Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpenaren bidez (Q23/314), Lekunberriko Udalari gogorarazten zaio salatutako lokaletik heldutako zaratak ukitutako herritarren eskubideak eraginkortasunez babesteko legezko betebeharra duela, eta horretarako behar diren neurriak ezarri behar dituela. Bereziki egokia izango litzateke bizilagunek eragozpen gehien jasaten dituzten ordutegian soinu neurketa bat egitea.

2023 maiatza 22

Energia eta ingurumena

Gaia: Kexa egin duenak etxean jasaten duen kutsadura akustikoa, eraikinaren behealdeko taberna batetik datorrena.

Lekunberriko alkatea

Alkate jauna:

1. 2023ko apirilaren 3an, instituzio honek [...]ren idazki bat jaso zuen. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen eraikinaren behealdean kokatutako taberna batetik etxean jasaten duen kutsadura akustikoagatik.

Idazki hartan, hauxe zioen:

a) Duela bi urte bikotekidearekin eta 4 eta 2 urteko bi seme-alabekin bizi da Aralar kaleko 50 zenbakiko bigarren solairuan. Eraikinaren beheko solairuan ostalaritza-establezimendu bat dago.

b) Hasieratik arazoak izan dituzte musika (batez ere makina-tekno estiloa) eta tabernaren barruko ahotsak paretetatik etxebizitzaraino igotzen direlako (eraikineko B ateko gainerako etxebizitzetara ere iristen da zarata eta musika, baina ez dute kexatu nahi).

c) 2021eko urrian neurketa akustiko bat egin zuen taberna funtzionamenduan zegoenean, muga gainditzen duela frogatzeko.

d) Ia urtebete egon da tabernako jabeekin bitartekari-lanak egiten, bolumena jaitsi dezaten. Esan diotenez, ezin da obra gehiago egin lokala intsonorizatzeko, eraikin zaharra baita.

e) Konponbiderik lortu ez zuenez, instantzia bat aurkeztu zuen udalean (2022/09). Udalak neurketa bat eskatu zien jabeei, eta azaroan egin zen, taberna hutsik eta goizean, egun euritsu batean, eta horrek, bere ustez, emaitzak aldatzen ditu.

f) Ez dio aurkeztu egindako sonometriaren txostena, nahiz eta eskatu duen, baina, jakinarazi diotenez, lehengo lizentziarekin lotutako araudia betetzen dute, baina ez gaur egungoarekin.

g) Udalak adierazi dio alkateak eta zinegotziek baloratu behar dutela kasua. Hilabeteak, ordea, aurrera doaz, eta inork ez dio erantzunik eman. Tabernako jabeek diote musika pixka bat jaitsi dela, baina etxetik entzuten jarraitzen dute.

h) Tabernara telefonoz deitzen duenean musika jaisteko, jada jaitsi dutela esaten diote, ez dutela ulertzen nola molestatzen zaion eta "agian nahastu egiten dela eta gaizki entzuten duela".

Horregatik guztiagatik, “musika jaisteko eta taberna irekita dagoenean eta gaua denean zaratari buruzko araudia betetzen dutela benetan kontrolatzeko eskatu du, orduan gogaitzen baitu benetan. Hori taberna funtzionamenduan eta irekita dagoenean egin beharko litzateke, barruan jendea dagoenean, lehen solairuko etxebizitzako logela kaltetuenean neurketa eginez (izan ere, lehen solairuko araudia betetzeak, legez egin behar duenaz gain, bigarren solairura iristen zaigun bolumena ere hobetuko luke)”.

2. Ondoren, erakunde honek Lekunberriko Udalera jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

“[..]

LEHENENGOA. – Alegatu duenak honako hau adierazi du (errekerimenduan jasotakoaren arabera):

Duela bi urtetik hona arazoak ditu bere etxebizitzan, azpian dagoen taberna edo lokaleko musikagatik eta ahotsengatik.

2021eko urritik neurketa bat egin zen eta horren bdiez frogatu zen zarata maila gainditzen zela.

2022ko irailean, Udalean instantzia bat aurkeztu zuen neurketa egiteko.

Udalak ez dio erantzun.

BIGARRENA. – Aipatutako egitateen inguruan honako hau gaineratu edo adierazi nahi dugu (dokumentuak erantsi dira):

2021eko azaroaren 2an Udalean [..] andrearen idazkia jaso zen. Horren bidez [,,] taberna lokala intsonorizatzeko eskatu zuen eta egindako neurketaren txostena erantsi zuen (4 dBa gainditzeari buruz, 1.44 baino gehiagoko/gutxiagoko ziurgabetasunarekin);

2021eko azaroaren 3an, [..] andrea Udalarekin harremanetan jarri zen, jakinarazteko tabernako jabearekin konponbide bat adostu zuela.

2022ko abuztuaren 23an, [..] andreak beste instantzia bat aurkeztu zuen arazoak bere horretan jarraitzen zuela adierazteko.

2022ko irailaren 12an, Udalak [..] andreari Ebazpena eman zion jarduketak egingo zituztela adierazteko.

Irailaren 12an bertan, lizentziari eta baldintzei jarraiki, tabernaren jabeari neurketaren ziurtagiria eskatu zitzaion.

Jabeak enpresa teknikoaren txosten bat bidali zuen, 2022ko irailaren 26an instalazioen eta ekipo mugatzailearen berrikuspena egingo duela ziurtatzen duena, eta, ondoren, instalatutako (ekipoaren) erregistratzailearen eta (ekipoaren) mugatzailearen ziurtagiri berria, barruko igorpen maila jaitsita (90dBa izan beharrean, 85 dBa izateko).

HIRUGARRENA. – Uste du, adierazitako datuak eta aurrekariak ikusita, Udalak azaldutako arazoa konpontzeko jardun duela, [..] andreak eskatutakoaren arabera (lehenengo eskaera; jarraian egindako komunikazioa; eta hurrengo egunetan aurkeztutako eskaera edo instantzia) eta dagozkion neurriak gartu direla lizentziari jarraiki (berrikusitako mugatzaileak eta gehieneko muga murriztea), adierazitako eragozpenak saihesteko.

Nolanahi ere, hala badagokio, Udalak ez du beste jarduketa batzuk egiteko eragozpenik.

3. Herritarrek ingurumen egokiaz eta beren osasunaz gozatzeko duten eskubideari dagokionez, bereziki gehiegizko zarata eta eragozpenen aurrean, erakunde honek hau adierazi du:

«Interesdunaren etxebizitzetan jasaten diren zaratak eta eragozpenak, lotura dute konstituzioz aitortutako hainbat eskubiderekin. Zehazki, honako eskubide hauek arriskuan egon daitezke: ingurumen egokiaz gozatzeko eskubidea (Konstituzioaren 45. artikulua), osasuna babesteko eskubidea (43. artikulua), osotasun fisiko eta moralerako eskubidea (15. artikulua), intimitaterako eskubidea (18.1 artikulua) eta egoitzaren bortxaezintasunerako eskubidea (18.2 artikulua).

Bestalde, Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 5.a) artikuluak honako eskubide hauek aitortzen dizkie herritarrei: “Etxebizitza duin, egoki eta eskuragarri bat izatea bizilekutzat, pertsona guztientzako diseinuaren printzipioaren arabera pentsatua, aplikagarri den legeriak onarturiko gehieneko mugak gainditzen dituen zaratarik edo beste edozein motatako immisio kutsagarririk gabea, ingurumen eta paisaia egoki batean”.

5. Administrazio publiko guztiek, beren eskumenen esparruari dagokien neurrian, herritarren konstituzio eskubideak babestu beharko dituzte (Konstituzioaren 53.1 artikulua).

Udalek funtsezko eginkizun bat betetzen dute herritarren oinarrizko eskubideak babestearen arloan. Hala ateratzen da Ingurumena Babesteko Esku-hartzeari buruzko martxoaren 22ko 4/2005 Foru Legeak, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeak eta Zaratari buruzko azaroaren 17ko 37/2003 Legeak emandako eskumenetatik.

Era berean, hau ere esan da:

“Lurzoruaren eta Hiri Birgaitzearen Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 7/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 5. artikuluak herritar guztiei aitortzen die zaratarik gabeko etxebizitza batez gozatzeko eskubidea, aplikagarri den legeriak onarturiko gehieneko mugak gainditzen dituen zaratarik edo beste edozein motatako immisio kutsagarririk gabe. Ordenamendu juridikoan aitortuta dago duehiegizko zaratarik jasan behar ez duen etxebizitza izateko eskubidea, eta Administrazioak babestu behar du, herritarrei aitortutako eskubide publikoa baita.

Gainera, Konstituzio Auzitegiaren eta Giza Eskubideen Europako Auzitegiaren jurisprudentziak ohartarazi du etxean zarata iraunkorrak eta gehiegizkoak eginez gero, konstituzio eskubideak kaltetu daitezkeela: ingurumen egokia izateko eskubidea, osasuna babesteko eskubidea, osotasun fisiko eta moralerako eskubidea, intimitaterako eskubidea eta egoitzaren bortxaezintasunerako eskubidea.

Eskubide horiek, konstituzio garrantzi handia dutenez, administrazio publikoek bereziki babestu behar dituzte; izan ere, behartuta daude, etengabe, eskubide horiek errespetatzen direla zaintzera, baita eman daitezkeen ez betetzeen aurrean neurriak hartzera ere. Gainera, egindako jarduketak edo hartutako neurriak, eraginkortasun printzipioak gidatu behar ditu, erantzun arina eta puntuala bermatzeko, eta, ahal den neurrian, zaratak sor ditzakeen etorkizuneko arazoei aurrea hartzeko.”

4. Kasu honetan, erakunde horrek ez du uste Lekunberriko Udalak salatutako arazoaren aurrean inolako omisio jarrerarik hartu duenik, eta jasota daude espedientean gaiari buruzko jarduketa batzuk.

Aurrekoa gorabehera, 2022ko urrian establezimenduaren musika aparatuaren mugatzaile erregistratzailea birkalibratu eta lokalaren barruan gehieneko igorpenerako (85 dBa) egokitu zen arren, 2023ko apirilean aurkeztutako kexan interesdunak aipatzen zuen bere etxean zarata eragozpenak jasaten jarraitzen zuela, eta, beraz, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du Lekunberriko Udalari gogoraraztea salatutako lokalaren zaratak eragindako herritarren eskubide konstituzionalak eraginkortasunez babesteko legezko betebeharra zuela, horretarako behar diren neurri guztiak hartuta. Bereziki egokia izango litzateke bizilagunek eragozpen gehien jasaten dituzten ordutegian soinu neurketa bat egitea.

5. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Lekunberriko Udalari gogoraraztea salatutako lokaletik heldutako zaratak ukitutako herritarren eskubideak eraginkortasunez babesteko legezko betebeharra duela, eta horretarako behar diren neurriak ezarri behar dituela. Bereziki egokia izango litzateke bizilagunek eragozpen gehien jasaten dituzten ordutegian soinu neurketa bat egitea.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Lekunberriko Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2023. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

 

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia