Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren ebazpena (Q23/58), Garraldako Udalari legezko betebeharra dela herritarren idatziei garaiz eta behar bezala erantzutea gogorarazten diona.

2023 martxoa 02

Euskara

Gaia: Garraldako Udalak ez erantzutea zerbitzu anitzetako peoi izateko lanpostu bat aldi baterako betetzeko deialdian euskaraz jakitearen balorazioari buruzko eskaera bati.

Garraldako Alkatea

Alkate jauna:

1. 2023ko urtarrilaren 23an, instituzio honek [...]ren idazki bat jaso zuen, Administrazioan Euskaraz Taldearen ordez. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Garraldako Udalaren aurka, enplegu publikoko deialdi batean euskararen ezagutza merezimendu gisa ez baloratzeagatik.

Idazki hartan, hauxe zioen:

a) 2022ko irailaren 15ean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen zerbitzu anitzeko peoi plaza bat aldi baterako betetzeko deialdia, oposizio bidez, bai eta sor daitezkeen beharrak betetzeko izangaien poltsa bat ere.

b) Deialdi horretan ez da eskatzen euskara jakitea, eta euskara jakitea ere ez da merezimendu gisa baloratzen.

c) Arazo hori konpontzeko, Iruñeko Udaleko Erregistroaren bidez, 2022ko irailaren 22an idazki bat aurkeztu zion Garraldako Udalari, baina oraindik ez zaio erantzunik eman.

2. Ondoren, erakunde honek Garraldako Udalara jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

Udal honek webgunean plazaratzen duen informazio oro, elebidunean egiten du: gaztelania eta euskara.

Badu 30 urte herriko etxe guztietatik udalbatzarren aktak banatzen direla. Bi hizkuntzotan izaten dira.

Orain duela urte batzuk Udaletik kudeatzen den WhatsApp talde bat abiatu zen, non herriko bizilagunen gehiengoa aurki daiteken. Bide honetatik zabaltzen diren mezu, informazio, iragarpen, berri, eta abar guziak, ele bitan ematen dira.

Udal honek bi pertsona dauka plantilla organikoan:

-Ariako Udalarekin partekatutako idazkaria.

- Zerbitzu anitzetarako langilea %30eko lanaldia eta E mailarekin.

Idazkari lanposturako C1 maila  eskatzen da euskaraz. Jendaurreko lanpostu batez ari gara.

Zerbitzu anitzetarako langileari dagokionez, ez da euskararen ezagutza balioetsi. Herritarrekin harreman beharrik ez duen lanpostua da. Bere betebeharrak burutzeko, langileak udaletik jasotzen dituen aginduen menpe dago soilik. Herritarrek ezin diote ezer aipatu lanaren kontura.

Bestalde, pertsona honek burutzen dituen lanak berebizikoak dira Garralda bezalako herri batentzat: inguruaren mantenu jarraia behar dituen eta hala udalaren menpeko lekuetan nota Eskola Konzentrazioan konponketa edo mantenu lantxoak behar dituen landa-herrigunea. Aldi baterako  E mailadun  lanpostua eta%30eko lanaldia duena da. Honenbestez, ekonomia aldetik interes urria  duen lanpostua dela ulertzen da erraz eta euskararen ezagutza eskatu edo balioestea aproposa ez zela erabaki zen, lanpostua hutsik geldituko zelakoan aipatutako ezaugarriak dituen herrian lanpostuarekin betetzen diren lanak egiteke geldituz.

Aitzitik, azaldutakoa eta gero, egungo kontratua amaitzerakoan eta deialdi berria burutzen denean, euskararen ezagutza meritutzat hartzeko konpromezua adierazi nahi du Udal honek”.

3. Adierazi den bezala, kexak bi gai aurkezten ditu: bata, gai materiala, euskara jakitea zerbitzu anitzetako peoi lanpostua betetzeko irekitako prozesuan eskakizun edo merezimendu gisa ez baloratzeari buruzkoa; eta, bestea, alderdi formala, interesdunak 2022ko irailaren 22an aurkeztutako idazki bati erantzun ez izanari buruzkoa. Idazki horren bidez, Garraldako Udalari eskatzen zion prozesu horren oinarriak aldatzeko, euskara jakitea eskakizun gisa har zedin edo merezimendu gisa balora zedin.

4. Lehenengo gaiari dagokionez, adierazi behar da Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 21.1 artikuluak ezartzen duela administrazio publikoek betebehar hau dutela “ebazpen espresua eman eta jakinaraztera prozedura guztietan, edozein dela ere prozedura hasteko modua”.

Ebazpen- eta jakinarazpen-ataza hori burutu behar den denbora-koordenatuei dagokienez, artikulu bereko 2. atalak honakoa ezartzen du: “ebazpen espresua jakinarazteko gehieneko epea, dagokion prozedura arautzen duen arauan zehaztutakoa izango da”. Era berean, 3. atalak honakoa ezartzen du:  “Prozedurei dagozkien arauetan ezarrita ez badago, hiru hilabete izango da gehieneko epea”.

Kasu honetan, interesdunak adierazi du Iruñeko Udaleko Erregistroaren bidez idazki bat aurkeztu ziola Garraldako Udalari 2022ko irailaren 22an, baina oraindik ez zaio erantzunik eman.

Garraldako Udalak, bere aldetik, ez du ezer adierazten idazki hau jasotzeari eta erantzunik ez emateari buruz bere txostenean; beraz, kontraesanik ez duenez, kexaren sustatzaileak baieztatutakoa onartzen duela pentsa daiteke.

Hori horrela, hiru hilabeteko epea gaindituta dagoenez, erakunde honek egokitzat jotzen du Udalari herritarren idatziak garaiz eta behar bezala ebazteko duen betebeharra gogoraraztea.

5. Gai materialari dagokionez, Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legearen bi artikulu aipatu behar dira: 5.1.a) artikulua eta 15.2 artikulua. Lehenengoan xedatzen da Garralda eremu euskaldunean integratutako udalerria dela; eta bigarrenean ezartzen da ezen, “Bakoitzak bere eskumenen esparruan, administrazio bakoitzak zehaztuko duela zein lanpostutarako den nahitaezkoa euskara jakitea, eta gainerakoetarako merezimendu kualifikatutzat hartuko dela, besteak beste”(enfasi erantsia).

Kasu honetan, bai eta idazkari lanposturako ere, Udalak euskara jakitea eskatzen du; zerbitzu anitzeko peoien kasuan, hori baita toki-erakundeko plantilla organikoan dagoen beste lanpostua, ez da eskatzen euskara jakitea. Era berean, euskara jakitea ez da merezimendu gisa baloratzen; izan ere, Udalak bere txostenean adierazi duenez, lanpostuaren ezaugarriak direla eta, ez da beharrezkoa euskara jakitea, eta hori eskatzeak edo baloratzeak plaza hutsik geratzea ekar lezake, eta horrek eragin larria izango luke, udalerrirako ezinbesteko lanpostua baita.

Erakunde honen ustez, 18/1986 Foru Legearen 15.2 artikuluaren arabera, baliteke Udalak euskara jakitea ez exijitzea, baina ezin du merezimendu gisa ez baloratu.Horrek, gainera, ez luke zertan ekarri zerbitzu anitzeko peoi lanpostua hutsik geratzea; izan ere, euskara jakiteak ez luke eragotziko ezagutza hori ez duten hautagaiak lanpostuan sartzea.

Lanposturako etorkizuneko deialdiei begira, Udalak euskararen ezagutza merezimendu gisa baloratzeko konpromisoa hartzen duenez, erakunde honek uste du arazoa konpontzeko bidean dagoela.

6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

GarraldakoUdalari gogorarazten zaio bere legezko betebeharra dela herritarren idatziei garaiz eta behar bezala erantzutea.

Aipatutako foru legearen 34.2 artikuluaren ondorioetarako erakunde honek onartutzat jotzen duen erabaki honen formulazioarekin amaiera ematen zaio gai honetan esku hartzeari eta, era berean, kexaren egileari jakinarazten zaio.

Hala ere, horri buruzko oharren bat egin edo ez duzula onartzen adierazi nahi  bazenu, gehienez ere aipatu den 34.2 artikuluan ezartzen den bi hilabeteko epean egin dezakezu, eta horrek kasua 2023. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eragingo du.

Adeitasunez,

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia