Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q14/987/F) Ebazpena. Horren bidez, Osasun Departamentuari gogorarazi zaio argitaratu egin behar dituela, legez, eta modu irisgarri eta gaurkotuan, langileen aldi baterako kontratazioen zerrendak, bai eta trebakuntza edota promozio prozesuetan sortzen diren zerrendak ere. Izangai bakoitzak une bakoitzean duen kokagunea ezagut dezan ahalbidetzea da horren xedea.

2015 otsaila 03

Enplegu publikorako sarbidea

Gaia: Falta de publicación y actualización de listas de contratación en página web Gobierno de Navarra.

Funtzio publikoa

Kontseilari andrea:

  1. 2014ko azaroaren 25ean, [...] jaunak, AFAPNA sindikatuko presidenteak, aurkeztutako idazkia jaso nuen. Horren bidez, kexa bat burutu zuen Osasun Departamentuaren aurrean, Osasun kontseilariaren uztailaren 4ko 62/2014 Foru Aginduaren 16. artikuluan ezarritakoa bete ez delako. Izan ere, aldi baterako kontratazio zerrendak ez daude Nafarroako Gobernuaren web orrian eguneratuta eta argitaratuta. Aipatu foru aginduaren bidez, Osasun Departamentuari atxikitako organismo autonomoen zentroetan eta establezimenduetan aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onartu dira.

    Zera adierazi zidan [...] jaunak:

    1. Osasun Departamentuari atxikitako organismo autonomoen zentroetan eta establezimenduetan aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onartu dituen 62/2014 Foru Aginduak, uztailaren 4koa eta Osasun kontseilariarena denak, dagozkion kontratazio zerrendak iragartzeko betebeharra ezarri du, izangaiek une oro ezagut dezaten lehentasun-ordena.

       

    2. 2014ko urriaren 30ean, Erizaintzako Diplomatu lanpostuaren kontratazio zerrendan sartu ziren azken oposizio-lehiaketako plazarik gabeko gaindituak.

       

    3. Alabaina, ez zen eguneratutako zerrenda argitaratu, eta deiak egiten ari ziren. Horren ondorioz, izangaiek ez zuten euren kokalekuaren berri, eta egindako kontratazioen gaineko kontrola galarazi zen.
  2. Jarraian, Osasun Departamentura jo nuen; bai kexaren berri ematera, bai piztutako kontuari buruzko informazioa eman ziezadaten eskatzera.

    Zera adierazi da jasotako txostenean:

    1. 2014/10/02an, NAOn, 193. zenbakian, irailaren 24ko 317/2014 Ebazpena argitaratu zen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Giza Baliabideen zuzendariarena berau. Horren bidez, 10 egun balioduneko epea ireki zen (2014/10/02tik 2014/10/14ra, biak barne) hornikuntzarako deialdian parte hartu zuten (Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren zuzendari kudeatzailearen maiatzaren 24ko 836/2012 Ebazpenak onartutako Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzurako erizain lanposturako oposizio-lehiaketaren bidez) eta plazarik lortu gabe berau gainditu zuten izangaiek, edo hautapen proba gainditu gabe bederatzi puntu (berau gainditzeko eskatutako puntuazioaren % 30) eskuratu zituzten izangaiek, berariaz aukeratu ahal izan zezaten aldi baterako kontrataziorako kontratazio mota eta zentroa/lan eremua, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariaren uztailaren 4ko 62/2014 Foru Aginduan aurreikusitakoari jarraiki. Aipatu foru aginduaren bidez, Osasun Departamentuari atxikitako organismo autonomoen zentroetan eta establezimenduetan aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak kudeatzeko arauak onartu dira.

       

    2. Aipatu epea irekitzearen ondorioz, eta telematika bidez igorri ziren 1.100 bat eskaerak alde batera utzita, 3.000 eskari baino gehiago aurkeztu ziren autonomia erkidego guztietako (Nafarroa barne) erregistro ofizialetan, aurrez aurre, plazarik gabeko gaindituen eta 9 puntutik gorako ez-gaindituen artean, eta eskuz sartu behar izan ziren eskaera horiek kontratazio zerrendak kudeatzeko programa informatikoan.

       

    3. 2014/10/30ean sartu ziren indarrean erizaintzako azken oposizio-lehiaketatik eratorritako kontratazio zerrendak, egun horretan jabetu baitzen lanpostuaz aipatu hautapen prozesuan plaza eskuratu zuen lehen gainditua.

       

    4. Nahiz eta hasiera batean ez ziren aipatu lan eskaintza publikotik eratorritako kontratazio zerrendak argitaratu – azkenik, 2014/11/21ean argitaratu ziren web orrian– , aurreko paragrafoan aipatutako datatik aurrera erabili ziren zerrenda horiek, indarrean dagoen araudiak aurreikusi duen bezala, eta eskatutako informazioa eman zen, bai zentral sindikalei, bai eragindakotzat jotako izangaiei, zentroek eta O-NOZko Langileen Gastuak Planifikatzeko eta Kontrolatzeko Zuzendariordetzak eta Kontratazioa Kudeatzeko Zerbitzuak halaxe eskatzen zuten neurrian".
  3. Islatu den bezala, Osasun Departamentuak kontratazio zerrenda, Erizaintza lanpostuarena zehazki, behar bezala eguneratuta argitaratzeko duen betebeharra bete ez duelako aurkeztu du AFAPNA sindikatuak kexa. Horrela, 2014ko urriaren 30ean izangai talde bat zerrendara sartu zela azaldu da kexan, eta deiak egon zirela, data horretan beharko litzatekeen publizitaterik eman gabe, eta, ondorioz, bermeak murriztu zitzaizkiela eragindakoei.

    Osasun Departamentuaren txostenak, kexaren xede diren egitateei eta eztabaidan dagoen kontuari dagokienez, bat egin du funtsean. Izan ere, onartu egin du 2014ko urriaren 30ean sartu zela indarrean aipatu kontratazio zerrenda, bai eta web orrian 2014ko azaroaren 21ean argitaratu zela ere, eta, bien bitartean, deiak egin zirela.

  4. Gardentasunari eta gobernu irekiari buruzko ekainaren 21eko 11/2012 Foru Legeak 13. artikuluaren r) letran ezarri du Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak modu irisgarri, argi, objektibo eta eguneratuan argitaratu behar dituela aldi baterako langileen kontratazio zerrendak, bai eta trebakuntza edota promozio prozesuetan sortzen diren zerrendak ere. Izangai bakoitzak une bakoitzean duen kokalekua ezagut dezan ahalbidetzea da horren xedea.

    Kexan aipatu den foru aginduaren baitako manuak aipatu foru legeak eskatutakoa errepikatu du, Osasun Departamentuaren mendeko organismo autonomoen kontratazio eremuari dagokionean.

  5. Esku artean dugun kasuan, eta azaldu diren egitateei erreparatuta, oinarritutzat jo behar da kexa; izan ere, 2014ko urriaren 30ean onartu baitzen eta indarrean sartu aipatu kontratazio zerrenda, eta, aitortu denaren arabera, web orrian ez zitzaion behar zuen publizitaterik eman hiru aste beranduago arte.

    Adierazi beharra dago gardentasunari eta Nafarroako gobernu irekiari buruzko Foru Aginduak aipatutako publizitatearen betebehar hori alderdikeriarik ezaren, objektibotasunaren eta merezimendu eta gaitasun printzipioekiko errespetuaren bermea dela administrazioak egindako aldi baterako kontrataziorako deialdietan. Horregatik, ez da nahikoa aipatu deiak zerrenden ondoriozko lehentasun-ordenei edo hurrenkerei egokitzea, Osasun Departamentuak gertatu zela adierazi duen moduan. Gainera, beharrezkoa da izangaientzako berme guztiekin egitea deiak, hemen zalantzan jarri den publizitatearen bermea barne.

    Ondorioz, legezko betebeharrak gogoraraziko dira.

  6. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, beharrezkoa ikusi dut:

    Osasun Departamentuari gogoraraztea argitaratu egin behar dituela, legez, eta modu irisgarri eta gaurkotuan, langileen aldi baterako kontratazioen zerrendak, bai eta trebakuntza edota promozio prozesuetan sortzen diren zerrendak ere. Izangai bakoitzak une bakoitzean duen kokalekua ezagut dezan ahalbidetzea da horren xedea.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Osasun Departamentuak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezala, aginduzkoa baita, legezko betebeharren gogorarazpena onartzen duen ala ez, eta, hala balitz, baita betebeharrak betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen adieraz dezala ere.

Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gogorarazpena ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2014. urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia