Partekatu edukia
Euskara
Gaia: La falta de valoración del conocimiento de euskera, a diferencia del conocimiento de idiomas extranjeros, en la convocatoria para la provisión, mediante concurso-oposición, de una plaza de Subinspector de Policía Local de Tudela.
Euskara
Tuterako Alkatea
Alkate jauna:
2018ko uztailaren 4an, instituzio honek idazki bat jaso zuen. […]rena, Administrazioan euskaraz taldearen ordez,bertan Tuterako Udaletxearen aurrean kexa bat aurkeztu zenuen. Kexa horretan, adierazi zenuen ez zeudela ados Tuterako Udaltzaingoan Inspektoreorde lanpostu bat betetzeko leihaketa-oposaketa deialdiarekin, euskararen ezagutza atzerriko hizkuntzena baino gutxiago balioesten zelako.
Idazki hartan, hauxe zioen:
Aldiz, baremoan ez da inongo puntuaketarik aurreikusi euskara jakiteagatik.
Hori horrela, Nafarroako Foru Komunitatean hitz egiten den hizkuntza baten ezagutza, hau da, euskararena, atzerriko hizkuntzena baino gutxiago baloratzen eta puntuatzen ari da.
Honako hau eskatzen zuen: Tuterako Udalak, lanpostuen deialdietako merezimenduen lehiaketetan, ez dezala atzerriko hizkuntzen ezagutza euskararen ezagutza baino gehiago baloratu.
Ondoren, erakunde honek Tuterako Udaletxera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
2018ko irailaren 5ean jaso zen txostena, interesatuari bidaltzen diogu txosten hura.
Txosten horretan, Udalaren jokabidea zuzentzat jotzen da. Izan ere, gaur egun indarrean dagoen araudiarekin bat etorriz, euskararen ezagutza baloratzea ez da derrigorrezkoa eremu ez-euskalduneko tokiko erankundeen lanpostuetarako sarbidean, eta Tutera eremu ez-euskaldunean dago.
Erakunde honek honako hau adierazi zuen orain aztergai dugun gai honen antzeko beste kexa-espediente batzuen kasuan (Q13/794 eta Q18/178):
“4. Kexa eragin duen gaiari buruz irtenbide bat emateko, euskarak Nafarroako Foru Komunitateko ordenamendu juridikoan duen estatusari buruzko lege-xedapenak aztertu behar dira.
Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluak dio gaztelania Nafarroako hizkuntza ofiziala dela eta euskara ere hizkuntza ofiziala dela Nafarroako eremu euskaldunetan. Agindu horretan xedatzen denez, foru-lege batek eskualde horiek zehaztuko ditu, euskararen erabilera ofiziala arautuko du eta, Estatuko legeria orokorra abiapuntutzat hartuta, hizkuntza horren irakaskuntza antolatuko du.
Agindu horrekin lotuta, abenduaren 15eko Euskarari buruzko 18/1986 Foru Legeak dio, 2. artikuluan, gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak direla. Eta, halaber, gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofiziala, eta euskara ere ofiziala dela Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoan eta Euskarari Buruzko Foru Lege honetan bertan aurrez ikusitako eran. Lege-adierazpen horretatik ondorioztatzen denez, beraz, Nafarroan badira berezko bi hizkuntza, bata ofiziala Nafarroa osoan (gaztelania) eta bestea partzialki koofiziala (euskara).
Legezko kontsiderazio horri erantzuten dio Euskarari Buruzko Foru Legean jasotako araudi guztiak, eta haren ezinbesteko helburu dira, zehazki, herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea, euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz, eta erabilera hori eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun-, mailakatze- eta errespetu-irizpideei jarraiki.
Euskararen estatus horretatik eta helburu horietatik abiatuta, araua interpretatzean horiek izan behar baitute ardatz eta gidari, legeak, kasu honi berariaz dagokionez, zenbait xedapen jasotzen ditu Nafarroan funtzio publikora iristeari buruz, zehazki 15. eta 17. artikuluetan ezarritakoak, herritarrek Nafarroako berezko bi hizkuntzetatik edozein erabiltzeko duten eskubidea bermatzearekin gai horrek lotura duelako. Hala, 15. artikuluak dio, eremu euskalduneko erabilera ofizialaz ari dela, Administrazio Publikoek eta izaera publikoko enpresek gaikuntza progresiboa sustatuko dutela, eremu euskaldunean zerbitzua ematen duten langileak pixkanaka euskararen erabileran gaitu daitezen, eta Administrazio bakoitzak, berari dagozkion eskumenen esparruan, zehaztuko duela zein lanpostutarako izango den nahitaezkoa euskaraz jakitea, eta gainerakoentzat, merezimendu kualifikatutzat hartuko dela besteren artean. Bestalde, 17. artikuluak, eremu mistoari buruzkoak, ezartzen du, herritarrek gaztelania eta euskara erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko, administrazio publikoek aukera hauek dituztela: a) urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zehaztu zein lanpostutarako izango den nahitaezkoa euskaraz jakitea; b) gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskara jakitea merezimendu moduan baloratu.
5. Lege-arau horren ondorioz eta, batik bat, euskara Nafarroako berezko hizkuntzatzat daukalako eta Nafarroan hizkuntza partzialki koofiziala delako, bai eta lege horren helburuen ondorioz ere, Nafarroako Administrazio Publikoek zenbait betebehar dituzte, erakunde honen ustez: ez soilik legeak berak xedatutakoak Nafarroako Administrazio Publikoentzat eta, zehazki, Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioarentzat, Nafarroako herritar guztien zerbitzura dagoenez, baizik eta baita betebehar nolabait inplizitu batzuk ere, euskarari, legez izaera hori izateagatik, datxezkionak. Euskarari datxezkion betebehar horietako bat da, besteak beste, Nafarroako Foru Komunitateak funtzio publikora iristeko bideratzen dituen deialdietan trataera okerragoa ez ematea euskaraz gaitua izateari (euskara berezko hizkuntza eta partzialki koofiziala den heinean) atzerriko hizkuntza batean gaitua izateari baino (Nafarroan ez berezkoa eta ez koofiziala ez den heinean).
Arau horrek salbuespenak ere izan ditzake, erakunde honen ustez, oso ezaugarri bereziak dituen lanpostu jakinen batean, baldin eta ikusiko balitz beharrezkoa dela, egoki eta nahikoa arrazoituta, atzerriko hizkuntza bat jakitea euskara jakitea baino hein handiagoan baloratzea.
Eta arau hori, euskarak estatus juridiko hori izatetik datorrena, beti begiratu behar da, deialdian hautaketarako ezarritako metodoa edozein izanda ere (oposizioa edo lehiaketa-oposizioa), erabaki hori bi alderdiren araberakoa baita: deialdia zer Administrazio Publikok egiten duen eta lanpostuak zer-nolako funtzioak bete behar dituen. Hain zuzen, ez da batere logikoa, erakunde honen ustez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko lanpostu bat betetzeko beharra izandakoan aukeratzen den sistema lehiaketa-oposizioa bada (indarrean dauden lege- eta arau-xedapenen ondorioz) atzerriko hizkuntza bat berezkoa baino gehiago baloratu ezin izatea eta, aldiz, sistema orokorra aukeratuz gero, oposizio bidezkoa, alegia, orduan kontrako irtenbidea onargarria izatea.
6. Kexa hau eragin duen auziak funtsean zerikusi handia duenez (euskaraz jakitea eta atzerriko hizkuntza bat jakitea nola baloratzen diren Nafarroako Administrazio Publikoetako lanpostuetara iristeko), egoki da gogora ekartzea Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak azaroaren 2ko 1113/2004 Epaian zazpigarren arrazoibidean esandakoa. Honela zioen:
“ZAZPIGARRENA
Foru Dekretuaren 21.1 eta 23.1 artikuluak ere aurkaratzen dira, biak edukiz antzekoak eta, beraz, trataeraren aldetik biak batera hartu beharrekoak.
21.1 artikuluak, eremu euskaldunari buruz, honela dio: «Euskaraz jakitea, beste merezimendu batzuen artean, merezimendu kualifikatutzat hartu behar denean eremu euskaldunean, euskararen balorazio horrek izan dezakeen gehikuntza-ehunekoa ez da izango frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik (Europar Batasuneko laneko hizkuntzak) merezimendu gisa aplikatzen den puntuazioaren % 10 baino handiagoa; deialdi bakoitzean zenbateko zehatza adieraziko da».
23.1 artikuluak, berriz, eremu mistoari buruz, honela dio: «Eremu mistoan euskaraz jakitea merezimendu gisa baloratzen denean, halakotzat hartzen denean, balorazio hori ez da izango frantsesa, ingelesa edo alemana jakiteagatik (Europar Batasuneko laneko hizkuntzak) merezimendu gisa aplikatzen den puntuazioaren % 5 baino handiagoa; deialdi bakoitzean zenbateko zehatza adieraziko da».
Aztertu behar dena da ea agindu horien edukia erregelamendu exekutibo bati dagokiona baino harago doan, euskara Europako zenbait hizkuntzarekin parekatzen baitu, eta gerta daitekeelako horrek abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak euskarari aitortzen dion maila eta babesa gainditzea.
Auzi horri buruz irtenbide batera iristeko, aztertu behar da zer maila duen euskarak ordenamendu juridikoan eta zer izaera aitortzen zaion, horren arabera jakingo baitugu ea aurkaratuak izan diren aginduetan beste hizkuntza batzuekiko ematen zaion neurri edo pisua bat datorren edo ez euskarari gure legedian ematen zaion garrantziarekin. Euskarak badu halako estatus bat eta babes-maila bat, hizkuntzari berari datxekiona, eremu euskaldunean hizkuntza ofiziala izatearen eta gainerako eremuetan babesa izatearen ondorio; hala dago ezarrita abuztuaren 10eko 13/1982 Lege Organikoaren 9.2 artikuluan. Bestalde, 18/1986 Foru Legeak zenbait helburu adierazten ditu euskarari dagokionez, eta hauek dira, 1.2 artikuluaren arabera: «a) Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea. b) Euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, euskara sustatzeko neurriak adieraziz. c) Euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun-, mailakatze- eta errespetu-irizpideei jarraiki, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera».
Lege horren 2. artikuluak dioenez, gaztelania ez ezik, euskara ere «Nafarroako berezko hizkuntza» da eta, «horren ondorioz, herritar guztiek dute hizkuntza horiek jakiteko eta erabiltzeko eskubidea».
Jarrai genezake hona aipuak ekartzen, hala nola Lege horrek 6. artikuluan herritarrei bi hizkuntzak erabiltzeko eskubidea berriro ere aitortzen dienekoa, edota hizkuntza-kontuetarako Foru Komunitatean bereizten diren hiru eremuetako bakoitzerako Legearen xedapenek arau orokor horiekiko egiten dituzten zehaztapenak, baina orain arte emandako arrazoiak aski dira ondorioztatzeko zer leku edo maila duen euskarak Nafarroako berezko hizkuntza gisa eta euskara erabiltzeko eskubideari dagokionez. Dekretuak merezimenduen balorazioa egiteko euskararekin alderatuz aipatzen dituen Europako hizkuntzetatik bakar batek ere ez du leku edo maila hori gure ordenamendu juridikoan.
Horri dagokionez, esan beharrekoa da Dekretuak euskara baloratzeko zenbateko bat ezartzen duenean, eta balorazio hori beste hizkuntza batzuekiko egiten duenez (frantsesa, ingelesa, alemana edo Europar Batasuneko gainerako lan-hizkuntzak), Legeak euskarari aitortzen dion maila desgaitzen ari da praktikan, erregelamenduaren bidez. Merezimendu hori neurtzean, Europako hizkuntzak eta euskara parekatzen ari da, baita euskarari balorazioan kopuru handiagoa aitortuta ere. Foru Dekretuak euskaraz jakitearen merezimendua neurtzea euskararekiko formulazio negatibo bat egitea da praktikan, eta horrek desitxuratu egiten du euskarak eremu euskaldunean hizkuntza ofizial gisa eta Nafarroako berezko hizkuntza gisa duen izaera, konparaziorako erabiltzen diren hizkuntzetatik bakar batek ere ez baitu izaera hori, babes berezi hori, baita euskara hein handiagoan baloratuta ere (kuantitatiboki oso gutxi).
Horrenbestez, balorazioko formulazio positibo baten bidez bada ere, egiaz, araudi hori egitean, balorazio negatibo bat formulatzen ari da, konparazio-metodoaren bidez mugatu egiten baitu euskara baloratzeko aukera.
Alegia, Dekretuak baloraziorako polo desegoki bat darabil, konparazioko unitate heterogeneoak ekartzen eta neurtzen baititu, legearen ikuspegitik desberdinak direnak berdindu nahian.
Bestalde, Dekretua Administrazio Publiko guztiek bete beharrekoa denez, haiei guztiei baloraziorako muga bat ezarri nahi zaie, deialdietan ezin izango baitute kuantifikatu euskaraz jakitearen merezimenduak zehazki eta doiki zer garrantzi duen lanpostu bakoitzean, nahiz eta horixe den une egokia, deialdi bakoitzaren oinarriak onartzeko momentua, lanpostu bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuz aztertzeko ea zenbaterainoko garrantzia duen euskaraz jakiteak eta ea lanpostu horietako bakoitzaren oinarriak onartzeko momentua, lanpostu bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuz aztertzeko ea zenbaterainoko garrantzia duen euskaraz jakiteak eta ea lanpostu horretarako zer euskara-maila den nahitaez eskatzekoa. Horrekin ez dugu esan nahi merezimenduak neurtzeko gaia ezin arautu daitekeela, baina modu abstraktuan posible izanda ere, ezin egin daiteke horrela, erregelamenduak egiteko duen ahalaz baliatuz Administrazioak egin duen moduan.
Azkenik, aipa dezagun beste gai bat, zalantza handiak piztu dituena. Jarrera bat baino gehiago har daiteke honi buruz, baina zer gertatzen da euskara soilik baloratzen bada eta euskararekin alderatzeko gainerako hizkuntzak baloratzen ez badira? Nahitaez baloratu beharko al lirateke Europar Batasuneko gainerako lan-hizkuntza guztiak, eta horrela egin ezean baliogabea litzateke deialdia? Lege-arauaren aldeko interpretazioa egiten duenaren jarreratik, kontrako jarrera pentsa daiteke; alegia, neurtzea arau dela, baldin eta Europar Batasuneko beste lan-hizkuntzaren bat neurtzea ere nahitaezkoa den heinean. Baina, kasu horretan, Dekretua segurtasunik eza dakarren elementu bat sartzen ari da, ez baita ulertzen zer arrazoirengatik ezarri behar den konparazioko puntu hori modu abstraktuan, eta, bestalde, ez baitakigu non bilatu beharko litzatekeen konparaziorako erabili beharreko Europako hizkuntzei ezarritako neurria, ez baitago hizkuntzak neurtzeko unitateak ezartzen dituen nahitaezko araurik. Beharbada, hizkuntza horiek baloratu izan dituzten beste deialdi batzuetan bila daiteke, baina gerta daiteke deialdi horiek beste administrazio publiko batzuenak izatea. Horrek mugatu egingo luke Administrazio bakoitzak bere burua antolatzeko duen ahalmena, kasuan kasu lanpostuaren ezaugarrien arabera balorazio egokiena zehaztekoa; gainera, ekarriko luke balorazio zehatz bat ezartzea baloratu beharreko lanpostu bakoitzaren eskakizunen arabera, eta horrela neurri-unitate hori oso nekez eraman ahal izango litzateke euskaraz jakitearen merezimendua baloratu nahi den deialdi zehatzera, litekeena baita lanpostuak oso bestelako ezaugarriak izatea. Laburbilduz, hainbeste zalantza sor ditzake interpretazio horrek, horrexegatik beragatik erabat desegokitzat hartzekoa baita agindua, segurtasun juridiko hutsagatik besterik ez bada ere, ez baitu betetzen ziurtasunaren baldintza, arau juridiko orok bete beharko lukeena.
Hori guztia kontuan hartuta, aztergai izan ditugun aginduak baliogabetzat jotzen ditugu”.
7. Erakunde honen iritziz, arrazoibide horien ondorioz epaian aztertutako aginduak baliogabetzat jo baziren, euskarak foru-ordenamenduan duen izaerarekin bat ez zetozelako, orduan, arrazoibide bertsuengatik, juridikoki desegokitzat jo beharko lirateke aztergai izan ditugun Administrazioaren xedapen eta ekintzak, zuzenean edo zeharka zehazten dutenak Nafarroako Foru Komunitatearen Administrazioko hautapen-prozesuetan hein handiagoan baloratuko dela hizkuntza arrotz bat jakitea (kasu honetan, ingelesa), berezkoa eta partzialki koofiziala dugun hizkuntza bat jakitea baino: euskaraz jakitea, alegia.
Adierazitako moduan, kasurako interesgarriak diren ondorioetarako, garrantzitsua ez da aukeraketa-prozesuak oposizio bidez izapidetzea lehiaketa-oposizio bidez egin ordez, ez eta ingeleseko proba baztergarria ez izatea ere; izan ere, dena den, azken ondorioa arestian adierazitako printzipioaren aurkakoa litzateke: oro har eta lehentasunez, foru-administrazioak ezin du gehiago baloratu atzerriko hizkuntza baten ezagutza Nafarroako berezko hizkuntza den euskararen ezagutza baino, foru-komunitateko funtzio publikoko lanpostuen sarbidean.
Aurreko guztiagatik, erakunde honek ondorioztatzen du kexa, aztertutako alderdian, ez datorrela bat Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluarekin eta Euskarari buruzko Lege Foruarekin, euskarari ordenamendu juridiko foralean ematen dioten posizioa bateraezina delako deialdi horien eraginekin. Deialdi horietan, oro har, A eta B mailetako, Ogasuneko Teknikarien eta Ogasuneko Kudeatzaile eta Ikerlari Laguntzaileen mailako lanpostuetarako, ingelesaren (atzerriko hizkuntza) ezagutza euskararen (berezko hizkuntza) ezagutzaren gainetik dago, eta arestian aipatutako epaiarekin bat etorriz, hori Nafarroa osoan foru-legeriak euskara babesteko eta sustatzeko duen asmoaren aurkakoa da, eta are gehiago eremu euskaldunean eta eremu mistoan, bertako biztanleentzat ere lan egingo dutelako, hiriburutik bada ere.
Ondorio horretarako, ez da eragozpena deialdi horiek martxoaren 2ko 17/2009 Foru Dekretuaren, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan enplegu publikoaren eskaintza onartzekoaren, aplikazioa izatea; izan ere, deialdi horiek ordenamendu juridikoarekin lotuta daudenez, osotasunean, eta lege-mailako aipatutako arauak nagusi direnez, irizpidea araudiarekiko bateraezina dela ondorioztatu behar da, arauzko xedapenaren estaldura horretarako garrantzitsua izan gabe. A eta B mailetako lanpostuen deialdietan ingeleseko proba bat sartzea gaitzeko, 17/2009 Foru Arauan islatutako Nafarroako Gobernuaren erabaki hori aplikatzen duten ekintzak baliozkoak izango dira soilik, erakunde honen ustez, aldi berean, euskarak foru-ordenamenduan duen kontsiderazio berezi hori kontuan hartzen badute, Lehendakaritzako, Justiziako eta Barneko Departamentuaren txostenak dioenaren aurka, bi gaiak ezin baitira bereizi, ezaugarri horiek dituen neurri batek izangaien meritua eta gaitasuna baloratzea eskatzen duelako (kasu honetan, hizkuntzarekin lotutakoa), Foru Komunitateko Administrazioak bitarteko egokiak izan ditzan, gaztelania ez den hizkuntza batean erlazionatzeko. Alderdi horiek, pertsonalaren hizkuntza-gaitasuna eta, azken batean, eta pertsonal horrek zenbait hizkuntzatan lan egiteko integratzen den administrazioaren egokitasuna, hizkuntza batzuek eta besteek ordenamendu juridikoan duten kontsiderazioarekin eta posizioarekin, eta zerbitzua jasotzen duten herritarren hizkuntza-eskubideekin lotzen dira.
Aipatutako espediente horien funtsezko zatian arrazoitutakoa eta ondorioztatutakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jarduketak ziren arren, aztergai dugun kasuan aplikagarria dela uste dugu: ordenamendu juridikoak Nafarroan euskarari ematen dion babesaren ondorioz, erakunde honen interpretazioaren arabera, ez da egokia Nafarroako Foru Komunitatean lanpostuetarako sarbidea izateko, atzerriko hizkuntzen ezagutza maila handiagoan baloratzea euskararen ezagutza baino, bete beharreko funtzioen espezialitateak hori justifikatzen duenean izan ezik.
Erakunde honen arabera, aurrekoa izaera orokorreko “printzipio gidari” gisa ulertu behar da; izan ere, araudian berariaz formulatuta ez egon arren, legetik (Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoa, eta Euskarari buruzko Foru Legea) eta hark hizkuntza horri ematen dion estatusetik ondorioztatzen da.
Adierazitako printzipioa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta Nafarroako tokiko erakundeetako lanpostu guztietan aplikagarria dela ulertu behar da, eremu ez-euskaldunean kokatutakoak barne. Azken eremu horretan, euskararen babes-maila gainerako eremuetan (eremu euskalduna eta eremu mistoa) baino txikiagoa izan arren, atzerriko hizkuntzei (ingelesa, frantsesa edo alemaniera, esate baterako) ematen zaien babesa baino handiagoa da, dena den, eta Euskarari buruzko Foru Legearen (dagozkion modulazioekin) eta hura garatzeko araudiaren funtsezko helburuak aplikagarriak dira.
Euskara atzerriko hizkuntzekiko babesteko plus hori, aurrez aipatutako legeetan presente egoteaz gain, azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuan ere hauteman daiteke, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duenean; hain zuzen, 3. artikuluan, arauaren funtsezko helburuen artean, hau jasotzen da: eremu ez-euskaldunean, herritarrei Nafarroako administrazio publikoarekin, haren erakunde publikoekin eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateekin euskaraz jarduteko eskubidea erraztea, horretarako tresnak zehaztea, eremuaren ezaugarri soziolinguistikoak aintzat hartuta.
Erregelamendu araudiaren interpretazioa eta aplikazioa, pertsonalari buruzko deialdiak konfiguratzean, ez litzateke adierazitakoarekin kontraesankorra den emaitzarik lortu behar.
Beraz, kasu honetan bezala (Tuterako Udaltzaingoan inspektoreorde izateko lanpostu bat betetzea, barne-sustapeneko prozedura baten bidez), lanpostuak lehiaketa-oposizio bidez (merezimenduak baloratuz) betetzea ezarri dela, eta hizkuntzen ezagutza izaera orokorrarekin baloratzea erabaki dela (lanpostuak lortzeko merezimendu gisa, izangaiak kualifikatzen dituelako, lana burutzeko eskatu beharreko ezagutza bat ez izan arren) kontuan hartuta, euskararen balorazioa ere sartu beharko litzateke, eta, hartara, Nafarroako berezko hizkuntza horren ezagutza ez litzateke gutxiago baloratuko atzerriko hizkuntzen ezagutza baino. Euskara gutxiago baloratzeak, erakunde honen ustez, indarrean dagoen legeriarekin bat ez datorren emaitza bat sortzen du; eta, zehazki, hizkuntza horri ematen zaion estatusarekin eta legearen helburuekin bat ez datorrena, aipatutako epaian garbi geratu zen moduan.
Hori horrela, gomendio bat egiten da, aurretik esandakoa kontuan hartuta
Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Tuterako Udalari gomendatzea, oro har, hizkuntzak baloratzen diren lanpostuen deialdietarako merezimenduen lehiaketetan, euskararen ezagutza ez baloratzea edo puntuatzea atzerriko hizkuntzen ezagutza (ingelesa, frantsesa edo alemaniera) baino gutxiago.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Antsoaingo Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2017. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia