Partekatu edukia
Trafikoa eta bide-segurtasuna
Gaia: Inactividad del Ayuntamiento ante el estacionamiento de vehículos a la salida de un garaje
Exp: 09/307/I
Nº: 173
Trafikoa
Aurtengo apirilaren 30ean, [?] andreak, Berriozarko [?] plazako [?] eta [?] zenbakietako jabeen erkidegoa ordezkatuz, kexa-idazki bat aurkeztu zuen. Garajeko irteeran ibilgailuak aparkatzearen aurrean Berriozarko Udalak ez jarduteari buruzkoa zen kexa.
Azaltzen zuen jabeen aipatu erkidegoak ibi-eskubidea aitortua duela. Harengatik, urtero, behar diren udal tasak ordaintzen dituzte. Hala eta guztiz ere, orain dela zenbait urte kalteturik ikusten dute beren burua, zeren eta ibi-eskubide hori behin eta berriz urratzen baitute garajearen irteeraren inguruan bigarren ilaran aparkatzen duten ibilgailuek; izan ere, ibilgailu horiek bidea eragozten diete sartu edo irten nahi duten ibilgailuei, eta ikusgarritasuna ere gutxitzen dute, batzuetan arrisku-egoerak ere sortuz.
Arazoa larriago bihurtu da garajearen aurrean posta-bulego bat jarri den unetik eta Ezkaba kalea ibilgailuentzako zirkulazio bikoitzeko bide bilakatu denetik. Gainera, handik hurbil okindegi-kafetegi bat ere jarri dute.
Berriozarko Udalari egoera horri buruzko erreklamazioak behin eta berriz, 2003tik gaur arte, aurkeztu zaizkiola adierazteko dokumentazioa eransten zuen. Hala eta guztiz ere, erreklamazioak behin eta berriz aurkeztu diren arren, ez da atzeman udalak eta haren udaltzainek inongo neurririk hartu dutenik ibiaren inguruan arauak hausten dituztenen aurka.
Udalaren jarduerarik eza ikusita, eskatu zuten garajearen ibia modu ikusgarriagoan seinalatzeko, eta garajearen irteeraren aurrean ispilu bat jartzeko, garajeetatik ateratzen diren ibilgailuen ikusgarritasuna hobetzeko eta istripuak saihesteko.
Hala eta guztiz ere, udalak ez ditu eskaera horiek aintzat hartu, eta erantzunik ere ez die eman. Egindako erreklamazioei buruz Berriozarko Udalak eman dituen erantzun bakarrak 2003ko ekainaren 4ko txosten bat (587/03 erreferentzia zenbakia) eta 2008ko apirilaren 4ko idazki bat dira (2008/0000762 erreferentziako dokumentua). Jabeen ustez, “asmo onen adierazpen” batzuk baizik ez dira, zeren eta udalak ez baititu haiek gauzatu, zeren eta Berriozarko Udaltzaingoari jakinarazi zaionean ibi-eskubidearen aurkako urratzeak gertatu direla, ez baita inor etorri arau-hausleei zehapenak ezartzera; askotan, gainera, udaltzainak ikusi ere egin dira gatazka-gunetik erronda egiten, bigarren ilaran ibilgailu ugari zeudela, eta inongo neurririk ez dute hartu.
Hori dela eta, eskatzen zuten Berriozarko Udalak berehala bere eskumeneko neurri egokiak har ditzan, azaldutako arazoari konponbidea emateko.
Kexa jasota, Berriozarko Udalera jo genuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko. 2009ko uztailaren 31n, honako testua, hitzez hitz, dakarren txostena jaso genuen erakunde honetan:
“Erkidegoaren ordezkariak eginiko adierazpenei dagokienez, esan beharra daukagu kexa ez dela bizilagunek baimenduta daukaten ibian ibilgailuak aparkatzeagatik, baizik eta ibiaren inguruetan aparkatzeagatik; horrek, zalantzarik gabe eragozpenak sorrarazten dizkie eta arreta handiagoa eskatzen die, bigarren ilaran aparkaturiko ibilgailuek ikusgarritasuna gutxitzen dutelako.
Udal honek ahaleginak egiten ditu ibilgailuek bigarren ilaran aparka ez dezaten, bai eremu horretan, bai herriko beste gune batzuetan ere. Hori dela eta, udaltzaingoak jokabide horiek saihesteko egiten du lan.
Bere idazkian eskatzen digu informazioa emateko Udaltzaingoak kexan aipatzen den tokian jarritako salaketei buruz. 2008an, 12 salaketa jarri ziren, eta 2009an, berriz, gaur arte, 7.
Gure ustez, udal honek ahal duen guztia egiten du herritarrei enbarazuak saihesteko baina ezinezkoa da udaltzainak etengabe eduki herriko gune batean, zeren eta hala eginez gero, beste premia batzuei ezin izanen balitzaieke arretarik egin, eta kexa-egileek azaldutakoa bezain larriak edo are larriagoak ere badira.”
Udalak legez zehazturiko eskumen batzuen titularrak dira. Horien artean, udal barrutian gurpildun ibilgailuen trafikoa ordenatzea dago. Izan ere, eskumenak dauzkan arloetako bat Toki Araubideko Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 25.2 artikuluko b) letran adierazitakoa da: hain zuzen ere, hiri bideetan ibilgailuen eta pertsonen trafikoa antolatzea. Udaltzaingoa da trafikoa kudeatzeaz arduratzen dena. Haren eginkizunen artean, honakoak ageri dira: ibilgailuen trafikoa zaintzea, kontrolatzea eta erregulatzea, bide segurtasuna, erreserbaturiko ibiak eta abar.
Eskumenen atribuzio hori martxoaren 2ko 339/1990 Legegintzazko Errege Dekretuaren bidez osatu zen. Izan ere, haren bidez Trafikoari, motordun ibilgailuen zirkulazioari eta bide segurtasunari buruzko Legeko testu artikuluduna onetsi zen. Bada, lege horrek honako eskumenak esleitzen dizkie udalei, besteak beste:
hiri bideetan trafikoa antolatu eta kontrolatzea.
zaintzea eta arau-hausteak salatzea eta zehatzea.
ibilgailuak hiri bideetatik erretiratzea zirkulazioa eragozten edo zailtzen dutenean, arriskua ekartzen dutenean edo behar ez bezala aparkatuta daudenean aparkatze murriztuko eremuetan.
Azaldutako egitateetatik ondorioztatzen da, kexa-egileek udaltzaingoari eta udalari salaketak behin eta berriz aurkeztu arren zirkulazioa hobeki antola dezaten, garajearen sarreratik hurbil aparkatze behar ez bezalakoak saihestuz, udal jarduera ez dela guztiz eraginkorra eta efizientea izan, itxura guztien arabera, nahiz eta esleituta daukan eskumenaz baliatzerakoan harengandik horixe espero behar zen.
Erakunde honen ustez, udalak ahal duen guztia egin behar du herritarrei ibilgailuek bide publikoak oker erabiltzearen ondorioz ondorioztaturiko eragozpenak saihesteko, baina ezinezkoa da udaltzaingoa etengabe eduki herriko gune jakin batean, ibilgailuen trafikoa behar bezala arautzeko, zeren horrek berarekin ekarriko bailuke beste premia batzuei arretarik ez jartzea. Hala eta guztiz ere, guri aurkeztutako kasuan, ondoriozta daiteke kexa-egileek planteaturiko arazoarentzako konponbideak exijitzen duela udal honek modu efektiboagoan eta irmoagoan esku hartzea.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Berriozarko Udalari gogoratzea Toki Araubideko Oinarriei buruzko apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 25.2 artikuluko b) letra oro har bete beharra daukala, eta behar diren jarduerak egin behar dituela ahal den guztian bermatzeko bizilagunek garajea erabili ahal izatea.
Bi hilabeteko epea ematea Berriozarko Udalari erakunde honi jakinaraz diezaion azaldutakoaren bidetik neurri egokiren bat hartu duen, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legearen bigarren atalean ezarritako moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia