Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren iradokizuna (12/10/O) Lesakako Udalari egina landa bide publiko baten kontserbazio egokia bermatzeko dagozkion neurriak har ditzan.

2012 apirila 13

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: Falta de conservación y adecuación de varios caminos públicos así como la falta de inclusión de dichos caminos públicos en el catastro.

Exp: 12/10/O

Herri Lanak

Alkate hori:

2012ko urtarrilaren 5ean, erakunde honetan Nekane Catalán Aranguren andreak aurkeztu zuen idazki bat jaso genuen. Horren bitartez, kexatu zen Lesakako Udalak ez dituelako zenbait bide publiko mantendu eta egokitu eta ez dituelako bide publiko horiek katastroan sartu.

Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Lesakako Udalari.

2012ko otsailaren 27an, eskatutako txostena jaso nuen.

Kexagileak eskatu duen oinarrizko kontua zera da: 317. lursailera sartzeko eta horri zerbitzua emateko bidearen erabilera ahalbidetzea orain arte egiten den moduan; izan ere, une honetan zati batean okupatuta dago. Horretarako, jatorrizko zabalera (hiru metrokoa) bermatu behar da eta ez da ahaztu behar 288. lursailarekin mugakide den eta estutu den tartea.

Tokiko Araubideen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legearen 25.2 d) artikuluak udalerriei zenbait eskumen esleitu dizkie bideen eta landa-bideen kontserbazioaren arloan.

Landa-bideak lursail eta jabetza partikularretara sartzeko bideak izan ohi dira baina, izaera publikoa dela-eta, isolatutako ohiko bide-zor soiletatik desberdintzen dira. Ematen du ez dagoela zalantzarik esku artean dagoen bidea publikoa dela egiaztatzerakoan, ez baita bide-zor edo bide pribatu bat. Hala, landa-bide publikoek jabari eta erabilera publikoko ondasunen izaera dute eta administrazio bidetik jabetza berreskuratu daiteke eta izaera bereko mugarritzea aplikatu ahal zaie.

Aurrekoa kontuan hartuta, Lesakako Udalak, aipatutako TAOLko 25.2 c) artikuluarekin bat eginez, landa-bide horren kontserbazioaren ardura dauka. Gainera, Nafarroako Tokiko Administrazioaren uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legearen 97. artikuluan eta hurrengoetan xedatutakoari jarraiki, bere ondareko ondasunen kontserbazioa, babesa, berreskuratzea eta hobekuntza bermatu behar du, horien artean, bideak eta landa bideak.

Kexagileak hainbat idazki aurkeztu ditu udalean, horietan, esku artean dugun landa-bidearen gabeziak salatzeaz gain, mugakide diren lursaileko jabeek egindako zenbait estutze eta zenbait tartetan nekazaritzako ibilgailuekin zirkulatzeko zailtasuna ere salatu ditu. Hortaz, lehen aipatutako eta legean ezarritako aginduekin bat eginez, udalaren betebeharra da, egiaztatu ostean, landa-bide hori behar bezalako egoeran mantentzeko eta erabiltzeko beharrezkoak diren jarduerak burutzea.

Udalak ez du betebehar hori ukatu. Horren inguruan azaldu du landa-bideen konponketa eskuragarri dauden funtsen menpe dagoela eta, dituen aukeren barruan, auzotar guztiei tratu bera ematen saiatzen dela.

Erakunde honek jakin badaki udalek, aurrekontuei lotutako mugaketak direla-eta, ezin diotela berehalako erantzuna eman auzotarrek egiten dituzten eta obra publikoak egitea barne hartzen duten eskaera guztiei. Halaber, ez da gure asmoa udalerriak, bertan egin behar diren inbertsioen eta jardueren lehentasunaren inguruan, duen politika zalantzan jartzea baina udalari iradoki nahi diogu, kexak aipatzen dituen gabeziak, landa-bide publiko baten ingurukoak direla eta kexagilea konponketa horiek 1991. urtean eskatzen hasi zela aintzat hartuta, albait lasterren kontserbatzeko neurriak har ditzan eta, beharrezkoa izanez gero, hobetzeko neurri egokiak ere.

Gogoeta horiek behin eginda eta Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak, Konstituzioak eta Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoak jasotzen dituen eskubideen eta askatasunen defentsari eta babes mailaren hobekuntzari lotuta, esleitu didan eginkizuna betez, egokitzat jo dut Lesakako Udalari honako gomendio hau egitea aintzat har dezan:

Dagozkion neurriak har ditzan 317. lursailera sartzeko eta horri zerbitzu emateko landa-bide publikoa behar bezala kontserbatzeko eta, hala badagokio, hobetzeko.

Halaber, asko eskertuko nizuke, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2. artikuluan ezarritakoari jarraiki, gehienez ere bi hilabeteko epean, aurreko gomendioa onartu duzun jakinaraziko bazenit eta, hala badagokio, baita gaiaren inguruan hartuko dituzun neurriak ere.

Zure erantzunaren zain geratzen naiz eta, bide batez, eskerrak eman nahi dizkizut erakunde honi emandako laguntzagatik.

Adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia