Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q14/845/A) Ebazpena. Horren bidez, Fustiñanako Udalari gogorarazi zaio laborantzarako herri-ondasunen esleipenen egungo egoeraren berri eman diezaiola kexagileari, aipatu esleipenen elementu nagusiak adieraztearekin batera (partzela, esleipenduna, epea -egongo balitz- eta abar). Era berean gogorarazi zaio laborantzari bideratutako herri-ondasunen esleipenak ebazteko epea ezartzeko duen legezko betebeharra, eta, hortaz, baita ondoz ondoko esleipen prozesuak edo "banaketak" deitzeko duen betebeharra ere, eta, horien artean, aztertutako kexan aipatutakoa.

2014 azaroa 24

Nekazaritza, Merkataritza, Industria eta Turismoa

Gaia: Falta de realización de sorteo de parcelas comunales.

Nekazaritza

Fustiñanako Udaleko alkatea

Alkate jaun hori:

  1. 2014ko irailaren 26an, [...] jaunak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Bertan, kexa bat formulatu zuen Fustiñanako Udalaren aurrean, herri-lursailen zozketa bat egin ez duelako, ez lehorreko laborantzarako lursailen kasuan, ez laborantza ureztatuko lursailen kasuan, nekazari berriei esleitzeko horiek.

    Zera azaldu zidan idazki horretan:

    1. Nekazaritza jarduera burutzeko eskatu zion udalari herri-partzeletako bat. Ezezkoa eman zioten aipatu partzela emateari.

    2. 1986an egin zuen Fustiñanako Udalak azken zozketa herri-lursailak aprobetxatzeko, bai lehorreko laborantzarako lursailen kasuan, bai laborantza ureztatuko lursailen kasuan. Beraz, hogeita zortzi urtekoa da lur horien aprobetxamendu aldia.

    3. Ondoko herriek lau, bost, sei edo zortzi urtez behin egiten dituzte herri-ondasunak aprobetxatzearekin zerikusia duten zozketak.
    4. Hainbat aldiz jo du Fustiñanako Udalera idatziz eskatuz partzelen aprobetxamenduari buruzko informazioa. Udalak ez dio aipatu informazioa eman.

      Partzelei buruzko informazioa emateko eskatu zuen, bai eta horiek esleitzeko zozketa egin zedila ere.

  2. Jarraian, Fustiñanako Udalera jo nuen, piztutako kontuari buruzko informazioa eman ziezadaten eskatzera.

    Zera adierazi da jasotako txostenean:

    “[…] jaunak, Fustiñanako Udaleko alkate-presidenteak, horren izenean eta berau ordezkatuz, eta Arartekoaren bulegoaren aurrean egokiena den moduan, [...] jaunak abiarazitako kexa-espedienteari (Q14/845/A espedientea) erantzunez,
    ZERA ADIERAZI DU:

    Honako alderdiak azaldu ditu bulego horren aurreko kexan:

    • Herri-lursailetako bat eskatu ziola udalari, nekazaritza jarduera burutzeko, eta ezezkoa eman zitzaiola.

    • 1986an egin zuela udalak herri-lursailak aprobetxatzeko azken zozketa, bai lehorreko laborantzarako lursailen kasuan, bai laborantza ureztatuko lursailen kasuan, eta, beraz, hogeita zortzi urtekoa dela lur horien aprobetxamendu aldia.

    • Ondoko herriek lau, bost, sei edo zortzi urtez behin egiten dituztela herri-ondasunak aprobetxatzearekin zerikusia duten zozketak.

    • Hainbat aldiz eskatu diola idatziz udalari partzelen aprobetxamenduari buruzko informazioa, eta ez zaiola informaziorik eman.

      Partzelen aprobetxamenduari buruzko informazioa emateko eskatu du, bai eta horiek esleitzeko zozketa egin dadila ere.

      Udal honen artxiboetan jasotako aurrekarien artean, beste batzuen artean, honakoa dago:

    1. 2013ko maiatzaren 14an, [...] jaunak eta [...] haren anaiak bi idazki aurkeztu zituztela, zeintzuen kopia erantsi den (1. eta 2. dokumentuak), eta, horien bidez, zera adierazi zutela: Nafarroan indarrean dagoen araudiaren arabera, tokiko erakundeek herri-partzelen % 5 gorde behar dutela onuradun berrientzat, eta, herritar gisa baldintzak betetzen dituztenez, eta eskubidez, lehorreko zein ureztatzeko herri-partzelak eskatzen dituztela.
    2. Bi eskariak Nekazaritza Batzordera helarazita, eta horiek eta jasotako aurrekariak aztertuta, honakoa ebatzi dela (3., 4. eta 5. dokumentuak): udal honek ez du urratu eskatzaileek herri-aprobetxamendurako duten eskubidea, ez ondare ondasunei dagokienean, ez herri-ondasunei dagokienean, eta ezin du eskatutakoa onartu, izan ere, gaur egun ez dauka partzela librerik, ez ondare zein herri-ondasunik, ez lehorreko zein ureztatzekorik, guztiak baitaude esleituta. Hala ere, ez da alboratzen, bajak edo ukoak daudenean eta horiek esleitzeko argitaratzen direnean, eskatzaileek dagozkien eskaerak aurkeztu ahal izatea.
    3. Jesús eta [...] anaiek aurkeztutako idazkien kopiak erantsi direla (6. dokumentutik 17.era), eta dagokion izapidea eta beharrezko erantzuna emango zaizkiela, egokia bada.

      Udal honen uztailaren 2ko ebazpenean ageri den bezala, eta errepikakorrak ez izatearren, Fustiñanako Udalak, hain zuzen ere, laborantzarako ureztatzeko ondare ondasunak berrantolatu zituen, eta ureztatzeko lehorreko transformazio bat burutu zuen, Cabanillaseko Udalarekin batera azken hori, bi udalak izanik transformatzeko lursailen jabekideak (gaur arte, Fustiñanako Udalak poligono industrial bihurtu du Nafarroako Alimentos y Derivados enpresa dagoen lursaila; izoztutako nekazaritza produktuak ontziratzen ditu enpresa horrek): bi lan horiek zuten xede landu daitekeen gutxieneko azalera duten lursailak sortzea, laborantzari bideragarritasuna emateko. Banaketa orokorra egin zen, eta familia-unitateka hartu zuten parte herritar guztiek, lehentasunezko aprobetxamenduekin. Hala ere, garaiak eta gizartea aldatuz eta moldatuz joan dira, eta horiekin batera laborantza jarduerak; ondorioz, lursailen laborantza-lana utziz joan dira herritarrak, eta jenderik gabe geratu dira bai herritar berri emantzipatuentzako gonbidapenak, bai partzelak eskatzeko iragarki publikoak, eta lursail-aprobetxamenduak Ribaforadako herritarrei esleitzera iritsi da, Quebrado izeneko sail ureztatuan, edo, zenbaitetan, hutsik geratu da barruti osoa. Egun, bazka-aprobetxamenduan egoera hori gertatzen ari dela aipatu behar da, eta Nekazaritza Batzordea bera eta horren zinegotzi ordezkaria beste udalerri batzuetara, Cabanillasera, Ablitasera, Erronkarira joan direla abeltzain bila, gure larreak eskainiz, hutsik gera ez daitezen.

      Ondorioz, 1986-1988. urteetan egin zen banaketa ez da geldirik egon denbora horretan, izan ere, etengabe aldatu dira erabileraren titulartasuna eta partzela-gozamena, eta nekazaritzan diharduten pertsonak zahartu egin direnez, eta jende gazteak horretarako joerarik ez duenez, abandonu orokorra egon da Fustiñanako herritarren artean, partzela-aprobetxamenduarenganako interesari dagokionean. Bestalde, egoera hori ez da udalerri honetan esklusiboki gertatu, alboko Cabanillaseko Udalak erakutsi duen bezala, izan ere, Nekazarien Kooperatibari eman behar izan dio partzela-aprobetxamendua. Bestetik, interes gabezia ere ulergarria da, egungo nekazaritza burutu ahal izateko nekazaritza makineria, azpiegiturak eta landa daitekeen azalera nahikoa behar dira-eta. Horrenbestez, jarduera burutzen zuen azken belaunaldian geratu da jarduera.

      Urte hauetan, egoera honetan burutu da Fustiñanako Udaleko partzela-aprobetxamendua: egun, nekazari profesionalak ari dira lursailak lantzen, eta horiek izan dira libre geratzen joan diren partzelak eskatzen joan direnak, eta horien artean dago [...] jauna, udalaren ebazpenean egiaztatu den bezala, eta hasierako zozketaren ondoko urteetan ureztatzeko lau lursail esleitu zaizkio.

      Udalaren Corralizas eremuari dagokionean, eta aprobetxamendua hobetzeko xedez, bai eta nekazaritza azpiegiturei buruzko legean ezarritako landatzeko gutxieneko azalerak betetzeko asmoz ere, 2009. urtean osoko akordioa hartu zuen Fustiñanako Udalak, hau da, Corralizaseko lur-zatiak berrantolatzeko eta berriro zehazteko akordioa, ikerketekin eta [...]k formulatutako proposamenekin bat eginez, eta lurralde aberastasunera igo zen aipatu akordioa, berau eragingarri egin gabe (18. eta 19. dokumentuak).

      Aipatu foru legearen 139. artikuluan eta hurrengoetan erregulatutako herri-ondasunei buruz, gurasoengandik seme-alabenganako transmisioak burutzen ditu udalak, bai eta bizilagunenganakoak ere; eta, ukoak egon badira, iragarri egiten dira, horiek esleitzeko. Aipatu herri-ondasunak ez dira horiek produkzioan jartzeko, hobetzeko eta ezin hobeto aprobetxatzeko transformatu, aipatu legean ezarri den bezala.

      Herri-ondasunak produkzioan jartzeko eta hobetzeko transformazioak horrenbesteko pisu ekonomikoa dauka, Fustiñanako Udalak ezin du horren kostua bere gain hartu, eta, Nafarroako Gobernuak, egungo zirkunstantzia ekonomikoetan, ez du dirurik bideratuko transformazio horretara, kontuan hartuta udalerri honek, oraindik ere, egiteke duela partzela-kontzentrazioa.

      Laborantzarako azalera pribatuan bezala, partzela-kontzentrazioa sustatzen da, eta, hor ere, beharrezkoa da azalera eta herri-aprobetxamendurako lur-zatiak egitea. Baina, egun, ezin da horrelakorik egin, dakarren inbertsio ekonomikoa dela-eta; eta nekazariak ez badu kostu horretan udalarekin konpromisorik hartzen, ez da bideragarria. Beste alde batetik, Europar Batasun Ekonomikoko jarduera politikak argitu arte, nekazaria bera itxaronaldian dago; izan ere, jarduera politika horiek zehaztuko baitute zein konpromiso har ditzakeen udalarekin.

      Adierazitakotik eta kexatik ondorioa atereaz, herri-aprobetxamenduari buruz adierazi beharra dizugu, [...] anaiei dagokienez, zera ulertu dugula: egiaztatu egin dela bai ureztatzeko bai lehorreko lursailak dauzkatela, baita herri-ondasunak ere, eta, Fustiñanako herritarren eskaera gabezia dela-eta, hasierako zozketan zegokien eskubidetik areagotzen joan direla horiek.

      Udal honek ez daukala aurreikusita, oraingoz, inolako zozketarik egitea, horrek ez duelako arazorik konponduko eta, gainera, azaldu dugun egoerarengatik, larriagotu egingo dituelako arazo horiek, eta denborarekin berriro pentsatuko dugula udaleko nekazaritza aprobetxamendua, une honetan sektore horren gainean dauden zalantzak argitzen direnean eta transformazioaren bideragarritasuna egiaztatzen denean, eta, bitartean, partzelarik ez duen eta berau eskatzen duen herritar orori emango zaiola dagokion lursaila, Nafarroako Toki Administrazioko 6/1990 Foru Legean ezarritako betekizunei eta baldintzei jarriki eta horiekin bat eginez, beharko balitz, baja emanez esleituta partzela gehien dituen herritarrari, edo borondatez ematen duenari, izan ere, azaldu dugun bezala, lanbidez nekazariak ez diren herritarrek partzela-aprobetxamenduaren gainean daukaten interes gabeziaren ondorioz, eta horiek abandonatu dituztenez, nekazari profesionalek lantzen dituzte aipatu lurrak, bestela abandonatuta edo lugorri egongo liratekeen lur horiek, ez baita kontu berria eta horrelaxe egiaztatu baita jabe pribatuengan eta jubilatuz joan direnengan, seme-alabek nekazaritza lanetan jarraitu nahi izan ez dutenetan, zailtasunak izaten dituztela lurrak errentara eramango dizkien norbait aurkitzeko".

  3. Islatuta geratu den bezala, Fustiñanako Udaleko laborantzarako herri-ondasunen esleipenarekin dauka zerikusia kexak. [...] jaunak adierazi duenez, partzela bat eskatu zuen eta ezezkoa eman zioten. Era berean adierazi du 1986tik ez direla herri-ondasunen esleipenak zozketatu, hurbileko beste herri batzuetan egin den bezala. Azkenik, egungo aprobetxamenduei buruzko informazioa eskatu zuela adierazi du, eta ez zaiola informazio hori eman.
  4. Azken kontu horretatik hasiz, egokia da adieraztea Nafarroako Toki Administrazioko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 92.1. artikuluak ezarri duela Nafarroako tokiko erakundeek beraien jarduerari buruzko eta herritarrek tokiko bizimoduan duten parte-hartzeari buruzko informaziorik zabalena emango dutela. Aipatu agindutik eratorritako betebeharrak lotura dauka informazioa eskuratzeko eskubidearekin; hau da, indarrean dauden xedapenek egingo diren jarduera, proiektu edo eskaerei ezartzen dizkieten betekizunei buruzko informazioa eta orientazioa eskuratzeko herritarrek duten eskubidearekin [Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 35. g) artikulua].

    Beste alde batetik, 6/1990 Foru Legearen 95. artikuluak aitortu egin du herritarrek tokiko artxibategietara eta erregistroetara sartzeko duten eskubidea, bai eta horietan jasotako dokumentazio publikorako duten sarbidea ere, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legearen 37. artikuluan aurreikusitako antzeko terminoetan.

    Aipatu legezko aginduekin bat etorriz, eta, era berean, kontuan hartuta kexagilearen informazio-eskaera herri-ondasunen esleipenari buruzkoa dela -administrazioaren jardueraren eremua hori, eta, titulartasun publikoko ondasunak direnez, iragarpen eta gardentasun printzipioen mende dagoena-, eta [...] jaunak esleipen bat eskuratzeko bidezko interesa duela, egokia da Fustiñanako Udalari gomendatzea laborantzara bideratutako herri-lursailen esleipenen egungo egoeraren berri emateko, egoera hori zehazten duten datu nagusiekin batera: partzelen identifikazioa, esleipendunak, esleipen epea eta abar.

  5. 1986tik zozketarik egin ez delako kontuari dagokionez, uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak 139. artikuluan ezarri du tokiko erakundeei dagozkiela herri-ondasunen gaineko banaketa, antolaketa, aprobetxamenduen erregimen eta ordenamendu eskumenak, foru lege horren terminoetan.

    6/1990 Foru Legearen 144. artikuluak eta hurrengoek laborantzarako herri-lurren aprobetxamendua arautu dute. 144. artikuluak ezarri du hiru modalitate ezberdinetan egingo direla aipatu aprobetxamenduak: a) herritarren lehentasunezko aprobetxamenduak, b) esleipen zuzeneko herri-aprobetxamenduak, eta c) toki erakundearen ustiapen zuzena edo enkante publikoaren bidezko esleipena. Agindu berberak ezarri du, laborantzarako lursailen aprobetxamenduen esleipen prozesuan, aipatu ordenan aplikatuko dituztela toki erakundeek, ondoz ondo, modalitate horiek.

    148. artikuluak, herritarren lehentasunezko aprobetxamendu modalitateari buruzkoak, gozamen edo aprobetxamendu epea arautu du, ez dena zortzi urtetik beherakoa izango, ez eta laborantzaren baliodun bizitza baino luzeagoa ere, lursaila hainbat urterako aprobetxamenduetara bideratu denean. Artikulu berak ezarri duenaren arabera, toki erakundeek kasu bakoitzean adieraziko dute dagokion gozamen edo aprobetxamendu epea.
    155. artikuluan ere ageri da esleipenak epeen mende uzte hori. Esleipen zuzeneko herri-aprobetxamenduei buruzkoa da artikulu hori, eta, zuzeneko herri-esleipenaren epeari dagokionez, 148. artikuluan herritarren lehentasunezko aprobetxamenduei buruz ezarritakoa aplikagarria izango dela ezarri du.

    Eta, era berean, 157. artikuluak aurreikusi du behin 145. artikulutik 151. artikulura bitartean ezarritako prozedurak aplikatuta, lehentasunezko herri-aprobetxamenduei buruzkoak horiek, eta 152. artikulutik 156. artikulura bitartean ezarritakoak aplikatuta, zuzeneko herri-esleipenari buruzkoak horiek, toki erakundeak, laborantzarako soberako lurra egonez gero, enkante publikoan ekingo diola esleipenak egiteari, banaketa berriko unean esleipena amai dadin beharrezkoa den epean.

    Hau da, ondasun mota horien publikotasunaren ondorioz, legegilea aurreikusten ari da esleipenak ebazpen terminoen mende jartzea, horrela, hori iritsita, banaketa prozesu berriak izapidetu daitezen, aprobetxamendu modalitate ezberdinei jarraiki, herritar guztiek aukera baldintza beretan izateko duten eskubidea bermatzeko xedez. Azken finean, legeak ezartzen ditu esleipenen aldizkakotasun eta iraunkortasuna.

    Ondorioz, legezko betebeharren gogorarazpena igorriko zaio Fustiñanako Udalari.

  6. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, beharrezkoa ikusi dut:
    1. Fustiñanako Udalari gogoraraztea laborantzarako herri-ondasunen esleipenen egungo egoeraren berri eman diezaiola kexagileari, aipatu esleipenen elementu nagusiak adieraztearekin batera (partzela, esleipenduna, epea, egongo balitz eta abar).

    2. Fustiñanako Udalari gogoraraztea laborantzari bideratutako herri-ondasunen esleipenak ebazteko epea ezartzeko duen legezko betebeharra, eta, hortaz, baita ondoz ondoko esleipen prozesuak edo "banaketak" deitzeko duen betebeharra ere, eta, horien artean, aztertutako kexan aipatutakoa.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Fustiñanako Udalak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezala, aginduzkoa baita, gogorarazpen hau onartzen duen ala ez, eta, hala balitz, baita betebeharrak betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen adieraz dezala ere.

Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gogorarazpena edo gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2014 urteari dagokionean, sartzea ekarriko du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia