Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q14/975/H) Ebazpena. Horren bidez, Iruñeko Udalari gomendatu zaio efekturik gabe utz dezala kexagileari egindako kobrantza, trafikoko balizko arau-hauste baten ondoriozkoa, eta dagokion zenbatekoa itzul diezaiola eta jardunbideak artxiba ditzala.

2015 urtarrila 27

Ogasuna

Gaia: Disconformidad con embargo efectuado por sanción.

Ogasuna

Iruñeko alkatea

Alkate jaun hori:

  1. 2014ko azaroaren 19an, [...] jaunak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Bertan, kexa bat formulatu zuen Iruñeko Udalaren aurrean, trafikoko zigor bat ez ordaintzearen ondoriozko bahiturarekin zuen desadostasunarengatik.

    Zera adierazi zidan interesdunak:

    1. 2013an, udal garabiak bide publikotik kendu zuen bere ibilgailua, gaizki aparkatuta egoteagatik. Bere aldetik, udal gordailura jo zuen, eta, eskatutako tasa ordaindu ondoren, ibilgailua hartu zuen.

    2. 2014ko azaroaren 10ean, diru kopuru bat bahitu zioten bankuko kontuan, aurretik inolako zigorrik ordaintzeko eskatu ez ziotelarik.

    3. Iruñeko Udaleko Agentzia Betearazlera jo zuen, kontua argitzeko asmotan. Bulego horretan jakinarazi zioten ez zeudela arau-hausleari garabiaren atoiaren ondoriozko udalaren isuna komunikatzera behartuta.
    4. Era berean, Iruñeko Udalean duen fitxako helbidera premiamenduzko errekerimenduak jakinarazi zizkiotela adierazi zioten. Hori adierazi ondoren, zuela hamabost urtetik ez zela haiek adierazitako helbidean bizi jakinarazi zuen, eta halaxe ageri dela bere dokumentazio ofizialean (NANean, gidabaimenean eta ibilgailuaren dokumentazioan). Horren aurrean, bizileku aldaketa Iruñeko Udalean jakinarazi behar izan zuela esan zioten.

      Kexagileak, adierazi den bezala, jokatzeko modu horrekin zeukan desadostasuna adierazi zuen, eta, azken batean, burututako bahiturarekin zuen desadostasuna.

  2. Jarraian, Iruñeko Udalera jo nuen, piztutako kontuari buruzko informazioa eman ziezadaten eskatzera.

    Zera adierazi da udalaren txostenean, 2015eko urtarrilaren 14an jasotakoan:

    "2013ko azaroaren 24an, [...] matrikula zuen ibilgailua salatu zen Labriteko Juan kalean txartelik gabe aparkatzeagatik, eta garabi zerbitzuak kendu zuen.

    [...]ri jakinarazi zitzaion salaketa, udal gordailura ibilgailuaren bila joan zenean. [...] helbidea utzi zuen [...] jaunak, udalaren erregistroetan ageri dena ere horixe izanik.

    Isuna ordaindu ez zenez, epe exekutibora igaro zen zorra.

    Premiamendu-probidentzia [...]n jakinarazten saiatu ziren, bi saiakerarekin itzuli zen, bertan topatu ez zutelako, eta Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen.

    Azaroaren 4an, 80,82 euro bahitu zitzaizkion [...] jaunari, isunaren tronko gisa, gainordainak, kostuak eta interesak gehituta".

  3. 2015eko urtarrilaren 16an, zigortzeko espedientearen eta premiamendu bidean dagoen bilketarako espedientearen kopia osoa eskatu zion erakunde honek Iruñeko Udalari, eta izapide horren berri eman zion interesdunari, bai eta udalak igorritako txostenaren edukiaren berri eman ere.

  4. 2015eko urtarrilaren 19an, idazki bat bidali zion [...] jaunak erakunde honi, Barañaingo [...]n bizi zela esan zuela ukatuz, eta duela hamasei urtetik ez dela han bizi berretsiz, lehen aipatutako dokumentazio ofizialean ageri den bezala (NANean, gidabaimenean eta ibilgailuaren dokumentazioan).

  5. 2015eko urtarrilaren 22an, Iruñeko Udalak bidalitako administrazio espedientea jaso zen erakunde honetan.
  6. Islatu den moduan, jatorria trafikoko zigor batean edukiko lukeen kopuru-bahitura batengatik aurkeztu da kexa. Interesdunak adierazi duenez, ez zuen inolako jakinarazpenik jaso bankuko kontuan zordunketa ikusi aurretik (ez zigorrarena, ez premiamendu-probidentziarena).

    Iruñeko Udalak azaldu duenez, salaketa interesdunari ibilgailuaren bila udal gordailura joan zenean jakinarazi zitzaion, eta Barañaingo [...] izan zen [...] jaunak utzi zuen helbidea, udaleko erregistro guztietan ageri denarekin bat eginez. Era berean, isuna abonatu ez zenez, zorra epe exekutibora igaro zela adierazi du udalak, eta premiamendu-probidentzia lehen aipatutako helbidean jakinarazten saiatu zirela, eta, azkenik, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zela.

    Bestalde, interesdunak adierazi duenez, duela hamabost urte baino lehenagoko helbidea da aipatu den helbidea, eta ez da egia berak helbide hori adierazi izana.

  7. Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legeak 77.1. artikuluan ezarri du trafiko gaietan zigortzeko eskumena duten administrazioek bide-helbide elektronikoan jakinaraziko dituztela momentuan eskura ematen ez diren salaketak eta zigortzeko prozeduraren ondoriozko gainerako jakinarazpenak. Salatuak bide-helbide elektronikorik edukiko ez balu, prozedurarako berariaz adieraziko lukeen bizilekuan egingo litzateke jakinarazpena, eta horrelakorik ezean, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiaren erregistroetan ageri den bizilekuan.

    Legezko agindu horrekin bat eginez, honela burutu beharko dira zigortzeko espedientearen jakinarazpenak:

    1. Nagusiki, interesdunak zigortzeko prozeduran berariaz adierazitako bizilekuan. Bizilekuaren adierazpenari dagokionez -kontuan hartuta, gainera, jakinarazpena herritarren prozedurazko oinarrizko bermea dela-, zalantzarik gabeko borondatezko adierazpena eskatzen du.
    2. Subsidiarioki, Trafikoko Zuzendaritza Nagusian ageri den bizilekuan.

      Espedientea aztertuta, erakunde honek ez du ondorioztatu [...] jaunak zigortzeko prozeduran berariaz adierazi zuenik bere bizilekua Iruñeko Etorbidearen 2. zenbakian dagoenik. Salaketaren dokumentuan ageri da helbide hori, agente jakinarazleak idatzita. Salatuaren sinadurari eta jakinarazpena eskura eman deneko datari dagokien laukitxoan, era berean, agentearen ohar bat ageri da, 2013/11/24ko data eta aipatu jakinarazpena jaso ez dela adieraztearekin bat (UKO EGIN DIO dirudi dela idatzitako oharraren edukia).

      Hortaz, ezin daiteke pentsa zigortzeko prozeduran aipatu bizilekuari buruzko berariazko adierazpenik egon denik. Horrek, berak bakarrik, eta albo batera utzi gabe jarraian esango dena, baliogabetu egingo lituzke Iruñeko Etorbidera igorritako jakinarazpenak, izan ere, [...] jaunak adierazi duenez, ez baita bere bizilekua.

  8. Aurrekoaz gainera, eta igorri zaigun administrazio espedientea aztertuta -erakunde honek osorik dauka, horrelaxe eskatu baitzen-, ez da jaso Iruñeko Udalak zegokion zigortzeko espedientea jarraitu zuenik eta isuna ezarri zuenik. Isun hori premiamenduzko bidean kobratzeak eragin du kexa.

    Aipatu espedientean ageri den bakarra salaketa da, eta ez da hurrengo jarduerarik ageri, ez izapidezkorik (zigortzeko espedientearen izapidearenak berezkoak), ez ebazpenezkorik (zigorra), eta, aipatu salaketaren ondoren, nahitaezko diru-bilketaren espedientearenak berezkoak diren dokumentuak ageri dira.

    Kexaren harira egindako udalaren txostenean, salaketaz gain, ez zaie inolako aipamenik egin ez zigortzeko espedienteko jarduerei, ez hori amaituko lukeen zigorrari, ez eta horren jakinarazpenari ere -diru-bilketaren espedienteari buruz eta premiamendu-probidentziaren jakinarazpen saiakerei buruz adierazi denarekin ez bezala-. Horrek aipamen gabezia hori berresten duela dirudi.

    Aipamen gabezia horretatik ondorioztatzen da berez ez zegoen zorra kobratu zela premiamenduzko bidean, izan ere, ez zen zigorra ezartzeko jarduerarik egon, hots, salaketarik baino ez zen egon.

  9. Zirkunstantzia horietan, kopuruen kobrantza efekturik gabe uzteko baino ezin daiteke gomendatu, egitate bidean erori baita hutsegitean, bai eta interesdunari dagokion zenbatekoa itzultzeko eta jardunbideak artxibatzeko ere.

  10. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, beharrezkoa ikusi dut:

    Iruñeko Udalari gomendatzea efekturik gabe utz dezala kexagileari egindako kobrantza, trafikoko balizko arau-hauste baten ondoriozkoa, eta dagokion zenbatekoa itzul diezaiola eta jardunbideak artxiba ditzala.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Iruñeko Udalak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezala, aginduzkoa baita, gomendio hau onartzen duen ala ez, eta, hala balitz, baita betebeharrak betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen adieraz dezala ere.

Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2014. urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia