Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q23/128); horren bidez, Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Departamentuari iradoki zaio Doneztebeko Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren zerbitzuaren enpresa emakidadunari eska diezaiola beharrezkoak diren neurriak har ditzala, ahalik eta arinen herritarrek hitzorduak telefonoz hitzartzeko eta fakturak euskaraz lortzeko aukera izan dezaten.

2023 martxoa 10

Euskara

Gaia: Interesatuak ezin izan du hitzordua telefonoz eskatu Donezteben bere ibilgailuaren azterketa teknikoa egiteko eta bertan emandako zerbitzuaren faktura eskuratzeko.

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilaria

Kontseilari jauna:

1. 2023kootsailaren 13an, instituzio honek [...]ren idazki bat jaso zuen. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuaren aurka, Donezteben ibilgailuen azterketa teknikoa (IAT) egiteko hitzordua euskaraz ezin eskatzeagatik eta hizkuntz horretan faktura ezin eskuratzeagatik.

Idazki hartan, hauxe zioen:

a) 2023ko urtarrilaren 31n, telefonoz eskatu zuen hitzordua bere ibilgailuaren azterketa teknikoa egiteko Donezteben. Gaztelaniaz artatu zuten eta ez zion euskaraz egiteko aukerarik eman.

b) Ordaintzeko unean, faktura euskaraz egotea eskatu zuen, baina aukera hori ez zela kontuan hartzen jakinarazi zitzaion.

2. Ondoren, erakunde honek Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

Ibilgailuen azterketa teknikoa arautzen duen urriaren 23ko 920/2017 Errege Dekretuaren 14. artikuluak ezartzen duena betez Nafarroako Foru Komunitatean ibilgailuen azterketa teknikoaren zerbitzua administrazio-emakidaren modalitatean eskaintzen da.

Doneztebeko estazioan IAT zerbitzua ematen duen enpresa emakidaduna TÜV Rheinland Navarra, S.A. sozietatea da.

103/2017 Foru Dekretuak, azaroaren 15ekoak, euskararen erabilera arautzen duena Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta menpeko dituzten zuzenbide publikoko entitateetan, bere  Zortzigarren Xedapen Gehigarrian honako hau ezartzen du: “Zerbitzu publikoen kudeaketa emakida bidez zeharka egiten denean, eta zerbitzu horien titulartasuna duten administrazio publikoei aplikatzekoak zaizkienean Euskarari buruzko Foru Legea eta foru dekretu hau, behar diren neurriak hartuko dira zerbitzu publiko horiek herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatuz emanen direla”.

Eskubide hauek aldatu egiten dira eremu linguistikoen arabera eta eremu euskaldunerako aipatutako Foru Dekretuaren 9. artikuluak arautzen ditu. Artikulu horrek honela dio:

“9. artikulua.  Herritarrekiko harremanak. 1. Eremu euskaldunean dauden administrazio publikoetan, erakunde publikoetan eta zuzenbide publikoko entitateetan, ele biz eginen dira eremu euskalduneko bereko pertsona fisiko edo juridikoei zuzentzen zaizkien jakinarazpenak eta komunikazioak, salbu eta interesdunek bi hizkuntza ofizialetako bat berariaz erabiltzea erabakitzen badute.

2. Eremu euskaldunaren barnean ondorioak izanen dituzten herritarren erabilerarako inprimakiak eta idazki ofizialak ele biz idatziko dira. Nahi izanez gero, euskarri bereiziak erabil daitezke. Herritarren erabilerarako inprimakiak nahiz eremu euskaldunetik kanpo ondorioak izanen dituzten idazki ofizialak ele biz idatziko dira. 3. Ahozko arretari dagokionez, erabiltzaileei arreta eginen zaie haiek aukeratutako Nafarroako berezko hizkuntzan. 4. Webguneetako informazioa eta haien bidez egin daitezkeen tramite administratiboak bi hizkuntza ofizialetan eskuragarri izanen dira. 5. Fede publiko administratiboa eta ziurtagiri administratiboak emateko eginkizuna esleiturik duten administrazio publikoetako langileek ele biz egin beharko dituzte beren administrazioetan emandako agiri publikoen kopiak eta haien menpeko erregistroetan dauden idazpenen ziurtagiriak, salbu eta interesdunek bi hizkuntza ofizialetako edozein berariaz erabiltzea erabakitzen badute”.

Gai honi dagokionez honakoa adierazi behar da:

- TÜV Rheinland Navarra, S.A. sozietateak jakinarazten duenez,  Doneztebeko IAT estazioan teknikari eta administrari guztiek euskaraz hitz egiten dute. Langile gehienen kasuan ama-hizkuntza da eta gainerakoek lan-eremuan komunikatzeko maila nahikoa  dute:

Administrariak

(…)

Elebiduna

(…)

Elebiduna

(…)

Elebiduna

Ikuskatzaileak

 

(…)

Elebiduna

(…)

Elebiduna

(…)

Elebiduna

(…)

Elebiduna

(…)

Elebiduna

(…)

Ikasketak euskaraz egin zituen

 

(…)

Elebiduna

Ingeniariak

 

(…)

Elebiduna

(…)

Elebiduna

(…)

Euskaraz hitz egin dezake

 

 

Estazioan ez da derrigorrez hizkuntza jakin baten erabilera bultzatzen; aukeraketa hori modu naturalean gertatzen da, bezeroak elkarrizketa hasteko duen moduaren arabera. Oro har euskara erabiltzen da, inguruko herritarrek gehien erabiltzen duten hizkuntza delako.

- TÜV Rheinland Navarra, S.A. sozietatearen webguneak aukera ematen du hitzordua bai gaztelaniaz, bai euskaraz eskatzeko. Webgunera esteka honen bidez sar daiteke: https://www.itv-tuvrheinland.es/eu/aurreko-hitzordua-itv

- Estazioko kartelak formatu elebidunean daude (hori egiaztatzen duten argazkiak erantsi dira DOC1 dokumentuan).

- Ibilgailuen azterketa teknikoaren txostena formatu elebidunean jaulkitzen da (DO2 dokumentua erantsi da).

- Hurrengo ikuskapenaren oroigarria jaso nahi duten bezeroei datu pertsonalak tratatzeko baimena emateko  dokumentua ematen zaie, eta hori ere bi hizkuntzetan  dago (DO3 erantsi da).

- Azkenik, enpresak 2022an helburutzat euskararen erabilera sustatzea zuen Euskaraldiaren kanpaina batean parte hartu izanaren egiaztagiri grafikoa aurkezten da (DOC4 dokumentuan horren argazkia  dago).

Egiteke dauden ekintzak:

- Egia da, bai, une honetan, sistema informatiko berri bat ezarri ondoren, enpresak ezin dituela fakturak euskaraz jaulki (iraganean bai), baina dagoeneko beharrezko garapen informatikoak lantzen ari da.

- Aurretiko hitzordua eskatzeko telefono-deiak estatu mailako callcenter batera bideratzen dira; zerbitzu horretan enpresa-taldeko estazio guztietako telefono-deiak jasotzen dira. Iraganean dei horiek estazioetan jasotzen ziren, baina jasotako deien kopuru handia eta guztiak ezin zirela erantzun kontuan hartuta, adierazi den callcenter hori kontratatu zen, eta une honetan ez da euskarazko arretarik eskaintzen.

Lan egingo da telefono-deiei erantzuteko prozedura aldatzeko, hau da, bezero batek arreta euskaraz jasotzeko eskaera egiten duenean deia estazio jakin batera bideratua izan  dadin.

Hau da jakinaraz dezakedana eta bidezko ondorioetarako helarazten dudana”.

3. Jasota geratu denez kexaren arrazoia  da interesdunak ezin  dituela bi gauza egin: alde batetik, bere ibilgailuaren azterketa teknikoa Donezteben egiteko hitzordua euskaraz eskatzea; eta, bestetik, emandako eta ordaindutako zerbitzuagatik faktura bat hizkuntza horretan lortzea.

Honi dagokionez, Administrazioak emandako informazioa ikusita, ondoriozta daiteke emakidadunak badituela bitartekoak eta baliabideak, hitzorduak telematikoki euskaraz emateko eta  egun eta ordu horiek hitzartzeko, baina oraindik inplementatu gabe daude hitzordua telefonoz ere hitzartu ahal izateko eta fakturak hizkuntza horretan lortu ahal izateko behar diren neurriak.

Hori horrela, erakunde honen ustez  komeni da Departamentuari iradokitzea emakidadunari eska diezaiola aldaketahoriek ahalik eta lasterren ezartzeko beharrezko neurriak har ditzala.

4. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuari iradokitzea Doneztebeko Ibilgailuen Azterketa Teknikoaren zerbitzuaren enpresa emakidadunari eska diezaiola beharrezkoak diren neurriak har ditzala,  ahalik eta arinen herritarrek hitzorduak telefonoz hitzartzeko eta fakturak euskaraz lortzeko aukera izan dezaten.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2023. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia