Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako arartekoaren ebazpena (Q22/934): a) Iruñeko Udalari gogorarazten zaio legez jardun behar duela euskararen inguruan, Iruñeko Udalean eta haren sektore publiko instituzionalean euskararen erabilera arautzen duen ordenantzan aurreikusitakoarekin bat. b) eta Iruñeko Udalari gomendatzen zaio, Iruñeko Udalean eta bere sektore publiko instituzionalean euskararen erabilera arautzen duen Ordenantzaren 8.a) eta 9.1 artikuluekin bat etorriz, eta, aurrerantzean, Ordenantza beraren Lehenengo Xedapen Gehigarriarekin bat etorriz, Tokiko Gobernu Batzarrak bi formatutan euskarazko eta gaztelaniazko informazioa eskaintzea erabaki ezean.

2022 iraila 14

Euskara

Gaia: Sanferminetako kartel bat gaztelaniaz bakarrik errotulatzea.

Iruñeko Alkatea

Alkate jaun txit Gorena:

1. 2022ko uztailaren 11n, instituzio honek […] jaunaren idazki bat jaso zuen, Administrazioan Euskaraz Taldearen ordez. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Iruñeko Udalaren aurrean, San Fermin jaietako kartel bat gaztelaniaz bakarrik errotulatzeagatik.

Idazki hartan, hauxe zioen:

“San Fermines 22. ¡Vívelos!” kartelak jarri ditu Iruñean Iruñeko Udalak. Argazkietan Gazteluko Plazan paratutako kartelak erakusten ditugu.

IRUÑEKO UDALEKO EUSKARAREN ORDENANTZA.

2020ko apirilaren 14an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantza berria. Aipatuko dugun artikulu urratua aurretik ere bazegoen Ordenantza horretan, 1997. urtetik.

Hauxe da lotura interneten:

https://bon.navarra.es/eu/iragarkia/-/texto/2020/77/32

“IV. KAPITULUA

Udalaren kanpo irudia

8. artikulua. Iruñeko Udalak gaztelania eta euskara erabiliko ditu herritarrei orokorrean egiten dienean. Hartara, ele bitan eginen dira:

a) Bandoak, ediktuak, kartelak eta informazio-plakak”.

Oraingo Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantzaren Bigarren Xedapenak hauxe dio (2012ko uztailaren 5etik dago Ordenantzan):

“Iruñeko Udalaren eskumena den hizkuntza-paisaian euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera izanen dute, eta, horrenbestez, edukia, tamaina eta kontrastea berberak izanen dira bi hizkuntzetan, plaken, seinaleen, kartelen eta hizkuntza-paisaiaren gainontzeko elementuen errotulazioan”.

Aurkezten ditudan argazkietan agertzen diren kartelak edo informazio-plakak ez daude Ordenantzaren arabera jarrita, gaztelania hutsean baitaude.

Badakigu Iruñeko Udalak argudiatuko duela Euskararen Ordenantzako Lehen Xedapen Gehigarriak dioena:

“Ordenantzan “ele bitan” edo “bi hizkuntzetan” ageri denean, horrek adierazi nahi du informazioa bi hizkuntzetan emanen dela: gaztelaniaz eta euskaraz. Baina horrek ez du esan nahi, informazioa euskarri edo unitate bakar batean eman behar denik ezinbestean. Izan ere, idatziak, testuak, informazioak, agiriak, orriak, inprimakiak, adierazpide idatziak nahiz bertzelakoak eta orotarikoak euskarri, formatu, argitalpen edo unitate ezberdin, bereizi edo bananduetan egiten ahalko dira gaztelaniarako eta euskararako. Tokiko Gobernu Batzarraren erabaki arrazoitua beharko da, formatu bikoitza erabili ahal izateko”.

Bai, euskaraz daude kartel batzuk Iruñean, baina askoz gutxiago dira. Gainera, Gazteluko Plaza nolabait festagunea bihurtu da, jarritako barrak direla eta. Hor gaztelania hutsean jarri dira kartelak.

Horrelako jokaera benetan arrazoitu dezake Tokiko Gobernu Batzarrak?

ESKAERAK:

LEHENENGOA.- Iruñeko Udalaren jokaera honengatik gure kexa jasotzea.

BIGARRENA.- Iruñeko Udalari gomendio hau ematea: Kartel horietan elebitasuna euskarri bakarrean agertu behar dela, euskara festagune nagusitik ez desagerrarazteko eta euskarako kartelak gutxiago ez izateko”.

2. Ondoren, erakunde honek Iruñeko Udalara jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

“(…) kexari dagokionez, Arartekoari jakinarazten diogu Iruñeko Udalak zehatz-mehatz bete zuela hirian indarrean daukagun Euskararen Ordenantza, kanpaina hori egiteko.

Zehazki, udal-publizitatean euskararen erabilera arautzen duen ordenantzan jasotakoaren arabera, publizitatearen % 25 euskaraz egin behar da, eta portzentaje hori % 20ra jaisten da komunikabide propioak erabiltzekotan. Bada, publizitate-kanpaina horren bidez zurigorriz jantzitako iruindarren aurpegiekin estali ziren Iruñeko Udalak hirian dituen publizitate-euskarri propioak, hala nola autobus estazio zaharreko sei olana, Iruñeko erdigunean kokatutako hamahiru edikulu eta udalak udal-mugarte osoan zehar dituen 52 mupi, bai eta mupi digitaletan jarritako aldi baterako begiztak ere.

Euskararen Ordenantza betez, jarraian jasotako taulan zehaztu den bezala, aparkalekuetako sarreren edo edikuluen espazioaren % 26,01 euskaraz errotulatu zen (46 aurpegitik 12). Era berean, interesdunak adierazi ez badu ere, mupien % 25 euskaraz jarri ziren (52 mupitatik 13), bai eta autobus geltoki zaharreko olanetako testuen % 33 ere (6 aurpegitatik 2 elebidunak izan ziren).

Kexan adierazi da Gazteluko plazako edikuluak gaztelania hutsean jarri zirela, baina hori ez da egia, plaza horretako hiru edikuluetako bi euskaraz ere errotulatu zirelako. Hurrengo taulan zehaztu da non jarri ziren euskarazko aurpegiak (erdiguneko hamahiruak) kanpainarako erabilitako udal-edikuluetan. Era berean, publizitate-kanpaina honen gaztelaniazko eta euskarazko kokaleku guztiak hemen kontsulta daitezke: https://sanferminespamplona.es/buscate/

UBICACIÓN

NÚMERO DE CARAS

CARAS EN CASTELLANO

CARAS EN EUSKERA

Plaza del Castillo – Pasadizo Jacoba

4

3

1

Plaza del Castillo – Esquina Sarasate

4

3

1

Plaza del Castillo – Esquina Txoko

3

3

0

Rincón de la Aduana – San Lorenzo

4

3

1

Rincón de la Aduana – Salesas

4

3

1

Carlos III – Avda. Roncesvalles

3

2

1

Carlos III – Calle Arrieta

3

2

1

Carlos III – Calle Leyre

3

2

1

Carlos III – Merindades (Tramo I)

3

2

1

Carlos III – Merindades (Tramo II)

3

2

1

Carlos III – Calle San Fermín

4

3

1

Carlos III – Calle Tafalla

4

3

1

Carlos III – Calle Gorriti

4

3

1

Total

46

34

12

Total en porcentaje

100%

73,91%

26,09%

 

3. Horren edukia ikusita, instituzio honek komenigarritzat jo zuen Iruñeko Udalaren txostena kexaren egileari helaraztea, egoki iritzitako alegazioak aurkez zitzan.

Bere alegazioetan, kexaren egileak honako hau azaltzen du:

“Iruñeko Udaleko Euskararen Ordenantza.

Indarrean dagoen Euskararen Ordenantza 2020ko apirilaren 14an argitaratu zen Nafarroako Aldizkari Ofizialean.

Afera honi dagokionez, Lehenengo eta Bigarren Xedapenak dira erabakigarrienak.

‘LEHEN XEDAPEN GEHIGARRIA.

Ordenantzan “ele bitan” edo “bi hizkuntzetan” ageri denean, horrek adierazi nahi du informazioa bi hizkuntzetan emanen dela: gaztelaniaz eta euskaraz. Baina horrek ez du esan nahi, informazioa euskarri edo unitate bakar batean eman behar denik ezinbestean. Izan ere, idatziak, testuak, informazioak, agiriak, orriak, inprimakiak, adierazpide idatziak nahiz bertzelakoak eta orotarikoak euskarri, formatu, argitalpen edo unitate ezberdin, bereizi edo bananduetan egiten ahalko dira gaztelaniarako eta euskararako. Tokiko Gobernu Batzarraren erabaki arrazoitua beharko da, formatu bikoitza erabili ahal izateko.

BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.

Iruñeko Udalaren eskumena den hizkuntza-paisaian euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera izanen dute, eta, horrenbestez, edukia, tamaina eta kontrastea berberak izanen dira bi hizkuntzetan, plaken, seinaleen, kartelen eta hizkuntza-paisaiaren gainontzeko elementuen errotulazioan”.

Beraz, elebitasuna euskarri bakarrean ematea da arau orokorra; elebitasuna euskarri bereizietan ere eman daiteke (hizkuntza bakoitza bere euskarriarekin), baina horretarako Tokiko Gobernu Batzarraren erabakia behar da, eta gainera erabaki arrazoitua.

Nafarroako Administrazio Auzitegiaren 2022ko martxoaren 21eko Ebazpena.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak 2022ko martxoaren 21eko Ebazpen batean xedapen hauen aplikazioari buruz zerbait argitu zuen. Ebazpen hori eransten dut.

Helegite horretan ni neu izan nintzen helegilea, “Queremos escucharte” kanpainako 3 kartel gaztelania hutsean ikusi, ele bitan jartzeko eskaera egin eta isiltasun administratiboaren ondoren gora jotzeko helegitea aurkeztu bainuen.

Iruñeko Udalak argudiatu zuen elebitasuna ezarrita zegoela, baina euskarri bereizietan. Beste hiru leku aipatu zituen eta hiru leku horietan kanpainako informazio afixak edo plakak euskaraz zeudela jakinarazi zuen.

Nafarroako Administrazio Auzitegiak helegitea baztertu zuen Lehen Xedapen Gehigarria aplikatuta.

Hala ere, xehetasun garrantzitsu gehiago daude Ebazpen horretan.

Iruñeko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak aurretik euskarri bikoitza onartu zuen. Horrela arrazoitu zuen bere erabakia:

“Udaleko alorrek hainbat komunikazio-elementu behar dituzte beren jarduerei publizitatea emateko. Horretarako komunikazio-elementu ohikoenak liburuxkak, mikrositeak, publizitate-iragarki arruntak, irrati-iragarkiak eta afixak dira.

Euskararen ordenantza betez, liburuxka elebidunak argitaratzen dira, gaztelaniazko eta euskarazko webguneak inplementatzen dira, hedabideetan publizitate-iragarkiak txertatzen dira (euskarazko hedapenaren % 25 betetzen da) eta afixa elebidunak egiten dira.

Komunikazio-elementu horien guztien elementu garrantzitsuenetako bat irudi grafikoa da. Irudi grafikorako diseinu-agentziak kontratatzen dira, Komunikazio eta publizitate instituzionaleko kanpaina eta ekintzetarako sormen-zerbitzuak eta -lanak kontratatzeko Esparru Akordioaren bidez, bai eta irudirako, sustapenerako eta jarduera eta zerbitzuen hedapenerako materialak eta euskarriak diseinatzeko ere. Sormena, ildo grafikoa, funtsezkoa da irudi erakargarria lortzeko, gai izanen dena herritarren arreta erakartzeko eta lortuko duena materialen xedea, hau da, herritarren artean ahalik eta ezagutza handiena.

Euskarri bakoitzaren ezaugarriak direla eta, deskribatutako komunikazio-elementuek, afixek izan ezik, irudi grafiko hori gaztelaniazko eta euskarazko edukiekin konbina dezakete. Izan ere, kartel sortzaileen kasuan, oso espazio mugatu batean bildu behar direnez irudi grafikoa eta gaztelaniazko eta euskarazko testu guztiak, zaila da oreka hori lortzea, eta, beraz, gehienetan egileak irudi grafikoa sakrifikatu behar izaten du testu guztiak sartu ahal izateko. Ondorioz, afixa ez da grafikoki erakargarria, eta bere funtzioa galtzen du.

Hori dela eta, nahiko arrazoi jotzen da kontatutako gertakariak kontuan hartzea, gaztelaniaz eta euskaraz banatutako euskarrietan sortutako kartelak diseinatu ahal izateko””.

Sortzaileei erraztasunak emateko euskarri bereiziak onartu ziren kasu horretan.

Kasu horretan panel handiak ziren eta hainbesteko arazorik ez zegoen. Arrazoi hori onartuta, ia egiteko modua iraultzen zen. Hau da, arrazoi hori emanda, arau orokorra bihur zitekeen euskarri bereiziak erabiltzea.

Ebazpen horretan, hala ere, bada beste aitorpen bat, helegitea baztertu zuen arren:

 “Agerikoa da, Ordenantzaren Bigarren Xedapen Gehigarria irakurrita eta erregelamendu-arauaren exegesi bateratua eginez, bigarrenak lehenengoak baino izaera orokorragoa duela, zehazten baitu Iruñeko Udalak Iruñeko hizkuntza-paisaian elebitasuna sustatzeko egin behar duen jardunaren oinarri izan behar duen printzipio orokorra”.

Euskarri bereizien alde egin zen Ebazpen horretan, baina helegileak hiru panel aipatu zituen (gaztelaniaz zeudenak) eta Iruñeko Udalak beste hiru (euskaraz omen zeudenak). Horrek markatzen du ezberdintasun funtsezkoa kexaren arrazoia den afera berri honekin alderatuta.

Sanferminetako kartelak.

Kasu honetan Iruñeko Udalak ez du azaldu zein izan den arrazoia hizkuntzaren araberako euskarri bereiziak hautatzeko. Hala ere, susmatzen dugu lehen aipatutako aferan erabilitako bera dela: Sortzaileei erraztasunak ematea.

Eztabaida ez da, ordea, euskarri bakarra ala hizkuntzaren araberako euskarri bereiziak. Bi moduak izan daitezke zilegi, baina baldintza batekin: Hain zuzen ere, Bigarren Xedapen Gehigarriak ezartzen duena.

Hedabideetan egiten den publizitatearen % 25 euskaraz izatea nahikoa den eztabaidatu daiteke, baina hori da onartu dena. Baina, hain zuzen ere, hedabideetan euskarazko publizitatearen kopurua zehazteko onartu da. Beste ezertarako ez.

Iruñeko Udalaren hedabideetan euskararen presentzia % 20 izatea nahikoa den eztabaidatu daiteke, baina hori da onartu dena. Baina, hain zuzen ere, Iruñeko Udalaren hedabideetan euskararen presentziaren kopurua zehazteko onartu da. Beste ezertarako ez.

Afera honetan, ordea, jokoan dagoena ez da hori. Jokoan dagoena hizkuntza-paisaia da. Beraz, Bigarren Xedapen Gehigarria da kontuan hartu behar dena.

 “BIGARREN XEDAPEN GEHIGARRIA.

Iruñeko Udalaren eskumena den hizkuntza-paisaian euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera izanen dute, eta, horrenbestez, edukia, tamaina eta kontrastea berberak izanen dira bi hizkuntzetan, plaken, seinaleen, kartelen eta hizkuntza-paisaiaren gainontzeko elementuen errotulazioan”.

Oso argia da eta Lehenengo Xedapen Gehigarriak baino izaera orokorragoa dauka.

Laburbilduz: Hizkuntza-paisaian euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera izanen dute.

Iruñeko Udalak onartu du kartelen % 73’91 gaztelania hutsean zeudela eta euskarazkoak soilik % 26’09 zirela. Beraz, Bigarren Xedapen Gehigarriaren urraketa garbia.

Horrexegatik, sanferminetan nire pertzepzioa izan zen gaztelaniazko horrelako kartelez inguratuta geundela. Horietako asko ikusi nituen; euskarazko bakarra ikusi nuen, ordea. Euskarazkoak gutxi ziren eta nolabait jaien bihotzetik zertxobait aldenduak.

Nolabait, gurekiko betiko bazterkeria sumatu nuen; agian zifra horiek adierazten dutena baina proportzio altuagoan.

Edonola ere, Euskararen Ordenantza urratu zen. Hizkuntza paisaian euskarri bereiziak zilegi izan daitezke, baina beti gaztelaniaren eta euskararen presentzia berberarekin. Jakina, kartelen kokapen orekatua ere eskatzen du, bere presentzia toki guztietan sumatzeko.

Ondorioak.

LEHENENGOA.- Kexari eusten diogu.

BIGARRENA.- Eskaera, ordea, aldatzen dugu:

Iruñeko Udalari bi gomendio hauetako bat ematea:

1) Kartel horietan elebitasuna euskarri bakarrean agertu behar dela, euskara festagune nagusitik ez desagerrarazteko eta euskarazko kartelak gutxiago ez izateko.

2) Edo bestela gomendio hau ematea: Hizkuntza bakoitzaren araberako euskarriak erabili nahi baditu, euskarak eta gaztelaniak presentzia berbera edukitzea (kartel kopuru bera bi hizkuntzetan) eta kartelen kokapena (bi hizkuntzei dagokienez) orekatua izatea jartzen diren toki guztietan.

4. Aipatutakoa ikusita, eta kexa hau ebazte aldera, lehenengo eta behin, aztertu behar dugu ea, Iruñeko Udalak dioen bezala, eztabaida piztu duten kartelak eta horien kokalekuak bat datozen Iruñeko Udalaren eta haren sektore instituzionalaren esparruan euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen ordenantzaren 10. eta 12. artikuluetan jasotakoarekin, eta, beraz, ea bidezkoa den artikulu horietan aurreikusitako ehuneko 25 eta 20eko portzentajeak betetzea.

Ordenantzaren 10. eta 12. artikuluetan zera xedatzen da:

10. artikulua. Publizitatea komunikabideetan.

a) Prentsan Udalak argitaratzen dituen udal iragarkiei dagokienez, euskaraz izanen dira haietako % 25, gutxi gorabehera.

b) Ikus-entzunezko komunikabideetan —irratian eta telebistan, batez ere— publizitatea bi hizkuntzetan eginen dahalako proportzioan non, gutxi gora-behera, sartuko diren lau iragarki edo "spot"etatik bat euskaraz izanen den.

12. artikulua. Udalaren komunikabideak.

Komunikabideen jabetasuna edo kudeaketa Udalari dagokionean (irratia, aldizkariak edo buletinak, etab.) bi hizkuntzak neurri berean erabiliko dira komunikabidea identifikatzeko osagaietan, orrialdeko izenburuetan, datan eta sailetan, eta eduki guztien %20, gutxi gora-behera, euskaraz emanen dira (enfasia guk gehitu dugu).

Erakunde honen ustez, “komunikabideak (irratia, aldizkariak edo buletinak, etab.)”, “prentsan udalak argitaratzen dituen udal iragarkiak” edo “ikus-entzunezko komunikabideetan” aipamenek erakusten dute artikulu horien xedea honako hau dela: euskararen eta gaztelaniaren erabilera arautzea udalak komunikabideetan (zentzu abstraktuan, hau da, prentsan, aldizkarietan, irratian, telebistan eta abarrean) egiten dituen iragarki edo informazio-kanpainen zabalkundeari dagokionez.

Kasu honetan, ez gaude komunikabide horietako batean iragarki edo kanpaina bat zabaltzearen aurrean, hiriko leku publikoetan jarritako kartel batzuen aurrean baizik.

Ondorioz, erakunde honen iritziz, kartelei eta horien kokapenari ez zaie aplikatu behar Iruñeko Udalaren eta haren sektore instituzionalaren esparruan euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen ordenantza 10. eta 12. artikuluetan aurreikusitako ehunekoak.

5. Portzentaje horien aplikagarritasuna bazterturik, eztabaidagaia honako hau izango litzateke: kartel beraren bi bertsio egotea, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz, ordenantzaren aurkakoa den ala ez.

Gai honi dagokionez, Ordenantzaren 8.a) eta 9.1 artikuluak eta Lehen Xedapen Gehigarria aipatu behar dira:

8. artikulua. Iruñeko Udalak gaztelania eta euskara erabiliko ditu hiritarrei orokorrean egiten dienean. Hartara, elebitan eginen dira:

a) Bandoak, ediktuak, afixak eta argibideetarako plakak.

(…)

9. artikulua.

1. Afixetako elementu guztiak elebikoak izanen dira.

(…)

Lehen Xedapen Gehigarria

Ordenantzan “elebitan” edo “bi hizkuntzetan” ageri denean, horrek adierazi nahi du informazioa bi hizkuntzetan emanen dela: gaztelaniaz eta euskarazBainan horrek ez du erran nahi, informazioa euskarri edo unitate bakar batean eman behar denik ezinbertzean. Izan ere, idatziak, testuak, informazioak, agiriak, orriak, inprimakiak, adierazpide idatziak nahiz bertzelakoak eta orotarikoak euskarri, formatu, argitalpen edo unitate ezberdin, bereizi edo bananduetan egin ahalko baitira gaztelaniarako eta euskararako. Tokiko Gobernu Batzarraren erabaki arrazoitua beharko da, formatu bikoitza erabili ahal izateko (enfasia guk gehitu dugu).

Iruñeko herritarrak hiriko jaiez gozatzera animatzeko kartel bat dugunez hizpide, Ordenantzaren 8.a) eta 9.1 artikuluetan aurreikusitakoaren arabera, kartelek elebidunak izan behar dute, eta horrek, Lehenengo Xedapen Gehigarriaren arabera, berekin ekarriko du, Tokiko Gobernu Batzarraren erabaki arrazoitu baten bidez formatu bikoitzaren erabilera onartu ezean, informazioa euskaraz eta euskarri bakarrean eskaintzea.

Erakunde honek dakiela, ez dago Tokiko Gobernu Batzarraren erabaki arrazoiturik eztabaidagai ditugun karteletan erabilitako formatu bikoitza onartzeko, horrenbestez, erakunde honek uste du erabilitako kartelek Ordenantzan aurreikusitakoa urratuko luketela.

Hori dela eta, erakunde honek egokitzat jotzen du Udalari gogoraraztea indarreko udal-araudian aurreikusitako baldintzak betez erabili behar dela euskara. Halaber, gomendatzen diogu, aurrerantzean, udalaren karteletan informazio bera eman dezala gaztelaniaz eta euskaraz unitate edo euskarri bakarrean, salbu eta Tokiko Gobernu Batzarraren berariazko erabaki arrazoitu baten bidez formatu bikoitzaren erabilera onartzen bada.

6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

a) Iruñeko Udalari gogoraraztea legezko betebeharra duela euskarari lotutako kontuetan Iruñeko Udalaren eta haren sektore instituzionalaren esparruan euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen ordenantzan aurreikusitakoa betetzeko.

b) Iruñeko Udalari gomendatzea, Iruñeko Udalaren eta haren sektore instituzionalaren esparruan euskararen erabilpena eta sustapena arautzen dituen ordenantzaren 8.a) eta 9.1 artikuluetan eta ordenantza horren Lehen Xedapen Gehigarrian xedatutakoa betez, aurrerantzean, udal-karteletan informazio bera eman dezan gaztelaniaz eta euskaraz euskarri edo unitate bakarrean, salbu eta Tokiko Gobernu Batzarraren erabaki arrazoitu baten bidez formatu bikoitzaren erabilera onartzen bada.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Iruñeko Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2022. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia