Partekatu edukia
Hirigintza eta Etxebizitza
Gaia: Requerimiento de regularización de chimenea.
Hirigintza
Iruñeko Udaleko alkatea
Alkate jaun hori:
2014ko urriaren 14an, [...] andreak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Horren bidez, kexa bat abiarazi zuen Iruñeko Udalaren aurrean, ez baitzegoen ados bere etxebizitzako errekuntza-etxearen eta keak ateratzeko bidearen exekuzioa erregularizatzeko errekerimenduarekin.
Zera azaldu zidan idazki horretan:
2012ko irailaren 6an, errekerimendu bat argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Iruñeko San Anton kaleko [...] zenbakian dagoen bere etxeko tximinia egiteko lanak legeztatzeko errekerimendua zen, ondoko atariko auzokide batek jarritako salaketaren ondoriozkoa.
Duela berrogei urtetik baino lehenagotik erabiltzen da aipatu tximinia. Berak etxebizitza eskuratu zuenean, 2005. urtearen amaiera aldera, tximinia jada bazen. Aurreko jabeak ohikotasunez erabiltzen zuen, eta zirkunstantzia erabakigarria izan zen hori etxebizitza erosteko erabakian.
2006. eta 2007. urteetan, teilatua eta etxaurrea birgaitzeari eta higiezinean igogailua jartzeari ekin zioten. Tximinian ez zen inolako aldaketarik gertatu. Aipatu lana amaitutakoan, ikuskapena egin zuen udalak. Ez zuen inolako anomaliarik atzeman.
2012ko azaroaren 20an, berraztertzeko errekurtsoa aurkeztu zuen, eta hori ere atzera bota zuten.
Horregatik guztiarengatik, Iruñeko Udalari eskatu zion uko egin ziezaiola bere etxebizitzako errekuntza-etxearen eta keak ateratzeko bidearen exekuzioa erregularizatzeko errekerimenduari.
Jarraian, Iruñeko Udalera jo nuen, piztutako kontuari buruzko informazioa eman ziezadaten eskatzera.
Espedientean jaso den txostena igorri du aipatu udalak, zeinaren edukia jada ezagutzen duzun.
Honakoa da kexak sustatutako kontua: ea interesdunaren etxebizitzak duen tximinia legeztatzea errekeritu daitekeen, kontuan hartuta eraiki zenetik igaro den denbora, eta, ondorioz, baita legezkotasuna lehengoratzeko akzioaren balizko preskripzioa ere.
Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzi ordezkariaren 2012ko martxoaren 15eko ebazpenaren bidez abiarazi zen kexaren xede den legeztapen espedientea, 2011ko abenduaren 30ean auzokide batek aurkeztutako salaketaren kariaz. Aipatu ebazpenean, lanak egiteko baimen egokia izapidetzeko eskatu zaio interesdunari, bere etxebizitzan errekuntza-etxea eta keak ateratzeko bidea egiteari dagokiona. [...] andreak arrazoibideak aurkeztuta, atzera bota ziren zinegotzi berberaren 2012ko urriaren 4ko ebazpenaren bidez, eta berretsi egin zen errekerimendua. Erabaki horri berraztertzeko errekurtsoa ipini ondoren, atzera bota zen errekurtsoa.
Interesdunak adierazi duenez, duela berrogei urte baino gehiago eraiki zen tximinia eta ez zuen aldaketarik jasan 2006. eta 2007. urteetan burututako birgaitze lanetan.
Lurralde Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Aginduak, legezkotasuna lehengoratzeko akzioari buruzkoak, hau da, kexa eragin duen jardueraren gainekoak, lau urteko preskripzio epea ezarri du, lanak amaitzen direnetik edo lanak egin direla jakitea ahalbidetzen duten kanpoko zeinu fisikoak agertzen direnetik zenbatzen hasita.
Erakunde honen iritziz, ez da egokia aipatu preskripzio epea auzokideak aurkeztutako salaketaren datatik (2011ko abenduaren 30etik) aurrera zenbatzea, Iruñeko Udalak egin duen bezala, administrazioak horren berri izan duen unea hori izan dela argudiatuta. Garrantzitsua hemen, interesatzen zaizkigun xedeetarako -obra baimena eskuratzearekin legeztatzeko ari dira errekeritzen-, eraikuntza noiz amaitu zen da; batez ere, kontuan hartzen bada, duen izaerarengatik, kanpoan ageri diren zeinuak dituela.
Eta, horrela, administrazioaren espedientean bertan azaldu da 2005eko abuztuaren 11n eraikinaren birgaitze orokorra egiteko baimendu ziren lanei dagokien dokumentazio grafikoan tximiniaren irteera ikus daitekeela, eta 300 mm-ko diametroarekin deskribatzen dela... Hau da, administrazioak, birgaitze espedientearen data horretan jada, bazuen lana egin zela jakitea ahalbidetzen zuten kanpoko zeinu fisiko nahikoen berri.
Azken batean, eta edonola ere, legeztapen-espedientea abiarazi baino lau urte lehenago -gutxienez- egindako eraikuntza baten aurrean gaude (kexagileak adierazi duenaren arabera, aurreko mendeko hirurogeita hamargarren hamarkadakoa da), eta horrek zehazten du Iruñeko Udalak burututako lehengoratzeko akzioa preskribitu egin dela, hots, lanak egiteko baimena eskuratzeko errekerimenduan gauzatu duen akzioa preskribatu egin dela.
Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, egoki ikusi dut:
Iruñeko Udalari gomendatzea baliorik eta efekturik gabe utz dezala interesdunari zuzendutako errekerimendua, lanak egiteko lizentzia eskuratzeari buruzkoa, eta bere etxeak duen tximiniari dagokiona. Izan ere, preskribatu egin da burututako legezkotasuna lehengoratzeko akzioa.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Iruñeko Udalak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezala, aginduzkoa baita, gomendio hau onartzen duen ala ez, eta, hala balitz, baita betebeharrak betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen adieraz dezala ere.
Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2014. urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia