Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q14/892/O) Ebazpena. Horren bidez, Puiuko Udalari, Mairagako Mankomunitateari eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuari iradoki zaio, beharrezko lankidetzarekin, sakon azter dezatela kexan salatutako arazoa, Puiuko ur zikinak jasotzeari buruzkoa, eta zehaztu, finantzatu eta betearazi ditzatela beharrezko jarduerak aipatu herriko herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetu dadin.

2015 urtarrila 16

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: Inactividad en obras de acondicionamiento y saneamiento de agua.

Zerbitzu publikoak

Puiuko alkatea / Mairagako Mankomunitateko lehendakaria / Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio kontseilaria

Alkate jaun hori: / Lehendakari jauna: / Kontseilari jauna:

  1. Pasa den 2014ko urriaren 23an, [...] andreak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Bertan, kexa bat abiarazi zuen Puiuko udalerrian ur zikloa egokitzeko eta saneatzeko lanak exekutatu ez direlako.

    Zera azaldu zidan idazki horretan:

    1. Puiun bizi da, eta urarekin arazoak edukitzen ari dira, administrazioak horren gaineko neurririk hartu ez duelako.

    2. Duela hamar urte baino lehenagotik dago pentsatuta herriaren zati batentzako ur zikloa egokitzeko eta saneatzeko planaren hirugarren fasea. Gaur egun, ordea, oraindik ez da lana egin, izan ere, Mairagako Mankomunitateak ordaindu behar du exekuzioaren zati bat, eta baliabide ekonomikoak falta dituela argudiatzen du horrek. Herri handiagoetan, Peraltan edo Carcastillon esaterako, Mairagako Mankomunitateak beranduagoko obrak finantzatu dituela daki ziur.

    3. Ondorio larriak ari da sortzen jarduera eza hau herrian: besteren artean, kalteak kaleetan eta murruetan, arrakalak etxebizitzetan eta gorozki-uren ondoriozko sekulako hatsa, eta guztia larriagotzen da ekaitzak daudenean.
    4. Puiun ez dira betetzen ez hodien diametroari eta sakonerari buruzko araudiak, ez Mairagako Mankomunitateko kalitate politika.

      Horregatik guztiagatik, Mairagako Mankomunitateak Puiuko Udalari lehenbailehen lagun diezaiola eskatzen zuen, herrian ur zikloa egokitzeko eta saneatzeko lanak has daitezen, eta, horrela, kalte material handiagoak eta etorkizuneko kalte pertsonalak saihestu daitezen.

  2. Kexan piztutako kontuari erreparatuta, erakunde honek egoki ikusi zuen Mairagako Mankomunitatearen, Puiuko Udalaren eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioaren txostenak biltzea.

  3. Hurrengo txostena bidali du Mairagako Mankomunitateak:
    1. "Mairagako Mankomunitateak berau osatzen duten herrietan sareak berritzeko burutu dituen lanak Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuak sustatutako Tokiko Inbertsio Planen bidez gauzatzen dira.

    2. 2004an, Puiuko sareak berritzeko lanen eta zolatze lanen bigarren fasea exekutatu zen.

    3. 2009an, Puiuko Udalak eta Mairagako Mankomunitateak Tokiko Inbertsio Planean, 2009-2012 aldian, Puiuko sareak berritzeko lanen eta zolatze lanen hirugarren fasea izendatutako obra sar zezatela eskatu zuten.

    4. 2009ko urriaren 28an (Nafarroako Aldizkari Ofiziala, 133. zenbakia), Nafarroako Gobernuaren Akordioa argitaratu zen, 2009ko urriaren 5ekoa berau. Horren bidez, Tokiko Inbertsio Plana onartu zen 2009-2012 aldirako. Aipatu akordioan, erreserben zerrendan sartu zuten Puiuri zegokion obra, hau da, aipatu inbertsioa ez zen planaren parte izan, baina, berau zabaltzekotan, aurreikuspenetan geratu zen.

    5. 2010eko abenduan, eta Puiuko Txantrea auzoko arazoak kontuan hartuta, non gorozki-bilgailuek herriaren zati baten euri-urak jasotzen dituzten, bilgailuak zamatuz, Tokiko Inbertsio Planean Puiuko sareak berritzeko lanen eta zolatze lanen hirugarren fasea izendatutako obra (3.1. azpifasea) sar zezatela eskatzea erabaki zuten Puiuko Udalak eta Mairagako Mankomunitateak, aitortutako premiaren bidez. 3. fasea bi azpifasetan banantzea zen xedea, eta horietako lehenengoa, Txantrea auzoari dagokionez, ahalik eta lasterren exekutatzea zen asmoa, aipatu arazoei irtenbidea emateko helburuz.

    6. Egun, ez dugu aitortutako premiarengatiko eskaera sartu dela dioen jakinarazpenik jaso. Gainera, atzeratuta dago 2009-2012 aldirako Tokiko Inbertsio Plana. Hortaz, ez da zabalpenik egon erreserban geratu ziren inbertsioak burutu ahal izateko (are gehiago, planean sartutako inbertsio batzuk oraindik ere exekutatzeke daude).

    7. Azkenik, Puiuko ur zikinak tratatzeko proiektua izapidetzen ari direla aipa dezakegu, eta helburua 2015ean aipatu lanak exekutatzea dela. Ur zikinentzako araztegia instalatzea eta gorozki-urentzako bi hustubide eta gainezkabide bat exekutatzea da proiektuaren xedea. Gainezkabide hori instalatzearekin gorozki-bilgailuak zamatzea saihesten lagunduko da, horrela, eremu horretako saneamendu zerbitzua hobetuz.

  4. Bestalde, zera jakinarazi du Puiuko Udalak:
    1. "Udal honen nahia dela Puiuko ur zikloa egokitzeko eta saneatzeko lanak egitea, interesdunak eskatu bezala.

    2. Horretarako, bi aldiz elkartu dira udal honetako ordezkariak (2014ko abenduaren 11n egin zen azken bilera) Nafarroako Gobernuko Toki Administrazio Departamentuarekin, aipatu lanen exekuzioaz aritzeko.

    3. Era berean, bi aldiz elkartu dira ordezkari berberak Mairagako Mankomunitateko ordezkariekin, xede horretarako.

    4. Tokiko Administrazioarekin edukitako azken bileran, aipatu erakundearen konpromisoa lortu du udal honek, mankomunitatearekin elkarrizketak has ditzan, obra aitortutako premiatzat har dadin indarrean dagoen Tokiko Inbertsio Planean,eta lehenbailehen exekutatu dezaten berau. Bi erakundeek erantzun zain geratu da udal hau".

  5. Honako txostena igorri du Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuak:

    "Arartekoak idazki bat igorri zigun, abenduaren 4koa berau eta Q14/892/O espedienteari dagokiona, [...] andreak formulatutako kexari buruzkoa, Puiuko ur-hornikuntzaren egoeraren gainekoa. Bada, idazkiari erantzunez, zera jakinaraziko zaio erakunde horri:

    Salatzaileak Puiurekiko bereizkeria eta konparaziozko bidegabekeria argudiatu ditu, beste herriei dagokienez; hala nola, Peralta, Carcastillo edo are Melida ere (aipatzen ez baita), eta azaldu beharra dago Peralta eta Melida 2009ko urriaren 5eko Gobernuaren Akordioaren bidez, 2009-2012rako Tokiko Inbertsio Planean, 1. eranskinaren barruan, sartu zituztela azpiegitura horietan titular gisa, izan ere, data horretara arte, aipatu herriak ez ziren Mairagako Mankomunitatekoak (Melidaren kasuan, ziklo osoan).

    Gero, herri horiek beste batzuekin batera sartu zirenez, ziklo osoaren barruan, Mairagako Mankomunitatera, erakunde honek bere gain hartu behar izan zuen nahitaez, bere eskumenen eremuaren baitan, lan horien titulartasuna. Beraz, ez dira geroko obrak.

    Hain juxtu, aipatu sareak egungo araudiari egokituz berritzea da Nafarroako Gobernuak, Inbertsio Plan ezberdinak eginez, bilatzen duen xede askotariko bat.

    Mairagako Mankomunitateak salatzaileari bidalitako erantzun-idazkiari buruz, beharrezkoa da horren zenbait alderdi argitzea eta zehaztea.

    4. puntuari dagokionez:

    2009-2012rako Tokiko Inbertsio Planari buruzko 16/2008 Foru Legearen laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoari jarraiki, tokiko erakundeei mugatu egin zaie azpiegitura mota bakoitzarentzako Tokiko Inbertsio Planaren ekarpena, horren biztanle kopuruaren arabera.

    Hain zuzen ere, Puiuri zegokion obra ezin izan zen 2009-2012rako TIPean sartu, izan ere, Mairagako Mankomunitateak berak lehentasunak ezarri baitzituen planari eskatutako inbertsioetatik. Zerrenda horretan, lehenetsitako 20 eskaeren artean 16. lekuan zegoen Puiu herria, Amatriain, Benegorri, Bezkiz eta Leotz Bailarako Uzkita bezalakoen atzetik, oso biztanle gutxi dituzten herriak izanik horiek.

    Are gehiago, Mairagako Mankomunitateak balioetsi izan balu Puiuko jardunbidea premiazkoa eta atzeraezina zela, Tokiko Inbertsio Planari buruzko Legean araudiaren arabera aurreikusitako bi jardunbidetara jotzeko aukera izango zukeen:

    • Lehentasunen hurrenkera moldatzea eta hasiera batean TIParen 1. eranskinean txertatutako jardueretako bat alboratzea, inbertsio bat beste baten ordez aldatzeko eskatuz, bat-bateko zirkunstantzien ondorioz.

    • Lana hasteko baimena eskatzea.

      6. puntuari dagokionez:

      Tokiko erakundeek egin nahi dituzten obrak Inbertsio Planean aitortutako premiatzat sar ditzaten departamentu honi egiten dizkioten gainerako eskaerak bezala, premiazkotzat jo ezin daitezkeenak bakarrik erantzuten dira berehala zuzendari orokorraren ebazpenaren bidez. Gainerakoak, premiaren eta aurrekontuaren erabilgarritasunaren arabera erantzuten dira; eta, kasua iritsita, premia aitortzen duen ebazpenaren bidez egiten da, ondorioz TIPera sartuz.

      Mairagako Mankomunitateak ezin dezake argudiatu obra ez exekutatzeko arrazoia departamentuak lan horiek TIPean aitortutako premia gisa sartu ez izana izan denik, izan ere, Mankomunitateak berak azken urteetan duen egoera ekonomikoaren ondorioa izan da.

      Esku artean dugun kasu zehatzean, TIPera sar daitezkeen lanen zerrendan daude Puiuko obrak, premiaz eskatutako obren zerrendan, alegia, eta ebatzi gabe daude oraindik.

      Mairagak lan horientzako bideragarria litzatekeen finantza plan bat aurkezteko duen ezintasunarengatik ez da orain arte aipatu aukera pentsatu ere egin. Ahoz adierazi du hori, eta idatziz gero.

      Mairagako Mankomunitateko egoera ekonomikoa agerian geratu da 2011ko ekainaren 27an Batzorde Iraunkorrak egindako akordioan. Mairagako Mankomunitateko aholkulari ekonomikoaren eta kontu-hartzailearen txostenean eutsi egin zaio akordio horri. Bertan, inbertsio batzuk zehaztu dira, eta atzeratu beste batzuk (TIParen 1. eranskinean daude txertatuta), horien egoera ekonomikoak ahalbidetu arte. (Akordioaren eta txostenaren fotokopia erantsi da).

      Horrenbestez, eta Mankomunitateak berak departamentu honetan hainbat aldiz azaldutakoaren ildoan, zaila litzateke Mankomunitateak lan berri bat sustatzea TIPean, Puiuko lanen aurretik lehenetsita eta jada TIPean sartuta zeuden beste batzuk atzeratu behar izan baititu.

      Edonola ere, honaino azaldutako guztia gorabehera, azpimarratu egin behar da tokiko erakundeei dagozkiela eskumenak eta, ondorioz, baita hemen agertutako arazoak konpontzeko saiakeraren erantzukizuna eta iniziatiba. Kasu zehatz honetan, Mairagako Mankomunitateari eta Puiuko Udalari dagozkie horiek, euren eskumenen eremuan bakoitzari.

      Orain, Mairagako Mankomunitateak baliabide ekonomiko gehiago omen dituenez, egoki balioetsiko balu, lehentasuna eman beharko lioke Puiuren gaineko jarduerari, eta erabaki horren berri eman departamentu honi.

      Bestalde, Toki Administrazioko Zuzendaritza Orokorrak, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentukoa denak, beti egin izan duen bezala jardungo du kasu honetan eta gainerako kasuetan, tokiko erakundeek proposatutako iniziatiba zehatzen arabera, 2009-2012 aldirako Tokiko Inbertsio Planari buruzko 16/2008 Foru Legean eta aipatu legearen araudia onartu duen 5/2009 Foru Dekretuan ezarritakoari egokituz une oro.

      Hala eta guztiz ere, erakunde honi jakinarazi zaio Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuak erakunde honen aurrean formulatutako kexan azaldutakoa edukiko duela, eta, ondorioz, Mairagako Mankomunitatearekin batera aztertuko direla hartu beharreko neurriak.

  6. Islatu den bezala, Puiun euri-urak eta gorozki-urak biltzeko azpiegituran dauden gabeziengatik eta horien ondorioz jabeek eta herritarrek jasaten dituzten kalteengatik aurkeztu da kexa.

    Eskudun herri-administrazioek igorritako txostenetatik ondorioztatu da baketsua dela aipatu azpiegitura hobetzeko lanen egokitasuna eta, azken batean, baita emandako zerbitzuaren baldintzak ere.

  7. Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak udalerriei esleitu die bideko garbiketa, bilketa, hondakinen tratamendua, estolda-sarea eta ur zikinen tratamendu zerbitzuen gaineko eskumena. Kalitate maila egokia behar dute izan zerbitzu horiek, eta berdintasun printzipioari jarraiki, berdin-berdinak ez diren baldintzetan ez bada, bai, behinik behin, funtsean baliokideak diren baldintzetan, lortu nahi diren helburuen arabera.

    Erakunde honek, kontuan hartuta kexan salatutako egoera, eta balioetsiz estolda-sarearen eta ur zikinen tratamendu zerbitzua emateko eta berau finantzatzeko eskumena duten herri-administrazioen ahalmena (Puiuko Udala, Mairagako Mankomunitatea eta Nafarroako Gobernuko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentua), egoki ikusi du iradokizun bat luzatzea, horien arteko lankidetza egokiaren bidez, sakon azter dezaten Puiun dagoen arazoa, eta ahalik eta lasterren zehaztu, finantzatu eta exekutatu ditzaten aipatu zerbitzuaren kalitatea hobetzeko beharrezko jarduerak.

  8. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, egoki ikusi dut:

    Puiuko Udalari, Mairagako Mankomunitateari eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuari iradokitzea, beharrezko lankidetzarekin, sakon azter dezatela kexan salatutako arazoa, Puiuko ur zikinak jasotzeari buruzkoa, eta zehaztu, finantzatu eta betearazi ditzatela beharrezko jarduerak aipatu herriko herritarrei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea hobetu dadin.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Puiuko Udalak, Mairagako Mankomunitateak eta Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezatela, aginduzkoa baita, iradokizun hau onartzen duten ala ez, eta, hala balitz, baita berau betetzeko hartutako neurriak onartzen dituzten adieraz dezatela ere.

Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, iradokizuna ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2014. urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia