Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q14/874) Ebazpena. Horren bidez, Presidentzia, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatu zaio, kexan aipatutako deialdiari dagokionez, hau da, psikologo lanpostua formakuntzarako zerbitzu bereziko egoera adieraziz betetzeko deialdiari dagokionez, kontuan har dezala interesdunak seme-alabak zaintzeko gozatu zuen eszedentzia bereziari egokitutako denbora, hortik eratorritako efektuekin.

2014 azaroa 26

Función Pública

Gaia: Exclusión de periodo formación por no computar tiempo excedencia por cuidado de hijo.

Funtzio publikoa

Lehendakaritza, Justizia eta Barne kontseilaria

Kontseilari jauna:

 

  1. 2014ko urriaren 16an, [...] andreak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Horren bidez, kexa abiarazi zuen Presidentzia, Justizia eta Barne Departamentuaren aurrean, psikologo lanposturako izangaien zerrenda osatzeko deialditik baztertu baitute, seme-alabak zaintzeagatiko eszedentzia bereziari egokitutako denbora zenbatu ez delako. Hautapen proben bidez osatuko litzateke aipatu zerrenda, eta formakuntzarako zerbitzu bereziko egoera adierazita beteko litzateke lanpostua.
  2. Jarraian, Presidentzia, Justizia eta Barne Departamentura jo nuen; bai kexaren berri ematera, bai piztutako kontuari buruzko informazioa eman ziezadaten eskatzera.

    Zera adierazi da jasotako txostenean:

    “2014ko urriaren 28ko idazkiaren bidez, [...] andreak Presidentzia, Justizia eta Barne Departamentuaren aurrean formulatutako kexari buruzko txostena eskatu du Nafarroako Arartekoak. Formakuntzarako zerbitzu bereziko egoeran psikologo lanpostua betetzeko izangaien zerrenda hautapen proben bidez osatzeko deialditik baztertu dutelako abiarazi zuen kexagileak aipatu kexa, izan ere, ez diote zenbatu seme-alabak zaintzeagatiko eszedentzia berezian emandako denbora. Horri dagokionez, egokia da honakoa adieraztea:

    1. Nafarroako Herri Administrazioen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren 24.2. artikuluaren zati bat garatuz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko langileen formakuntza eta hobekuntza profesionala errazten dituen apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuaren 2.1. artikuluak ezarri du, aldi baterako kontratazioa egin baino lehen, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak eta horren organismo autonomoek langile finkoak estaltzeko lanpostuak eskainiko dituztela, beti ere, beraien lanpostuan, gutxienez, hiru urte bete badituzte eraginkorki zerbitzu ematen.

      Aurrekoa aplikatuz, formakuntzarako zerbitzu bereziko egoeran lanpostuak betetzeko izangaien zerrendak osatzeko eta kudeatzeko prozedura ezarri duen abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduak, Presidentzia, Justizia eta Barne kontseilariarena denak, 3. artikuluaren 1.b) atalean ezarri du zerrenda horiek osatzeko deialdietan onartua izateko, besteren artean, lanpostuan, gutxienez, hiru urte bete behar izan direla eraginkorki zerbitzu ematen. Bestela izan ezin zitekeen moduan, kexaren xede den deialdian sartu dute betekizun hori.

    2. Aipatu arauditik nahiko argi ondoriozta daiteke formakuntzan dauden izangaien zerrendak osatzeko deialdietan onar zaitzaten eskatzen den betekizuna ez dela administrazioan aitortutako antzinatasunari buruzkoa; izan ere, beste kontzeptu bati egin zaio erreferentzia, hau da, goratu nahi den lanpostuan zerbitzuak modu eraginkor eta errealean eman izana.

      Zentzu horretan, Nafarroako Herri Administrazioen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 27. artikuluak eratu du seme-alabak zein beste senide batzuk zaintzeagatiko eszedentzia berezia erregulatzeko araudia, eta horren 3. atalak ezarri du egoera horretan ematen den denbora guztia zenbatuko dela antzinatasun xederako.

    3. Beste alde batetik, seme-alabak zaintzeagatiko eszedentzia berezia, beste senide batzuk zaintzeko aurreikusi dena bezala, ez da emakumeei bakarrik eragiten dien egoera, amatasunarengatiko baimenarekin gertatzen den bezala; izan ere, langile guztiek dute eszedentzia horretarako sarbidea, sexua dena delakoa izanda ere.
    4. Azkenik, emandako zerbitzuen zenbaketa erregimenak, formakuntza-promoziorako izangaien zerrendak osatzeko deialdietan onartzeko xederako, ez ditu seme-alabak zaintzeagatiko eszedentzia bereziko egoeran emandako aldiak soilik baztertzen, berdin-berdin eragiten baitie beste egoera batzuei; hala nola, senide bat zaintzeagatiko eszedentzia bereziko egoerei, zerbitzu bereziei, zerbitzuen batzordeei edo buruzagitza postua betetzeari. Aldi horiek guztiak ez dira aipatu xederako zenbatzen, ez baitago goratu nahi den lanpostuko jarduera eraginkorrik.

      Ondorioz, indarrean dagoen araudia zuzen aplikatzearen emaitza baino ez da izan [...] andrea aipatu deialditik baztertu izana ”.

  3. Islatu den bezala, [...] andreak bere desadostasun adierazi du; izan ere, ez da zenbatu seme-alabak zaintzeagatiko eszedentzia bereziko egoeran emandako denbora, formakuntzarako zerbitzu bereziko egoerarako sarbide xedeetan. Nafarroako Herri Administrazioen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 24.2. artikuluan dago aztertuta egoera hori. Zenbaketa falta horrek eragin du kexagilea Funtzio Publikoko zuzendari orokorraren uztailaren 8ko 1460/2014 Ebazpenaren bidez deitutako prozeduratik baztertzea. Psikologo lanpostua formakuntzarako zerbitzu bereziko egoeran aldi batez betetzeko deialdiari buruzkoa da aipatu prozedura.

    Presidentzia, Justizia eta Barne Departamentuak arrazoitu duenez, apirilaren 14ko 96/1997 Foru Dekretuan eta abenduaren 30eko 199/2004 Foru Aginduan ezarritakoari jarraitu die aplikatutako irizpideak; funtzionario lanpostuan hiru urteko zerbitzua eraginkorki eman izana eskatzen baitute, formakuntzarako zerbitzu bereziko egoerara sartzeko. Aipatu departamentuaren ustez, ez da hori gertatzen seme-alabak zaintzeagatiko eszedentzia bereziko egoeran egon bitartean.

  4. Nafarroako Herri Administrazioen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren 27. artikuluak ezarri du eszedentzia bereziko egoeran dauden funtzionarioek okupatzen duten plaza gordetzeko eskubidea dutela, baina ez direla eskubide ekonomikoak sortuko. Antzinatasun xedeetarako, egoera horretan emandako denbora guztia zenbatuko zaio.

    Erakunde honen ustean, eszedentzia bereziaren erregulazioan, beste eszedentzia mota batzuen aldean merezi duen babes handiagoarengatik, honako printzipio orokorra dago: seme-alabak edo senideren bat zaintzeagatiko eszedentziarako eskubidea erabiltzeak ez kaltetzea funtzionarioaren administrazio karrera. Eta litekeena da printzipio orokor horri erantzutea aipatu denbora antzinatasun xedeetarako zenbatzeak; izan ere, Nafarroako Herri Administrazioen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren funtzio publikoko sisteman eta arau osagarrietan, elkarri lotuta agertu ohi dira antzinatasun eta administrazio karrera nozioak.

    Bestela esanda: aipatu aginduak denboraren zenbaketa antzinatasun xedeei lotuta aipatzeak ez duela baztertzen funtzionarioaren administrazio karrerarekin lotutako xedeetarako egitea zenbaketa.

  5. Nafarroako Herri Administrazioen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bateginak 15. artikuluan ezarri du sarrerarako hautapen probetan lanpostu hutsak gordeta egingo dela maila igoera, Nafarroako edozein Herri Administraziotako funtzionarioen artean txanda murriztuak hornitzeko, honako betekizunak betetzen badituzte: a) deitutako plaza hutsen mailatik behera egotea; b) deialdian eskatutako titulazioa edukitzea eta herri administrazioetan aitortutako bost urteko antzinatasuna egiaztatzea; c) borondatezko edo nahitaezko eszedentzia egoeran ez egotea; eta d) egokitutako hautapen probak gainditzea.

    Hau da, maila igoerarako legezko erregulazioan -igotzeko mekanismorik intentsuena izaki, goragoko mailan plaza finkatzea ahalbidetzen baitu-, inplizituki dago eszedentzia bereziko egoerek kalterik egiten ez dutelako ideia: egoera horretan egindako denbora zenbatu egiten da aitortutako bost urteko antzinatasuna osatzeko, eta aipatu egoeratik parte hartu daiteke, borondatezko edo nahitaezko eszedentzian ez egotea eskatzen baita.

  6. Goragoko maila bateko lanpostua betetzeko sarbideak, formakuntzarako zerbitzu bereziko adierazpenaren bidezkoak, lotura dauka legezko aurreko aginduarekin; izan ere, biak dira Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioen promozioa errazteko mekanismoak, behin betiko edo aldi bateko izan gorabehera.

    Gauzak horrela, behin betiko promoziora sartzeko, antzinatasun jakina eskatzen badu legeak -funtzionarioak seme-alabak zaintzeagatiko eszedentzia bereziko egoeran emandako denbora gehitzea ahalbidetzen du horrek-, arbitrariotasuna dakar, arauzko araudiari jarriki eta aldi bateko promoziora sartzeko, aipatu eszedentzia egoeran egindako denbora ez zenbatzeak.

  7. Amatasunaren babesa ere, ordenamenduak babestutako ondasun juridikoa den heinean, Nafarroako Herri Administrazioen zerbitzura dauden Langileen Estatutuaren Testu Bateginaren hemeretzigarren xedapen gehigarrian dago jasota. Horren arabera, egokitutako administrazioan emandako zerbitzu gisa aitortuko da kontratua hartzeko edo sinatzeko atzerapen aldia, amatasunarengatiko baimenen kasuetan.

    Hots, zerbitzu eragingarritzat jotzen da funtzionario izaera edo lan baldintza eskuratu aurreko amatasun baimenaren aldia, kontratua hartzea edo sinatzea atzeratu behar denean, nahiz eta prestazio eragingarririk ez egon.

    Eta hori horrela bada kasu horretan, arrazoi berberarengatik edo nagusiagoarengatik izan beharko litzateke horrela seme-alabak zaintzeagatiko eszedentzia bereziko kasuan.

  8. Azken batean, Nafarroako Foru Komunitateko langileen formakuntza erregulatzen duten arauzko aginduen interpretazio sistematikoaren alde egin beharko litzateke, zera ondorioztatzeko: seme-alabak zaintzeagatiko eszedentzia bereziko egoerei dagokienean behintzat, emandako zerbitzutzat jo beharko litzateke egoera horretan emandako denbora, eta horrela zenbatu, aipatu aginduek adierazi bezala.

     

  9. Are gehiago, arrazoitutakoa nahikoa denez kexa balioesteko, adierazi beharra dago generoarengatiko edo sexuarengatiko bereizkeriatzat jo daitekeela Presidentzia, Justizia eta Barne Departamentuak edukitako irizpidea; izan ere, nahiz eta egia den funtzionario guztien eskubidea dela seme-alabak zaintzeagatiko eszedentzia berezia, egia da funtzionario emakumeek erabiltzen dutela berau askoz ere sarriago, eta, gainera, aipatu irizpideak gehiegi murrizten badu eszedentzia bereziko egoeran daudenen administrazio karreraren mekanismoren bat, murrizketa hori babestuko duen arrazoi objektiborik edo xede publikorik egon gabe.

     

  10. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, egoki ikusi dut:

    Presidentzia, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea kontuan har dezala, kexan aipatutako deialdiari dagokionez, hau da, psikologo lanpostua formakuntzarako zerbitzu bereziko egoera adieraziz betetzeko deialdiari dagokionez, interesdunak seme-alabak zaintzeko gozatu zuen eszedentzia bereziari egokitutako denbora, hortik eratorritako efektuekin.

 

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezala, aginduzkoa baita, gomendio hau onartzen duen ala ez, eta, hala balitz, baita berau betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen adieraz dezala ere.

Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2014. urteari dagokionean, sartzea ekarriko du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia