuan hartutako kontzeptuen eta kopuruen gaineko informazio zehatza eman zitzaiola.
Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 42. artikuluak ezarri du herri-administrazio guztiek dutela prozedura oro berariaz ebazteko betebeharra, prozedura hori hasteko modua edozein izanda ere, eta hartutako erabakiak jakinarazteko betebeharra dutela.
Betebehar hori bat dator herritarrek administrazio ona edukitzeko duten eskubidearekin, eta herri-administrazioen jarduera gidatzen duten konstituzio printzipioei berezkoa zaien oinarrizko bermea da hori.
Zehazki, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearen 7. artikuluak ezarri du herritar orok duela Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko organoek bere kontuak inpartzialtasunez eta bidezko moduan eta arrazoizko epean tratatzeko eskubidea, eta aipatu artikuluko bigarren idatz-zatiak adierazi du eskubide horrek honakoa ere hartzen duela bere baitan:
Aurkako eragina izango duen banakako neurria hartu aurretik entzuna izateko eskubidea.
Dagokion espediente administratiboa aztertzeko eskubidea, baina legezko interesak, konfidentzialtasuna eta merkataritzako eta lanbideko sekretua errespetatuz.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bere erabakiak arrazoitzeko betebeharra.
Kasu honetan, Gizarte Politika Departamentuak igorritako informazioari erreparatuta, ezin daiteke egiaztatutzat jo behar bezala bete denik aurreko legezko xedapenetatik eratorritako betebeharra, eta, beraz, ezin daiteke egiaztatutzat jo herritarraren 2014ko apirilaren 14ko eskaerari, egindako espedientearen eta balioztapen ekonomikoaren kopia eskaerari, alegia, berariazko erantzuna eman zaionik, eta eskatzaileari berau jakinarazi zaionik.
Zentzu horretan, departamentuko teknikariek [...] jaunari arreta eman izanak eta egindako balioztapen ekonomikoaren prozedurari buruzko informazioa eman izanak ez du administrazioa salbuesten kexagileak 2014ko apirilean aurkeztutako eskaerari idatziz erantzuteko edo espedientearen kopia emateko betebeharretik.
Horregatik, erakunde honek beharrezko ikusi du Gizarte Politika Departamentuari gomendatzea idatziz erantzun diezaiola [...] jaunak aurkeztutako eskaerari, eta eman diezaiola eskatu duen dokumentazioa.
Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, beharrezkoa ikusi dut:
Gizarte Politika Departamentuari gogoraraztea formulatzen zaizkion eskaera guztiei berariaz, garaiz eta modu egokian erantzuteko legezko betebeharra duela, eta gomendatu zaio ekin diezaiola, dagoeneko egin ez badu, [...] jaunak 2014ko apirilaren 14an eskatutako dokumentazioa emateari.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Gizarte Politiken Departamentuak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezala, aginduzkoa baita,gogoragarri hau onartzen duen ala ez, eta, hala balitz, baita betebeharrak betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen adieraz dezala ere.
Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2015. urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia