Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q14/1011/U) Ebazpena. Horren bidez, Sustapen Departamentuari eta Nasuvinsari iradoki zaie aztertu dezatela interesduna bizi den etxebizitza babestuaren alokairu kontratuaren berritzea aurreratzea, 2015eko otsailaren 1etik aurrerako efektuekin, eta errentaren prezioaren % 75eko diru-laguntza eman diezaiotela datorren urterako.

2015 urtarrila 29

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Denegación de concesión de subvención de VPO

Etxebizitza

Sustapen kontseilaria

Kontseilari jauna:

  1. 2014ko abenduaren 11n, [...] andreak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Bertan, kexa bat formulatu zuen Sustapen Departamentuaren aurrean; izan ere, ez zaio babestutako etxebizitza baten errentamendurako diru-laguntza eman 2014ko abendutik aurrera, nahiz eta halaxe adierazi zion Nasuvinsak.

    Zera azaldu zidan idazki horretan:

    1. 1993ko maiatzaren 1ean, Altzuza Kontzejua kaleko 4. zenbakiko 3. ezkerrean dagoen etxebizitza babestuaren errentamendu kontratua sinatu zuen. Nasuvinsaren jabetzakoa da gaur etxea.

    2. 2014ko maiatzaren 1ean, alokairu kontratua berritzean, ordura arte zuen diru-laguntza kendu zioten, araudian ezarritako gutxieneko sarrerak ez edukitzeagatik.
    3. Jada ezin daitezke aipatu gutxieneko sarrerak eska, eraikinen ebaluazio txostena arautu duen azaroaren 12ko 108/2014 Foru Dekretuaren lehenengo azken xedapenaren laugarren atalaren arabera.

      Horregatik, eta bere burua desjabetze hurren batera bulkatuta ikusten zuenez, Nasuvinsako bulegoan jakinarazi zioten 2014ko abendutik aurrera eman ahalko zitzaiola diru-laguntza, bi baldintzarekin: alokairuaren errenta gisa pilatuta zuen zorraren ordainketarako konpromisoa sinatzea eta gizarteratzeko errentaren emakidarako ebazpena aurkeztea.

    4. Jarraibide horiek jarraituta, pilatutako zorraren ordainketarako konpromisoa sinatu zuen 2014ko azaroaren 17an. Era berean, Gizarte Politika eta Kontsumo Zuzendaritza Orokorraren azaroaren 17ko 1767/2014 Ebazpena aurkeztu zuen, Pertsonak Garatzeko eta Gizarteratzeko Arreta Zerbitzuaren zuzendariarena. Horren bidez, gizarteratzeko errenta eman zitzaion, hileroko 503,82 euroko zenbatekoan.
    5. Aipatu zentzuan jokatu bazuen ere, diru-laguntza ez zitzaiola 2014ko abenduan emango jakinarazi zioten Nasuvinsako langileek, telefono bidezko elkarrizketa bidez, eta alokairu kontratuaren hurrengo berritzetik aurrera emango zitzaiola, 2015eko maiatzaren 1etik aurrera, alegia.

      Argudiatu ziotenez, Gizarte Politika Departamentuaren ebazpena 2014ko apirilean ez aurkezteagatik atzeratu zioten emakida.

    6. Bere ustean, aurreko arrazoiak ez du diru-laguntza abenduan ez eman izana zuritu, izan ere, 2014ko abenduan ez zen oraindik gutxieneko sarreren betekizuna kendu, eta ez zuen gizarteratzeko errenta eskatu ere egin.
    7. Langabezian dago, bere bi seme-alabak bezala, eta horiekin bizi da. Egun, zailtasunak dauzka hileroko alokairuaren kuota eta pilatutako zorra ordaintzeko, bai eta ura, argia, komunitatea eta eguneroko gainerako gastuak ordaintzeko ere.

      Horregatik guztiagatik eskatu zuen Nasuvinsa enpresak diru-laguntza 2014ko abendutik aurrerako efektuekin emateko, bai langileek emandako jarraibideei begiratuta, bai langileek horiek betetzeari erreparatuta.

  2. Jarraian, Sustapen Departamentuari eman nion kexaren berri, gaiaren gainean informa nintzan.

    Zera azaldu da jasotako txostenean:

    "2014ko abenduaren 18ko zure idazkiari dagokionez, Q14/1011/U espedienteari buruzkoa berau, [...] andreak aurkeztutako kexaren ondorioz ireki dena ez zaiolako 2014ko abendutik aurrera eman babestutako etxebizitzaren errentamenduarengatiko diru-laguntza, nahiz eta halaxe adierazi zioten NASUVINSAko langileek, zera jakinarazten dizu Sustapen Departamentuak:

    [...] andrea 1993tik da NASUVINSAren jabetzakoa den babestutako etxebizitzako maizterra.

    2014ko maiatzean berritu zen errentamendu kontratua, eta ez zitzaion zegokion diru-laguntza onartu kexagilearen sarrerak ez zirelako gutxieneko 3.000 eurora iritsi 2012ko errenta aitorpenean (une hartan ez zegoen 2013ko errentaren epea amaituta), araudi aplikagarrian jasotzen zen bezala (irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretua).

    Gainera, alokairuaren zortzi ordainagiri zituen kexagileak ordaintzeke, 2.390,90 euroko zenbatekoan guztira. Diru-laguntza ez egokitzeko beste arrazoi bat zen hori. Une hartan, % 50ekoa zen diru-laguntza.
    Gaur, alokairuaren 15 ordainagirikoa da zorra, 4.757,16 eurokoa guztira. Komunitatearekin ez dago zorrik.

    Pilatutako zorraren aurrean, maizterrarekin harremanetan egon zen NASUVINSA, arazoa konpontzen saiatzeko. Zehazki, foru dekretu bat onartzeko zain zegoen orduan aipatu sozietate publikoa. Besteren artean, xedapen gehigarri bat edukiko zuen. Horren arabera, babestutako etxebizitza baten alokairu kontratua berritzeari zegokion diru-laguntza jaso ahal izateko gutxieneko sarrerak egiaztatzeko betekizuna kenduko zen, eta gizarte bazterketa egoeran dauden errentariek euren egoera pertsonala, lanekoa edo ekonomikoa txartuta ikusteko duten aukerari erreparatuta, hurrengo urterako, errentaren % 75eko diru-laguntza eduki ahal izatea ere ikusi da.

    2014ko azaroaren 12an onartu zen aipatu foru dekretua, eta NAOn argitaratu zen azaroaren 17an (zehazki, Eraikinen Ebaluazio Txostena arautzeko azaroaren 12ko 108/2014 Foru Dekretua da).

    2014ko azaroaren 17an bertan, babestutako etxebizitzaren errentamenduarengatiko diru-laguntza eska zezakeela jakinarazi zitzaion [...] andreari, horrelaxe interpretatu baitzuen NASUVINSAk indarrean zegoen araudi berria. Modu berean, ordaintzeke zituen zorrak ordaintzeko konpromisoa sinatzea proposatu zen, berankortasun horrek diru-laguntzaren emakida ez egokitzea ekar zezakeenez, oztopoa kentzeko.

    Horrela, zegokion konpromisoa sinatu zen, eta [...] andreak diru-laguntza jasotzeko zuen aukeraren berri emateko eskatu zitzaion Sustapen Departamentuari posta elektronikoz, aipatu 108/2014 Foru Dekretuan ezarritakoari erreparatuta.

    Alabaina, diru-laguntza ematea ezinezkoa zela erantzun zuen Sustapen Departamentuak; izan ere, 108/2014 Foru Dekretuaren lehenengo azken xedapenaren laugarren atalak ezarri du errentamendu kontratuen berritzeetan edo luzapenetan bakarrik izango direla egokiak aldaketa horiek, eta, esku artean dugun kasuan, ez da 2015eko apirilera arte gertatuko.

    Era berean jakinarazi zen, errentamendu kontratuaren hurrengo berritzea izapidetzean, [...] andreak gizarteratzeko errentaren emakidari buruzko ebazpena aurkeztu ahal izango duela gizarteratzeko errentaren emakidaren aitortza eskatzeko, 108/2014 Foru Dekretuaren lehenengo azken xedapenaren laugarren atalak ezarritakoari jarraiki.

    Beste alde batetik, egokia da jakinaraztea NASUVINSAk, pilatutako zorra hor egonda ere, ordainketarako konpromisoa sinatu duela kexagilearekin, eta oraingoz ez dela desjabetze prozedurarik abiaraziko, egoera konpon daitekeelakoan".

  3. Islatu den bezala, interesduna bizi den babestutako etxebizitzaren alokairurako diru-laguntza 2014ko abendutik aurrerako efektuekin eman ez delako aurkeztu da kexa, nahiz eta Nasuvinsak, azaroaren 12ko 108/2014 Foru Dekretua onartu zela ikusita, emango zitzaiola jakinarazi zion.

    Kasuaren egitateei dagokienez, funtsean bat egin dute interesdunaren eta Sustapen Departamentuaren bertsioek. Horregatik, erakunde honek ondorioztatu du, hain zuzen ere, diru-laguntza emango zitzaiolako itxaropena sortu zela [...] andrearengan, aipatu foru dekretua indarrean sartutakoan. Zorra dagoela aitortzen duen eta ordaintzeko konpromisoa jaso duen dokumentuak, 2014ko azaroaren 17koa denak eta bi aldeek sinatu dutenak, lagundu egin dio ondorio horri.

    Zapuztu egin zen itxaropen hori, Sustapen Departamentuak, diru-laguntza emateko eskuduna izaki, diru-laguntza kontratuaren urteroko hurrengo berritzearekin egokituko litzatekeela balioetsi baitu.

  4. Erakunde honen iritziz, 2014ko abendutik aurrera, diru-laguntza bidez, errentaren prezioari murrizketa aplikatuko zitzaiolako uste oso legitimoa eta konfiantza sortu ziren aldeen arteko (Nasuvinsaren eta interesdunaren) kontratu harremanean, ordainketa kostua arinagoa izango zelarik horrela, jasaten ari ziren zailtasunak gogoan hartuta.

    Horri guzti horri erreparatuta, interes orokorra eta eragindakoaren interesa bateratuko dituen irtenbidea lortze aldera, alokairu kontratuaren berritzea aurreratzea azter dadin iradokitzen du erakunde honek, 2015eko otsailaren 1etik aurrerako efektuekin, errentaren prezioaren % 75eko diru-laguntza emanez hurrengo urterako, egun jasotzen duen gizarteratzeko errentan oinarrituta (azaroaren 17ko 1767/2014 Ebazpena, gizarteratzeko errenta 2014ko azaroaren 1etik 2014ko apirilaren 30era arte aitortzen duena), eta irailaren 18ko 61/2013 Foru Dekretua moldatu duen azaroaren 12ko 108/2014 Foru Dekretuaren lehenengo azken xedapenaren laugarren atalari jarraiki, zeinaren bidez jarduera babesgarriak arautu diren babestutako etxebizitza gaietan.

    Erakunde hau jakitun bada ere irtenbide horrek, aldeen jarreren tartekoa izanik, ez diola indarrean dagoen araudiaren aplikazio tasatuari erantzuten, horrekin bateragarria dela balioetsi du, eta proportzionalki erantzuten diola sortu den egoerari, eta kexagilearen zailtasuna arintzen lagun lezakeela eta, azken finean, etxebizitzaz gozatzeko duen eskubidea babesten lagun lezakeela.

  5. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, egoki ikusi dut:

    Sustapen Departamentuari eta Nasuvinsari iradokitzea aztertu dezatela interesduna bizi den etxebizitza babestuaren alokairu kontratuaren berritzea aurreratzea, 2015eko otsailaren 1etik aurrerako efektuekin, eta errentaren prezioaren % 75eko diru-laguntza eman diezaiotela datorren urterako.

Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluan ezarritakoarekin bat eginez, gehienezko bi hilabeteko epea dauka Sustapen Departamentuak, arauzkoa izaki, iradokizuna onartzen duen jakinarazteko, eta, hala balitz, berau betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen adierazteko.

Adeitasunez, eta zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia