Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Zaraitzu eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen erantzunik eza instantzia bati, plantilla organikoan euskara dakiten lanposturik ez dagoelako edo merezimendu gisa ez delako baloratu.
Zaraitzu eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen presidentea
Presidente andrea:
1. 2023ko otsailaren 8an, instituzio honek [...] jaunaren idazki bat jaso zuen, Administrazioan Euskaraz Taldearen ordez, Zaraitzu eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen plantilla organikoari buruz.
Idazki hartan, hauxe zioen:
a) 2022ko azaroaren 2an, Zaraitzu eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari zuzendutako eskaera bat aurkeztu zenuen, plantilla organikoan euskararen ezagutza ez eskatzearen eta merezimendu gisa ez baloratzearen harira.
b) Zehazki, adierazi zenuen Mankomunitatea eremu mistoan kokatutako udalek osatzen duten arren, bederatzi lanpostuetako batean ere ez dela exijitzen euskara jakitea, ezta merezimendu gisa baloratzen ere.
c) Hori dela eta, eskatu zenuen plantilla organikoa aldatzeko, herritarrek administraziora euskaraz jotzeko duten eskubidea bermatzeko. Horretarako, beharrezkoa litzateke C1 mailako hizkuntza-eskakizuna izatea idazkari, administrari laguntzaile, animatzaile sozio-kultural, familia-langile eta gainerako lanpostuetarako.
d) Igarotako denbora gorabehera, ez zen erantzunik jaso.
2. Ondoren, erakunde honek Zaraitzu eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
2023ko martxoaren 6an instituzio honek txosten bat jaso zuen, honako hau adieraziz:
“Nafarroako Arartekoaren idazki bat jaso da, 2023ko otsailaren 8an Administrazioan Euskaraz Taldearen izenean Joseba Otano Villanueva jaunak aurkeztutako idazkiaren berri ematen duena. Idazki horren bidez, kexa bat aurkeztu du Zaraitzu eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko plantilla organikoari buruz, eta azaldu du 2022ko behin betiko onarpenean ez dela euskara jakiteko betebeharrik agertzen, ezta euskara merezimendu gisa baloratzen ere.
Uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 26.1 artikuluaren arabera, eta erakunde horrek bere ikerketa eta ikuskapenetan Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko duen betebeharra betetze aldera, eskatzen da 2023ko martxoaren 6a baino lehen igor dadila gai horri buruzko informazioa.
Horregatik guztiagatik, eskatutako informazioari dagokionez, Zaraitzu eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak 2023ko martxoaren 9an ohiko bilkura egitea aurreikusi duela jakinarazi behar du. Aztergaien zerrendan 2023. urterako Plantilla Organikoaren hasierako onespena jasota dago; beraz, behin onartuta, erakunde horri horren berri emango zaio”.
Geroago, 2023ko maiatzaren 12an, beste idazki bat sartu zen instituzio honetan, honako hau dioena:
“Egindako informazio-eskaera ikusita, telefonoz adierazi zen bezala, Q23/120 espedienteari dagokionez, honako hau jakinarazten da:
Zaraitzu eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak joan den apirilaren 24an egindako bileran, 2023ko plantilla organikoari dagokionez, Batzarrak erabaki zuen beharrezko txostenak eskatzea Mankomunitatearen egitura organikoko lanpostuetan euskararen hizkuntza-eskakizuna eskatzeari edo ez eskatzeari buruz.
Ondoren, gai hori berriro aztertuko da Mankomunitatearen bilkuran, eta Arartekoari horren berri emango zaio”.
3. Kexa honen muina den gaia ebazten hasi aurretik, gorabehera formal bati heldu behar zaio: interesdunak 2022ko azaroaren 2an aurkeztutako eskaerari erantzunik ez ematea,
Kexagileak dioenez, Mankomunitateko plantilla organikoan hizkuntza-eskakizun elebiduna duen lanposturik ez zegoela egiaztatuta, eskabide bat aurkeztu zuen Mankomunitatean arazoari irtenbidea emateko eskatuz, baina oraindik ez diote erantzunik eman.
Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluak jasotzen duenaren arabera, Administrazioa “behartuta dago berariazko ematera eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua”.
Betebehar hori zer denbora tartetan bete behar den zehazteko, 21. artikuluaren 2. apartatuan ezartzen denez “berariazko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da”. Era berean, 21. artikuluaren 3. apartatuan gaineratzen denez, “prozedurei dagozkien arauetan ezarrita ez badago, hiru hilabete izango da gehieneko epea”.
Kasu honetan, eskaera aurkeztu zenetik sei hilabete baino gehiago igaro direnez, ez dago zalantzarik gehieneko epe hori ez zela betetzen ari, eta, ondorioz, erakunde honek egokitzat jotzen du gogoraraztea Zaraitzu eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari herritarrek aurkeztutako eskaerak garaiz eta behar bezala ebazteko betebeharra duela.
4. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen 1.2.a) artikuluan, bere helburuetako bat bezala aitortzen da “herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea”.
Eremu mistoan euskara erabiltzeari dagokionez, aipaturiko Foru Legearen 17. artikuluan honako eskubide hau aitortzen da: “herritar guztiek eskubidea dute euskara zein gaztelania erabiltzeko Nafarroako administrazio publikoetara zuzentzeko”. Gainera, eskubide hori bermatze aldera, administrazio publikoek honako hauek gauzatu ahalko dituzte: “a) Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztea zein lanpostutarako izanen den nahitaezkoa euskaraz jakitea; b) Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratzea”.
Arau horiek garatuz, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 3.1.b) artikuluan, bere funtsezko helburuen artean, honako hau identifikatzen du: “Eremu mistoan, gauzagarri egitea herritarrek duten eskubidea euskaraz nahiz gaztelaniaz zuzentzeko Nafarroako administrazio publikoengana, beren erakunde publikoengana eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateengana”.
Kasu honetan, Mankomunitatea eremu mistoan kokatutako udalerriek osatzen dutela eta plantilla organikoan hizkuntza-eskakizun elebiduna duen lanposturik ez dagoela eta merezimendu gisa ere ez dela baloratzen egiaztatuta, erakunde honek uste du, hasiera batean, ez dagoela bermatuta udalerri horietako herritarrek Mankomunitatera euskaraz jotzeko duten eskubidea.
Horregatik, erakunde honen ustez, komenigarria da gomendatzea Zaraitzu eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari beharrezko neurriak har ditzala herritarrek administrazioari euskaraz hitz egiteko duten eskubidea bermatzeko.
5. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
a) Zaraitzu eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari gogoraraztea herritarrek aurkeztutako eskabideak garaiz eta legearen arabera ebazteko duen legezko betebeharra.
b) Zaraitzu eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateari gomendatzea beharrezko neurriak har ditzala herritarrek Administraziora euskaraz jotzeko eta arreta hizkuntza horretan jasotzeko duten eskubidea bermatzeko.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Zaraitzu eta Nabaskozeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2023. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia