Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpenaren bidez (Q23/464), a) Eguesibarko Udalari gomendatzen zaio beharrezko neurriak har ditzala, udalerrian euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen Udal Ordenantzaren 25. artikuluan aurreikusitakoa betez, beharrezko ikasketak egin eta urratsak eman ditzan udal musika eskolan euskarazko prestakuntza jaso daitekeela ziurtatzeko. b) Eguesibarko Udalari gomendatzen zaio beharrezko neurriak har ditzala, udalerrian euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen Udal Ordenantzaren 26. artikuluan aurreikusitakoa betez, udal kiroldegian euskarazko kirol jardueren balizko eskaerari erantzun ahal izateko.

2023 ekaina 30

Euskara

Gaia: Eguesibarko udal musika eskolan eta udal kiroldegian euskarazko ikastarorik ez eskaintzea.

Alcaldesa del Valle de Egüés / Eguesibarko alkatea

Alkate andrea:

1. 2023ko maiatzaren 12 eta 18an, instituzio honek […] andrearen hainbat idazki jaso zituen. Horien bidez, Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren izenean, kexa bat aurkeztu zuen Eguesibarko Musika Eskolan eta udal kiroldegian euskarazko talderik ez eskaintzeagatik.

Idazki hartan, hauxe zioen:

a) Eguesibarko musika eskolan adingabe bat inskribatzen saiatu zirenean egiaztatu zuten ez zegoela  hizkuntza hautatzeko aukerarik.

b) Eskolara deitzean jakinarazi zitzaien ez dela euskarazko ikastarorik eskaintzen.

c) Era berean, bi futbol talde eta igeriketa ikastaro batzuk izan ezik, udal kiroldegian ere ez da euskarazko ikastarorik eskaintzen.

Horregatik guztiagatik, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legean ezarritakoarekin bat eta, aldi berean, Eguesibarko udalerrian euskararen erabilera
eta sustapena arautzen dituen udal ordenantzan ezartzen dena betez, hizkuntza eskubideak bermatzeko beharrezko neurriak hartzea eskatzen zen.

2. Ondoren, erakunde honek Eguesibarko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

Kexa Eguesibarko Musika Eskolan euskarazko taldeen eskaintzarik ez egotean datza, eta gero udal kiroldegira zabaltzen da.

Kexaren idazkiei dagokienez, egin beharreko lehenengo zehaztapena da Eguesibarko udalerria ez dagoela Nafarroako eremu euskaldunaren barruan -kexan oker esaten den bezala-, eremu mistoa baizik, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 5.1 artikuluan jasotakoarekin bat.

Musika Eskolan edo Kiroldegian ematen den prestakuntza ez da irakaskuntzatzat hartzen 18/1986 Foru Legearen 19. artikuluan eta hurrengoetan eta 25. artikuluan aipatzen diren hezkuntza-mailetan.

Beste alde batetik Udalarentzat 103/2017 Foru Dekretutik eratortzen diren betebeharrei dagokienez -udal-lanpostuen kasuan- udalak euskararen ezagutza zein lanpostutan den nahitaezkoa zehaztu behar du.

Udal Musika Eskolari dagokionez, onartutako azken plantilla organikoaren arabera (NAO 251, 2021/11/2koa), Musika Eskolako irakasle-lanpostuetako bat bera ere ez da nahitaezko eskakizunekoa. Era berean kirolaren arloan dagoen postu bakarrak (kiroletako koordinatzailea) ere ez du derrigorrez ezarrita euskararen ezagutza. Inguruabar horien ondorioz, gerta daitezkeen beste batzuk gorabehera, ezinezkoa da euskarazko prestakuntza-eskaintza egitea.

Eguesibarko udalerrian euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantzari dagokionez (NAO 20, 2013/01/30ekoa), eta Musika Eskolari dagokionez, 25. artikuluan ezartzen du behar diren azterlanak eginen direla eta behar diren urratsak emanen, Udalaren Musika Eskolan euskarazko musika ikasketen eskaintza abian jartzeko; dena dela, onartu zenetik eta gaur egunera arte ez da inolako azterlanik egin (eta horren ondorioz, ez da ezagutu ere egiten euskarazko musika-irakaskuntza eskaintzeko behar besteko eskaerarik dagoen). Hori gorabehera derrigorrez aipatu eta azpimarratu behar da ordenantza onartu zenetik udal talde edo kolektibo bakar batek ere ez duela horrelakorik bultzatu, eta horrek nolabait agerian utziko luke interesik eta eskaririk eza. Horrekin batera gogorarazi behar da euskarari dagokionez musikako irakasleek ez dutela profil egokirik eta horregatik une honetan ezinezkoa dela irakaskuntza hori euskaraz eskaintzea.

Kirol-arloari dagokionez, ordenantzak zehazten du eremu horretako jardueretan euskal hiztun guztien eskaerari erantzun behar zaiola (Udalak kirol, kultura, gazteria edo beste edozein arlotan eskaintzen dituen jardueretan zuzen erantzunen zaio herritar euskaldunen eskaerari, bereziki haur eta gazteenari, eta horren arabera aldatuko dira);   eta gertatzen da kirol-eskariari erantzuten zaiola, jarduera horiek eskatzen dituen biztanleriaren hizkuntza edozein dela ere; beraz, euskal hiztunen eskaria ere kontuan hartzen da”.

3. Kexaren xedea udal musika eskolan eta udal kiroldegian euskarazko ikastarorik ez eskaintzea da.

Horri dagokionez, Udalak bere txostenean aitortzen du ez dagoela euskarazko ikastarorik, ez musika eskolan, ez udal kiroldegian, baina argudiatzen du prestakuntza horri ez zaiola aplikatzen 18/1986 Foru Legearen II. titulua. Era berean, Udalak adierazten du eskolako eta kiroldegiko plantilla organikoan ez dagoela euskararen hizkuntza-eskakizuna duen plazarik. Eta, azkenik, adierazten du ez litzatekeela urratuko udalerrian euskararen erabilera eta sustapena arautzen dituen udal ordenantza.

4. 18/1986 Foru Legearen 3.1 artikuluak honakoa ezartzen du: “Botere publikoek beharrezko diren neurriak hartuko dituzte hizkuntza dela-eta herritarrak diskriminaturik izan ez daitezen”.

Eguesibarko udalerrian euskararen erabilera eta sustapena arautzen  dituen  udal ordenantzak, 25. eta 26. artikuluetan, honako hau xedatzen du:

25. artikulua. Behar diren azterlanak eginen dira eta behar diren urratsak emanen, Udalaren Musika Eskolan euskarazko musika ikasketen eskaintza abian jartzeko.

26. artikulua. Udalak kirol, kultura, gazteria edo beste edozein arlotan eskaintzen dituen jardueretan zuzen erantzunen zaio herritar euskaldunen eskaerari, bereziki haur eta gazteenari, eta horren arabera aldatuko dira.

Ordenantza honek ezarritako xedeak betez, Udala ahaleginduko da euskararen presentzia handitzen herrian egiten diren jarduera sozial guztietan” (enfasia erantsia da).

5. Erakunde honen iritziz euskarazko hizkuntza-profila duen irakaslerik ez egoteak eta, aldi berean, Udal Ordenantzaren 25. artikuluan aurreikusitako ikasketak ez egiteak, agerian uzten dute, artikulu horrek eskatzen duenaren aurka, Udala ez dela beharrezko urratsak ematen ari “Udalaren Musika Eskolan euskarazko musika ikasketen eskaintza abian jartzeko”.

Udal Ordenantza 2012ko abenduaren 18an onartu zen eta 2013ko urtarrilaren 30ean argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Udalak ia hamarkada bat izan du 25. artikuluan eskatutako urratsak emateko, eta, toki-erakundeak igorri duen txostena kontuan hartuta, ondorioztatu daiteke ez duela bat ere eman.

Horregatik, erakunde honek egokitzat jotzen du Udalari, 25. artikuluan aurreikusitakoa betez, beharrezko azterlanak egiteko  eta urratsak emateko bidezko neurriak har ditzala gomendatzen zaio, Udal musika eskolan euskarazko prestakuntza jaso daitekeela ziurtatzeko.

6. Udal kiroldegian eskainitako ikastaroei dagokienez, Udalak adierazten du ez litzatekeela Ordenantzaren 26. artikuluan ezartzen dena  urratuko, euskal hiztunen kirol-eskariari erantzutea eskatzen baitu, eta hori gertatzen ari delako.

Horrela, Udalak bereizi egingo lituzke kirol eskaria eta jarduera horretan zerbitzua emateko erabiltzen den hizkuntza, eta bakarrik Ordenantzak lehenengoari erantzutea baina ez euskaraz eskaintzea eskatzen duela defendatzen du.

Kode Zibilaren 3.1 artikuluak ezartzen du arau juridikoak honela interpretatuko direla: “Arauak euren hitzez-hitzezko esanguraren arabera interpretatuko dira, betiere, testuinguruari, aurrekari historikoei eta legegintzazko aurrekariei, eta arau horiek aplikatu behar diren garaiko gizarte errealitateari lotuta, eta, batik bat, arauen espiritua eta xedea kontuan hartuta”. (enfasia erantsia da).

Ordenantzaren berariazko helburua Eguesibarko udalerrian euskararen erabilera eta sustapena arautzea da eta, hori kontuan hartuta, erakunde honen ustez kirol-eskariaren eta jarduera horretan arreta eskaintzeko hizkuntzaren arteko bereizketa artifiziala da.

Bereizketa hori onargarria izango litzateke udalerriko kirol-jarduerak arautzen dituen ordenantza balitz, baina kontuan hartuta udalerrian hizkuntza baten erabilera eta sustapena arautzeko ordenantza dela  zalantzarik gabe elementu linguistikoak ematen dizkio berezitasuna eta espezifikotasuna eta, beraz, kontuan hartu behar da hura osatzen duten arau guztiak interpretatzerakoan.

Hori horrela erakunde honen ustez  udal kiroldegian euskarazko ikastarorik eskaintzen ez den heinean, baliteke euskal hiztunen balizko kirol-eskaerari behar bezala erantzuten ez egotea, hau da, Ordenantzaren 26. artikuluak eskatzen duen bezala.

Horregatik, erakunde honen iritziz, komenigarria da Udalari beharrezko neurriak har ditzan gomendatzea, udal kiroldegian euskarazko kirol jardueren balizko eskaerari erantzun ahal izateko.

7. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

a) Eguesibarko Udalari gomendioa egitea, udalerrian euskararen erabilera eta sustapena arautzen  dituen  Udal Ordenantzaren 25. artikuluan aurreikusitakoa betez, Udal musika eskolan euskarazko prestakuntza jaso daitekeela ziurtatzeko beharrezko azterlanak egin eta urratsak eman ditzan.

b) Eguesibarko Udalari gomendioa egitea, udalerrian euskararen erabilera eta sustapena arautzen  dituen  Udal Ordenantzaren 26. artikuluan aurreikusitakoa betez, Udal kiroldegian euskarazko kirol jardueren eskariari erantzun ahal izateko beharrezko neurriak har ditzan.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Eguesibarko Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2023. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia