Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q23/690). Horren bidez, Irurtzungo Udalari iradokitzen zaio behar diren neurriak har ditzala egiaztatzeko benetan betetzen ari dela eztabaidagai den autokarabanaren jabeari egindako errekerimendua.

2024 urtarrila 22

Trafikoa eta bide-segurtasuna

Gaia: Kexagilearen garajearen inguruan autokarabana bat aparkatzeak eragindako bide-segurtasunik eza eta eragozpenak.

Irurtzungo alkatea

Alkate jauna:

1. 2023ko uztailaren 4an, instituzio honek (…) andrearen idazki bat jaso zuen, zeinaren bidez, kexa bat aurkeztu zuen autokarabana bat aparkatzeak eragindako bide-segurtasunik ezagatik eta eragozpenengatik.

2. Ondoren, erakunde honek Irurtzungo Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

2023ko irailaren 28an jaso zen bidalitako txostena. Bertan adierazten zenez, kexa-idazkian adierazitakoa kontuan hartuta, arazoa konpontzeko neurriak hartu ziren, eta kexaren xede den autokarabanaren jabeari bidalitako jakinarazpenaren kopia bat erantsi zen.

3. Hori guztia ikusita, 2023ko urriaren 3an erakunde honek amaitutzat eman zuen bere esku-hartzea, kexan planteatutako gaia konponbidean zegoela ulertuta.

4. 2023ko abenduaren 5ean, erakunde honek kexagilearen idazki bat jaso zuen, eta adierazi zuen autokarabanaren jabea ez zela Irurtzungo Udalak egindako errekerimendua betetzen ari, eta, beraz, kexaren formulazioa eragin zuen eztabaidak bere horretan dirauela.

5. Hori horrela, erakunde honek Irurtzungo Udalari eskatu zion gaiari buruzko beste txosten bat egiteko.

2024ko urtarrilaren 2an, bidalitako txostena jaso zen, zeinean honako hau ezartzen baitzen:

"Eskaera aztertu ondoren, jakinarazten dizugu, udal honetan gaur egun dagoen informazioaren arabera, betetzen ari dela leku berean hilabete baino gehiago jarraian ezin aparkatzeko betebeharrari buruz egindako eskakizuna.

Autokarabanek gelditzeko eta aparkatzeko maniobrak beste edozein ibilgailuren baldintza eta muga berberekin egin ditzakete. Zentzu horretan, bide horretako beste edozein ibilgailuri bezala egin behar zaio errekerimendua".

6. Kexa hau ebazteko, lehenik eta behin adierazi behar da, aurkakotasuneko prozedura orotan bezala, errealitate faktiko bati buruzko bi bertsio desberdin daudenez, beharrezkoa dela dauden froga-elementuak aztertzea, zehazteko horietako zer bertsiok islatzen duen zehaztasun handiagoz zer den benetan gertatzen dena.

Premisa hori kontuan hartuta, interesdunak 2023ko abenduaren 5eko idazkian zehatz-mehatz azaltzen ditu autokarabanaren jabea Irurtzungo Udalak egindako errekerimendua urratzen ari zela ondorioztatzea ahalbidetzen duten gertakariak. Hala, egiaztatu ahal izan zuen data zehaztuz, interesdunak azaldu du ibilgailuaren jabeak noizbait ibilgailua mugitu duen arren, sistematikoki berriro aparkatzen duela mugitzeko eskatu zitzaion leku berean.

Horri dagokionez, Udalak zera baino ez du adierazi: ez dakiela errekerimendua urratzen ari denik, eta ez duela ondorio horri eusteko inolako froga-elementurik aurkeztu.

Errekerimenduaren helburua ibilgailua toki berean ez geratzea eta behar ez bezalako eragozpenik ez eragitea denez, erakunde honek uste du ez litzatekeela errekerimendu hori betetzen ari, baldin eta, 2023ko abenduaren 5eko idazkitik ondorioztatzen denez, ibilgailua denbora-tarte labur batez mugitzen ari bada, eta horren ondoren berriro leku berean aparkatuko balitz, eta aparkatze horrek kexaren egileari eragiten dizkion eragozpenekin.

Horregatik guztiagatik, erakunde honek egokitzat jotzen du Udalari iradokitzea beharrezko neurriak har ditzala egindako errekerimendua benetan betetzen ari dela egiaztatzeko, eta, aitzitik, ez dela ematen itxuraz horren ildo beretik doan jokabiderik, azken batean, haren helburuaren aurkakoa dena.

7. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Irurtzungo Udalari iradokitzea beharrezko neurriak har ditzala egiaztatzeko benetan betetzen ari dela eztabaidaren xede den autokarabanaren jabeari egindako errekerimendua.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Irurtzungo Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia