Partekatu edukia
Euskara
Gaia: El reconocimiento de estudios realizados en el modelo D como equivalente al nivel B2, en procedimientos selectivos de empleo público de las Administraciones publicas de Navarra.
Euskara
Hezkuntza Kontseilaria
Kontseilari jauna:
__________________________________________________
Lehendakaritzako, Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Kontseilaria
Kontseilari andrea:
Berriki, herritar batek erakunde honetara jo du Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan egoera desberdina dela azalduz, autonomia-erkidego bakoitzean Administrazio publikoen enplegu publikorako sarbidean euskaraz egindako ikasketa ofizialen aitortzari dagokionez.
Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan, Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua, Batxiler titulua eta Goi-mailako Teknikari titulua, edo unibertsitateko titulu bat lortzeko dagokion curriculumaren %50 baino gehiago euskaraz ikasi dutenek ez dute, hurrenez hurren, B1, B2, C1 eta C2 mailen baliokideak diren titulurik edo euskarako hizkuntza-ziurtagiririk aurkeztu behar, tituluak edo hizkuntza-ziurtagiriak eskakizun gisa edo meritu gisa kontuan hartzeko eskatzen direnean Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio publikoek deitutako enplegu publikoko aukeraketa- eta zuzkidura-prozeduretan.
Bestalde, Nafarroan, 55/2009 Foru Dekretuak, ekainaren 15ekoak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duenak, 4. artikuluan euskararen ezagutza egiaztatzea arautzen du, eta honako hau adierazten du:
“4. artikulua. Euskararen ezagutza egiaztatzea.
Herri Administrazioen Nafarroako Institutuak deitutako berariazko frogak gaindituz ere egiazta daiteke euskararen ezagutza. Frogak bost zailtasun-mailakoak dira, eta haietako bakoitza kasu bakoitzean adierazitako gehieneko puntuazioaren 1/5 gisa balioetsiko da".
Aurrekotik ondorioztatzen da Nafarroako Herri Administrazioetan euskararen ezagutza egiaztatzeko EGA titulua edo hizkuntzen Europako erreferentzia-marko bateratuko A1, A2, B1, B2 edo C1 mailen baliokideak diren titulu ofizial bat izan behar dela. Era berean, euskararen ezagutza egiaztatzeko, Herri Administrazioen Nafarroako Institutuak (HANI) horretarako prestatutako berariazko frogak gainditzeko aukera ere badago.
Ikus daitekeenez, Nafarroan ez dago Euskal Autonomia Erkidegoko apirilaren 3ko 47/2012 Dekretuaren antzeko araurik ikastetxeetan euskaraz egindako ikasketa ofizialak aintzat hartzeko eta ikasketa horiek gaindituz euskararen ezagutza egiaztatzetik salbuesteko.
Azken urteotan, euskara zabaltzen joan da pixkanaka Nafarroan ikasketa-hizkuntza gisa, eta D eredua errealitate bihurtu da zenbait hezkuntza-mailatan.
Ikastetxe publikoetan nahiz itunpeko ikastetxeetan D ereduetan eskolatu eta ezarritako curriculumeko ikasketak gainditu dituzten eta hori egiaztatzen duen hezkuntza-administrazioaren dagokion titulua lortu duten ikasleei dagokienez, curriculumaren %50 baino gehiago euskaraz ikasi dutenez, aurrez onartzen zaie behar besteko hizkuntza-abilezia dutela hizkuntza horretan, eta, beraz, ez dutela zertan egiaztatu hizkuntza horren behar besteko ezagutza eta erabilerarik, euskarako beste titulu eta ziurtagirien edo froga gehigarrien bidez.
Jakina denez, euskara Nafarroako berezko hizkuntza da eta euskal eremuetako hizkuntza koofiziala, eta Nafarroako Herri Administrazioek enplegu publikoan sartzeko eskakizun gisa eska dezake, edo kualifikatutako meritu gisa, beste meritu batzuen artean.
Urteroko errealitateak erakusten du D ereduko hezkuntza-mailak gainditu dituzten ikasleen euskararen ezagutza eta erabilera euskararen ezagutza egiaztatzeko probetara aurkezten direnen baliokidea dela, mailaren arabera. Aipatutako Euskal Autonomia Erkidegoak ere hala onartzen du eta hezkuntza-mailak gainditzea eta euskararen ezagutzaren baliozkotasuna baliokide bihurtzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Herri Administrazioetako enplegu publikoan sartzeko.
Aurrekoa ikusita, erakunde honi egokia iruditu zaio Hezkuntza Departamentuari eta Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari iradokitzea, nork bere eskumenen esparruan, edo, hala egokituz gero, guztiek batera, sakonki azter dezatela Nafarroako ikastetxe publiko eta kontzertatuetan euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzeko aukera, eta egiaztagiriak –tituluak, ziurtagiriak edo froga gehigarriak– aurkezteko salbuetsita egon daitezen dagokion curriculuma (Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua, Batxiler titulua, Goi-mailako Teknikari titulua ….) D ereduan egin eta gainditu duten eta hezkuntzako Administrazioak emandako titulua aurkeztu dutenak, soilik Nafarroako Administrazio publikoek deitutako enplegu publikoko aukeraketako eta zuzkidurako prozeduretan euskara balioesteko.
Ikus daitekeenez, iradokizun horren helburu bakarra euskararen ezagutzaren egiaztatzea erraztea da eta ez gaur egun egiaztatze horretatik eta dagokion hizkuntzaren ezagutzatik lor daitezkeen puntu gehiago ematea.
Beraz, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legea betez, iradokizun hau egitea egoki iritzi du:
Hezkuntza Departamentuari eta Funtzio Publikoko, Barneko eta Justiziako Departamentuari iradokitzea, nork bere eskumenen esparruan, edo, hala egokituz gero, guztiek batera, sakonki azter dezatela Nafarroako ikastetxe publiko eta kontzertatuetan euskaraz egindako ikasketa ofizialak onartzeko aukera, eta egiaztagiriak –tituluak, ziurtagiriak edo froga gehigarriak– aurkezteko salbuetsita egon daitezen dagokion curriculuma (Bigarren Hezkuntzako Graduatu titulua, Batxiler titulua, Goi-mailako Teknikari titulua ….) D ereduan egin eta gainditu duten eta hezkuntzako Administrazioak emandako titulua aurkeztu dutenak, soilik Nafarroako Administrazio publikoek deitutako enplegu publikoko aukeraketako eta zuzkidurako prozeduretan euskara balioesteko.
Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2 artikuluan xedatutakoa betez, Hezkuntza Departamentuak bi hilabeteko gehieneko epea du guri jakinarazteko, aginduzkoa denez, iradokizuna onartzen duen eta, hala bada, zer neurri hartu dituen edo hartuko dituen horri dagokionez.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain geratzen naiz.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia