Partekatu edukia
Ogasuna
Gaia: Disconformidad con embardo por deudas tributarias.
Ogasuna
Lehen lehendakariordea eta Ekonomia kontseilaria
Kontseilari andrea:
2014ko azaroaren 26an, [...] jaunak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Horren bidez, kexa abiarazi zuen Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuaren aurrean, ez zegoelako ados 3.882,25 euroko erreklamazioarekin, hau da, etxebizitzaren alokairuarengatik bidegabe kendutako zenbatekoen itzulketa gisa eskatutakoarekin.
Zera azaldu zidan idazki horretan:
2008., 2009., 2010. eta 2011. urteetan zehar, Pertsona Fisikoen Errentaren Gaineko Zergari zegozkion zerga aitorpenak aurkeztu zituen Nafarroako Zerga Ogasunean. Horietan guztietan, zergak arindu zitzaizkion etxebizitzaren alokairuarengatiko kenketa gisa.
Urte horietan zehar, Zaragozan zegoen bere ohiko bizilekua, eta zenbait aldiz eman zion horren berri Nafarroako Zerga Ogasunari; bai telefonoz, bai Tuterako bulegoetan aurrez aurre, eta betetako errentaren agirietan jaso zuen.
Berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuen kexagileak. Bertan, bere egoera ekonomikoa kontuzkoa izanik, zorra deuseztatzeko eskatu zuen, 2005etik Nafarroako Zerga Ogasuneko langileen irizpidea eta jarraibideak, fede onez beti eta zergapeko gisa dituen betebeharrak betetzeko nahiaz, jarraitu zituela argudiatuz. Era berean, Ogasuneko teknikariek emandako informazioa okerra zela adierazi zuen, horiek esan baitzioten errenta aitorpena Nafarroan aurkeztea zegokiola Cortes udalerrian erroldatuta egoteagatik.
Ez zioten aipatu errekurtsoa onartu, epez kanpo aurkeztu zuen-eta. Zehazki, Nafarroako Zerga Ogasunak adierazi zuen 2012ko abenduaren 7an jakinarazi zela ebazpena, eta 2013ko urtarrilaren 9an jarri zela errekurtsoa. Alabaina, 2013ko urtarrilaren 2an aurkeztu zen errekurtsoa postetxean, legezko epearen barruan.
Arrazoi hauengatik jarraitzen du Nafarroako Zerga Ogasunaren jarduerarekin ados egon gabe: lehenik eta behin, teknikariek emandako informazioari jarraiki egin zituelako urte horietan errenta aitorpenak; bigarrenik, beti islatu izan duelako Zaragozan bizi dela, eta ez zaiolako irregulartasunik ohartarazi; eta, azkenik, berraztertzeko errekurtsoa ez onartu izanak erabateko babesgabetasun egoera sortu ziolako.
Horregatik guztiagatik, eta arestian argudiatutako arrazoiei erreparatuta, Nafarroako Zerga Ogasunak eskatutako zorra deusezta zezala eskatu zuen.
Jarraian, Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentura jo nuen, piztutako kontuari buruzko informazioa eman ziezadaten eskatzera.
Espedientean jaso den txostena igorri du aipatu departamentuak, zeinaren edukia jada ezagutzen duzun.
Interesdunak, alde batetik, autolikidazioen deuseztapen jardueraren aurka jarritako berraztertzeko errekurtsoa ez onartu izana jarri du zalantzan.
Espedientean idatziz eman denari jarraiki, 2012ko abenduaren 7an jakinarazi zen jarduera hori, eta errekurtsoa noiz jarri zen da sortu den zalantza. Horri dagokionez, interesdunak adierazi du 2013ko urtarrilaren 2an aurkeztu zuela postetxean, eta Nafarroako Zerga Ogasunak txostenean argudiatu du, dokumentuan postetxearen zigilua falta denez, 2013ko urtarrilaren 9a hartu behar dela datatzat, aipatu zerga erakundean egun horretan erregistratu baitzen.
Erakunde honen iritziz, Nafarroako Zerga Ogasunak argudiatu duen ez-betetze formala (dokumentuan zigilurik ez egotea) ez da nahikoa herritarraren errekurtsoa izapidetzea onartuko ez dela ondorioztatzeko, izan ere, irregulartasun hori ezin zaio berari egotzi, dokumentua jaso zuen postetxeari baizik.
Aurrekotik abiatuta, adierazi beharra dago, zigilua egon ala ez egon, baketsua dirudien bezala, dokumentua postetxean aurkeztu bazen, halaxe egongo litzatekeela jasota Nafarroako Zerga Ogasunaren erregistroaren bulegoan, bide horretatik jasoko zelako, postetxearen bidalketaren bidez.
Eta, kontuan hartuta aipatu diren datak (2013ko urtarrilaren 7an amaitzen zen epea eta Nafarroako Zerga Ogasunak urtarrilaren 9an erregistratu zuen dokumentua, eta hortik ondoriozta daiteke egun batzuk lehenago aurkeztu zela postetxean), ondoriozta daiteke denbora behar izan zuela aurkezpenak. Edonola ere, dokumentua aurkezteko egunaren gaineko zalantzak baldin bazeuden, egiazko elementu hori egiaztatzeko izapidea egin zitekeen, errekurtsoa guztiz baztertu beharrean.
Interpretazio horri heldu behar zaio, batez ere kontuan hartzen bada pro actione printzipioak arrazoi erabat formalengatik eskaerak edo errekurtsoak baztertzeko erabakiak minimizatzea exijitzen duela.
Deuseztapen jarduera preskripzioaren legezko epearen barruan egin bazen ere, interesdunak urteroko aitorpenetan berariaz jaso zuenez bizilekua Zaragozan zuela, komenigarriagoa izango zatekeen irregulartasun hori lehenago amaiarazi izan balute –are gehiago horren inguruan galdetu bazen, modu ez-formalean izanda ere-. Horrekin, agian, aitorpen okerrak egiten jarraitzea saihestuko zatekeen, bai eta azken itzulketaren zenbatekoa ere, hori itzultzea oso kostu handikoa izan baitaiteke eragindako herritarrarentzat. Horregatik, alderdi horri buruzko gomendio bat luzatu da.
Herritarrak berretsi egin du une oro jarraitu dituela Nafarroako Zerga Ogasunaren beraren jarraibideak errenta aitorpena aurkezteko lekuari dagokionean, eta berariaz jaso du Cortes herrian zegoela erroldatuta eta Zaragozan bizi zela. Erakunde honek zerga aitorpenak egiteko lekua zehazteko orduan dauden lege irizpideak ezagutzen ditu, eta, era berean, fede onaren eta konfiantza legitimoaren printzipioen jakitun da, euren betebeharrak betetzeko asmoz administrazioak berak emandako informazioaren arabera jokatzen duten herritarrez ari garelarik. Horrenbestez, aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoa onartuta, emandako informazioari buruzko kontua baloratu beharko luke, esplizituki, organismo autonomoak, informazio okerra eman ote den egiaztatzeko xedez, edo horren susmoa modu arrazoituan eduki daitekeen egiaztatzeko, eta, azken batean, Nafarroako Zerga Ogasunak adostutako deuseztapenak ez ote dion bere fede onari eta konfiantza legitimoari kalte egin ikusteko, jasotako informazioari dagokionean, aitorpenen eta horien deuseztapenaren ofiziozko ikuskapenarekin lotutako beste alderdi batzuk, izaera juridikoa dutenak eta prozedurazkoak eta substantzialak direnak, baloratzeaz gain.
Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuari gomendatzea izapidetzeko onar dezala 2008ko, 2009ko, 2010eko eta 2011ko PFEZaren autolikidazioa deuseztatzeko jardueraren aurrean interesdunak jarri zuen berraztertzeko errekurtsoa, eta, hala balitz, zergapekoaren fede ona eta Nafarroako Zerga Ogasunak berak emandako informazioaren gaineko konfiantza legitimoa kontuan hartu ez direla balioetsiz.
Aipatu departamentuari gomendatzea bilketaren xede den zenbatekoa berraztertu dezala; 2010eko zenbatekoa bereziki.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Ekonomia, Ogasun, Industria eta Enplegu Departamentuak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezala, aginduzkoa baita, gomendio hau onartzen duen ala ez, eta, hala balitz, baita betebeharrak betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen ala ez jakinarazi dezala ere.
Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gomendioak ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2014. urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia