Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q14/779) Ebazpena. Horren bidez, Iruñeko Udalari gogorarazi zaio agintariek eta funtzionarioek errespetuzko eta adeitasunezko tratua eman behar dietela herritarrei, eta beraien eskubideak erabiltzea zein betebeharrak betetzea erraztu behar dietela; eta gomendatu zaio efekturik gabe utz dezala kexaren xede den ibilgailu kentzea, eta kontzeptu horrekin bildutako zenbatekoa itzul dezala.

2014 azaroa 24

Trafikoa eta bide-segurtasuna

Gaia: Trato inadecuado de funcionaria y disconformidad con multa.

Trafikoa

Iruñeko alkatea

Jaun hori:

  1. 2014ko irailaren 15ean, [...] andreak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Horren bidez, trafikoko zigortzeko espediente bati buruzko kexa abiarazi zuen, Iruñeko ibilgailuen udal gordailuan jasotako tratuari buruzkoa ere bazena.

    Zera azaldu zidan idazki horretan:

    1. Pasa den 2014ko irailaren 14an, 01:20 aldera, ibilgailuen gordailura joan zen [...] matrikula duen ibilgailua jasotzera. Bere senarrak dauka ibilgailuaren titulartasuna. Aparkaleku mugatuko eremu batean egoiliarren txartelik gabe aparkatzeagatik kendu zioten aipatu ibilgailua.

    2. Ibilgailua hartzera joan zenean, kolpe bat ikusi zuen eskuinaldeko atzeko atean, garabiak autoa eraman aurretik ez zegoena. Horregatik, informazioa eskatu zion leihatilan zegoen pertsonari, istripua adierazteko eta erantzukizun zibila eskatzeko. Langileak ezezkoa eman zion datuak emateari, eta bide judiziala eman zion irtenbide bakar gisa.

    3. Hori gertatu eta berehala joan zen Iruñeko Udaltzaingoaren bulegoetara, egitate horiengatik salaketa jartzera. Han jakinarazi zioten gordailua zela salaketa aurkezteko tokia.

    4. Bigarren aldiz bertaratu zen ibilgailuen gordailura, eta, azkenik, eskabide bat eman zioten, bete zezan. Bertan, hitzez hitz, honakoa adierazten zuen galdera zegoen: aparkalekutik atera aurretik formulatu da erreklamazioa? Langilearekin eztabaidatu ostean, eta udaltzain batek informatu ondoren, ezetz jarri behar izan zuen.

    5. Bere ustean, gordailuko langileak asmo txarrez jardun zuen erantzukizun zibila saihesteko. Era berean, arduragabe jokatu zuela uste du, izan ere, eskatutako dokumentazio eta baimenik gabe eman zioten ibilgailua, ez baitzen bera horren titularra.
    6. Gaineratu zuenez, salaketa-orrian ageri da mugatutako aparkaleku eremuan egoiliarren txartelik gabe aparkatzea larritzat jotako arau-haustea dela, eta hirurogei eurokoa dela isunaren zenbatekoa. Hala ere, bere iritziz, arau-hauste arina osatuko lukete egitateek.

      Horregatik guztiarengatik, ibilgailuen gordailuko langileak burututako jardunbideak berrikusteko eskatu zion Iruñeko Udalari, arestian azaldutako jarduera arduragabea zela-eta, bai eta espedientea irekitzeko ere. Modu berean, arau-hauste arintzat jotzeko eskatu zuen, eta, batetik, garabiak ibilgailua kentzeagatik abonatu behar izan zuen zenbatekoa itzul ziezaiotela, eta, bestetik, garabiak ibilgailuari egindako kalteak konpon zitzatela.

  2. Jarraian, Iruñeko Udalera jo nuen; bai kexaren berri ematera, bai piztutako kontuari buruzko informazioa eman ziezadaten eskatzera.

    Zera adierazi da jasotako udal txostenean:

    " [...]k idazki bat aurkeztu du Iruñeko Udalean, eta zera eskatu du horren bidden:

    Garabi zerbitzuak kendu zuen [...] ibilgailua hartzera ibilgailuen gordailura joan zenean arreta eman zion langilea [...] enpresatik bota dezatela. [...]ri helarazi zitzaion idazkia. Beharrezko bilaketak egin zituen, eta langile hori zigortzeko arrazoirik ez zegoela erabaki zuen.

    Berak artxibatu zuen salaketa arau-hauste larria zela jartzen zuelako arina izanda, eta kexagileari jakinarazi zitzaion bera ez zela arau-haustearen erantzulea. [...]ri, [...]ren senarrari, salaketaren jakinarazpena igorri zaio, arau-haustearen kalifikazioa zuzenduta duela.

    Ibilgailua gordailutik ateratzeko abonatutako tasa itzul diezaiotela. Berraztertzeko errekurtsoa izapidetzen ari da tasaren ordainketaren aurka, baina oraindik ez da ebatzi.

    Bere ibilgailuan egindako kalteak konpon ditzatela. [...]k kaltea onartu du, eta konponketaren kostua abonatuko du".

  3. Iruñeko Udalak informatu duenaren arabera, konponduta edo konpontzeko bidean daude [...] andreak kexan azaldutako kontuetako batzuk: egotzitako arau-haustearen zuzenketa, larria izatetik arina izatera igaro baita, eta garabi zerbitzuak kendutako ibilgailuak jasandako kolpetik eratorritako erantzukizunaren onarpena.

    Beraz, interesdunari udal gordailuan emandako arretari buruz eta aipatu ibilgailua kentzeko ekintzaren jatorriari buruz mintzatzea falta da.

  4. Lehenengo kontuari dagokionez, udalaren txostenean ez da azaldu zeintzuk izan ziren egitateak. [...]ri horren berri eman ziola adieraztera mugatu da Iruñeko Udala, eta enpresa horrek langilea ez zigortzea erabaki zuela.

    Egia izatera interesdunak azaldutako egitateak -eta erakunde honek, udalaren informazioa faltan duela, ez du kexagilearen bertsioa zalantzan jartzeko elementurik ikusi-, herritarrei emandako arreta ezegokia izango lirateke, izan ere, honakoa gertatu zen bere senarraren ibilgailuak jasandako kalteak salatzeko unean:

    1. Administrazioko hainbat bulegotan noraezean ibili behar izan zuen, hasierako puntura itzultzeko gero, hau da, udal gordailura, gertatutakoaren inguruko salaketa formalizatzeko xedez.

    2. Ezezkoa eman zioten ibilgailua kendu zuen garabiaren datuak ezagutzeko eskaerari, eta agerikoa zen informazio hori jasotzeko bidezko interesa zuela.
    3. Salaketa jartzera epaitegira jo behar zuela esan zioten, eta, zuen asmorako, ez zen inolaz ere beharrezkoa.

      Azken batean, eskasa izan zen Iruñeko Udalak edo horren kontura kexagileari eman zitzaion arreta. Horregatik, erakunde honek beharrezko ikusi du gogoraraztea herritarrek eskubidea dutela agintariek eta funtzionarioek errespetuzko eta adeitasunezko tratua eman diezaieten, eta horri lotutako legezko betebeharrak daudela; hau da, beraien eskubideak erabiltzea zein betebeharrak betetzea erraztu behar dietela herritarrei, Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legearen 35. i) artikuluan onartu den bezala.

  5. Garabi zerbitzuak ibilgailua kendu izanari dagokionez, honako terminoetan mintzatu da Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen 85.1. g) artikulua, ibilgailua kentzeari eta gordetzeari buruz:

    “1.Honako kasuetan kendu ahal izango du ibilgailua, eta izendatutako lekuan gorde, trafikoa kudeatzeaz arduratutako aginpideak, beti ere, horretara behartuta dagoenak hala egingo ez balu:

    1. Baldin eta arriskua sortzen badu, ibilgailuen edo oinezkoen zirkulazioari asaldura larriak eragiten badizkio edo zerbitzu zein ondare publikoren bat hondatzen badu.

    2. Ibilgailuari ibiltzea galarazten dion istripua gertatu bada.

    3. Ibilgailua legearen barruan geratu bada, eta ibilgailuen edo pertsonen zirkulazioa oztopatu gabe geratzeko leku aproposik ez badago.

    4. Ibilgailu bat 84. artikuluan ezarritakoari jarraiki geldiarazi bada, eta geldiaraztea eragin duten arrazoiak desagertu ez badira.

    5. Ibilgailua udal aginpideak egokitutako lekuetan aparkatuta dagoenean; adibidez, urritasunen bat duten pertsonek erabil dezaten gordetako aparkalekuetan baldin badago, hor aparkatzea baimentzen duen bereizgarria jarri gabe.

    6. Zirkulaziorako edo erabiltzaile jakinen zerbitzurako berariaz gordetako bideetan edo bideetako aldeetan eta zamalanetarako gordetako eremuetan aparkatuta dagoenean ibilgailu bat.
    7. Ibilgailua udal aginpideak egokitutako lekuetan aparkatuta dagoenean; adibidez, ordutegiaren mugaketa duen aparkalekuan badago hor aparkatzea baimentzen duen bereizgarria jarri gabe, edo, udal ordenantzan ezarritakoaren arabera, abonatutako denboraren hirukoitza gainditzen denean.

      Erakunde honek, Iruñeko Udalak azalpen gehiago eman ezean, ez baitu berraztertzeko errekurtsoaren izapideari buruzko informazioa baino adierazten, ez du antzeman legezko zein arrazoik justifikatuko lukeen ibilgailua bide publikotik kendu izana, administrazioaren zigortzeko neurriaren neurri osagarri gisa. Berez, nahiz eta arau-hauste administratiboa izan, ez dirudi egoiliarrentzako eremuan aparkatzeak erabat justifikatzen duenik, eragindako herritarrari ibilgailua borondatez kentzeko aukerarik eman gabe, hori hartu eta udal gordailura eramatea.

  6. Are gehiago, adierazi beharra dago, baita legezko arrazoia dagoen kasuetan ere, ibilgailuak bide publikotik kentzeko jarduera ez dela aginpidearen betebehartzat jotzen, hau da, ez dela zirkulazioko arauak ez betetzearen ondorio ia-automatikoa, aukerakoa baizik, justifikazioaren mendekoa, eta horretara behartuta dagoenak egingo ez balu aplikatuko litzatekeela.

    Behin-behineko neurriak erregulatzen dituen legearen zatian txertatu da lehen aipatutako agindua, eta, horren esanahia eta xedea zehazteko unean, adierazgarria da hori. Kontu horren gainean mintzatu izan da erakunde hau beste kexa-espediente batzuetan, honakoa adieraziz:

    "Kautelazko erabakiak hartzeko jarduera -zeinaren helburuak diren prozeduraren xede ona bermatzea, legezkotasuna intzidentalki babestea edo interes orokorra edo hirugarrenen eskubideak babestea- gidatzen duten printzipio informatzaileek mugatu dute ibilgailua kentzeko neurria, zigortzeko prozeduraren markoan hitzartu daitekeen aldi baterako neurria den heinean; eta, orokorrean, administrazioaren jarduera mugatzailea edo poliziaren jarduera informatzen duten printzipio horiexek mugatu dute ibilgailua kentzeko neurria, eta horien artean daude proportzionaltasun printzipioa eta gizabanakoaren askatasuna ahalik eta gutxien murrizteko edo favor libertatis printzipioa.

    Nahiz eta, mugatutako eremuan txartelik gabe aparkatu den kasuetan, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen arabera kautelazko neurria den ibilgailua kentzea, aurreikuspen horretatik bakarrik ez da ibilgailua kendu izanaren legezkotasuna eratortzen, eta horregatik adierazi da aurrekoa. Ibilgailua kentzeko legezko kasua egotea beharrezko baldintza da ibilgailua kentzeko, baina ez da baldintza nahikoa; izan ere, behin-behineko neurria izaki, gertatutako zirkunstantzien balorazioa eskatzen du ibilgailua kentzeak, eta balorazio horrek gomendagarri egin behar du ezaugarri horiek dituen neurria hartzea, berehalako efektu juridiko eta materialak disuena.

    Herri Administrazioen Araubide Juridikoaren eta Administrazio Prozedura Erkidearen Legeak 54. artikuluan eskatu du behin-behineko neurrien arrazoiketa, neurri mota horien izaerak eta xedeak berezkoa baitaukate hori, eta jazotako zirkunstantzien balorazioa behar du arrazoiketa horrek. Bada, hori ez da bateragarria eremu horretan arauzko ezarpena edo ezarpen tasatua aplikatzearekin.

    Horri dagokionez, jurisprudentziak behin eta berriz gogorarazten du proportzionaltasun printzipioa mugaketa materiala dela behin-behineko neurriak hartzeko orduan, eta, ildo horretan, Konstituzio Auzitegiak adierazi du behin-behineko neurri ez-proportzionalak edo ez-arrazoizkoak, gehiegikerian, izaera zigortzailea hartzen duela (horrela, adibidez, Konstituzio Auzitegiaren 104/1995 epaian).

  7. Ondorioz, ibilgailua kentzeko neurriari buruzko berariazko justifikaziorik ez dagoenez, eta erakunde honen iritziz ez dagoenez neurri hori zehazteko legezko arrazoirik, aipatu kentzea efekturik gabe uzteko gomendatzen da, eta, hortaz, bildutako zenbatekoa itzultzeko eragindakoari.

  8. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, beharrezkoa ikusi dut:
    1. Iruñeko Udalari gogoraraztea agintariek eta funtzionarioek errespetuzko eta adeitasunezko tratua eman behar dietela herritarrei, eta beraien eskubideak erabiltzea zein betebeharrak betetzea erraztu behar dietela.

    2. Iruñeko Udalari gomendatzea efekturik gabe utz dezala kexaren xede den ibilgailu kentzea, eta kontzeptu horrekin bildutako zenbatekoa itzul dezala.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Iruñeko Udalak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezala, aginduzkoa baita, gogorarazpen hau onartzen duen ala ez, eta, hala balitz, baita betebeharrak betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen adieraz dezala ere.

Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gogorarazpena eta gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2014 urteari dagokionean, sartzea ekarriko du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia