Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Erabakia (Q20/460), Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentuari gomendatzen diona plantilla organikoan egin ditzala egin beharreko aldaketak Lesakako eta Berako liburutegiko arduradunen lanpostuetan euskara jakitea nahitaezkoa izan dadin, eremu euskalduneko gainerakoetan bezala.

2020 ekaina 22

Euskara

Gaia: La disconformidad con la valoración únicamente como mérito cualificado en la convocatoria para la provisión de los puestos de responsable de Biblioteca de Lesaka y Bera.

Euskera

Lehen Lehendakariordea eta Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Kontseilaria

Kontseilari jauna:

  1. Erakunde honek, 2020ko martxoaren 18an, Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen ordezkari gisa […] andreak aurkeztutako idazki bat jaso zuen. Idazki horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Lesakako eta Berako liburutegiko arduradun lanpostuak betetzeko deialdian euskara merezimendu kualifikatutzat hartzearekin ados ez zegoelako.
  2. Kexa jaso ondoren, erakunde honek Kultura eta Kirol Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
    Kultura eta Kirol Departamentuak idazki bat igorri zuen esanaz Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan sartzeko deialdiak onartzeko eskumena, baldintzak edo merezimenduak finkatzea, Funtzio Publikoko Zuzendaritza Nagusiari dagokiola (Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentua).
  3. Orduan, erakunde horrek Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentura jo zuen gaiari buruzko informazioa eskatuz.
    Jasotako txostenean, hauxe adierazten da:
    Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen ordezkari gisa […] andreak kexa aurkeztu du Nafarroako Arartekoaren aurrean, ez dagoelako ados, oposizio-lehiaketa bidez Liburutegiko Arduradunaren bi lanpostu betetzeko deialdian euskara merezimendu kualifikatu gisa baloratzearekin. Deialdi hori Funtzio Publikoko Zuzendari Nagusiaren ekainaren 22ko 1484/2015 Ebazpenaren bidez onartu zen eta honako hau jakinarazten da kexari dagokionez:
    1. Funtzio Publikoko Zuzendari Nagusiaren ekainaren 22ko 1484/2015 Ebazpenaren bidez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta bere erakunde autonomoen zerbitzurako, lehiaketa-oposizio bidez Liburutegiko Arduradunaren bi lanpostu hornitzeko deialdia onartu zen.
      Ebazpen hau Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 2 zenbakiko Epaitegiaren urriaren 21eko 307/2013 Epaia eta Lehendakaritza, Justizia eta Barne Kontseilariaren maiatzaren 8ko 110E/2015 Foru Agindua betez eman zen. Berako 36084 zenbakiko eta Lesakako 30717 zenbakiko Liburutegiko Arduradun lanpostuak lortzeko euskara merezimendu kualifikatutzat baloratzea agintzen dute bi horiek.
    2. Horren arabera, deialdiak, aipatutako bi lanpostuak bakarrik hartzen dituenak, euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzea aurreikusten du eta 4,28 puntu ematen dizkio. Aipaturiko deialdia 2015eko uztailaren 20ko Nafarroako Aldizkari Ofizialaren 139. zenbakian argitaratu zen, eta 30 egun naturaleko epea ireki zen eskabideak aurkezteko. Bertan, eskabide ugari eskatu ziren parte hartzea eskatuz.
    3. 2016ko martxoaren 1ean, Berako udalak idazki bat aurkeztu zuen, Funtzio Publikoko Zuzendari Nagusiaren ekainaren 22ko 1484/2015 Ebazpena ofizioz berrikusteko eskatuz, erabateko deuseztasunagatik.
      Ofizioz berrikusteko prozedurari Funtzio Publikoko Zuzendari Nagusiaren martxoaren 7ko 575/2016 Ebazpenaren bidez eman zitzaion hasiera, baina 2016ko abuztuaren 26an, Nafarroako Kontseiluak 38/2016 zenbakiko irizpena eman zuen, deuseztapen-adierazpenaren aurkakoa.
      Hura betez, Lehendakaritza, Funtzio Publiko, Barne eta Justizia Kontseilariaren uztailaren 31ko 106/2019 Foru Aginduaren bidez, ezetsi egin zen deialdia ofizioz berrikusteko eta deuseztapena adierazteko eskaera, eta hautaketa-prozeduraren etenaldia altxatu egin zen. Horren ondorioz, izapidetzen jarraitu behar izan zen.
    4. Aurrekoa azalduta, kexaren aurkezleak hautaketa-prozedura etetea, atzera botatzea, ezeztatzea eta baliogabetzea eskatu du eta, gero, plantilla organikoa aldatzea eta euskara jakitea eskatzea aipatutako bi lanpostuak eskuratu ahal izateko.
      Horri dagokionez, gogoratu egin behar da deialdian parte hartzen dutenek eskubide subjektiboa dutela prozedurak aurrera jarraitzeko parte hartzen duten deialdia argitaratutako baldintzetan, baldintza horiek irmoak eta onartuak bihurtu baitziren. Zentzu horretan, justizia-epaimahaiek behin eta berriz adierazi dute deialdiak eta horien oinarriak direla hautaketa-prozedura arautzen duen legea eta, behin onartu eta irmo bihurtutakoan, berdin-berdin lotzen dituztela deialdia egin duen administrazioa, hautaketa-probak ebaluatu behar dituen epaimahaia eta hautagaiak, Nafarroako Administrazio Publikoan Sartzeko Araudiko 17.1 artikuluan jasota dagoen bezala, eta administrazio-prozedura erregulatzen duten arauak zorroztasunez betez soilik alda daitezkeela.
      Jurisprudentzia aplikagarriaren arabera, eskubide hori hobetzeko unea deialdiak eta oinarriak argitaratu ondorenekoa da, eta ondorio hori da segurtasun juridikoaren printzipioarekin bat datorrena, izan ere, oinarriak aldatzeko aukera, deialdia argitaratu eta errekurtsoak ohiko bidetik aurkaratzeko epea amaitu ondoren, hautaprobak, kasu honetan bezala, eskabideak aurkezteko epea gainditzeaz gain, hautagai onartuen eta kanporatuen zerrendak onartu eta argitaratzeko izapidearen zain dagoenean amaitzen da (besteak beste, Auzitegi Gorenaren 2009ko maiatzaren 20ko epaia).
    5. Adierazitakoaren arabera, kexaren sustatzaileak deialdi hori baliogabetu nahi izateak eta, plantilla organikoa aldatu ondoren, euskara jakitea nahitaezkoa den beste bat onartu nahi izateak ezin du harrera ona izan, alderdi guztientzat modu irmo eta loteslean deitutako prozeduran parte hartzen duten pertsonen eskubideak urratuko lituzke eta”.
  4. Adierazi den bezala, Liburutegiko Arduradunaren bi lanpostu oposizio-lehiaketa bidez betetzeko deialdian euskara merezimendu kualifikatu gisa baloratzeagatik, eta ez betekizun gisa, aurkeztu da kexa. Deialdia Funtzio Publikoko Zuzendari Nagusiaren ekainaren 22ko 1484/2015 Ebazpenaren bidez onartu zen.
    Horri dagokionez esan behar da, jasotako txostenean adierazten den bezala, jurisprudentziak behin eta berriz adierazi duela deialdi baten oinarriak hautaketa-prozedura arautzen duen legea direla eta, behin horiek onartuta, epaimahai kalifikatzailea eta hautagaiak lotzen dituztela eta administrazio-prozedura erregulatzen duten arauen bidez soilik alda daitezkeela.
  5. Erakunde horren jarduteko aukerak Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak mugatzen ditu. Lege horrek eragotzi egiten du kexa aurkeztu baino urtebete lehenago gertatu eta ezagututako gertaerak ikertzen hastea.
    Egia bada ere hautaketa-prozesuaren izapidetzea etenda egon dela zenbait urtez, nabarmendu egin behar da deialdi hori 2015ekoa dela eta, urtebete baino gehiago igaro dela kontuan hartuta, erakundeak ezin duela kontu horretan esku hartu.
  6. Gainera, kexan aipatzen den deialdia Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 2. Zenbakiko Epaitegiaren urriaren 21eko 307/2013 epaia betearazteko xedatu da eta, horregatik, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 23.2 artikuluaren arabera, erakunde honek ezin ditu banan-banan aztertu epai irmoa duten kexak edo ebatzi gabeko gaiei buruzkoak.
  7. Arestian adierazitakoaren kalterik gabe, Nafarroako Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen plantilla organikoarekiko desadostasuna da kexaren oinarrian dagoen funtsezko gaia, izan ere, Bera eta Lesakako udalerrietako liburutegiko arduradunen plazetarako, euskararen ezagutza merezimendu gisa baino ez da baloratzen.
    Kontu horri dagokionez, Nafarroako Administrazio Publikoetan, haien erakunde publikoetan eta haien mendeko zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuko 26. artikuluak honako hau xedatzen du:
    1. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak zehaztuko du eremu euskalduneko atal organikoetako zein lanpostutan den nahitaezkoa euskara jakitea, eta plantilla organikoan adieraziko ditu lanpostu elebidun horiek eta lanpostu horietan eskatzen den euskararen ezagutza-maila.
    2. Lanpostu elebidunak eta horietan eskatzen den euskararen ezagutza-maila zehazteko, kontuan hartuko da Foru Dekretu honetako III. tituluko I. eta II. kapituluetan ezarritakoa eta, bereziki, 25.2 artikuluan ezarritakoa”.
      Eta hemen interesatzen denari dagokionez, honako hau dio 25.2 artikuluak:
      “2. Lanpostu elebidunak zehazteko, kontuan hartuko dira Foru Dekretu honetako 3. Artikuluan hizkuntza-eremu bakoitzerako eta Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzu zentraletarako aurreikusitako helburu espezifikoak, bai eta horien zerbitzuaren eta komunikazioen izaera ere. Lanpostu elebiduntzat hartuko dira, lehentasunez, eginkizunen artean honako hauetakoren bat dutenak:
      a. Jendeari arreta orokor zuzena ematea telefono-zentraletan, erregistro-bulegoetan edo harreretan; bereziki, herritarren segurtasuneko eta larrialdietako arreta-zerbitzuetan eta babes zibileko eta larrialdietako zerbitzuetan.
      b. Herritarrei administrazio-zerbitzu edo -prozedurei buruzko informazio espezifikoa ematea, ahoz zein idatziz.
      c. Herritarrei zuzendutako komunikazioak sortzea edo normalean dokumentazioa euskaraz kudeatzea.
      d. Eremu euskalduneko biztanleei arreta ematea.
      e. Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko zerbitzu zentralen kasuan, zirkuitu elebidun batean sartuta egotea.
  8. Euzkara hizkuntza ofiziala da Bera eta Lesaka udalerrietan (Euskararen Foru Legeko 5. artikulua), biak eremu euskaldunean baitaude. Bi udalerri horietako herritar guztiek dute eskubidea herri-administrazioarekiko harremanetan euskara erabiltzeko eta aukeratzen duten hizkuntza ofizialean arreta jasotzeko (10. artikulua).
    Horrekin batera, administrazio publikoek, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak, eremu euskaldunean bertako herritarrekin sortzen diren harremanetan, hizkuntza araua errespetatzeko betebeharra dute foru lege horretan xedatutakotik eratortzen diren jarduketa guztietan, bai eta neurri egokiak hartzeko eta euskaraz erabiltzeko eta artatzeko eskubide hori arian-arian gauzatuko dela bermatzeko behar diren bitartekoak hartzeko betebeharra ere, hala nahi dutenean (3.2 eta 10.1 artikuluak). Neurri horien artean, Nafarroako Administrazio Publikoak behartuta daude eremu euskaldunean lan egiten duten langileak euskararen erabileran pixkanaka-pixkanaka gaitzea sustatzera (15.1 artikulua).
    Aipatutako lege-aurreikuspen horien helburua da Euskararen Foru Legeko 1. artikuluak ezartzen dituen funtsezko helburuak lortzen eta betetzen direla ziurtatzea, besteak beste: a) herritarrek euskara erabiltzeko duten eskubidea babestea eta euskara erabiltzeko tresnak definitzea; eta b) Nafarroan euskararen berreskuratzea eta garapena babestea, erabilera sustatzeko neurriak adieraziz.
  9. Agerikoa da liburutegiko arduradunek arreta zuzena eskaintzen dietela eremu euskalduneko bi hiriguneetako herritarrei, hau da, Bera eta Lesakako herritarrei.
    Bestalde, kexa-idatzian adierazten denez (eta Administrazioak bidalitako txostenean ez da kontrakorik xedatu), argitaratutako azken plantilla organikoan, eremu euskalduneko liburuzain lanpostu guztiek nahitaez bete behar dute euskara jakitea, Bera eta Lesakakoek izan ezik.
    Horregatik guztiagatik, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentuari gomendatzea plantilla organikoan egin beharreko aldaketak egiteko Lesakako eta Berako liburutegiko arduradunen lanpostuetan euskara jakitea nahitaezkoa izan dadin, eremu euskalduneko gainerakoetan bezala.
    Esan dugun bezala, bi lanpostuak herritarrei arreta zuzena ematekoak dira, euskara hizkuntza koofiziala den eremu euskalduneko udalerrietan garatzen dira eta eremu euskalduneko liburutegiko arduradunaren gainerako lanpostu guztiak indarrean dagoen plantilla organikoan agertzen dira, euskara jakiteko betekizunarekin.
  10. Horrenbestez, eta uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1 artikuluak aitortzen dizkion eskumenekin bat etorriz, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du:
    Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentuari gomendatzea plantilla organikoan egin beharreko aldaketak egiteko Lesakako eta Berako liburutegiko arduradunen lanpostuetan euskara jakitea nahitaezkoa izan dadin, eremu euskalduneko gainerakoetan bezala.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.2 artikuluarekin bat etorriz, egoki da Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Departamentuak gehienez ere bi hilabeteko epean jakinaraztea, aginduzkoa denez, erabaki hau onartu duen, eta hala bada, erabakia betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak Arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2020. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan ematea horren berri, Nafarroako Arartekoaren ustez berez posible izan arren aldeko jarrera hori izan ez duen administrazio publikoa berariaz aipatuz.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia