Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren (Q14/1001/F) Ebazpena. Horren bidez, Hezkuntza Departamentuari gomendatu zaio aitor dezala kexagileak 2014. urtean hogeita zazpi opor egunez gozatzeko duen eskubidea, xede horretarako falta diren egun gehigarriak emanez.

2015 urtarrila 23

Función Pública

Gaia: Disconformidad con los días reconocidos de vacaciones.

Funtzio publikoa

Hezkuntza kontseilaria

Kontseilari jauna:

 

  1. 2014ko abenduaren 5ean, [...] andreak aurkeztutako idazkia jaso nuen. Bertan, kexa bat formulatu zuen Hezkuntza Departamentuaren aurrean; izan ere, ez dago Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 14ko 2494/2014 Ebazpenarekin ados, hamazortzi opor egun aitortu baitzaizkio horren bidez.
  2. Jarraian, Hezkuntza Departamentura jo nuen; bai kexaren berri ematera, bai piztutako kontuari buruzko informazioa eman ziezadaten eskatzera.

    Zera adierazi da jasotako txostenean:

    "Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 14ko 1675/2014 Ebazpenez, ordaindutako lizentzia onartu zaio [...] andreari amatasunarengatik, 2014ko uztailaren 2tik 2014ko urriaren 28ra arte, biak barne.

    Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren uztailaren 14ko 2493/2014 Ebazpenez, ordaindutako baimena onartu zaio [...] andreari, lanaldi osoetan pilatuko duena, bederatzi hiletik beherako seme-alaba edoskitzeagatiko baimenari dagokion denboran.

    Aipatu baimenaren emakidak 2014ko urriaren 29tik 2014ko azaroaren 17ra arteko indarraldia izango du, biak barne.

    [...] andreak, lan kontratu mugagabea duenak eta erlijio katolikoko irakasle denak, lanpostua Iruñeko Doña Mayor de Navarra haur hezkuntzako eta lehen hezkuntzako herri ikastetxean duenak, eskaria aurkeztu du 2013-2014 ikasturteari dagozkion oporren gozamena atzeratzeko eskatuz.

    Hezkuntza Departamentuko Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 14ko 2494/2014 Ebazpenez, 18 opor egun aitortu zaizkio [...] andreari, 2014ko azaroaren 18tik 2014ko abenduaren 15era arte gozatu beharrekoak, biak barne.

    Nafarroako Gobernuaren 2007ko urtarrilaren 15eko Ituna da langileen oporrak berariaz arautu dituen foru araudia. Horren bidez, langileen Hitzarmen Kolektiboa onartu da. Zera ezarri du 23. artikuluan:

    1. "Hitzarmen honek eragindako langileek, zerbitzu aktiboan egindako urte oso bakoitzean zehar, 27 laneguneko opor ordainduez gozatzeko eskubidea izango dute, edo, zerbitzu aldia txikiagoa izan bada, proportzioan egokituko litzaizkiekeen egunez gozatzeko eskubidea izango dute.

       

    2. Zerbitzua ikastetxeetan ematen duten langileek zentroaren jardunik gabeko aldian gozatu beharko dituzte ordaindutako oporrak, zerbitzuaren beharrizanek aurkakoa ezarri ezean".

      Irakasleek gozatu beharreko oporraldia zehazteko orduan, oinarri honetatik abiatu behar da: arestian aipatutako 27 lanegun horiek Hezkuntza, Lan Heziketa eta Unibertsitateetako zuzendari orokorraren ebazpenak ikasturte akademiko bakoitzerako eta hezkuntza zentroetarako aurreikusitako jardunik gabeko aldietan zehar zenbatu behar dira.

      Hezkuntza, Lan Heziketa eta Unibertsitateetako zuzendari orokorraren apirilaren 23ko 192/2013 Ebazpenak zehaztu ditu jardunik gabeko aldiak, ebazpen horrek onartu baititu Nafarroako Foru Komunitatean Haur Hezkuntzako bigarren zikloa, Lehen Hezkuntza, Hezkuntza Berezia, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza eta Batxilerra irakaskuntza arautuan ematen duten zentroei dagokien eskola egutegia eta ordutegi orokorra 2013-2014 ikasturterako egiteko jarraibideak (Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 86. zenbakia, 2013ko maiatzaren 8a).

      Aipatu ebazpenari jarraiki, 2013-2014 ikasturtea 2013ko irailaren 2an hasiko dela eta 2014ko ekainaren 30ean amaituko dela ezarri da.

      Gabonetako oporrei dagokienez, horien iraupena abenduaren 21etik urtarrilaren 7ra bitartekoa izango dela ezarri da, bi egunak barne, eta Aste Santuko oporrak apirilaren 17tik apirilaren 27ra bitartean izango direla, biak barne.

      Era berean, Nafarroarako ohiko lan egutegian ezarritakoak ezarri dira jai egun gisa (urriaren 12a, azaroaren 1a, abenduaren 3a, abenduaren 6a, martxoaren 19a eta maiatzaren 1a), hezkuntza mailako zaindariaren jaia (azaroaren 27a) eta zentroaren herriari dagokion jaia.

      Gutxieneko 175 eskola egun ezarri dira. Eskolarik gabeko lanegunak izango dira hezkuntza zentroak eskola egun hautatutakoen gainetik dauden gainerako egunak, eskola eguntzat jo ez badira.
      Ondorioz, Hezkuntza, Lan Heziketa eta Unibertsitateetako zuzendari orokorraren apirilaren 23ko aipatu 192/2013 Ebazpenean, bereizi egin dira Gabonetako eta Aste Santuko oporrak, jaiegunak eta eskolarik gabeko lanegunak, eta kontuan hartu behar dira eskatzaileari aitortu beharreko opor egunen zenbaketan.

      Beste alde batetik, Langileen Estatutuaren Legearen testu bategina onartu duen martxoaren 24ko 1/1995 Legegintzako Errege Dekretuaren 38.3. artikuluak ezarri du oporren egutegian zehaztutako oporraldiak "bat egiten duenean haurdunaldiaren, erditzearen edo edoskitze naturalaren ondoriozko aldi baterako ezintasunarekin edo lege honen 48.4. eta 48.bis artikuluetan aurreikusitako lan kontratuaren etenaldiarekin, aldi baterako ezintasun datatik edo aipatu agindua aplikatzeagatik egokituko litzatekeen baimenaren gozamen datatik kanpo gozatu ahal izango direla oporrak, etenaldia amaitzean, nahiz eta opor horien urte naturala amaitu den.

      Oporraldiak bat egingo balu aurreko paragrafoan adierazitakoak ez diren gertakizunengatiko aldi baterako ezintasunarekin, eta langileari, oporrei dagokien urte naturalaren barruan, oporraldiaz gozatzea eragotziko balio horrek, osotasunean edo zati batean, langileak bere ezintasuna amaitutakoan gozatu ahal izango du oporrez, beti ere, sortu diren urte amaieratik hamazortzi hile baino gehiago igaro ez badira".

      [...] andrearen espediente pertsonalean jaso den informazioarekin bat eginez, 2014ko uztailaren 2tik 2014ko urriaren 28ra bitartekoa da lan-kontratuaren erditzeagatiko etenaldia, bi egun horiek barne; ordaindutako lizentzia aitortu zaio, erditzeagatik, 2014ko uztailaren 2tik 2014ko urriaren 28ra, biak barne, 2007ko urtarrilaren 15eko Itunaren 27.1. artikuluari jarraiki, eta 2014ko urriaren 29tik 2014ko azaroaren 17ra bitartekoa da edoskitzeagatiko baimenaren pilaketa, lanaldi osotan egina, bi egun horiek barne.

      Interesdunak gozatu beharreko opor egunak zehazteko orduan, 2013-2014 ikasturteari dagozkionak, Hezkuntza, Lan Heziketa eta Unibertsitateetako zuzendari orokorraren apirilaren 23ko 192/2013 Ebazpenarekin eta langileen hitzarmen kolektiboarekin bat etorriz, aipatu ikasturteari dagozkion 27 opor egun horietatik 9 opor egun deskontatu zaizkio [...] andreari, 2013ko Gabonetako oporretan gozatu zituelako. Beraz, 18 opor egun dagozkio guztira".

    3. Islatu den bezala, interesdunari, Hezkuntza Departamentuaren zerbitzura modu mugagabean kontratatutako langileari, hamazortzi opor egun aitortzeagatik aurkeztu da kexa (Giza Baliabideen Zerbitzuko zuzendariaren urriaren 14ko 2494/2014 Ebazpena).

      Kexa-idazkian eta Hezkuntza Departamentuaren txostenean arrazoitutakoari erreparatuta, eztabaida dago dagozkion egunen kalkulua egin aurreko kontu baten gainean: erreferentziazko aldia zein izan behar den. Horrela, interesdunaren ustez, urte naturala aldi hori da (2014); Hezkuntza Departamentuaren ustean, ordea, eskolako ikasturtea da aldia (kasu honetan, 2013/2014 ikasturtea).

      Ondorioztatu denaren arabera, kasu honetan behintzat, desakordioak garrantzi praktikoa dauka; izan ere, kexagileak 2014. urteko zati handi batean eduki du lan-kontratua etenda, bai haurdunaldiarengatik, bai geroko amatasunarengatik.

    4. Langileen Estatutuak, bere 38. artikuluan, aitortu egin du ordaindutako urteroko oporretarako eskubidea.

      Bestalde, aplikatu beharreko hitzarmen kolektiboak, Hezkuntza Departamentuak igorritako txostenean aipatu denak, zera adierazi du 23. artikuluan:

      1. "Hitzarmen honek eragindako langileek, zerbitzu aktiboan egindako urte oso bakoitzean zehar, 27 laneguneko opor ordainduez gozatzeko eskubidea izango dute, edo, zerbitzu aldia txikiagoa izan bada, proportzioan egokituko litzaizkiekeen egunez gozatzeko eskubidea izango dute.
      2. Zerbitzua ikastetxeetan ematen duten langileek zentroaren jardunik gabeko aldian gozatu beharko dituzte ordaindutako oporrak, zerbitzuaren beharrizanek aurkakoa ezarri ezean".

        Aginduaren lehen atalak ezarritakoarekin bat eginez, Nafarroako Foru Komunitateko administrazioko langileei oro har aplikagarria izaki, irakasleei barne, eta oporren urteroko izaerarekin, zerbitzu aktiboan aritutako urte oso bakoitza da oporrak zenbatzeko erreferentziazko aldia. Urte naturalarekin bat egiten du esapide horrek, langilea urte osoan zehar egon bada zerbitzu aktiboan. Hortaz, zerbitzu aktiboan egindako denbora hartu behar da kontuan. Kontzeptu juridiko hori eta ikasturtea ezberdinak dira, azken horrek iraupen ezberdina baitu, edo zerbitzu aktiboan egindako denboraz bestelakoa izan baitaiteke.

        Ez da horrekin bateraezina hitzarmenaren bigarren atalak berariazko arau bat edukitzea irakasleentzat. Oporraldiak eta zentroaren jardunik gabeko aldiak bat egin dezatela ziurtatzeko betebeharrari buruzkoa da arau hori.

    5. Aurrekoak bultzatu du erakunde hau ondorioztatzera kexagileak hogeita zazpi opor egunez gozatzeko eskubidea zuela 2014an; hortaz, aipatu urteko zenbaketan egun gutxiagoz gozatu bazuen, falta diren egun horiek aitortzeko gomendatu du.

       

    6. Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, egoki ikusi dut:

      Hezkuntza Departamentuari gomendatzea aitor dezala kexagileak 2014. urtean hogeita zazpi opor egunez gozatzeko duen eskubidea, xede horretarako falta diren egun gehigarriak emanez.

 

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Hezkuntza Departamentuak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezala, aginduzkoa baita, gomendio hau onartzen duen ala ez, eta, hala balitz, baita betebeharrak betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen adieraz dezala ere.

Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gomendioa ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2014. urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.

Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia