Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q14/930/F) Ebazpena. Horren bidez, Hezkuntza Departamentuari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatu zaie saihestu dezatela kexan salatutako praktika, eta [...] andrearen kasuari gagozkiolarik, bere lanpostua dela-eta eskatzen zaizkion txosten juridikoak bidaltzeko duen eskubidea berma dadila, horiei ezabaketarik eta moldaketarik egin gabe.

2015 urtarrila 16

Función Pública

Gaia: Eliminación informes por parte de superiores.

Funtzio publikoa

Hezkuntza kontseilaria / Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria

Kontseilari jauna:

 

  1. 2014ko azaroaren 3an, [...] andreak, herri-administrazioko teknikaria denak (adar juridikoan) eta Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Orokor Teknikoari atxikita dagoenak, aurkeztutako idazkia jaso nuen. Horren bidez, kexa bat abiarazi zuen bere nagusi hierarkikoen jarduera dela-eta.

    Laburtuz, zera azaldu zidan [...] andreak:

    1. 2014ko maiatzaren 29an eta 30ean, salaketa jarri zuen Hezkuntza kontseilariaren aurrean, ahoz eta idatziz, bere nagusi hierarkikoen (Araubide Juridiko Saileko idazkari orokor teknikoaren eta buruaren) etengabeko jarduerari buruzkoa. Honakoa da jarduera hori: aurretik esleitutako espediente jakinei buruzko txosten juridikoak bidaltzeko eskatu ondoren, txostenak espedienteetara sartzen dituzte bakar-bakarrik euren irizpideekin bat egiten badute. Horrela, bat egiten ez dutenean, nagusiek, beste txosten batzuk egin beharrean, berak igorritakoa gorde eta ezabatu egiten dute.

       

    2. Botere gehiegikeria da praktika hori, eta iraingarria da profesionalki eta pertsonalki; era berean, bere inpartzialtasunaren eta profesionaltasunaren aurka jotzen du bere funtzioak betetzeko orduan, bere irizpideari eutsiz gero, txostena baztertu egiten dute-eta.
    3. Salaketa Hezkuntza kontseilariari formulatu eta gero, salatutako praktika onartzen eta baimentzen jarraitu du horrek. Hezkuntza Departamentuko Heziketa Baliabideen zuzendari orokorraren idazkia baino ez du jaso. Horren bidez, normaltasunez onartu dira egitateak, eta, Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak horren inguruan bildutako irizpideari jarraiki, justifikatutzat jo dira bai idazkari orokor teknikoaren eskumenak direla-eta, bai administrazioaren egitura hierarkikoa dela-eta, bai herritarren segurtasun juridikoa dela-eta.

      Hori ikusirik, Hezkuntza Departamentuaren eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurrean jarri du kexa [...] andreak, salatutako praktika geratzeko eskatuz.

  2. Jarraian, aipatu departamentuetara jo nuen; bai kexaren berri ematera, bai piztutako kontuari buruzko informazioa eman ziezadaten eskatzera.

    Hurrengo txostena bidali du Hezkuntza Departamentuak:

    1. "Otsailaren 21eko 29/2005 Foru Dekretuak Idazkaritza Orokor Teknikoak arautzeko araudia onartu du, eta 3. artikuluan adierazi du Idazkaritza Orokor Tekniko baten buruan idazkari orokor tekniko bat dagoela, eta berari dagokiola aipatu araudian esleitutako ahalmenak erabiltzea.

      Modu berean, Hezkuntza Departamentuaren egitura organikoa ezarri duen abuztuaren 24ko 132/2011 Foru Dekretuan jasotako eskumenen banaketarekin bat, aipatu egitura organikoaren baitako Idazkaritza Orokor Teknikoari eta Araubide Juridiko Sailari dagokie espedienteak juridikoki informatzea, indarrean dagoen araudiak horiek izapidetzea esleitu badie.

      Aipatu arauekin eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legearekin bat eginez, unitate organiko horien izendatuei, hau da, idazkari orokor teknikoari eta Araubide Juridiko Saileko buruari dagokie, besteren artean, euren eskumeneko gaien inguruko exekuzio funtzioak, jakinarazpenak eta proposamenak egitea nagusi hierarkikoari, eta, xede horretarako, herri-administrazioko teknikariei, adar juridikokoak badira eta Idazkaritza Orokor Teknikoan atxikita badaude, txosten juridikoak igortzeko eskatu ahal izango diete, bai eta administrazioko unitate organikoetako izendatuei txosten teknikoak eskatu ere, espedienteen izapidetzearekin harremana badute.

    2. Hezkuntza Departamentuan, bai idazkari orokor teknikoa, bai Araubide Juridiko Saileko burua Zuzenbidean lizentziatuta daude, eta herri-administrazioko teknikari izendapena dute (adar juridikoan).

      Bestalde, Idazkaritza Orokor Teknikoari esleitutako espedienteak juridikoki informatzeko eskumena dute eta eurei dagokie unitate organikoen eta horien mendeko langileen jarduera koordinatzea, zuzentzea eta kontrolatzea, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zati bezala, hierarkikoki egituratutako organoen bidez baitago osatuta. Organo horiek izaera juridiko bakarrez jardun behar dute, eta administrazioko organoen irizpideen batasuna eta herritarren segurtasun juridikoa bermatu behar dituzte.

      Hortaz, idazkari orokor teknikoari eta Araubide Juridiko Saileko buruari dagokie espedienteak juridikoki informatzea, bai teknikariak igorritako txostena eurena eginez, osorik edo zati batean, txostenarekin ados badaude edo oniritzia eman badiote, edo, bestela, xederako eskumena duen unitate organikoko izendatu gisa igorrita beraiek egindako txostena.

    3. Arestian adierazitakoaren ildoan, honakoa da Hezkuntza Departamentuko Idazkaritza Orokor Teknikoaren ohiko praxisa: Araubide Juridiko Saileko buruak herri-administrazioko teknikari bati (adar juridikokoa) espediente baten analisia esleitzen dionean, txostenaren proposamena edo zirriborroa egingo du horrek, haren oniritzipean utziko duena, edo, bestela, idazkari orokor teknikoaren oniritzipean, txostenak foru komunitateko administrazioak gai horren inguruan duen irizpidearekin bat egiten duela egiazta dezan, eta, beharko balitz, beharrezko zuzenketak egin ditzan (edukiz eta moldez), behin betikotzat jo aurretik.

      Administrazio-prozedura korporazioko tresna estr@ren bidez izapidetzen denean, baliteke txostena esleitu zaion teknikariak behin betikotzat txertatzea txostena tresnan, dagokion zirriborroa Araubide Juridiko Saileko buruari edo idazkari orokor teknikoari eman aurretik. Kasu horretan, nagusi hierarkikoak baliogabetu egin dezake txostena. Kasu horretan, baita izapidetzea ohikoa izanda ere, paperean, ez litzateke txosten bat ezabatzen ariko, txosten bat behin betikotzat jotzeko ala ez jotzeko gainbegiratzen baizik. Estr@ tresna horretarako programatuta dago jada, eta logikoa denez, gainbegiratu ondoren, zuzendu edo aldatu beharreko zerbait hautemango balitz, izapide horiek atzera itzultzea ahalbidetzen du.

      Nolanahi ere, eta administrazio-espediente bat izapidetzean azter daitezkeen ikusmolde ezberdinez gain, nabarmendu daiteke txosten baten zirriborroa edo ikuspuntu teknikoa alderdiren batean egokitzat ez jotzeak ez dakarrela lana egin izan ez balitz bezala geratzea, edo, kexagileak argudiatu duen bezala, lana ezabatzea. Lan juridikoa burulana da batez ere, azterketa eta argudiaketa, eta beti izaten dute erabilgarritasunen bat, eta ez aldeak ados egonda behin betiko txostenean islatuta amaitzen dutenean bakarrik, ideien eta argudioen gaineko beharrezko debatearen eta analisiaren zati bezala baizik, izan ere, egokitzat jotzen ez badira, beste batzuei ematen zaien balio handiago hori justifikatzea eskatzen baitute, eta, horrela, administrazioaren jarduera hobeto arrazoitzen laguntzen dute.

    4. Ez da ahaztu behar bai antolaketa hierarkikoa, bai unitate batzuei eta postu batzuei esleitzen zaizkien eskumenak ordenamenduan erabiltzen diren teknikak direla, segurtasun juridikoari buruzko konstituzio printzipioa errespetatuz, administrazioak herritarrei erantzun diezaien (Espainiako konstituzioaren 9.3. artikulua), horrela, ezagut daitekeen irizpidea egotea lortzen baita administrazioaren jardueran – Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren foru legeak ere horren alde egiten du, gure administrazioari, besteren artean, bere jarduera eta funtzionamendua fede onaren eta konfiantza legitimoaren printzipioei egokitzeko eskatzen baitio (3.2.e) eta 8. artikuluak)–. Irizpide hori zehazteaz arduratzen dena arduratu beharko da berau babesteaz eta errespetatzen dela kontrolatzeaz, eta koordinatzeko eta kontrolatzeko duen betebeharra bete beharko du herritarrek konfiantza edukitzen jarrai dezaten administrazioak ordura arte jarraitutako jarrera normal eta ohikoan.

      Gainera, aintzat hartuta Araubide Juridiko Saileko eta Idazkaritza Orokor Teknikoko langileei egokitzen zaizkien txosten gehienak funtzio publikoari buruzkoak direla, eta administrazio baliabideetan informatzeko betebeharra betetzeko igortzen direla, une honetan, Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilariari dagokiolarik ebaztea (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren foru legearen 57.2.c) artikulua), goian deskribatutako funtzionamendu sistema ezinbestekoa da, baita ere, esku hartzen duten organo ezberdinen arteko koordinaketa printzipioaren arabera jardungo dela bermatzeko (Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren Foru Legearen 3.2.j) artikulua).

    5. Azaldutakoari erreparatuta, eta indarrean dagoen araudiari jarraiki, kexaren xede den kontuan bat egin du Hezkuntza Departamentuaren jardunbideak ordenamendu juridikoarekin".
      Idazki bat igorri dio Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak erakunde honi. Bertan, Hezkuntza Departamentuaren txostenaren edukiarekin ados dagoela adierazi du.
  3. Nafarroako herri-administrazioen zerbitzura dauden langileen estatutuaren testu bateginak 12. artikuluan ezarri du A mailan dauden funtzionarioek zuzendaritza jarduerak edo lan horiek burutzeko lizentziatu, ingeniari edo arkitekto titulua eskatzen duten lanak egingo dituztela.

    Bestalde, lege-mailako aipatu arauaren 36. artikuluak aitortu egin du funtzionarioek euren karguari atxikitako funtzioak betetzeko duten eskubidea [1. idatz-zatia, a) letra], bai eta euren mailari eta lanbide-prestakuntzari dagozkien lanpostuak betetzeko duten eskubidea ere [1. idatz-zatia, b) letra].

    Beste alde batetik, Nafarroako herri-administrazioen zerbitzura dauden langileen estatutuaren testu bategin berberak 56. artikuluaren j) letran ezarri du funtzionarioek euren kargua betetzean burututako txostenetako, proiektuetako edo jardunbideetako sinaduraren erantzukizuna hartu behar dutela.

    Honako ideiari erantzun diote aipatu aginduek: funtzionario publikoei euren lanpostuaren edo karguaren arabera esleitutako funtzioak betetzea eskubidea eta betebeharra da aldi berean.

  4. Herri-administrazioko teknikari lanpostuaren kasuan (adar juridikoan), A mailan, badirudi beharrezkoa dela ondorioztatzea horri dagozkion funtzioen artean, eta, beraz, postua betetzen duen funtzionario publikoari dagozkion funtzioen artean, eskudun organoek eskatutako txosten juridikoak igortzekoa dagoela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak bideratzeko eta ebazteko eskumena duen espedienteen markoan -izan ere, seguruenik, horixe da aipatu lanpostuaren funtziorik bereizgarriena-.

    Horrelaxe ondorioztatu da Hezkuntza Departamentuak igorritako txostenean bertan ere, kexan adierazitako idazkari orokor teknikoa eta saileko burua aipatu lanposturako izendapena duten funtzionarioak direla argudiatu baitu.

    Lanpostuaren eta esleitutako funtzioen arabera eskatu diren funtzionario publikoek egiten, hobetzen eta sinatzen dituzte txosten juridikoak, eta horrela gauzatzen da txosten juridikoen igorpena, kontsultarako izapide jarduerak horiek.

  5. Horren ondorioz, erakunde honek ulertu duenez, [...] andreari, bere lanpostuaren arabera, espediente bat esleitu zaionean, eta zuzenean edo berehala, espediente horri buruzko txosten juridikoa igortzeko eskatu zaionean, berari dagokio berau igortzea, hau da, berau egitea eta sinatzea, espedientean hori jasoaz.

    Adierazi beharra dago igor daitezkeen beste txosten batzuk albo batera utzi gabe ulertzen dela hori, nagusi hierarkikoek edo deitu diren beste funtzionario batzuek adierazitako irizpidearekin kontraesanean egon ala ez. Kontraesanean egongo balira, eskudun organoa izango litzateke kontraesanean dauden txosten juridiko posibleen artean balio handiena duena erabakitzeko ahalmena izango lukeena.

    Adierazi den bezala, igorpen hori da bere lanpostuaren eta lanbide-prestakuntzaren funtzio bereizgarrietako bat, hortaz, funtzionarioak berau betetzeko eskubidea dauka, eta, horrenbestez, igorritako txostenaren gaineko erantzukizuna hartzeko betebeharra.

  6. Salatutako praktikak, Hezkuntza Departamentuaren txostenean azaldu den horrek -unitate organiko horietan oro har aplikatzen den lan metodoa izan arren-, erakunde honen iritziz, ez du errespetatzen [...] andreak bere karguari atxikitako funtzioa betetzeko eta bere txostena igortzeko duen eskubidea, txostena zehatza denean, objektibotasun eta inpartzialtasun printzipioen arabera. Izan ere, Hezkuntza Departamentuaren tesia onartuko balitz, gero bere nagusiek sinatu beharreko zirriborroak edo proiektuak idaztea izango litzateke herri-administrazioetako teknikari funtzioa (adar juridikoan), eskatutako txostenen igorpenari dagokionez. Mugaketa hori ez da bateragarria betetzen duen lanpostuari dagokion funtzioarekin eta prestakuntzarekin, esan den bezala, lanpostuarena berezkoa baita txosten juridikoak idaztea eta sinatzea.

    Edo, bestela, departamentuak azaldutako terminoetan onartuko balitz praktika hori, ulertu dugunaren arabera, bere nagusien irizpideekin bat eginez gero txertatuko lirateke soilik funtzionario publikoaren txosten juridikoak bizitza juridikora, eta esleitutako espedienteetan kasu horretan baino ez lirateke txertatuko. Irizpideek bat eginez gero, beraz, oniritzia emango liokete txostenari, eta ez dirudi hori zentzuzkoa denik, izan ere, funtzionario publiko batek informatzeko duen funtzioa betetzean igorritako edukiaren edo irizpidearen araberako beto edo zentsura eskubidea onartzea bezala izango litzateke.

  7. Hezkuntza Departamentuaren txostenean adierazitakoak ez dio aurrekoari eragozten, Idazkaritza Orokor Teknikoaren edo Araubide Juridikoaren Sailaren eskudun eremuari dagokionez. Aipatutako arauek izaera organikoa dute, eta administrazioko unitateen artean eskumenak banatzeko funtzioa dute, organoak diren heinean, baina ez diote eragiten arau horiei atxikitako lanpostuen eduki funtzionalari.

    Hezkuntza Departamentuko idazkari orokor teknikoak eta Araubide Juridiko Sailak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko departamentu ezberdinetan ohiko jarraibidea den bezala, espedienteak juridikoki informatzeko eskumena edukitzeak ez dio aurka egiten unitate horiei atxikitako funtzionarioek txosten horiek igortzeko duten eskubideari. Txosten horiek bere osotasunean eta euren irizpide juridikoarekin igortzeko eskubidea dute, hala eskatzen zaienean, lanpostu horren berezko eduki gisa.

  8. Hierarkia, izaera juridiko bakar, segurtasun juridiko eta koordinaketa printzipioek ere, edota herri-administrazioen jardunbidea diziplinatzen duten bestelako edozein printzipio orokorrek ere, ez diote ondorioztatutakoari aurka egiten.

    Kontuan hartu behar da kontsultarako izapideak direla aipatu txostenak, eta, hortaz, aipatu printzipioak ez direla estu egongo espedientean txosten kontrajarrien balizko iraunkortasuna egonagatik ere, hori bada saihestu nahi dena.

    Alderantziz, albo batera utzita orain [...] andrearen funtzionario eskubideari buruz esandakoa, herri-administrazioaren jarduera gidatzen duten printzipio orokorren ikuspegitik, eta, bereziki, legezkotasun, objektibotasun eta inpartzialtasun printzipioen ikuspegitik, horien mendekoak baitira aipatu txostenak, ezertan ez du kalterik egiten espedientean txosten kontrajarriak egoteak, ziur asko, hainbat iritzi eta interpretazio izango dituzten gaietan. Izan ere, horrekin, hobeto informatuko da egokia den ebazpena idazteko, behar den kontratua hartzeko edo egokitzat jotako arau-xedapenak onartzeko edo sustatzeko eskumena duen organoa.

  9. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, egoki ikusi dut:

    Hezkuntza Departamentuari eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea saihestu dezatela kexan salatutako praktika, eta [...] andrearen kasuari gagozkiolarik, bere lanpostua dela-eta eskatzen zaizkion txosten juridikoak bidaltzeko duen eskubidea berma dadila, horiei ezabaketarik eta moldaketarik egin gabe.

 

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da aipatu departamentuek gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezatela, aginduzkoa baita, gomendio hau onartzen duten ala ez, eta, hala balitz, baita betebeharrak betetzeko hartutako neurriak onartzen dituzten adieraz dezatela ere.

Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2014. urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia