Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Falta de autorización en exhibiciones de rapaces.
Ingurumena
Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio kontseilaria
Kontseilari jauna:
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak, 16. eta 18. artikuluetan, parlamentuko goi mandatari hau ahalbidetu du ofizioz abiaraz ditzan Nafarroako Herri Administrazioen jarduerak edo jarduerarik ezak gainbegiratzeko txostenak, herritarren eskubideen babes maila babesteko eta hobetzeko duen zereginari jarraiki, eta, horien ondorioz, legezko betebeharrak gogorarazteko eta iradokizunak edo gomendioak luzatzeko ere ahalbidetu du.
Azken aldian, zenbait kexa izapidetu dira erakunde honetan Nafarroako tokiko hainbat erakunderen aurrean, erakunde horiek sustatutako ekimenen baitan, hegazti harraparien erakusketak egiteagatik. Aipatu kexetan, besteren artean, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuak baimena eskatzeko duen legezko betebeharra ustez bete ez izana dago, eta indarrean dagoen ordenamenduari jarraiki baimen hori eska zitekeela argudiatu da.
Kexen hartzaile diren toki erakundeek emandako erantzunetan, adierazitako kontuari buruz, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuarekin kontsultatu zela argudiatu zen, eta baimena nahitaezkoa ez zela baietsi zuela azken horrek, izan ere, itxian hazitako hegaztiak baitziren.
Badakizun bezala, kexa horietako bati dagokionean (14/1943 espedientea, non Kaparrosoko Udalaren aurrean jarri baitzen toki erakundearen aurkako kexa), zure zuzendaritzapeko departamentuaren txostena eskatu nuen, eta, funtsean, aurretik esandako irizpidea baieztatu zen bertan. Hala, zera jakinarazi zuen aipatu txostenean, Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuak:
Horri dagokionez, zera jakinarazi du Biodibertsitatea Gordetzeko Zerbitzuak: behin jarduera eginda, Kaparrosoko Udalaren deia jaso zela, aipatu erakusketa egiteko Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuaren baimena edukitzea beharrezkoa zen galdezka. Itxian hazitako hegaztien erakusketa zenez, baimena ez zela beharrezkoa adieraziz erantzun zitzaion horri. Ondoren, hegaztiak legeztatuta eta ehiza-hegaztien erregistroan inskribatuta dauzkan Kaparrosoko herritar bat zela egiaztatu zen.
Gainontzeko kexetan, ez nuen beharrezko ikusi zure departamentuaren txostenik eskatzea, egiazkotzat jo bainuen aipatu kexen hartzaile ziren toki erakundeek jakinarazitakoa (Kaparrosoko Udalak esandakoarekin bat egiten baitzuen, eta departamentuak argudiatutako aipatu irizpide orokorrari buruzkoa baitzen, hau da, itxian hazitakoen kasuetan baimenik ez eskatzekoa).
Erakunde honen iritziz, aipatu ekimenetan nahitaezkoa zen Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuaren baimena, eta espezieak itxian hazi izanak ez du aurkakoa adierazten.
Ondokotik atera da ondorio hori:
Animaliak babesteko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeak xedetzat dauka etxeko animaliak eta fauna aloktonoa babesteko arauak ezartzea (1.1. artikulua). Azken talde hori Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean sartutako animalia espezieek osatuko dute, espeziearenak jatorrizkoak ez diren habitatetan sartutakoek, egoera basatian edo otzanean bizi direnek.
Animaliak babesteko maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legeak, 22.1. artikuluan, debekatu egin du Espainiako Estatuan indarrean dauden nazioarteko itunek eta hitzarmenek babestutzat jotako edo desagertzeko arriskuan multzokatutako fauna aloktonoaren espezie horien aleak, arrautzak, kumeak edo espezie horien edozein zati edo produktu edukitzea eta horien erakusketa komertziala egitea; eta 22.2. artikuluak zehaztu du Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean babestutako espezieak edukitzea eta horien erakusketa publikoa egitea baimenduko dela bakar-bakarrik legeztatutako erakunde zoologiko edo zientifikoen arteko truke ez-komertzialak direnean edo erakusketa zoologikoak direnean edo legearen baitako ikuskizun publikoak direnean.
Aipatu 22.2. artikulu horretatik ondorioztatu da, erakunde honek ulertu duenaren arabera, eta kasuari dagokionean, eskudun organoaren (Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentua) baimenaren mende dagoela Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean babestutako fauna aloktonoaren espezieen erakusketa publikoa egitea, eta, gainera, baimen hori aipatu aginduan aztertutako kasuetan baino ezin izango dela eman (horien artean, legezko ikuskizun publikoak daude).
Bestalde, fauna basatia eta horren habitatak babesteko eta kudeatzeko martxoaren 5eko 2/1993 Foru Legeak 10. artikuluaren b) letran ezarri du, Nafarroako fauna basatia babesteko ikuspuntutik, arau horrena baita izatez (1. artikulua), Lurralde Antolamendu eta Ingurumen Departamentuaren aurretiko administrazio baimenaren mende dagoela, beste jarduera batzuen artean, espezie aloktonoen erakusketa publikoa egitea, hilda zein bizirik egon, horien arrautzak, kumeak, zatiak eta eratorriak barne, Espainian indarrean dauden nazioarteko itunek eta hitzarmenek eta Europako Erkidegoko xedapenek babestutzat jo badituzte.
Hegaztiak itxian hazi izana ez zaio ondorio horri kontrajartzen; adierazi den bezala, aloktonoa eta babestutakoa izatea baita garrantzizkoa. Gainera, maiatzaren 31ko 7/1994 Foru Legearen 1.2. aipatu artikuluak Nafarroako Foru Komunitatearen lurraldean sartutako animalia espezieen izaera basati ala otzana aipatu ditu.
Animaliak ehiza-hegaztien erregistroan inskribatuta egotea ere ez zaio aipatu ondorioari kontrajartzen, izan ere, aipatu erregistroa arautzen duen ekainaren 11ko 48/2007 Foru Dekretuaren 43.3. artikuluarekin bat etorriz, edukitza litzateke baimendutako jarduera (eta ez erakusketa), beste espezie batzuk ehizatzeko xedez.
Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, beharrezkoa ikusi dut:
Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuari gogoraraztea baimena eskatzeko legezko betebeharra duela Espainian indarrean dauden nazioarteko itunek eta hitzarmenek eta Europako Erkidegoko xedapenek babestutako fauna aloktonoaren espezieekin erakusketak egiteko orduan, baita horiek itxian hazi badituzte ere.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazio Departamentuak gehienezko bi hilabeteko epean adierazi dezala, aginduzkoa baita, legezko betebeharren gogorarazpena onartzen duen ala ez, eta, hala balitz, baita betebeharrak betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen adieraz dezala ere.
Legezko agindu horretan ezarritakoarekin bat etorriz, gogorarazpena ez onartzeak kasua Nafarroako Parlamentuari azalduko zaion urteroko txostenean, 2015 urteari dagokionean, sartzea ekarri ahal izango du, eta berariaz aipatuko da aldeko jarrerarik eduki ez duen administrazioa, aldeko jarrera edukitzea posible zela uste denean.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia