Partekatu edukia
Trafikoa eta bide-segurtasuna
Gaia: Disconformidad con denuncia de tráfico.
Trafikoa
Presidentetza, Justizia eta Barne kontseilaria
______________________________________
Iruñeko alkatea
Kontseilari jauna:
2014ko abenduaren 30ean, [...] andreak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Horren bidez, kexa formulatu zuen Presidentetza, Justizia eta Barne Departamentuaren aurrean, trafiko gaietako zigortzeko espediente bati buruzkoa, ez ziotelako momentuan jakinarazi agintaritzako agenteak formulatutako salaketa.
Zera azaldu zidan idazki horretan:
2014ko urriaren 30ean, 08:50ean, Foruzaingoak semaforo batean geratu zuen, gidatzen ari zela mugikorra erabiltzeagatik. Une horretan bertan, arau-hauste larria egin zuela jakinarazi zion Foruzaingoak, eta isunaren bidez eta puntuak kenduta zigortuko zutela. Informazio hori ahoz eman zioten, salaketa bi asteko epean etxean jakinaraziko ziotela komunikatuz.
2014ko abenduaren 29an, Iruñeko Udalaren salaketa-jakinarazpena jaso zuen, 2014ko urriaren 30ean egindako arau-hauste baten ondoriozkoa. Gidabaimenetik hiru puntu kendu zizkioten, eta 200 euroko isuna ezarri zioten, % 50eko murrizketarekin, 2015eko otsailaren 15a baino lehen abonatuz gero. Era berean, jakinarazpenean idatziz jaso zuten salaketa ez zela unean bertan jakinarazi beste polizia kidego batek jakinarazi zuelako.
Salaketa kentzeko eta puntuak itzultzeko eskatu zuen, jakinarazpena ez zelako egitateen unean egin, eta salaketa salatzailearena ez zen organo batera lekualdatu zelako.
Ondoren, Presidentetza, Justizia eta Barne Departamentura eta Iruñeko Udalera jo nuen, sortutako kontuari buruzko argibideak eman ziezazkidaten.
Zera adierazi da aipatu Presidentetza, Justizia eta Barne Departamentuaren txostenean:
"Foruzaingoak [...] andrea salatu zuen 2014ko urriaren 30ean, gidatzen ari zela mugikorra erabiltzeagatik. Salaketa ahoz jakinarazi zion, eta ezin izan zuen idatziz egin, zerbitzuko beharrengatik alde egin behar izan zutelako lekutik, salaketan bertan jaso den besaba.
Jarraian, Iruñeko Udalari bidali zioten salaketa, horixe baita zigortzeko eskumena duen administrazioa, bere udal-mugartean gertatutako trafikoko arau-haustea izaki.
Iruñeko Udalak 2014ko abenduaren 30ean egin zuen idatzizko lehenengo jakinarazpena, eta une horretatik aurrera hasi ziren epeak igarotzen.
[...] andreak isuna ordaindu zuen, eta ez du inolako errekurtsorik jarri (salaketa, udalaren jakinarazpena, jaso izanaren agiria eta ordainketaren ziurtagiria erantsi dira)".
Iruñeko Udalaren txostenean zera azaldu da:
"2014ko urriaren 30ean, Foruzaingoak [...] salatu zuen, gidatzen ari zela mugikorra erabiltzeagatik.
Foruzaingoak Iruñeko Udalari igorri zion salaketa, horixe baitzen zigortzeko espedientea izapidetzeko eskudun erakundea.
Salaketa unean bertan jakinarazi ez zenez, [...ri] bidali zioten, eta 2015eko urtarrilaren 19an jaso zuen. Isunaren zenbatekoari zegozkion 100,00 euroak ordaindu zituen, % 50eko deskontuarekin".
Islatu den bezala, trafiko gaietako zigortzeko prozedura bati buruzkoa da kexa. Iruñeko Udalak izapidetu du zigortzeko prozedura hori, Foruzaingoak unean jakinarazi ez zuen salaketa baten harira. Salaketa egitateen datan jakinarazi ez zenez, zigortzeko espedientea efekturik gabe uzteko eskatu du interesdunak.
Presidentetza, Justizia eta Barne Departamentuak eta Iruñeko Udalak berretsi egin dute salaketa ez zela unean jakinarazi, igorritako txostenetan adierazitako arrazoiengatik.
"Salaketak salatutako egintzan jakinaraziko dira.
Ibilgailua geratzeak zirkulaziorako arriskua ekar dezakeen zirkunstantzietan formulatzen bada salaketa. Kasu horretan, salaketa unean jartzea eragozten duten arrazoi zehatzak adierazi beharko ditu agenteak.
Salaketa ibilgailua aparkatuta dagoenean formulatzen bada, gidaria bertan ez dagoela.
Agente salatzailea trafikoa zaintzeko eta kontrolatzeko lanak egiten egotea eta ibilgailua jarraitzeko bitartekorik ez edukitzea".
Hemen interesatzen zaigunerako, lehenik eta behin, aipatu legezko xedapenetik ondoriozta daiteke trafikoa zaintzeko zereginak dituzten agenteen legezko betebeharra dela salaketak unean jakinaraztea. Hortaz, ez dago askatasunik iritziaren arabera erabakitzeko salaketa egitateen unean jakinaraziko den ala ez. Agintaritzako agenteek adierazten dutenari egozten zaion legezkotasun presuntzioa dela-eta (aipatu 95. artikuluan adierazitakoa), jakinarazpena egitateen unean egitea eragindako herritarrentzako bermea delako ezarri da legezko betebehar hori, berme horrek eragindakoaren defentsarako aukeran, eta, bereziki, egitateen proban eragiten duen edo eragin dezakeen neurrian.
Bigarrenik, aurrekoaren ondorioz, legezko xedapenetik ondoriozta daiteke legegileak berariaz finkatutako kasuetan bakarrik jo daitekeela baliozkotzat salaketa unean ez jakinaraztea eragindakoari. Kasu horiek ezin daitezke modu zabalean interpretatu, arau orokorraren salbuespena eta salatuaren bermea baitira.
Aurrekotik abiatuta, erakunde honek Iruñeko Udalak interesdunari bidali zion salaketaren jakinarazpenean ikusi du, salaketa formulatu zen unean ez jakinarazteko arrazoi gisara, beste polizia kidego batzuek jakinarazi zutela adierazi zela.
Bestalde, Presidentetza, Justizia eta Barne Departamentuak igorritako txostenean, agenteak salaketan idatzi zuenaren ildoan, unean bertan zerbitzuko beharrengatik jakinarazi ez zela adierazi da.
Erakunde honen ustez, ez zirkunstantzia bat, ez bestea, ez dira nahikoak unean jakinarazteko legezko betebeharra atzeratzeko. Erakunde honen ustean, argudiatu diren arrazoiek ez dute lekurik legegileak aurreikusitako salbuespenezko kasuetan, lehen transkribatutako 76.2. artikuluan aurreikusitakoak izaki.
Are gehiago, adierazi beharra dago, batetik, agente salatzailea herri-administrazio zigortzailekoa ez izateak, eta materialki Iruñeko Udalarekiko lankidetza jarduera funtzionalean aritzeak, ez diela salatuaren egoera juridikoari eta horren prozedurazko bermeei eragin behar, jakinarazpena arau-haustearen unean jasotzeko bermea barne hartuta; eta, bestetik, zerbitzuko beharrak aipatzeak, aipamen orokorra baita, eta behar horiek justifikatzeko kausatzat onartzeak hutsaldu egingo lituzkete, edo, behintzat, lausotu, salbuespenezko kasuak eta horien izaera finkoa.
Presidentetza, Justizia eta Barne Departamentuari gogoraraztea trafikoko salaketak unean jakinarazteko legezko betebeharra duela, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bateginaren 76.2. artikuluak finkatutako kasuetako bat gertatu ezean.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Presidentetza, Justizia eta Barne Departamentuak eta Iruñeko Udalak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezatela, aginduzkoa baita, gogorarazpen hau onartzen duten ala ez, eta, hala balitz, baita betebeharrak betetzeko hartutako neurriak onartzen dituzten ala ez adieraz dezatela ere.
Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gogorarazpena edo gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2015 urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia