Partekatu edukia
Función Pública
Gaia: 2016ko eta 2019ko oposizioetan gainditu eta plaza lortu zuten, eta destinorik gabe dauden Gorputz Heziketako (D eredua) irakasleen egoera.
Hezkuntza kontseilaria
Kontseilari jauna:
1. 2024ko otsailaren 9an, instituzio honek Ibai Díaz jaunaren idazki bat jaso zuen. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen 2016ko eta 2019ko oposizioetan gainditu eta plaza lortu zuten, eta destinorik gabe dauden Gorputz Heziketako (D eredua) irakasleen egoerari buruz.
Idazki hartan, hauxe zioen:
a) 2016 eta 2019 urteetan Gorputz Hezkuntzako (D Eredua) irakasle izateko hautaketa-prozedura gainditu zuen pertsona batez ari gara.
b) Hautaketa-prozedurak gainditu zituztenetik denbora igaro den arren, behin-behinekotasun egoera batean daude eta ez dute destino finkorik.
c) Egoera hori bidegabea da, lekualdatzeen lehiaketan parte hartzerako orduan kaltea eragiten baitie.
d) Halaber, egoera horrek kaltea eragiten dio hezkuntza-komunitateari, behin-behinekotasunak bitartekotasuna sortzen baitu, eta horrek ez die uzten beren hezkuntza-proiektuak aurrera eramaten.
e) Arazoa konpontzeko asmoz, zenbait eskaera aurkeztu dituzte. Eskaera horietan Hezkuntza Departamentuarekin bilerak izatea eskatu dute, baina ez dute inolako erantzunik jaso.
2. Ondoren, erakunde honek Hezkuntza Departamentura jo zuen, adierazitako gaiari buruzko informazioa eskatzeko.
Jasotako txostenean, honako hau esaten da:
“Gaur egun Nafarroako hezkuntza-sisteman, Gorputz Hezkuntzako 62 irakasle behar dira, irakasgai hori jardunaldi osoan eta euskaraz ematen dutenak. 62 lanpostu horien artean, biek ingeleseko C1 maila eskatzen dute eta horietako zortzi, aldiz, izaera ibiltaria duten lanpostuak dira. Gainera, 222 orduko irakaskuntza-saioren baliokide diren hamabi behar partzial eskatu dira . 63 irakasle funtzionario daude guztira. Beraz, zifrek adierazten dute irakasle bat gehiago dagoela, sistemak duen jardunaldi osoko irakasle beharrekin alderatuta. Bestalde, egungo beharrak asetzeko euskaraz ematen diren Gorputz Hezkuntzako saioak aztertzean 1178 saio eman beharko liratekeela ondorioztatu da. Kontuan izanda irakasle baten lansaioa 23 saiokoa dela, saio bakoitzeko 51,2 irakasle beharko lirateke. Egungo beharrak asetzeko, beste saio guztiak egoeraren arabera betetzen direlako ematen dira (216 saio), eta irakasle horiek beste arlo edo eremu batzuetan irakasten dutelako (254 saio). Horrek esan nahi du, adinagatiko murrizketak, lansaio murrizketak, sindikatu-askapenak eta zuzendaritza taldeen askapenagatik sortzen diren egoeraren araberako beharrak asetzeko, 9,4 irakasle behar direla eta beste 11 irakaslek beraien lansaioa bete behar dutela beste arlo batzuetan irakasten edo orduen liberazioa suposatzen duten berariazko programetan lan egiten.
Bestalde, lekualdatzeen lehiaketan eskaintzen diren lanpostuak baldintza zehatzak bete behar dituzte. Baldintza horiek indarrean dagoen lehiaketa autonomikoan aplikatzen dira eta 2023an adostu ziren, 2018ko hezkuntza-kalitatea hobetzeko ituna sinatu zuten sindikatuekin. Hala, baldintza horiek adierazten dute honako hau bete behar dela lanpostu bat eskaini ahal izateko: urtebeteko hezkuntza-bermea izatea, gutxienez 20 saioko karga izatea eta, irakaslegoak ikastetxeetako zuzendaritzarekin adostu ahal izatea atzerriko hizkuntzak, euskara, musika eta gorputz hezkuntzako espezialitateetako tutoretzapeko lanpostuak eskaintzea. Neurri hori bat dator interesdunak kritikatzen dituen funtzionamendu-lanpostuen definizioari buruzko neurriekin.
Adostutako neurriak gorabehera, hainbat irakaslek denbora asko behar izango dute beren behin betiko destinoa lortzeko, arestian aipatu denez, alde nabarmena dagoelako curriculum-beharren eta funtzionarioen artean. Egoera hori gehiago larriagotuko da, alde batetik, egungo jaiotze-tasa baxua dela kausa, eta horrek hezkuntza-sisteman zuzeneko eragina duelako eta, bestetik, langileen adina dela eta, ez baitu epe laburreko erretiro-kopuru esanguratsurik aurreikusten”.
3. Islatu den bezala, kexaren xedea bi gai desberdin dira: bata, formala, eskaera batzuei eman ez zaien erantzunari buruzkoa; eta, bestea, zuzenekoa, 2016 eta 2019 urteetan kexagilearen eta Gorputz Hezkuntzako (D Eredua) irakasle izateko hautaketa-prozesua gainditu zuen pertsonen egoerari buruzkoa.
4. Lehenengo gaiari dagokionez, adierazi behar da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluak ezartzen duela Administrazio Publikoak behartuta daudela “berariazko ebazpena ematera eta jakinaraztera prozedura guztietan, prozedura hasteko modua edozein dela ere”.
Ebazpen- eta jakinarazpen-betebehar hori zer denbora-tartetan bete behar den zehazteko, artikulu horren bigarren apartatuan ezartzen denez “berariazko ebazpena jakinarazteko gehieneko epea dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da”. Halaber, hirugarren apartatuan gaineratzen denez, “prozedurei buruzko arauek ez badute gehienezko eperik ezartzen, epea hiru hilabetekoa izango da”.
Kasu honetan, espedientean dagoen informazioan ziurtagiri bat jasotzen da. Ziurtagiri horretan adierazten da bi eskaera aurkeztu zirela, bata 2023ko urtarrilaren 30ean eta bestea urte bereko martxoaren 27an. Eskaera horien bitartez Hezkuntza Departamentuarekin bilera bat eskatu zen “destinorik gabeko Gorputz Hezkuntzako irakasleria funtzionarioaren” egoera jorratzeko.
Kexagileak adierazi duenez, ez da eskaera horiei erantzunik eman. Hala, kexa hau ebazteko asmoz, onartutzat joko da, Departamentuak bere txostenean adierazi baitu jakin badakiela ez diola eskaerei erantzunik eman.
Hori horrela, horretarako legez aurreikusitako epeak gainditu direnez, erakunde honek egokitzat jotzen du Departamentuari gogoraraztea herritarren idazkiak garaiz eta legearen arabera erantzuteko duen legezko betebeharra.
5. Bigarren gaiari dagokionez, ez da gai berria, eta irakasleen beste sektore bati buruzkoa den arren, erakunde honek aztertu zuenaren antzekoa da, Q23/516, Q21/110 eta 13/657/F espedienteetan.
Arestian aipatu den lehenengo kexari dagokionez, sindikatu batek aurkeztu zuena, erakunde honek honako hau adierazi zuen:
“3. Aurkeztutako kexak erreferentzia egiten die Nafarroan irakaskuntzaren alorreko funtzio publikora sartzen diren eta behin-behineko destinoa duten irakasleek jasaten duten egoera okerrenari, beste autonomia-erkidego batean sartzen direnekin alderatuta, behin betiko destino bat lortzeko ezarritako baldintzatzaileak direla eta (ezpezialitatearen eta sartzeko hizkuntzaren arteko lotura).
Bereziki hartzen da kontuan ingeleseko irakasleen egoera, izan ere, adierazi den moduan, behin betiko destinoak (ingelesa espezialitate gisa duten lanpostuetan soilik hartu dezakete parte) eskuratzeko baldintzatzaileez eta betebeharrez gain eta, Hizkuntzak Ikasteko Programa ezartzearen ondoriozko arrazoiengatik, azken urteotan lanpostu horiek murrizten joan dira, eta, ondorioz, ez dira lehiaketetan iragartzen. Egoera horrek irakasleak behartzen ditu behin-behineko destinoetan mugarik gabe egotera.
Salatzen den egoeraren adibide gisa, Errioxara joan zen ingeleseko irakasle baten kasua adierazi da. Irakasle horrek, bere edozein espezialitateri esker behin betiko lanpostu bat lortu ondoren eta nazio mailako lekualdatzeen lehiaketa batean parte hartu baino lehen, Nafarroan behin betiko lanpostu bat lortu dezake. Arestian aipatutako egoera hori ez litzateke gertatuko pertsona hori Foru Komunitate honetako funtzio publikora sartu balitz.
4. Ondorioztatu denaren arabera, kexan salatzen den egoera bi faktoreren ondorio da, nagusiki:
a) Behin-behineko destinoa duten funtzionarioek behin betiko destinoa lortzeko ezarri diren baldintzatzaileak eta betebeharrak. Horri dagokionez, irakasleak sartu den Hezkuntza Administrazio berean lortu beharko du lehenengo behin betiko destinoa. Arestian aipatutakoa adierazten duen araudiaren arabera, legezko marjina bat dago egiten diren lehiaketetan parte hartzeko baldintzak konfiguratzeko. Horrek azaltzen du, alderdi horri dagokionez, autonomia-erkidego bakoitzean ezartzen diren irizpideak guztiz bat ez etortzea.
b) Hezkuntza Administrazioak irakasleen plantilla organikoari, bere bilakaerari eta lanpostu ezberdinen ezaugarriei dagokionez hartzen dituen erabakiak. Erabaki horiek zehaztuko baitute aukerak handiagoak edo txikiagoak diren, lanpostuak betetzeko prozeduretan parte hartzerakoan eta behin betiko destinoa lortzeko garaian.
Erakunde honen arabera, aipatutako alderdiei dagokionez hartu diren erabakietan Hezkuntza Departamentuak nolabaiteko diskrezionalitate-eremua du, Zuzenbidean hainbat konponbide izan daitezkeelako baliodun. Hala ere, erabaki horiek hartzerakoan, momentuko interes multzoa hartu behar da kontuan, hau da, hezkuntza-zerbitzuaren antolaketa beharrak zein eragina jasan duten irakasleen eskubideak.
5. Haztapen horretan, kontuan hartu behar da irakaskuntzaren alorreko funtzio publikora sartzeko dagoen berezitasuna, kexan aipatzen den Langileen Estatutuaren Testu Bateginean ezarritako araubide erkideari dagokionez (Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzura dagoena). Izan ere, bertan adierazten da, sartzeko unean funtzionarioak ez duela behin betiko destinorik lortzen, behin-behinekoa baizik. Horrela, destinoaren behin-behinekotasun hori iraungi egingo da sartzen den Administrazioak geroago egingo duen lekualdatzeen lehiaketa baten bitartez.
Behin betiko destino hori eskuratzeak aukera ematen dio irakasleari bere funtzionario-eskubideak osotasunean erabiltzeko, eta, ildo horretan, beste autonomia erkidego batzuetako irakasleekin nazio mailako lekualdatzeen lehiaketetan parte hartzeko. Aurrekoa funtzio publikoko sailean existitzen den mugikortasun geografikoaren eskubidearen eredu da.
Irakaskuntzaren alorreko funtzio publikora eta dagozkien lanpostuetara sartzeko sistema horren konfigurazioak bi fase dituela esan dezakegu. Hala, printzipio gidari gisa, Administrazioak neurri egokiak har ditzan eskatzen du, irakasleek behin betiko destinoetara sartzeko duten eskubidea betetzeko eta, azken finean, kexan salatzen den ondorioa eragozteko, hau da, destinoaren behin-behinekotasuna bermatzea, ondorio hori sistema horrek berezko duen logikaren aurkakoa baita.
6. Gogoeta orokor horiek egin ondoren eta adierazi den gaiaren izaera dela eta, erakunde honek egokitzat jotzen du Hezkuntza Departamentu horri iradokitzea kexan salatzen den egoera sakon azter dezan, hau da, behin-behineko destinoa duten irakasleen egoera, ezarritako partaidetza baldintzatzaileak eta plantillaren bilakaera dela eta, ezin dutelako behin betiko destino bat lortu Nafarroan, ez eta, horren ondorioz, nazio mailako lekualdatzeen lehiaketetan parte hartu ere, bereziki behin-behineko egoera horretan dauden ingeleseko irakasleak. Era berean, departamentu horri iradokitzen zaio neurri egokiak har ditzan irakasle horiek aukera eraginkorrak eta benetakoak izan ditzaten behin betiko lanpostuak eskuratzeko, Hezkuntza Departamentuaren antolaketa-beharrekin bat etorriz, bai eta eragina jasan duten irakasleen eskubideekin ematen duen zerbitzuaren beharrekin ere.
Ondorio horietarako, xede horretarako egokiak izan daitezkeen beste neurri batzuei eta irakasleen plantilla organikoari buruz hartu beharreko erabakiei kalterik egin gabe, autonomia-erkidegoko beste antzeko lehiaketa batzuetan onetsi denaren arabera jardun daiteke, Nafarroatik sartzen diren irakasleak, beste Hezkuntza Administrazio batzuetatik sartzen direnak baino egoera okerragoan egon ez daitezen.
6. Arestian adierazi den guztia baliozkoa da kexagilearentzat nahiz kexagile horrek eratzen duen kolektiboarentzat, duela hainbat urte hautaketa-prozesua gainditu zuten funtzionario multzo bat baita, oraindik behin betiko destinoa lortu ez duena. Egoera horrek kalte nabarmena sorrarazten die langileen bidezko itxaropen profesionalei, bai eta pertsonalei, familiarrei eta ekonomikoei ere.
Horregatik, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du Hezkuntza Departamentuari iradokitzea, kexagilearen eta antzeko egoeran dauden gainerako funtzionarioen egoera aztertu ondoren, behin betiko destinoa lortzeko beharrezko neurriak balora ditzan.
7. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
a) Hezkuntza Departamentuari bere legezko betebeharra gogoraraztea, hau da, garaiz eta behar bezala erantzun behar dituela herritarren idazkiak.
b) Hezkuntza Departamentuari iradokitzea, interesdunaren eta antzeko egoeran dauden gainerako funtzionarioen egoera aztertu ondoren, behin betiko destinoa lortzeko beharrezko neurriak balora ditzala.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Hezkuntza Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Patxi Vera Donazar
Partekatu edukia