Partekatu edukia
Euskara
Gaia: Nafarroako Foruzaingoaren sare sozialetako argitalpenak gaztelaniaz bakarrik egotea.
Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria
Kontseilari andrea:
1. 2024ko uztailaren 24an, instituzio honek (…) jaunaren kexa bat jaso zuen, Nafarroako Foruzaingoaren sare sozialetako argitalpenei buruz.
Kexaren arrazoia da argitalpen horiek gaztelania hutsean egin zirela, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko beste organo batzuen kasuan ez bezala.
2. Ondoren, erakunde honek Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentura eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
3. Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren txostenak honako hau dio:
“Nafarroako Foruzaingoa Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren mendeko segurtasun zibileko zerbitzua da. Polizia buruaren aginte operatiboaren pean jarduten du, eta barneko gaietan eskumena duen departamentuko kontseilari titularra da Nafarroako Foruzaingoaren zuzendari nagusia.
Nafarroako Foruzaingoaren Ikuskapen Orokorraren Arloko Dibisio Tekniko Orokorreko Komunikaziorako eta Herritarren Partaidetzarako Taldeko langileei dagokie, besteak beste, Foruzaingoaren barneko eta kanpoko komunikazioa kudeatzea, Foru Administrazioaren arloan eskumena duten unitateekin koordinatuta, eta, horrekin bat etorriz, Nafarroako Foruzaingoaren kontu ofizialak kudeatzea sare sozialetan. Gaur egun, unitate organiko horretako ezein lanpostuk ez du euskararen ezagutza nahitaezko baldintza gisa.
103/2017 Foru dekretuak, azaroaren 15ekoak, euskararen erabilera arautzen duenak Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan, honako hau ezartzen du 3. artikuluan, funtsezko helburuei dagokienez:
a) Eremu euskaldunean, ahalbidetzea bi hizkuntza ofizialetako edozein erabil daitezen lan-hizkuntza moduan Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan, bai eta herritarrei zerbitzua emateko ere.
b) Eremu mistoan, gauzagarri egitea herritarrek duten eskubidea euskaraz nahiz gaztelaniaz zuzentzeko Nafarroako administrazio publikoengana, beren erakunde publikoengana eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateengana, bai eta beharrezkoak diren tresnak zehaztea ere ahalbidetzeko euskara eta gaztelania erabil daitezen herritarrei zerbitzua emateko; betiere, eremu horretako udalerrien errealitate soziolinguistikoarekin bat.
c) Eremu ez-euskaldunean, gauzagarri egitea herritarrek duten eskubidea euskaraz nahiz gaztelaniaz zuzentzeko Nafarroako administrazio publikoengana, beren erakunde publikoengana eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateengana, bai eta hori lortzeko tresnak zehaztea ere, eremuaren ezaugarri soziolinguistikoak kontuan hartuta.
Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzu zentraletan, funtsezko helburua da euskararen erabilera ahalbidetzea herritarrei zerbitzua emateko.
20.3 artikuluan, hau da, herritarrekiko harremanei buruzkoan, esaten da ahozko arretari dagokionez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzu zentralek herritarrei arreta euskaraz emateko neurriak bultzatuko dituztela.
Unitate organiko bat lehentasunezkotzat jotzeko, haren zerbitzuaren eta komunikazioen izaera hartzen da kontuan. Horrela, orientazio gisa, 103/2017 Foru Dekretuaren 25. artikuluak lehentasunez elebidun gisa ezartzen dituen funtzioak erabiltzen dira:
a) Herritarrei arreta orokor zuzena ematea zentral telefonikoetan, erregistro bulegoetan edo harreretan; bereziki, hiri segurtasuneko zerbitzuetan eta larrialdi zerbitzuetan, eta babes zibileko eta larrialdietako zerbitzuetan.
b) Herritarrei zerbitzu edo prozedura administratiboei buruzko berariazko informazioa ematea, ahoz zein idatziz.
c) Herritarrei zuzendutako komunikazioak sortzea edo dokumentazioa oro har euskaraz kudeatzea.
d) Eremu euskalduneko biztanleei arreta egitea.
e) Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzu zentralei dagokienez, ele biko zirkuitu batean sartuta egotea.
Era berean, artikulu horren 3. puntuan ezartzen denez, “ele biko lanpostuak zehaztuko dira, zein departamenturi atxikita dauden, hark egindako proposamenaren bidez eta Euskarabidearen aldez aurreko aldeko txostenarekin, plantilla organikoa aldatzeko behar den foru dekretuan sar daitezen”.
Artikulu horren arabera eta 3. artikuluan aurreikusitako helburu espezifikoak kontuan izanez, Nafarroako Gobernuko departamentu bakoitzak egiten dituen funtzioak eta zerbitzuak aztertzen ditu, unitate organikoei lehentasuna emateko eta beharrezko lanpostuak identifikatzeko, hala eskatzen duten pertsonei arreta elebiduna bermatzeko.
Horrela, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuaren 2020-2022 Hizkuntza Planak lehentasunezkotzat identifikatutako unitate organikoen zerrenda bat ezartzen du —horien artean dago Nafarroako Foruzaingoaren Komunikaziorako eta Herritarren Partaidetzarako Taldea—, lurralde osoko herritarrentzako arreta zentralizatzeagatik. Unitate organiko horretan aurreikusita dago dagokion hizkuntza eskakizuna esleitzea agente lanpostuko plaza batean.
https://gobiernoabierto.navarra.es /eu/gobernantza/planak-eta-programak-gobernu-eraginak/hizkuntza-plana-2020-2022-lehendakaritzako-berdintasuneko-funtzio-publikoko-barneko-departamentua
Gero, identifikatutako lanpostuak plantilla organikoko lanpostuetan zehaztu behar dira, ezarritako prozeduraren arabera.
Aurreko plangintzaren helburuei jarraipena emateko eta pixkanaka aurrera egiteko, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuaren 2023-2027 Hizkuntza Planak, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako sailburuaren otsailaren 21eko 7/2024 Foru Aginduaren bidez onetsiak, 7 helburu estrategiko proposatzen ditu, 3 ardatzetan antolatuta (ezagutza, erabilera eta kudeaketa).
“Ezagutza” lan ardatzaren barruan, 1. helburu estrategikoak, “zerbitzua euskaraz emateko hizkuntza eskakizuneko plazen kopurua handitzea”, 1.1. helburu operatibo gisa ezartzen du “lehen plangintzaldiko hizkuntza eskakizunen proposamena onestea”.
https://gobiernoabierto.navarra.es /eu/gobernantza/planak-eta-programak-gobernu-eraginak/hizkuntza-plana-2023-2027-barneko-funtzio
Beraz, dagoeneko zehaztuta dago Nafarroako Foruzaingoko Komunikaziorako eta Herritarren Partaidetzarako Taldearen agente lanpostuko plaza batek nahitaezko baldintza gisa euskararen ezagutza izan behar duela, eta Nafarroako Gobernua dagokion prozedura bidea jarraitzen ari da plantilla organikoan aldaketa hori gauzatzeko.
Bestalde, Komunikaziorako eta Herritarren Partaidetzarako Taldeko langileei gomendatuko zaie Nafarroako Gobernuaren itzulpen zerbitzu ofiziala erabil dezatela aldez aurretik planifikatu daitezkeen Foruzaingoaren dibulgazio kanpainen itzulpena eskatzeko, Foruzaingoaren sare sozialetan ele bitan aritze aldera”.
4. Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako Departamentuaren txostenean, berriz, honako hau adierazten da:
“Nafarroako Gobernuaren Sare Sozialen Direktorioaren arabera, gaur egun 13 kontu korporatibo eta 83 kontu sektorial daude, eta departamentuaren hizkuntza plangintzaren azken ebaluazioari jarraikiz, kontu horien hizkuntza egoera desberdina da; gehiengoak ele bietan argitaratzen du. Desberdintasun horren barruan, sare sozialetako kontu batzuek gaztelaniaz baino ez dute argitaratzen; Foruzaingoaren kontua ez da gaztelaniaz soilik argitaratzen duen bakarra.
Kontuan edukita, azken finean, sare horien kudeaketa unitate arduradun bakoitzari dagokiola, Euskarabidea-Euskararen Nafar Institutuak, departamentuen arteko hizkuntza plangintza koordinatzeaz arduratzen den erakundea den aldetik, Foruzaingoarekin eta Nafarroako Gobernuko gainerako departamentuekin lankidetzan sakontzeko borondatea agertzen du, herritarrentzako zerbitzu elebidun onena emate aldera”.
5. Adierazi den bezala, Nafarroako Foruzaingoak sare sozialetako kontuen bidez informazioa gaztelaniaz soilik argitaratzen duelako aurkeztu da kexa.
6. Aldez aurretik, esan behar da 2021ean funtsean berdina den kexa bat aurkeztu zela erakunde honetan (21/1149 espedientea).
Kasu hartan, piztutako eztabaida konpontzeko bidean zegoela erabaki zen; izan ere, Lehendakaritzako, Berdintasuneko, Funtzio Publikoko eta Barneko Departamentuak sare sozialetako herritarren informazioa eta arreta bi hizkuntzetan eman behar zela aitortu, eta horretarako zenbait neurri iragarri zituen.
7. Gai hori Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen aurreikuspenekin lotzen da.
Foru lege horren 1.2 artikuluak dio lege horren helburuak direla: a) herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea; b) euskararen berreskurapena eta garapena begiratzea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz; eta c) euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun, mailakatze eta errespetu irizpideei jarraikiz, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera.
2.1 artikuluak xedatzen du gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak direla eta, ondorioz, herritar guztiek dutela hizkuntza horiek jakiteko eta erabiltzeko eskubidea. Eta 2.2 artikuluak aurreikusten du gaztelania dela Nafarroako hizkuntza ofiziala, eta euskara ere ofiziala dela Nafarroako Foru Eraentza Berrezarri eta Hobetzeari buruzko Lege Organikoaren 9. artikuluan eta Euskararen foru lege horretan aurreikusitako eran.
Bestalde, 3.1 artikuluak ezartzen duenez, “botere publikoek beharrezko diren neurriak hartuko dituzte hizkuntza dela-eta herritarrak diskriminaturik izan ez daitezen”.
8. Sustatzaileak alegatutakoa eta administrazio organoek argudiatutakoa ikusita, kexa espedientean ez da zalantzan jartzen Foruzaingoaren komunikazioak edo informazioak sare sozialetan ele bietan egin behar direnik.
Eta, hain zuzen ere, Euskarari buruzko foru legetik datorren hizkuntza araubidearen arabera, erakunde honek uste duenez, horrela egin beharko litzateke, bereziki kontuan edukitzen bada sare sozial bateko argitalpen bat herritar guztiei zuzenduta dagoela, modu orokorrean eta ez zehatzean; barnean sartzen dira Nafarroako eremu euskaldunean bizi diren pertsonak, non araua bi hizkuntzen arteko koofizialtasuna eta parekotasuna den.
Erakunde honen iritziz, Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuaren 20.4 artikuluan eta 21.1 artikuluan aurreikusitakoa gehitu behar zaio horri —Nafarroako Justizia Auzitegiaren 2019ko irailaren 27ko epaiak ukitzen ez dituen manuak, artikulu horien beste apartatu batzuen deuseztasuna deklaratu baitzuen—. Lehenengoak jasotzen duenez, “herritarrendako eskura dauden Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren jabetzako baliabide elektronikoen bidez egiten diren komunikazioak, hots, informazioetara, zerbitzuetara eta transakzioetara elektronikoki sartzeko aukera ematen dutenak, euskaraz eta gaztelaniaz egonen dira eskura eta bi hizkuntza horien artean elkarreragingarritasuna ahalbidetuko dute”, eta bigarrenak aurreikusten duenez, “Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren komunikazio eta irudi arloko elementu orokor guztiek ele biko errealitatea islatuko dute”.
9. Azken batean, gure ustez, Nafarroako Foruzaingoa, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren titulartasuneko kontu baten bitartez, herritar guztiei zuzentzen zaienez sare sozialen bidez, informazioa edo komunikazioa gaztelaniaz zein euskaraz eskaini beharko lieke, guztien eskubideak bermatzearren.
10. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentuari gomendatzea Nafarroako Foruzaingoak sare sozialen bidez ematen dituen informazioak edo egiten dituen komunikazioak gaztelaniaz zein euskaraz eskaintzea.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako Departamentu bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2024. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia