Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebzpena (12/1166/U) Leitzako Udalari gogora ekartzea, kexak hizpide duen lokala segurtasun, osasungarritasun, apaintasun publiko eta bizigarritasun baldintza egokietan mantentzeko beharrezkoak diren obrak gauzatu daitezen agintzeko legezko betebeharra daukala, lurraldearen antolamendurako eta hirigintzako.

2013 martxoa 04

Hirigintza eta Etxebizitza

Gaia: Inactividad del Ayuntamiento ante situación de abandono de un semisótano ubicado en los bajos de su domicilio.

Hirigintza

Leitzako alkatea

Alkate hori:

  1. 2012ko azaroaren 5ean idazki bat jaso nuen. Horren bitartez, interesdunaren eraikinaren erdisotoaren egoera eskasaren aurrean Leitzako Udalaren jarduerarik ezaren berri izan nuen.

    Aipatutako herritarrak zera azaldu zidan bere idazkian:

    1. Orain dela zenbait urte arte, bera bizi den eraikinaren etxabean, […]. zenbakian, mandrinatzeko makinak zituen enpresa bat zegoen. Jarduera amaitu ostean, eraikinaren etxabea hustu zen eta, ondoren, hegoaldeko fatxada eraitsi zen.

    2. 2011ko azaroaren 21ean Leitzako Udalari eskatu zion lokaleko jabeari eska ziezaion bertako segurtasun, osasungarritasun eta estetika arazoak konpon zitzan.

    3. 2012ko urtarrilaren 4an Leitzako Udaleko arkitekto aholkulariak txosten bat egin zuen. Bertan, ondorioztatu zen jabeari hiru eguneko epean lokala husteko edo berehala ixteko (behin-behinean) eskatu behar zitzaiola. Halaber, gehienez ere hogeita hamar eguneko epean, lokala hormigoizko itxitura baten bidez ixteko eskatu behar zitzaion.
    4. Gai hori geldirik dago eta udalak oraindik ez du lokala itxi. Modu berean, azaldu du egoera horrek hezetasunak eta hotza eragiten dituela bere etxebizitzan.

      Horregatik guztiagatik, egoera hori berrikusteko eskatu du, baita udalak ahalik eta azkarren lokalaren kanpoko aldea itxi dezala ere.

  2. Jarraian, Leitzako Udalari kexak hizpide duen kontuaren gaineko txostena eskatu nion. 2013ko urtarrilaren 30ean, erakunde honetan eskatutako txostena jaso zen. Bertan, honako hau azaltzen da:

    “Idazki honen bitartez eta 2012ko azaroaren 15ean jasotako idazkiari erantzunez (12/1166 espedienteari lotutakoa) hauxe jakinarazi nahi dizut:

    2012ko ekainaren 12an Leitzako alkateak […]. zenbakian kokatuta dagoen etxabearen jabeari obra-lizentzia eman zion (2012/192 Ebazpenaren bidez) lokal hori ixteko lanak burutu zitzan.

    Ondoren, 2012ko azaroaren 20an udaleko erregistroan aurkeztutako idazkiaren bitartez, jabeak udalari jakinarazi zion kexa aurkeztu zuen pertsonak ez ziela eraikinaren elementu komunen ondoriozko gastuei aurre egin nahi eta, horregatik, arazo horiek konpondu arte, ez zuela aipatutako obra burutuko”.

  3. Kexagileak emandako informazioa eta udalaren esku jasotako informazioa aintzat hartuta, kexa aztertu egin dut legezkotasunik eza, irregulartasunen bat edo konstituzioan ezarritako eskubideen urraketaren bat ote dagoen egiaztatzeko, horixe baita erakunde hau arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 1. artikuluak Nafarroako Arartekoari esleitu dion eginbeharra.
  4. Espedientea aztertu ostean, egiaztatu ahal izan dut egia dela kexa aurkeztu duen pertsonaren etxebizitzaren azpian dagoen lokala oso egoera txarrean dagoela. Une honetan, fatxada irekita dago, inolako itxiturarik gabe, arriskutsuak izan daitezkeen metalezko hondakinak daude eta itoginak daude. Hala egiaztatu dute aurkeztutako argazkien zein udaleko arkitektoaren txostenak.

    Horri dagokionez, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari buruzko abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak, 87 b) artikuluan, ezarri du lursail eta eraikin mota guztien jabeek segurtasun, osasungarritasun, apaintasun publiko eta bizigarritasun baldintza egokietan mantendu behar dituztela, kasuan kasuko xedearen arabera, baldintza horiek kontserbatzeko edo berrezartzeko beharrezkoak diren lanak gauzatuz.

    Legezko agindu horren bigarren atalak, bere aldetik, ezarri du udalerriek, ofizioz edo edozein interesdunek hala eskatuta, aurreko atalean aipatutako baldintzak mantentzeko beharrezkoak diren obren gauzatzea aginduko dutela, baita hori burutzeko epea ezarri ere.

    Azkenik, foru legearen 195. artikuluak honako aukera hau barne hartzen du: udalak higiezinetako jabeei, erabilera, kontserbazio eta birgaitzeari lotutako eginbeharren betetzea ziurtatzeko, beharrezkoak diren obrak egiteko betebeharra ezartzen duten gauzatze aginduak eman diezaieke. Gainera, azaltzen da gauzatzeko aginduak betetzen ez badira, udalak gauzatze subsidiarioa abian jarri ahalko duela edo isun hertsatzaileak ezarri ahalko dituela.

    Udalak hala eskatuta, arkitektoak egin zuen txostenean berariaz aipatzen da higiezinaren baldintzak aintzat hartuta lokalean dauden materialen arriskuari dagokionez, bertako jabeari eskatu behar zaio hustu dezan edo berehala lokala behin-behinean itxi dezan, hala nola, obretako sare elektrosoldatu baten bidez. Modu horretan, kanpoko pertsonek kontrolik gabe bertan sar daitezen saihestuko da, bereziki, haurrak. Hori guztia gehienez ere hiru eguneko epean burutu behar du, bestela, ez-betetzea gertatuz gero, udalak modu subsidiarioan gauzatuko du.

    Modu berean, arkitektoaren txosten berean hauxe azaldu da fatxadago hormari dagokionez (...) lokaleko jabeari eskatu ahal zaio albait lasterren, hau da, gehienez ere 30 eguneko epean, obra-itxitura gauzatu dezala hormigoizko bloke baten bidez, kanpoko aldea zementuzko morteroaren bidez luzituz eta gainontzeko fatxada bezala margotuz. Horrez gain, oinezkoentzako ate bat jarri beharko dio.

  5. Espediente horren barruan dagoen informazioa ikusita, erakunde honek ez du uste udalak lokaleko jabeari inolako errekerimendurik helarazi dionik, arkitektoaren txostenean jaso den moduan. Bakarrik egiaztatu da 2012ko ekainaren 12an udalak obren lizentzia eman ziola etxabea itxi zezan. Hala eta guztiz ere, udalak adierazi duen moduan, une honetan obra horiek geldirik daude. Izan ere, azalpenei jarraiki, kexagileak ez die aurre egin nahi eraikinaren elementu komunen ondoriozko gastuei eta, horregatik, arazo hori konpondu arte ez da obra gauzatuko.

    Laburbilduz, une honetan, egoera hauxe da: lehenik eta behin, lokala oso egoera eskasean dago, baita arriskutsuan ere. Bigarrenik, udalak hala eskatuta, 2012ko urtarrilaren 4an arkitekto batek txosten teknikoa egin zuen eta, horren arabera, udalak jabeari eskatu behar zion berehala behin-behinean edo behin betiko lokala itxi zezan eta, jabeak obra horiek burutu ezean, udalak berak modu subsidiarioan egin behar zituen, ondoren, obren ondoriozko gastuak jasanaraziz. Hirugarrenik, obra horiek geldirik daude, udalaren oniritziarekin, ez baita adostasunik egon jabeen artean obren kostua gain hartzeari dagokionez.

  6. Gauzak horrela, erakunde honek uste du obren gastuei dagokienez jabeen arteko liskarra egotea (kontu horrek izaera zibila dauka) bere horretan ez dela arrazoi nahikoa udalak jabeari lokala ixteko obrak egin dezan eta materialak kendu ditzan eskatzeko edo horixe bera modu subsidiarioan gauzatzeko legezko betebeharra alde batera uzteko. Lurraldearen antolamendurako eta hirigintzako abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legeak udalaren esku-hartze saihestezina xedatu du higiezinen segurtasuna bermatzeko eta higiezinetako etxebizitzetan bizi diren pertsonentzako arrisku eta eragozpen posibleak saihesteko (bizigarritasunari dagokionez). Hortaz, higiezinen segurtasuna une oro ziurtatzea udalaren eginkizun zehatza da.

  7. Aurreko gogoetekin bat eginez, beharrezkotzat jo dut Leitzako Udalari legezko betebeharren gogorarazpen hau helaraztea:

    Leitzako Udalari gogora ekartzea, kexak hizpide duen lokala segurtasun, osasungarritasun, apaintasun publiko eta bizigarritasun baldintza egokietan mantentzeko beharrezkoak diren obrak gauzatu daitezen agintzeko legezko betebeharra daukala, lurraldearen antolamendurako eta hirigintzako abenduaren 20ko 35/2002 Foru Legearen 87. artikuluan jaso den moduan. Halaber, kasu honetan, lokala ixteko eta metalezko materialak kentzeko eskatu behar dio jabeari, horretarako ezartzen duen epean. Horrez gain eta beharrezkoa balitz, obrak modu subsidiarioan gauzatzeko legezko betebeharra dauka, ondoren, obren kostua dagokion pertsonari edo pertsonei jasanaraztearen kaltetan izan gabe, aipatutako foru legean ezarritakoarekin bat eginez.

Asko eskertuko nizuke, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluan ezarritakoarekin bat eginez, jakinaraziko bazenit, ezinbestekoa den bezala, gehienez ere bi hilabeteko epean, Leitzako Udalak legezko betebeharren gogorarazpen honen onarpenaren gainean duen iritzia helaraziko bazenit, baita hori betetzeko hartu dituen neurriei buruzko informazioa ere.

Zure erantzunaren zain geratzen naiz eta, bide batez, eskerrak eman nahi dizkizut erakunde honi emandako laguntzagatik.

Adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia