Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q23/118); horren bidez, Barañaingo Udalari gomendatzen zaio haur hezitzailearen lanpostuak euskaraz eta gaztelaniaz bereizita deitzea erabakitzen badu, hautaprobak aldi berean ez egitea, plaza batzuk eta besteak lortzeko gaitasuna duten izangaiek parte har dezaten.

2023 otsaila 24

Euskara

Gaia: Euskara dakiten pertsonek udal eskoletan, Barañain I (euskaraz) eta Barañain II (gaztelaniaz), beharrak betetzeko deitutako hautapen prozesuetan parte hartzeko ezintasuna.

Barañaingo Alkatea

Alkate andrea:

1. 2023ko otsailaren 8an, instituzio honek Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren kexa bat jaso zuen. Barañaingo Udalaren aurrean euskara dakitenek ezin dutelako aurkeztu Barañaingo haur-eskolan sortuko diren bi lan-poltsetako probetara (euskara-eskakizunarekin eta gabe).

Idazki hartan, hauxe zioen:

“Azaroaren 11ean Barañaingo Udal haur eskolan, aldi baterako lan-poltsak osatzeko deialdian izena emateko epea ireki zen (izen-ematea azaroaren 11tik 18ra). Lan-poltsa bi osatu nahi izan dira (Barañain I eta Barañain II), bat euskarazko profila duten lanpostuekin eta beste bat euskara ez dutenekin. Gogoratu behar dugu bi zentro izan arren, Barañaingo haur eskolaren titularitatekoak direla biak eta 2022ko azaroa bitarte, aurretik egindako deialdietan lan-poltsa bakarra eratzen zela.

Deialdian parte hartzeko aurkeztu beharreko izen emate orria bakarra zen arren, lan-poltsa bakarrean parte hartu behar zutela esan zitzaien ahoz udalean, Barañain I eta Barañain II lan-poltsetako probak egun eta ordu berdinean izango zirelako. 2023ko urtarrilean hautagaiei Barañain I eta Barañain II udal haur eskoletako lan-poltsen azterketak egun eta ordu berdinean izango direla komunikatu zitzaien idatziz eta era ofizialean (egun horretara inon ez zen lan-poltsa bietan parte hartzeko debekurik ezartzen).

Herritarraren esanetan, ez da bidezkoa bi lan-poltsetan aritzeko gaitasuna duten arren (gaztelania eta euskara menperatzen dituzte), gaztelaniazko lan-poltsan parte hartzeko aukera, euskara menperatzeagatik horrela mugatzea. Lan poltsa bakarra egin edo bietan parte hartzeko eskubidea erreklamatu nahi zuen herritarrak.

Horiek horrela, azaroaren 17an Barañaingo Udalean atxikitzen dizuegun gutuna erregistratu genuen eta gaur, 2023ko otsailaren 8an Barañaingo Udalaren erantzuna jaso dugu (txertatuta bidaltzen dizuegu hau ere).

Erantzun horretan agertzen den bezala, 814/2010 Foru Aginduak zerrendak osatzeko irizpideak ezartzen dituen arren eta kasu honetan Udalak lan-poltsa bi eratu nahi dituen arren, Hizkuntz Eskubideen Behatokitik ulertzen dugu herritarren aukera berdintasunaren kontrako erabakiak hartu direla euskarazko hautagaiak gaztelaniazkoan parte ez hartzeko asmoz, azterketen egun eta ordu berberak ezarrita. Izan ere, legeak esaten du, ahalmen eta konpetentzia berberen aurrean aukera berdinak izan beharko lituzketela hautagaiek eta beraz, kasu honetan argi dago haur eskolan euskarazko plazak betetzeko gai diren hautagaiek, gaztelaniazko plazak betetzeko gaitasuna dutela (aldiz, euskaraz ez dakitenek ezingo lituzkete euskarazko profila ezarrita dituzten plazak bete).

Horiek horrela, Barañaingo haur eskolako edozein lanpostu, horretarako gaitasuna eta akreditazioak aurkezten dituzten hautagai guztiek bete ahal izatea eskatzen dugu eta horretarako beharrezkoa da euskarazko profila duten lanpostuetara aurkezten diren hautagaiek, euskararik ez duten lanpostuak betetzeko aukera izatea eta ondorioz, lan-poltsa bateratua eratzea edo bi lan-poltsetan parte hartu ahal izateko ordutegiak doitzea.

Beraz, Nafarroako Arartekoari kasua aztertu eta euskararen gaitasuna ere akreditatuta duten hautagaiek edozein lanpostu bete ahal izateko gomendioa ematea eskatzen dizugu”.

2. Ondoren, erakunde honek BarañaingoUdalara jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

“ALDEZ AURREKOA.- Udal honetan sartu da Arartekoaren 2023ko otsailaren 13ko Ebazpena, Hizkuntza Eskubideen Behatokiak 2023ko otsailaren 8an jarritako kexari buruzko Q23/118 espedientearen barruan emana, Barañaingo I. Haur Eskolako eta Barañaingo II, Haur Eskolako haur Hezitzaileen deialdien oinarrien inguruan.

LEHENA.- 2022ko azaroaren 10ean, Barañaingo Udalaren web orrian, Barañaingo Udalaren zerbitzurako haur-hezitzaile lanpostua aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda osatzeko oinarriak argitaratu ziren, Barañaingo Udalaren Euskal Haur Eskolan sortzen diren beharrei aldi baterako estaldura emateko, bai eta Barañaingo Udalaren zerbitzurako haur-hezitzaile lanpostua aldi baterako betetzeko izangaien zerrenda osatzeko oinarriak ere, Barañaingo Udalaren gaztelaniako haur-eskolan sortzen diren beharrak aldi baterako betetzeko. Izena emateko epea 2022ko azaroaren 11n hasi eta 2022ko azaroaren 18an amaitzen zen (ostirala, 23:59an).

Arestian aipatutako deialdietako oinarrietan jasotzen den bezala, hautaketa-prozesuak ariketa teoriko-praktiko bakarra izanen zuen, 80 galdera teoriko-praktikoko galdetegi bat idatziz erantzuteko. Galderok erantsitako gai-zerrendako gaiei buruzkoak izanen ziren. Hautaketa-proba horietan izena eman duten pertsonei adierazi zaien bezala, proba teoriko praktikoa egun berean eginen zen, ordu berean, bi deialdietan, bai gaztelaniakoan, bai euskarazkoan.

BIGARRENA. –. 2022ko azaroaren 17an, Hizkuntza Eskubideen Behatokia Fundazioak (erregistro-zenbakia: 2022/9043) eskabide orokorra aurkeztu du. Idatzi horretan azaltzen denez, herritarren eskura jarritako "Euskararen Telefonoa" doako zerbitzuaren bidez jakin dute Barañaingo I. Haur Eskolan eta Barañaingo II. Haur Eskolan egon litezkeen beharretarako aldi baterako bi kontratazio-zerrenden deialdirako oinarriak argitaratu direla. Bi lan-poltsa osatu nahi dira, bata euskarazko hizkuntza-eskakizuna duten plazekin eta bestea euskararik gabeko plazekin. Jakinarazi zaie bi deialdietarako proba egun eta ordu berean egitea aurreikusita dagoela.

Horrela, Barañaingo Udalari eskatu diote bi lan-poltsetan parte hartzeko aukera bermatzea, horretarako neurri egokiak hartuz (bi azterketak egitea ahalbidetzea edo lan-poltsa bakarra eratzea).

Eskabide horri bi mila eta hogeita hiruko urtarrilaren hogeita bostean erantzun zitzaion idazki bidez. Hizkuntza Eskubideen Behatokiari jakinarazi zitzaion, bide elektronikoen bidez, 2023ko otsailaren 8an.

HIRUGARRENA. – Horri dagokionez, aldi baterako kontratazioa kudeatzeko arauak onartzen dituen Presidentzia, Justizia eta Barne kontseilariaren abenduaren 31ko 814/2010 Foru Aginduan xedatutakoa aipatu behar dugu, zehazki, aipatutako arauaren 10. artikulua, honako hau xedatzen baitu:

“10. artikulua. Zerrendak egiteko irizpideak.

1. Izangaien kopuru handiak, lanpostuen espezifikotasunak edo eraginkortasun administratiborako bestelako arrazoiek hala aholkatzen dutenean, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak egiteko hautaproben deialdiak, 6., 7. eta 8. artikuluetan jasotako sistemen arabera, deialdiak berak zehazten dituen kontratazio-eremuetarako, sailetarako edo erakunde autonomoetarako zerrenda desberdinak egitea aurreikusi ahalko du.

2. Nafarroako Foru Erkidegoko hainbat udalerritan dauden lanpostuen kasuan, eta aldi baterako kontrataziorako deialdia ohikoa denean, izangaien zerrendak egiteko deialdiak ezarriko du izangaiek aukera ditzaketen eremuen banaketa, eremu bakoitzerako zerrenda independenteak osatze aldera. Kasu horietan, izangai bakoitzak, deialdian ezartzen den unean, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrenda zein eremutan aukeratu behar duen aukeratu beharko du. Izangaiek egoki iritzitako eremu guztiak aukeratu ahalko dituzte, eta horiek ez dira baztertzaileak izanen.

Eremu bati dagozkion zerrendak agortzen badira, erabilgarri dauden beste eremu batzuei dagozkien zerrendetan dauden hautagaiei dei egin ahalko zaie.

3. Efikazia- eta efizientzia-arrazoiak daudenean, aldi baterako kontrataziorako izangaien zerrendak egiteko deialdian sartu ahalko da lanaldi partzialeko kontratuak egiteko aukera.

Kasu horretan, izangai bakoitzak, deialdian ezartzen den unean, mota horretako kontratuak aukeratu nahi dituen hautatu beharko du.

Lanaldi partzialeko kontratazioei dagozkien zerrendak agortzen badira, lanaldi osoko kontratuei dagozkien zerrendetan dauden izangaiei dei egin ahalko zaie. Lanaldi partzialeko kontratu bat onartzen den unetik aurrera, deialdian lanaldi partzialeko kontratuak aukeratu dituzten izangaiei aplikatuko zaie erregimen bera.

Aipatutako artikuluan xedatutakoaren arabera, eta lanpostuaren berezitasuna kontuan hartuta, bi deialdi egin dira; izan ere, haur-eskola bat gaztelaniazkoa da eta beste haur-eskola euskarazkoa, hau da, beste irakas hizkuntza batekoa. Hizkuntza-irizpide horrek, arrazionaltasun-printzipioarekin batera interpretatuta eta aplikatuta, ondorioztatzen du, xedatuta dagoenaren arabera, ez duela inolako logikarik Barañaingo II. Haur Eskolan (gaztelaniaz) haur-hezitzaile izateko eskatzen den gaitasunarekin inolako loturarik ez duen hizkuntza jakin bat jakitea eskatzeak.

Halaber, 10. artikuluan xedatutakoaren arabera, bi zerrendak egitea eta kudeatzea ere administrazio-eraginkortasuneko arrazoien ondorio da.Izan ere, alde honen ustez, bi haur-eskolen arteko aldea dela eta, hizkuntzari dagokionez, gomendagarritzat jotzen da, espezialitate- eta hizkuntza-arrazoiak eta irizpideak direla medio, bi deialdiak bereizita kudeatzea. Zerrenda bat eratzen da Barañaingo I. Haur Eskolarako eta beste zerrenda bat Barañaingo II. Haur Eskolarako.

Alde horretatik, eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak adierazitakoaz bestaldera, toki-erakundeak ez du debekurik ezarri; aitzitik, egindako lana izan da jakinaraztea bi oinarrietan deialdi desberdinak eta haur-eskola desberdinak egiteko hautaprobak egun berean eginen direla.

Kudeaketa hori aipatutako foru arauaren 10. artikuluan xedatutakoaren babesean dago, baita Administrazio Publikoak bere burua antolatzeko duen ahalmenean ere, kasu honetan, toki-erakundeak, zehazki, Barañaingo Udalak. Autoantolaketarako ahalmen hori Barañaingo Udalean eta bere erakunde autonomoetan beharrezkotzat eta egokitzat jotzen diren plazak deitzeko orduan diskrezionalitate eta erabaki askeko marjinak osatzen du.

Azken batean, Barañaingo Udala legez babestuta dago Barañaingo I Haur Eskolan (euskara) eta Barañaingo II. Haur Eskolan (gaztelania) haur-hezitzaile posturako deialdia egiteko zerrenda desberdinak egitea aurreikusten duenean, eta epaimahaiak egoki irizten dionean egin ahalko da proba teoriko-praktikoa. LAUGARRENA.- Azken batean, Barañaingo Udala legez babestuta dago Barañaingo I Haur Eskolan (euskara) eta Barañaingo II. Haur Eskolan (gaztelania) haur-hezitzaile posturako deialdia egiteko zerrenda desberdinak egitea aurreikusten duenean, eta epaimahaiak egoki irizten dionean egin ahalko da proba teoriko-praktikoa.

BOSGARRENA. – Laburbilduz, uste dugu Barañaingo Udalak haur hezitzaileen deialdien oinarrien kudeaketan izan duen jokabidea bat datorrela Zuzenbidearekin eta indarrean dagoen legediarekin, eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak 2023ko otsailaren 8an aurkeztutako kexa ezestea eskatzen dugu”.

3. Adierazi den bezala, kexa aurkezten da euskaraz dakiten eta Barañaingo Udaleko Haur Hezitzaile lanpostuan kontratatzeko hautagaiak diren pertsonak ezin direlako aurkeztu Barañain I (euskarazko irakaskuntza ematen da bertan) eta Barañain II (gaztelaniazko irakaskuntza ematen da bertan) udal-eskoletako beharrak betetzeko deitutako bi hautaketa-prozesuetara.

Ezintasuna, ondoriozta daitekeenez, bi faktoreren intzidentziatik eratorriko litzateke:

1) Lehenik eta behin, bi kontratazio-deialdi eta -zerrenda bereizita izapidetzea.

Horri dagokionez, ohartarazi behar da, Nafarroako administrazio publikoetako lanpostuen hornikuntzaren eremuan, ez dela ezohikoa kontrako konponbidea: deialdi eta hautaketa-prozesu bakarra; horietan, lanpostu batzuk eskuratzeko, euskararen ezagutza egiaztatzea eskatzen da, eta, beraz, baldintza hori betetzen dutela egiaztatzen dutenek bakarrik izanen dute plaza horiek eskuratzeko aukera.

2) Bigarrenik, bi prozedura desberdin deitu ondoren, probak egun eta ordu berean egitea.

4. Aipatutako lehen faktoreari dagokionez (“zerrenda bakarra” edo “zerrenda bereiziak”), adierazi behar da erakunde honek, Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Sailaren txosten-eskaera bat zela eta, printzipioz, kontsideratu zuela administrazio-autoantolaketaren printzipioaren arabera, bi aukerak baliozkoak izan daitezkeela (I17/6, erakundearen webgunean argitaratua):

“Zerbitzu publikoak antolatzeko duen ahalmenaz baliatuz, Hezkuntza Sailak diskrezionalitate- edo erabaki aske-marjina bat du irakasleen plazak deitzeko orduan. Horretarako, irakaskuntza-espezialitatearen irizpidearen arabera bakarrik egin dezake, irakaskuntza-hizkuntzagatik bereizi gabe, edo espezialitatearen eta hizkuntzaren irizpideen arabera.Biak dira ordenamendu juridikoaren arabera onargarriak, eta, azken batean, administrazio-organo eskudunak hartu behar du erabakia. Erabaki hori, bi kasuetako edozeinetan, jarraitu beharreko administrazio-prozeduran arrazoitu beharko litzateke”.

Hain zuzen ere, gai hori tasatzen duen araurik ezean (ez dago halakorik kexak aipatzen duen toki-erakundearen deialdiaren kasuan), ezin da baztertu, a priori, bi aukeretako baten baliozkotasuna (lanpostuaren deialdia espezialitatearen arabera, eta horrek lanpostuaren "zerrenda bakarraren” edo deialdiaren sistemara darama, espezialitatearen eta hizkuntzaren arabera, eta horrek “zerrenda bikoitzaren” sistemara darama).

5. Hori horrela, toki-erakundeak hautapen-prozedura bereiziak egitea erabakitzen badu (haur-hezitzailea gaztelaniaz, alde batetik, eta haur-hezitzailea euskaraz, bestetik), herritarrek berdintasunez eta merezimendu- eta gaitasun-printzipioen arabera eskuratzeko duten eskubidea dela-eta, gomendagarria da lehiarik handiena sustatzea, eta, beraz, probak aldi berean ez egitea.

Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioaren eremuan suhiltzaileen eta Foruzaingoaren oposizioen data bat etortzeagatik aurkeztutako kexa baten harira, erakunde horrek honako hau arrazoitu zuen:

“3. Jasota geratu denez, suhiltzailearen eta Foruzaingoaren oposizioetako probak egiteko eguna bat datorrelako aurkeztu da kexa.

Kexagileak, bi probetan parte hartu nahi duenez, uste du inguruabar horrek bidegabe mugatzen duela funtzio publikoan berdintasun-baldintzetan eta merezimendu- eta gaitasun-printzipioen arabera sartzeko eskubidea, bai eta lanbidea edo ofizioa aukeratzeko askatasuna ere.

Presidentzia, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Sailak transkribatutako txostena egin du. Txosten horretan adierazten denez, aipatutako proben datan bat etorri arren, ez dago halakorik proben ordu-tartean.

4. Erakunde honek uste du, kexak sorrarazten duen alderdian, diskrezionalitate-tarte bat dagoela Administrazio Publikoarentzat, deitzen dituen hautaproben datak eta orduak finkatzean ez baitago gaia ezartzen duen araurik.

Hori ikusita, eta jakinarazten denaren arabera, probaren finkapenak ez luke eragotziko izangaiak bietara aurkeztea (ordutegiak desberdinak dira); hortaz, ezin ondoriozta daiteke kexaren xede den administrazio-jarduerak ordenamendu juridikoak aitortutako eskubideak kaltetzen dituenik.

Aurrekoa esanda, erakundeak uste du kexan aipatutako lanpostuek antzeko elementuak dituztela, bai eduki funtzionalagatik, segurtasunarekin eta biztanleriaren babesarekin lotuta, bai eta, horren ondorioz, hautaproben edukiagatik ere -Nafarroako Babes Zibilari eta Larrialdiei Aurre Egiteari buruzko Foru Legearen seigarren xedapen gehigarriak suhiltzaileen eta polizien deialdietan sartzeko baldintzak harmonizatzea aurreikusi zuen. Xedapen hori, indargabetuta dagoen arren, bi lanpostuen arteko loturaren sintomatikoa da, adierazitako zentzuan-.

Kidetasun horren ondorioz, ez da ezohikoa funtzio publikoan sartzeko izangaiek aldi berean prestatzea aipatzen diren bi oposizioak, kexagilearen kasuan gerta zitekeen bezala.

Hori dela eta, erakundeak uste du onartu egin behar dela egiten ari den eskaera, hau da, probak beste egun batzuetan egitea, bi lanpostuetan parte hartu nahi duten guztien parte-hartzea maila handiagoan sustatzeko. Horregatik, horretarako iradokizun bat egin da”.

Aztertzen ari garen kasuan, argudiatutakoa arrazoi handiagoz eutsi daiteke. Kategoria bereko lanpostuen aurrean gaude (haur-hezitzailea), eta litekeena da izangai batzuek hizkuntza batean edo bestean parte hartu nahi izatea.

Ez dugu funtsezko arrazoirik ikusten aukera hori eragotzi edo murrizteko, eta ez dugu arrazoizkoa ikusten, toki-erakunde beraren esparruan, dagozkien probak denboran bat etortzea, eta horrek, de facto, galarazi egiten du plaza batzuetan eta besteetan parte hartzeko gaitasuna duten izangaiek parte hartzea.

6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Barañaingo Udalari gomendatu behar zaio haur hezitzailearen lanpostuak euskaraz eta gaztelaniaz bereizita deitzea erabakitzen badu, hautaprobak aldi berean ez egitea, plaza batzuk eta besteak lortzeko gaitasuna duten izangaiek parte har dezaten.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Barañaingo Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2023. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia