Partekatu edukia
Ogasuna
Gaia: Deducción fiscal a pensionistas del SOVI.
Ogasuna
Osasun kontseilaria
Kontseilari andrea:
___________________________
Gizarte Politika kontseilaria
Kontseilari jauna:
Bideo-telefonoaren bidezko edo Internetera konektatutako ordenagailuaren bidezko komunikazioa ahalbidetuko duen SBisuala bideo-interpretazio plataforma ezar dezala. Medikuaren eta gorraren arteko komunikazioa erraztuko luke ezarpen horrek, bai lehen mailako arretan, bai ospitaleetan.
Aurrez aurreko interpreteen sistemarekin bateratu liteke sistema hori, bai osasun zentroetan, bai ospitaleetan, guardiako poltsen bidez, hogeita lau orduz egon dadin zerbitzua bermatuta.
Adineko gor asko bakarrik bizi dira beraien etxeetan, hortaz, beharrezkoa litzateke horien komunikazioa bermatzea euren autonomia eta independentzia ziurtatze aldera, bai eta, hala balitz, adineko entzuleak zaintzen dituzten seme-alaba gorren komunikazioa bermatzea ere.
Osasun premietarako eta larrialdietarako balioko luke SBisual bideo-interpretazio sistemaren ezarpenak, erabiltzaile bakoitzak etxean edukiko balu, eta Osasun Departamentuak plataformarako sarbidea balu.
Telelaguntza medailoia ez da batere irisgarria gorrentzat, beraz, beste irtenbide bat bilatu beharko litzaioke arazo horri.
Zera litzateke kontua: osasun premia eta larrialdietan ere komunikazioa bermatzea.
Horrenbestez, Nafarroako Gobernuak sistema hori finantza dezala edo ezar dezala proposatu zuten, bai eta berau erabiltzeko trebakuntza finantza edo ezar dezala ere, osasun langileen eta gorren arteko komunikazioa errazteko xedez, Nafarroako adineko gorren kasuan bereziki.
Hirurogei urtetik gorako gorrak Nafarroako erreferentziazko egoitza geriatriko batean zentraliza ditzatela, beste autonomia erkidego batzuetan egin den bezalaxe; Katalunian edo Madrilen, esaterako. Horrela, zentro geriatriko bakarrean elkartzeko aukera edukiko lukete erabiltzaile gorrek, gainerakoekin komunikatu ahal izateko eta bizi-kalitatea hobetzeko xedez.
Langileak keinu hizkuntzan (LSE) trebatuta egon daitezela, eta gorren komunitatearen ezaugarri psikosozialen ezaugarriak ezagut ditzatela.
Areagotu daitezela adineko gorrentzako diru-laguntza teknikoetarako eta etxea egokitzeko diru-laguntzetarako laguntzak; hala nola, etxebizitza batean gerta daitezkeen seinale akustiko ezberdinei (tinbreei, telefono deiei edo faxen harrerari edo ateen irekierari) konektatutako argidun abisuen ezarpena.
Laguntza gehiago eratu daitezela Nafarroako gorren interesak babesten dituzten elkarteek (adinekoenak, batez ere) kultura eta aisialdi jardueretan parte hartzea sustatu ahal izan dezaten.
Talde honentzako irisgarritasun gaietan indarrean dagoen legedia bete dadila.
Zera jakinarazi zuen Osasun Departamentuak, 2014ko ekainaren 26an:
"Bai Osasun Departamentuak, bai Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak (O-NOZek) harreman ona dute Nafarroako Pertsona Gorren Elkartearekin (ASORNArekin), horixe izaki SBisuala zerbitzua ezartzeko sustatzaile nagusia.
Harreman horren testuinguruan, adibide bat jartzearren, 2012. urtean hitzorduak e-mail eta SMS bidez jakinarazteko sistema ezarri zuen O-NOZek, gorren taldearen neurrira egindakoa.
SBisuala bideo-interpretazio zerbitzuaren ezarpenari dagokionez, zehazki, pasa den ekainaren 11n bilera egin zen ASORNAko ordezkarien eta O-NOZeko Osasun zuzendari nagusiaren, [...]ren, eta Pazienteen Arretarako eta Kalitaterako zuzendariaren, [...]ren, artean.
Bilera horretan, interpretazio beharrak arratsaldeetan eta gauetan eta larrialdietarako guneetan estaltzeko beharrizana azaldu zuten ASORNAko ordezkariek, gainerako ordutegiak euren itzultzaileekin nahiko estalita zeudela baieztatuz.
Osasun Departamentuak eta O-NOZek 2014ko azken lauhilekoan, O-NOZeko larrialdi zerbitzuetan, probako esperientzia egiteko aukera aztertzeko konpromisoa hartu zuten. Aipatu esperientzia pilotuak antolakuntzako inplikazioak eta eman beharreko bitartekoak eta baliabide ekonomikoak zehaztasun handiagoz ebaluatzeko balioko luke, edota gerora sistema hori osasun sareko puntu ezberdinetan ezartzeko aukera hobeto aztertzekoa.
"Gorrak egoitza jakin batean zentralizatzeko proposamenari buruz:
Hori egiteko aukera egon arren, iruditu zaigu horrek ez diela erantzuten adinekoak egoitzetan sartzeko orduan orokorrean kontuan hartzen diren irizpideei. Hauexek izaten dira: pertsonaren nahia eta bere ingurune geografikoan egotea. Pertsonak beraien ohiko ingurunetik ateratzea eskatuko liguke Nafarroan gorren modulua edukiko lukeen egoitza egoteak.
Zehaztea gustatuko litzaiguke helduarora gorreria latz edo sakonarekin iristen diren pertsonak gehienbat gorrena izan ez den ingurune batean bizi izan direla. Horren ondorioz, hainbat trebetasun eta gaitasun eskuratu behar izan dituzte eguneroko komunikazioa eta komunikazio profesionala bermatzeko, eta ez beti keinu hizkuntza erabilita. Hala ere, gure betebeharra da beraien beharrizanei erantzun egokia ematea.
Zentzu horretan, egia da Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak (PANAk) gomendatu egiten duela eta egokitzat jotzen, gor bat egoitza batera sartzen denean, zentroko langileek behar besteko trebakuntza izan dezatela, berme handienekin artatu ahal izan dezaten, bere beharrizanei arreta emanez.
Trebakuntza eskaerari buruz:
Behar horri erantzuteko, jakinarazten dizut PANAko formakuntza eskaintzak, batzuetan, keinu hizkuntzako trebakuntza edukitzen duela. Foru administrazioko langile guztiei eskaintzen zaie eskaintza hori, eta langilearen esku baino ez dago bertan parte hartzea ala ez hartzea. PANAren mendeko egoitzetako langileentzako laguntza baimentzeko konpromisoa hartu du PANAk, aipatu zentroetako batera gorren bat sartzen den kasuetan.
Laguntzei buruz:
Jakitun gara gorrek komunikatu ahal izateko, eta, hortaz, gizarteratzeko behar duten laguntzaz. Horregatik, PANAk urtero sinatzen du hitzarmena gorren elkarteekin. Interpretazioa edo komunikazioa ahalbidetuko dien beste teknika batzuen erabilera errazteari daude zuzenduta laguntza horiek.
Egun, 125.000 eurokoa da Pertsonen Autonomiarako Nafarroako Agentziak igortzen duen aurrekontua, eta ASORNA eta EUNATE izaten dira aipatu laguntzen entitate hartzaileak.
Azkenik, talde horren irisgarritasun gaietan indarrean dagoen legedia betetzeari dagokionez, departamentu honek horren inguruko borondate irmoa adierazi behar du, edozein urritasun mota duten pertsonen gainerako taldeekin bezala.
Xede horrekin, departamentuko ordezkariek parte hartzen dute Nafarroako Gobernuko Departamentuarteko Batzordeak garatzen duen lanean.
Islatu den bezala, Nafarroako adineko gorren autonomia errazteari daude zuzenduta ASORNA elkarteak Nafarroako Gobernuko bi departamentuei zuzendutako proposamenak; bai osasun eremuan, larrialdietan eta lehen mailako arretan, bai gizarte zerbitzu eta lanbideen eremuan, beraien bizi-kalitatea hobetzeko xedez.
Urritasunen bat duten pertsonek berme gehigarriak behar dituzte beraien eskubideak modu eragingarri eta errealean baliarazi ditzaten. Pertsona horiek egunero egin behar izaten diete aurre, ez dauzkaten muga funtzionaletatik eratorritako zirkunstantzia pertsonalei bakarrik, baizik eta gizartean eta gizarteak ezarritako oztopoei. Oztopo horiek gizarteratze maila, autonomiaren garapena eta eskubideak gainerako herritarren baldintza beretan erabiltzea zailtzen dute.
Urritasunen bat duten pertsonen artean, isolamendu maila altua jasaten dute gorrek, beste pertsona batzuekin komunikatzeko zailtasuna izaten dute-eta. Arrisku hori larriagotu egin daiteke, gainera, hirurogei urtetik gorakoak badira; izan ere, adina dela-eta, mugaketak gaineratzen zaizkio entzumen urritasunari.
Irisgarritasun unibertsalari eta Nafarroako pertsona guztientzako diseinuari buruzko apirilaren 6ko 5/2010 Foru Legeak, nazioarteko eta estatuko araudiarekin bat eginez, botere publikoek eta gizarteak errespetatu beharreko printzipio eta betebeharren multzoa ezarri du; hala nola, irisgarritasun unibertsala, gizarteratzea, aukera berdintasuna, bizitza independentea eta normalizazioa. Edozein pertsonak eskuragarri dituen eremu, ondasun eta zerbitzuetara joaz, pertsona horiek ere bizimodu normala eduki dezaten bideratutako printzipioak dira aipatutakoak.
Era berean, urritasunen bat duten pertsona guztientzako irisgarritasun unibertsala bermatzera behartu du aipatu foru legeak administrazioa. Zehazki, 10. artikuluak ezarri du administrazioek jardunbideak sustatuko dituztela urritasunen bat duten pertsonen bizitza independenteari laguntzeko. 8. artikuluak ekintza positiboko neurriak aurreikusi ditu, eta ekintza horiek laguntza osagarriak izan daitezkeela adierazi du; adibidez, laguntza ekonomikoak izan daitezkeenak, edo laguntza teknikoak, laguntza pertsonala, zerbitzu espezializatuak eta komunikaziorako laguntza eta zerbitzu laguntzaileak.
Osasunerako eskubidearen babesarekin eta osasun zerbitzuetarako sarbidea edukitzeko eta osasun langileekin gainerako herritarren baldintza beretan komunikatzeko eskubideen babesarekin dute zerikusia ASORNA taldeak egindako proposamenek. Modu berean, beraien autonomia errazteari eta sustatzeari bideratuta ere badaude; bai etxeko eguneroko bizitza erraztuko duten laguntza teknikoak eskatuz, bai pertsona horiek artatzen dituzten langileak trebatuz, keinu hizkuntza hitz egin dezaten, horrela, erraztasunez komunikatu ahal izan daitezen eta euren bizi-kalitatea hobetzen lagundu dezaten.
Osasun eta Gizarte Politika Departamentuek bidalitako txostenak irakurrita egiaztatu da talde horren beharrizanak ase ahal izateko neurriak burutzen ari direla. Osasun Departamentuaren txostenak horrelaxe adierazi du, larrialdi zerbitzuetan esperientzia pilotua bultzatzen ari direla adierazi duenean. Honakoa da esperientzia pilotu horren helburua: kolektibo horrentzat proposatutako neurriak gauzatzeko antolaketa zein langile arazoak eta beharrizanak hautematea.
Bestalde, Gizarte Politika Departamentuak keinu hizkuntzaren gaineko formakuntzari lotu dizkio abiarazitako neurri edo jardunbideak, nahiz eta trebakuntza ala trebakuntza gabezia hori langilearen erabakiaren araberakoa izango den.
Entzumen urritasuna duten eta adinekoak diren pertsonen talde horri dagokionez, beharrezkoa da botere publikoek kontuan har dezatela irisgarritasun unibertsalari eta Nafarroako pertsona guztientzako diseinuari buruzko apirilaren 6ko 5/2010 Foru Legeak ezarritakoa, bai eta urritasunen bat duten pertsonak gizarteratzeko politikak jarraitzen dituzten gainerako arauak ere, eta kasu bakoitzean behar duten arreta berezitua eman diezaietela, konstituzioko 49. artikuluan ezarri den bezala.
Horregatik, erakunde honek beharrezko ikusi du iradokitzea bi departamentuek sakontasun handiagoz azter dezatela irisgarritasun unibertsalari eta Nafarroako pertsona guztientzako diseinuari buruzko apirilaren 6ko 5/2010 Foru Legean eta aplikagarriak diren gainerako legeetan ezarritako eskubideak eta printzipioak eragingarri egiten lagunduko duten neurriak modu erreal eta eragingarrian sustatzeko aukera, gorren edo urritasun akustikoak dituztenen taldeari dagokionez, eta, ahal den neurrian, elkarte proposatzaileak egindako proposamenei arreta eman diezaietela, pertsona horien ordezkatzailea den heinean.
Horrenbestez, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak esleitu dizkidan ahalmenekin bat eginez, egoki ikusi dut:
Osasun Departamentuari eta Gizarte Politika Departamentuari iradokitzea sakondu ditzatela entzumen urritasuna duten pertsonen eskubideak eragingarri egiten lagunduko duten neurriak, hirurogei urtetik gorakoenak bereziki, irisgarritasun unibertsalari eta Nafarroako pertsona guztientzako diseinuari buruzko apirilaren 6ko 5/2010 Foru Legean ezarritako printzipioekin bat eginez, bai eta aplikatu daitezkeen gainerako legezko arauei jarriki ere, eta, ahal den neurrian, arreta eman diezaietela elkarte proposatzaileak egindako proposamenei.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraiki, egokia da Gizarte Politika Departamentuak gehienezko bi hilabeteko epean jakinarazi dezala, aginduzkoa baita, iradokizun hau onartzen duen ala ez, eta, hala balitz, baita iradokizuna betetzeko hartutako neurriak onartzen dituen ala ez adierazi dezala ere.
Zure erantzunaren zain, adeitasunez agurtzen zaitu,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia