Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Coworkids-ek antolatutako pilota-jardueran euskarazko taldeen eskaintzarik eza.
Iruñeko alkatea
Alkate andre hori:
1. 2023ko maiatzaren 8an, instituzio honek […] jaunaren idazki bat jaso zuen, Administrazioan Euskaraz Taldearen ordez. Idatzi horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Coworkidsek antolatutako pilota-jardueran euskarazko talderik ez eskaintzeagatik.
Idazki hartan, hauxe zioen:
a) Udalak pilota-jarduera Coworkids proiektuaren bidez antolatu zuen Iturrama, San Jorge/Sanduzelai y Casco Antiguo/Alde Zaharra auzoetan.
b) Jarduera guztiak gaztelaniaz egin dira eta, ondorioz, ez da euskararen erabilera eta sustapena arautzen duen Ordenantzaren 23. artikulua bete.
Horregatik pilota-eskola antolatzean euskarazko alternatibak eskaintzea eskatzen zuen.
2. Ondoren, erakunde honek Iruñeko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
2023ko ekainaren 13an emandako txostena jaso zen, honako hau adieraziz:
“Haur eta nerabeentzako “COWORKIDS” izeneko udal-programako jarduerak gaztelaniaz edo euskaraz eginen dira, eskaeraren arabera.
Astelehenetik larunbatera bitartean hiriko 14 auzoetan egiten diren jardueretarako hiruhileko bakoitzean Coworkids-ek izena emateko epea irekitzen du; jarduera horiek sarbide unibertsalekoak eta doakoak dira. Euskarazko eskaria badago, taldea antolatzen da.
2022/2023 ikasturtean egon den eskaera guztia bete da. Zehatzago esanda, Coworkids Arrotxapean euskarazko talde bat ireki da, eta Azpilagañan adingabe bati eta Zabalgunean beste adingabe bati banakako arreta eskaini zaie euskaraz. Eskaera horri erantzuteko jarduera hizkuntza horretan egitea eskatzen duten adingabeekin euskaraz hitz egiten duten langileak daude.
Oporretako jardueretarako prozesua berdina da: izena emateko unean haurrak hiri-kanpaldia gaztelaniaz edo euskaraz egingo duen adierazi behar da. Aste Santuko azken hiri-kanpaldian (kirol anitzekoa, besteak beste pilota-jarduerarekin), 130 gaztek eman zuten izena, eta euskarazko talde bat eratu zen 14 adingaberekin.
Beraz, eta zehatz-mehatz pilota- jarduerari dagokionez, Coworkids udal-programaren gainerako jarduerak bezala, gaztelaniaz zein euskaraz eskaintzen da. Esteka honetan Iturraman, Alde Zaharrean eta Sanduzelain jarduera hau egin dezakeela jakinarazten zaio herritarrari: https://www.coworkidspamplona.es/eu/pilota /. Pilota arloko izena emateko eskaerak aztertu ondoren, ez da pilota euskaraz egiteko eskaerarik erregistratu. Beraz, ez da euskarazko talderik eratu”.
3. Adierazi den bezala, kexa Coworkidsek antolatutako pilota- jardueran euskarazko talderik ez eskaintzeagatik aurkeztu da.
Iruñeko Udalak adierazten du pilota- jarduera gaztelaniaz zein euskaraz eskaini zela, baina ez zela euskarazko talderik eratu, ez zelako hizkuntza horretan egiteko eskaerarik erregistratu.
4. Erakunde honek egiaztatu ahal izan du Coworkids udal-programaren webgunea gaztelaniaz zein euskaraz dagoela. Idatzi hau egin den unean, lehenengo orrialdean, udako hiri-kanpaldiak agertzen dira, eta horien deskribapenean argi eta garbi adierazten da “gaztelaniazko eta euskarazko taldeak eginen direla”.
Hala ere, ez da gauza bera gertatzen pilota-jarduerarekin, non jardueraren deskribapena eta jarduerak egiten diren lekuen adierazpena baino ez diren agertzen.
Hori kontuan hartuta erakunde honek beharrezkotzat jotzen du Iruñeko Udalari, bai web-orrian, bai egin daitezkeen informazio-liburuxketan, eta baita izena emateko telefonoan ere, jarduerak gaztelaniaz zein euskaraz egiteko aukera iragarri eta jakinarazi beharko liratekeela iradokitzea.
5. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Iruñeko Udalari, bai Coworkids programaren webgunean, bai egin daitezkeen informazio-liburuxketan, eta baita izena emateko telefonoan ere, jarduerak gaztelaniaz zein euskaraz egiteko aukera iragarri eta jakinarazi beharko liratekeela iradokitzea.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Iruñeko Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2023. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia