Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q14/878/V) Ebazpena. Horren bidez, Azagrako Udalari gomendatu zaio baliogabetu dezala kexagileak Azagrako udal erroldan emandako baja, 2013ko uztailean hitzartutakoa hori, eta 2013ko irailera arteko efektuak zituena, eta idatziz jaso dezala, aipatu aldiari dagokionez, interesdunak alta eman zuela Azagrako [...] kaleko bizilekuan, hortik eratorritako efektuekin.

2014 azaroa 17

Gizarte ongizatea

Gaia: Falta de reconocimiento por el Padrón de residencia efectiva.

Toki erakundeen funtzionamendua

Azagrako Udaleko alkatea

Alkate jaun hori:

 

  1. Pasa den 2014ko urriaren 17an, [...] jaunaren idazki bat jaso nuen. Horren bidez, kexa bat abiarazi zuen Azagrako Udalaren aurrean, izan ere, ez dio udaleko erroldan aitortu Azagran bizi izan zela 2013ko uztailaren eta irailaren arteko aldian, eta gizarteratzeko errentara sartzea galarazten dio horrek.
  2. Jarraian, Azagrako Udalera jo nuen; bai kexaren berri ematera, bai piztutako kontuari buruzko informazioa eman ziezadaten eskatzera.

    2014ko azaroaren 6an, eskatutako txostena jaso nuen, administrazio espedientea osatzen zuen askotariko dokumentazioarekin batera.

  3. [...] jaunak Azagrako erroldan ([...] kalean) 2013ko uztailaren 2tik 2013ko irailaren 19ra bitartean izandako bajarengatik aurkeztu da kexa. Udaleko ziurtagirian, 2013ko irailaren 20koan, ageri diren datak dira aipatu direnak, eta ziurtagiri hori aurkeztu zuen interesdunak. Hortik ondorioztatzen da 2013ko irailaren 19an berriro eman ziotela alta lehen aipatutako helbidean.

    Kexagilea bizi zen etxebizitzako jabearen ekimenez gertatu zen baja (2013ko urtarrilaren 25eko eskaera), eta Azagrako Udalak ofiziozko bajarako espedientea izapidetu ondoren. Bi jakinarazpen saiakera egin zitzaizkion interesdunari.

  4. Bajarako izapidea egin ondoren, [...] jaunaren adierazpena jaso da (2013ko abuztuaren 8ko idazkia). Horren bidez azaldu du etxebizitzako jabeak eman diola baja eta bizileku horretan bizitzen jarraitzen duela. Idazkiaren goiburuan, bere datu pertsonalen ondoan, Azagrako San Esteban kaleko 21. zenbakiko bizilekua adierazi du interesdunak.

    Interesdunaren 2014ko martxoaren 12ko idazkiaren bidez berretsi zen adierazpen hori, eta bertan adierazi zuen bizi zen etxeko jabeak okerrez eskatu zuela bere baja biztanleen erroldan.

    Era berean, ([...] jauna) etxebizitzako jabearen adierazpena ageri da espedientean, 2014ko martxoaren 25ekoa. Horren bidez baieztatu du 2013ko urtarrilaren 25ean okerrez eskatu zuela [...]ko San Esteban kaleko 21. zenbakiko 2. solairuko B letrako bere etxebizitzan ofiziozko baja ematea biztanleen erroldan. Aurkeztutako idazkian, ofiziozko baja baliogabetzeko eskatu zuen, bizileku honetan jarraitzen duelako.

    Azkenean, San Adriango postetxeko bulegoko zuzendariaren idazkia aurkeztu du interesdunak. Bertan baieztatu du Azagrako [...] atarian arazoak izan zituela postontziekin, irekita zeudelako eta ez zitzaizkielako gutunak iristen. Garai batez, postetxeko bulegoan gorde ziren gutunak, eta horien bila joan ez zirenez, itzultzea edo bizilekuan uztea erabaki zen.

  5. Erakunde honen iritziz, espedientean ageri diren proba eta zantzu guztien baloraziotik ondorioztatu daiteke [...] jauna, eztabaidatutako aldian, San Esteban kaleko bizilekuan bizi zela. Horri dagokionez, honakoa hartu behar da kontuan:
    1. Aipatu bizilekuan bizi zela adierazi du interesdunak.

       

    2. Etxebizitzako jabeak gauza bera adierazi du. Adierazpen hori, interesatzen zaizkigun xedeetarako, erabakigarria da; izan ere, bera izan zen, hain juxtu, baja eskatu zuena, zenbait pertsonari buruzko adierazpen baten bidez, eta, kexagileari dagokionez, okerrekoa izan zela aitortu zuen gero.

       

    3. Baja eman ondorengo aldian, bizileku berean izapidetu zen inskripzio berria, eta bertan bizitzen jarraitzen zuela iradokitzen du horrek.

       

    4. Bi jakinarazpen ez jasotzea ez da noizbehinkakoa edo ezohikoa izaten trafiko juridikoan. Gainera, postetxeko bulegoko zuzendariaren adierazpena jaso da, eta gutunak kasuko helbidera helarazteko zailtasunak izan zituela aipatu du.
    5. Udalaren aldetik, espedientearen bideratzailearen adierazpena baino ez da ageri. Adierazpen horren bidez adierazi du bizilekura bertaratu zela 2013ko apirilaren 25ean, eta interesduna ez zela bertan bizi ondorioztatu zuela, horri buruzko xehetasun edo azalpen gehiagorik eman gabe (hala ere, adierazi behar da bideratzailearen ondorio horrek, gertatu zen unearengatik, bat egiten zuela jabeak hasiera batean adierazitakoarekin).

      Azken batean, erakunde honek ondorioztatu du kexagilea Azagrako [...] kaleko etxebizitzan bizi zela kexan adierazitako aldian (2013ko uztailetik irailera), hau da, errolda etenda ageri den aldian; izan ere, halaxe adierazi dute bai interesdunak, bai etxebizitzako jabeak, hasierako adierazpena okerra zela aitortu baitu azken horrek, eta Azagrako Udalak ez du kontrako ondoriora eraman dezakeen elementurik aurkeztu.

  6. Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 105. artikuluan ezarri du herri administrazioek edozein unetan baliogabetu ahalko dituztela beraien karga edo aurkako jarduerak, beti ere, baliogabetze horrek legeek baimendu gabeko dispentsa edo salbuespena ez badakar, edo berdintasun printzipioaren edo interes publikoaren edo ordenamendu juridikoaren aurkakoa ez bada.

    Kexaren xede den ekintza -erroldan baja emateko ebazpena- interesdunaren aurkakoa da, bai bere izaerarengatik (aurretiko borondate adierazpenaren aurkako zentzuan jardun baita), bai, bereziki, bertatik herritarren eskubideen erabileran erator daitezkeen efektuengatik, kexan aipatu denez, gizarteratzeko errentaren prestaziorako sarbidearekin gertatu den bezala.

    Horregatik, zailtasun berezirik gabe baliogabetu daiteke, eta, kasu honetan, islatutako zirkunstantziei erreparatuta, erakunde honen ustez, zentzu horretan jokatu behar da.

  7. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, beharrezkoa ikusi dut:

    Azagrako Udalari gomendatzea baliogabetu dezala kexagileak Azagrako udal erroldan emandako baja, 2013ko uztailean hitzartutakoa hori, eta 2013ko irailera arteko efektuak zituena, eta idatziz jaso dezala, aipatu aldiari dagokionez, interesdunak alta eman zuela Azagrako [...] kaleko bizilekuan, hortik eratorritako efektuekin.

 

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Azagrako Udalak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezala, aginduzkoa baita, gomendio hau onartzen duen ala ez, eta, hala balitz, baita betebeharrak betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen adieraz dezala ere.

Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2014. urteari dagokionean, sartzea ekarriko du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia