Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q15/105) Ebazpena. Horren bidez, Izarbeibarko Mankomunitateari gomendatu zaio ur-hornikuntza ematen jarrai diezaiela kexagileei, 1983ko urriaren 20ko hitzarmenak esleitutako emakidari jarraiki, Jurramendi Mankomunitateak aipatu zerbitzua eman artean.

2015 apirila 20

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: Disconformidad con resolución de cese definitivo de suministro agua.

Zerbitzu publikoak

Izarbeibarko Mankomunitateko burua

Buru hori:

  1. 2015eko otsailaren 19an, [...] andrearen idazkia jaso nuen, Erripeta-Arizalako herritar talde baten izenean. Horren bidez, kexa formulatu zuen Izarbeibarko Mankomunitatearen aurrean, Erripeta herriko zenbait txaleti, mankomunitateko Izarbeibar hodia deritzonetik, ur-hornikuntza behin betiko eteteko ebazpenarekiko duten desadostasuna dela-eta.

    Zera azaldu zidan idazki horretan:

    1. Lurzoru urbanizaezinean eraikitako txalet batzuen jabeak dira, eta udal egitasmoko araudi partikularreko 233. artikuluaren arabera geratu ziren txalet horiek finkatuta.

    2. 1980. hamarkadatik, Izarbeibarko Mankomunitateak egiten du urbanizazio horretako ur-hornikuntza, kexagileek Errezu iturburutik Zirauki ur-araztegirako hornikuntza-hodia euren lursailetik igaro zedin emandako baimenaren ordainetan.

    3. Izarbeibarko Mankomunitateak ur-hornikuntza behin betiko eteteko espedientea ireki du, txalet jakin batzuek Izarbeibar hodia deiturikotik jasotzen duten hornikuntza prekarioa delako. Bertan, etetea justifikatzeko, prekariotzat jo du aipatu hornikuntza, baina kalifikazio hori ez da ez emakidarako hitzarmenen ondoriozkoa, ez baldintzatuaren ondoriozkoa.

    4. Emakida ez da prekarioa, izan ere, kontua da Izarbeibarko Mankomunitatekoa ez den herri bateko etxebizitzentzako hornikuntzaz ari garela. Duela hogeita hamar urte baino lehenagoko hitzarmen batean du jatorria hornikuntza horrek, hodia aipatu jabeen lursailetatik igarotzeko beharra egon baitzen, mankomunitateko herrientzako ur-hornikuntzarako. Beraz, aipatu hornikuntza baldintzatu baten mende dago.

    5. Zera adierazi du aipatu baldintzatuak seigarren puntuan: emakida horrek ez die eskubiderik ekartzen horren onuradunei; etorkizunean hodiaren gaitasun osoa behar badute herriek, mankomunitateko herrien beharrei eman beharko zaie arreta lehentasunez, hortaz, mankomunitateko herriek ur-emari osoa behar badute bakarrik justifikatu ahalko da ur emakida galtzea.

    6. Beraz, ez gaude baldintzatuan ur-hornikuntza behin betiko eteteko aurreikusi den kasuaren aurrean. Hala ere, subsidiarioki, Allozko urtegiaren azpitik igarotzen diren bi hodien bidez euren txaletei ur-hornikuntza emateko aukera aztertzeko eskatu dute.
  2. Jarraian, Izarbeibarko Udalera jo nuen, piztutako kontuari buruzko informazioa eman ziezadaten eskatzera.

    Zera adierazi da jasotako txostenean:

    “[..]

    1. LEHENENGOA .-Kexaren edukiak, funtsean, bat egiten du [...] andreak eta [...] andreak 2014ko otsailaren 17an jarritako berraztertzeko errekurtsoen edukiarekin. Aipatu errekurtsoetan, bi andreak ordeztu ditu abokatu berak, [...] andreak.

      Bi kexagileak Hiriberri Deierriko txalet batzuen jabeak dira, eta orain erantzuten ari garen idazkia ere sinatu dute.

      2015eko martxoaren 12ko ezohiko batzar orokorreko hitzarmenaren bidez, atzera bota ziren aipatu berraztertzeko errekurtsoak.

      Ondorioz, behar ez diren errepikapenak saihestearren, eta balioetsiz espedientean dauden hitzarmenek erantzun zabal eta arrazoitua eman dietela kexa-idazkian jasotako izatezko zein zuzenbidezko arrazoibideei, eta, era berean, espedientean ageri diren aurrekarien zerrenda luzea eginez, mankomunitate honek errespetu osoz igorri dizkio Arartekoari azken bi hitzarmenak. Horien bidez, mankomunitate honek kexagileek egindako eskaera ez onartzeko arrazoietan behar bezala koka dezake erakunde hori. Honakoak dira gaiari buruzko azken bi hitzarmenak:

      • 2014ko azaroaren 26ko ezohiko batzar orokorrean egindako hitzarmena. Horren bidez, ATZERA BOTA DIRA MANKOMUNITATEKO IZARBEIBAR HODIA DEITURIKOTIK ZENBAIT TXALETEK JASOTZEN DUTEN UR-HORNIKUNTZA PREKARIOA BEHIN BETIKO ETETEKO ESPEDIENTEAREN ARRAZOIBIDEAK ETA EBAZPENA. 1. eranskina erantsi da.

      • 2015eko martxoaren 12ko hitzarmena. Horren bidez, atzera bota dira lehen aipatutako berraztertzeko bi errekurtsoak. 2. eranskin gisa erantsi da.

    2. BIGARRENA.- Hala ere, eta bi hitzarmen horien irakurketa osoa alboratu gabe, zera zehaztu nahi du mankomunitate honek:
      1. Nahitaezkoa eta beharrezkoa zen Errezu hoditeria zati batean berritzeko obrak egitea, 1. fasean, mankomunitatea osatzen duten herriei ur-hornikuntza bermatze aldera (txalet multzo horiek ez daude horien artean), eta, bestetik, herri horiei zerbitzua emateko betebeharra dago, Toki Araubidearen Oinarriak arautu dituen Legeari eta Ur Ziklo Osoa Erregulatzeko Estatutuei eta Araudiari jarraiki, mankomunitate honek onartutakoak horiek. Halaxe jaso da espedientean ageri diren txosten teknikoetan.

      2. Hain zuzen ere, Izarbeibar hodia deiturikoa ezin zitekeen ez teknikoki, ez ekonomikoki mantendu, eta hortik hartzen zuten ur gordina (kloratu gabea) kexa sustatu duten jabe batzuen txaletek.
        Izan ere, 2010eko abuztuaren 17an, dokumentu bat sinatu zuen Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuak, mankomunitateko obra berri hori bermatuz. Errezuko hoditeri nagusia zati batean berritzeko obra da (fasea), uraren goi-hornidurarako plan gidariari dagokiona, eta Errezu iturburutik datorren goi-hoditeria zati batean berritzeko asmoa duena, Errezu herriaren eta Alloz urtegiaren arteko tartean, bide-trazadura urtegiaren ezkerraldetik marraztuta, eskuinaldeko hegalaren egonkortasun arazoei erreparatuta, egun hortik igarotzen baita, matxura larri eta etengabeak sortuz. Hodi berria Alloz urtegiaren ezkerraldetik igarotzen da, egonkorragoa izaki. 3. eranskin gisa erantsi da.

        Publikoak eta agerikoak dira lehengo hodiak jasan dituen arazo larriak. Hodi horretatik txaletei ere ura hornitu izan zaie, modu prekarioan. Adibidez, 2013. urte hasieran, euriteen ondorioz Alloz urtegiaren eskuineko hegaleko lurrak irristatu ziren, hodia hainbat tartetan apurtuz, tarte batzuetan 200 metrotik gora, eta, aldi batez, ur-hornikuntzarik gabe utziz, mankomunitateko eskumenen eremukoak zein zerbitzupekoak ez diren txalet multzoez gain, mankomunitate barruko herri guztiak (11.500 pertsona inguru), egoera kritikoa sortuz, eta mankomunitatea premiazko obrak egitera behartuz, biztanleei aldi baterako hornikuntza alternatiboa eman ahal izateko (hornikuntza lehengoratu ahal izan zen arte eta berritzeko obrak exekutatu ziren arte, horien amaiera berehalakoa izaki), eta zirkunstantzia horiek berariaz aitortu dira, besteak beste, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuko kontseilariaren azaroaren 19ko 428/2013 Foru Aginduan.

        Era berean, hoditeria horrek arazoak zituen hodien tinbrajean, zenbait tartetan. 4. eranskin gisa erantsi da aipatu foru agindua, eta, 5. eranskin gisa, aipatu gertakarien berri eman zuten prentsa informazioak.

      3. Ondorioz, ezinbestekoa zen eta da aipatu berritze obrak egitea, eta horrek automatikoki dakar aurreko azpiegitura zerbitzurik gabe uztea, ezin baita mantendu, ez arrazoi ekonomikoengatik, ez arrazoi teknikoengatik (eta, horregatik hain zuzen ere ari dira berritzeko obrak beste trazadura batean exekutatzen), eta are gutxiago mankomunitate honetako eskumen eremukoak ez diren txalet multzo horiei zerbitzu emateko, ez baitago horiei zerbitzurik emateko betebeharrik, egindako hitzarmenetan argudiatutako arrazoiak direla-eta.
    3. HIRUGARRENA.- Kexa-idazkiaren bosgarren aurrekariak adierazi du, subsidiarioki, Lerate kanpinetik hornikuntza lor litekeela, urtegi azpitik igarotzen diren eta eskuinaldeko urertzera edo ibaiertzeraino (etxebizitzak hor baitaude) iristen diren bi hodien bidez.

      Gutxienez 1997tik abandonatuta dauden bi hodi dira, Alloz urtegi hondoan jarri zirenak, 1990. hamarkadaren erdialdean hustu eta dragatu egin zela aprobetxatuz.

      Hodi horiek prekarioan eta behin-behinean exekutatu ziren, Lerate Kontseilua hornitzeko asmoz, lehorte handiak jasaten baitzituen udan, eta zisterna-kamioien bidez hornitu behar baitzen.

      Ez da gauza jakina, gainera, hodiek zerbitzurik eman ote zuten uneren batean, kontuan hartuta 1997an goi-sarea eraiki zela Gesalatzeko Ibarran, Lerateko hornikuntza arazoak konponduz horrela.

      Hau da, jada konpondu zen egoera baten aurreko premiazko eta behin-behineko zirkunstantzia zehatz horietan exekutatu ziren instalazio horiek. Azpiegitura hori ez zen, inondik ere, denboran irauteko diseinatu (beste kontu batzuen artean, hodiak urtegi azpitik igarotzen direnez, ezin direlako konpondu), eta mankomunitateak une oro jakin du ez zuela (eta ez duela) etengabeko hornikuntzarako inolako bermerik ematen.

      Beraz, hodi horiek inoiz erabiltzera iritsi baziren, eta gutxienez 18 urte igaro direnez inolako zerbitzurik eta erabilerarik gabe (mantentze-lanak, esan dugun bezala, ezinezkoak dira, kokalekuagatik beragatik), argi dago hodien gainean lokatz mantu handia ezarri dela, eta urpean daudela. Beraz, matxurarik egongo balitz, ezinezkoa izango litzateke horiek konpontzea; eta urtegia berriro dragatzen denean, betiko egongo dira kaltetuta.

      Ondorioz, irtenbide hori ere ez da ez teknikoki, ez ekonomikoki egingarria, eta mankomunitate honek ez du uste hornikuntzarik eman behar dienik eraikuntza horiei; are gutxiago, azpiegitura horren mantentze-lanak eta kontserbazioa ordaindu behar dituenik, horiei hornikuntza emate aldera.

      Erakunde honek egindako hitzarmenetan interesdunei adierazi zaien bezala, kexaren sustatzaileek, hau da, lurzoru urbanizaezinean egindako eta itxuraz lizentziarik ez duten txaleten jabeek, orduan erakunde publiko batek emandako aurretiko ur-hornikuntzarik ere ez zutenek, ur-hornikuntza eskatzeko eskubidea dutela uste badute orain, lurraldeari dagokionez eskumena duen erakundearen aurrean artikulatu beharko dute hori, kasu honetan, Jurramendi Mankomunitatearen aurrean (bertan dago Deierriko Udala).

      Ez alferrik, euren idazkiko azken atalean adierazi dute kudeaketak egin dituztela Jurramendi Mankomunitatearekin, eta, egia esan, txaletetatik 1.300 metrora dago, gutxi gorabehera, Hiriberri Deierri kontzejua, horixe izanik herrigune hurbilena, eta Jurramendi Mankomunitateak hornitzen du.

    4. LAUGARRENA .- Azken batean, mankomunitate honek ez du bat egiten kexa-idazkiaren edukiarekin, eta ezin dezake onartu egileek bertan eskatu dutena, hemen azaldutako arrazoiketei eta erantsitako hitzarmenetako edukiei jarraiki".
  3. Islatu den bezala, Erripetako txalet jakin batzuek Izarbeibar hodia deiturikotik jasotzen duten ur-hornikuntza etetearen harira aurkeztu da kexa.

    Txaleten jabeek aipatu hornikuntzaren jatorri adostua defendatzen dute, baldintzatu baten mende dagoena. Aipatu baldintzatuaren arabera, mankomunitateko herriek ur-emari osoa behar badute bakarrik justifikatu ahalko da ur emakida galtzea.

    Izarbeibar hodia arrazoi tekniko eta ekonomikoengatik mantentzeko ezintasuna babestu du Izarbeibar Mankomunitateak; eta, hornikuntza prekarioa izanik, eragindako lursailak Deierriko Udaleko lurralde eremukoak direnez, Jurramendi Mankomunitateari dagokiola ur-hornikuntza ematea.

  4. Kontua ebazteko, ur-hornikuntza esleitu duen 1983ko urriaren 20ko hitzarmenetik abiatu behar da. Honakoa dio hitzarmen horrek, hitzez hitz:
    "Etxebizitzen jabe batzuen eskaerak ikusita...[..], horiei ura ematea hitzartu da, hala ere, honako baldintzatuaren mende:

    Kolektibo eta partikular bakoitzak beharrizanari buruzko ikerketa aurkeztu beharko du mankomunitate honen aurrean, bai eta ura hartzeko modua zehaztutako duen proiektu teknikoa aurkeztu ere.

    Eskatzaileen kontura izango dira bai aipatu ikerketetatik eta proiektuetatik, bai obretatik eratorritako gastu guztiak.

    Emakida hau, besteren artean, garbitasun eta osasun arrazoiek arrazoitu dute, eta, beraz, etxean erabiltzeko egiten da, ezin izango delarik ura igerilekuak betetzeko, zelaiak ureztatzeko eta abarrerako erabili, eta eskatzaileak izango dira ura kloratzeko arduradunak.

    Ordainetan, onuradunek obren harira sortutako kalte-ordain oro eskatzeari uko egitea eskatu du mankomunitateak.

    Mankomunitateak zehaztuko du ur metro kubiko bakoitzeko kontsumoaren prezioa, egiten den kontsumoarekin bat eginez, eta berbera izango da eskatzaile guztientzat.

    Emakida honek ez die eskubiderik ematen horren onuradunei; etorkizunean hodiaren gaitasun osoa behar badute herriek, mankomunitateko herrien beharrei eman beharko zaie arreta lehentasunez".

    Hitzarmeneko testuan ageri denez, Izarbeibar Mankomunitateak egin duen emakida da, ur-hornikuntza emateko zerbitzuari dagokiona eta ezarritako baldintzatuaren mende dagoena.

    Aipatu emakida sortzeko unean, ondorioztatu denaren arabera, bi aldeen elkarrekiko interesak izan zuen eragina. Bereziki, laugarren klausulan islatu da hori, onuradunek, ordainetan, obren ondoriozko kalte-ordainei uko egin beharko dietela adieraztean.

    Seigarren klausulak emakida ebazteko baldintza eratu du, eta, horren arabera, mankomunitateko herrien zerbitzurako hodiaren gaitasun osoa behar izango da. Emakidak eskubideak eskuratzerik ez dakarrelako aipamena aurreikuspen zehatz horrekin lotuta ulertu behar da.

    Beraz, eskubide bat eratu duen hitzarmen baten aurrean gaudela baieztatu daiteke (zerbitzuaren emakida), zeinaren jatorria aldeen artean hitzartu zen, eta berariaz ezarritako baldintzen mende dagoen.

    Ez gaude prekarioko aitorpen baten aurrean, hau da, ordainik gabe eman den edo libreki eskuragarri dagoen emakida baten aurrean, izan ere, hitzarmeneko testuak eta hitzarmena sortzeko zirkunstantziek ez dute izaera hori egoztea ahalbidetzen.

  5. Aipatu administrazio egintza horrelaxe egituratu denez, eta erakunde honek ulertu duenaren arabera, hitzarmena ezin du herri-administrazioak modu aldebakarrean baliogabetu, hitzarmenaren hartzaileen eskubidea kaltetu dela balioetsi gabe.

    Asmo onaren eta bidezko konfiantzaren printzipioek gidatzen dute administrazioaren jarduera, bai eta eskuratutako edo pacta sunt servanda konpromisoekiko errespeturako eskubidearen printzipio orokorrak ere. Bada, printzipio horiek ezartzen dute ondorio hori.

    Aurreikusitako ebazpen baldintza bete ez dela ikusita -are gehiago, ur-hornikuntza oinarrizko zerbitzua izanik eragindako herritarrentzat-, erakunde honek Izarbeibar Mankomunitateari gomendatu behar dio zerbitzua ematen jarrai dezala, aipatu hitzarmenarekin bat eginez, zerbitzua Jurramendi Mankomunitateak bere gain hartu artean.

  6. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, egoki ikusi dut:

    Izarbeibarko Mankomunitateari gomendatzea ur-hornikuntza ematen jarrai diezaiela kexagileei, 1983ko urriaren 20ko hitzarmenak esleitutako emakidari jarraiki, Jurramendi Mankomunitateak aipatu zerbitzua eman artean.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2. artikuluari jarraituz, bidezkoa da Sakanako Mankomunitateak, aginduzkoa den bezala, bi hilabeteko epean informa dezala gomendio hau onartzen duen ala ez, eta, kasua bada, azal dezala hura betetzeko zein neurri hartuko dituen.

Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2015. urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia