Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Nafarroako arartekoaren ebazpena (Q22/927); horren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari gogorarazten zaio legez behartuta dagoela ingurumenari buruzko informazio-eskaerak garaiz eta behar bezala ebaztera. Era berean, kasu honetan erantzun berantiarra eragin duen akatsaren arrazoiak aztertzeko gomendatzea, eta, beharrezkoa bada, akats hori berriro gerta ez dadin neurriak hartzea.

2022 iraila 07

Energia eta ingurumena

Gaia: Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak ez erantzutea Lekunberriko zuhaitzak mozteari buruzko informazio eskaerari.

Kontseilari andrea:

 

1. 2022ko uztailaren 5ean, instituzio honek [...] jaunaren idazki bat jaso zuen. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren aurka, Lekunberrin zuhaitzak  mozteari buruzko informazio-eskaera bati ez erantzuteagatik.

Idazki horretan adierazten zuen 2022ko martxoaren 17an, 2022/345366 erregistro-zenbakidun eskabidearen bidez, berariaz eskatu ziola Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari  “0003-0216-2020-000173 kodea duen espedienteari buruzko informazioa”, eta oraindik ez duela jaso.

2. Ondoren, erakunde honek Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:

“- Egiaztatu da 2022ko martxoaren 17an Nafarroako Gobernuaren Erregistro Orokor Elektronikoan,  2022/345366 erregistro-zenbakiarekin, (…) egin zuen eskabide bat sartu zela, honako hau adierazten zuena:

“Azin eta Ipiria erreketan zuhaitzak moztea: Ebroko Konfederazio Hidrografikoak zehapen-prozedura hasi du Lekunberriko Udalaren aurka, erakunde horren beraren 1. Ebazpeneko 1. baldintza ez betetzeagatik: 2020-0C-344 erreferentzia (prozedura horren laburpena erantsita ematen dut). 2020ko irailaren 22an “Ingurumeneko Zuzendaritza Nagusiak/Aniztasunerako Zerbitzuak/Ibai Ingurunearen Zerbitzuak” zuhaitzak mozteari dagokionez aldeko txostena idatzi zuen, eta baldintza hauek ezarri zituen: Espedientearen kodea 0003-0216-2020-000173. Azken espediente hori zein egoeratan dagoen jakin nahi nuke. Lekunberriko Udalak bete al ditu espediente horretan ezarritako baldintza guztiak?”.

- Era berean, egiaztatu da akats bat egon dela ondorengo harrera eta izapidetzean, eta, horren ondorioz, ez zaiola eskabideari behar bezala erantzun.

- Aurrekoa kontuan hartuta, partikularrak egindako kontsultari berehala erantzun zaio. Honekin batera ematen da bidalitako erantzuna.

3. Goian jasota geratu denez, kexaren xedea Administrazioak herritar batek egindako informazio-eskaera bati ez erantzutea da.

4. Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko  maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen zazpigarren xedapen gehigarriak, informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen arauketa bereziei buruzkoak, hauxe ezartzen du lehenengo atalean:

“Foru lege hau aplikatzekoa izanen da, oro har, 2. artikuluan aurreikusitako Administrazio publikoen, instituzio publikoen eta entitateen informazio publikoa eskuratzearekin zerikusia duen jarduera guztian.

Ingurumenari, lurraldearen antolamenduari eta hirigintzari, artxiboei eta dokumentu historikoei eta dirulaguntzei buruzko informazioa eskuratzea foru lege honetan xedatutakoak zuzenduko du, salbu eta lege maila duen araudi bereziak informazio hori eskuratzeko mugak ezartzen baditu, interes publiko zehatz batzuk edo datu pertsonalak babestearren.

5. Herritarrek informazio publikoa jasotzeko egiten dituzten eskaerak ebazteko eta jakinarazteko ezarritako gehieneko epeari dagokionez, maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 41.1 artikuluak honako hau xedatzen du:

“Kasu bakoitzean eskumena duen organoak lehenbailehen eman beharko du eskatutako informazio publikoa, edo, bestela, lehenbailehen jakinaraziko dizkio eskatzaileari informazio hori ukatzeko arrazoiak, beranduenik lege mailako berariazko arauetan ezarritako epeetan, eta, aurreikuspenik izan ezean, epe hauetan:

a) Oro har, Administrazioaren edo ebazteko eskumena duen organoaren erregistroan eskaera sartu eta hilabeteko epean, gehienez.

b) Epe hori beste hilabetez luzatzen ahalko da, baldin eta, informazioaren bolumena eta konplexutasuna ikusita, ezinezkoa bada lehen adierazitako epean ematea. Kasu horretan, hamar eguneko epean eskatzaileari adierazi beharko zaizkio ebazpena epe horretan ematea justifikatzen duten arrazoiak”.

6. Ingurumenari buruzko informazio-eskaerei dagokienez, uztailaren 18ko 27/2006 Legearen 10. artikuluak, ingurumenaren arloan informazioa eskuratzeko, herritarrek parte hartzeko eta justiziara iristeko eskubideak arautzen dituenak (horren barruan sartzen dira (2003/4/EE eta 2003/35/EE Zuzentarauak), honako hau xedatzen du:

“1. Ingurumenaren arloko informazio eskaerak ebazteko eskumena duen agintaritza publikoari zuzendu beharko zaizkio, eta ondore horretarako ezartzen diren prozeduren arabera izapidetuko dira.

Ingurumen-informazioko eskaera bat ebazteko agintaritza publiko eskuduntzat hartuko da eskatutako informazioa bere esku duena, zuzenean edo bere izenean informazio hori duten beste subjektu batzuen bitartez.

2. Prozedura horiek, gutxienez, ondoren adierazten diren bermeak errespetatu beharko dituzte:

a) Ingurumenari buruzko informazio-eskaera bat zehaztasunik gabe egin denean, agintari publikoak eskaera hori zehazteko eskatuko dio eskatzaileari eta lagundu egingo dio informazioa lehenbailehen zehazten, eta, beranduenez, 2.c).1.a atalean ezarritako epea amaitu baino lehen.

b) Agintaritza publikoak ez duenean eskatutako informazioa, eskaera igorriko dio informazio hori duenari, eta horren berri emango dio eskatzaileari.

Hori ezinezkoa denean, zuzenean jakinarazi beharko dio eskatzaileari bere ezagutzaren arabera zein agintaritza publikori zuzendu behar zaion informazio hori eskatzera.

c) Ebazteko eskumena duen agintaritza publikoak eskatutako ingurumen-informazioa emango dio edo informazio hori emateari uko egiteko arrazoiak jakinaraziko dizkio eskatzaileari, betiere eskatzaileak zehaztutako egutegia kontuan hartuta, ahalik eta lasterren eta, beranduenez, ondoren adierazten diren epeetan:

1.- Oro har gehienez ere hilabeteko epean, eskaera ebazteko eskumena duen agintaritza publikoaren erregistroan jasotzen denetik zenbatuta.

2.- Eskaera ebazteko eskumena duen agintaritza publikoaren erregistroan jaso eta bi hilabeteko epean, baldin eta informazioaren bolumena eta konplexutasuna direla-eta ezinezkoa bada lehen adierazitako epea betetzea. Kasu honetan gehienez ere hilabeteko epean eman beharko zaio eskatzaileari luzapen ororen berri, bai eta hori justifikatzen duten arrazoien berri ere.

Informazioa emateari uko egiten bazaio, jakinarazpena idatziz edo elektronikoki egingo da, eskaera idatziz egin bada edo egileak hala eskatzen badu. Jakinarazpenak, halaber, 20. artikuluaren arabera aurreikusitako errekurtso-prozedurari buruzko informazioa emango du”.

Kexaren egileak informazioa 2022ko martxoaren 17an eskatu zuenez, eta kexa erakunde honetan aurkeztu ondoren baino eman ez zaionez, ondorioztatu behar da gainditu egin direla ingurumenari buruzko informazio-eskaerei erantzuteko legezko epeak.

Hori horrela, erakunde honek egokitzat jotzen du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari gogoraraztea legez bete behar duela ingurumenari buruzko informazio-eskaerak garaiz eta behar bezala ebazteko betebeharra.

Aztergai dugun kasu honetan, Administrazioak alegatzen du erantzunik ez ematearen arrazoia eskaera jasotzean eta ondoren izapidetzean izandako akats bat izan zela. Horri dagokionez, erakundeak uste du akats horren arrazoia aztertu beharko litzatekeela, aurrerantzean antzeko gertaerak berriro gerta ez daitezen, eta argi dago administrazio-organoari dagokiola egoki diren neurriak hartzea herritarrek aurkezten dituzten eskabideak eta gainerako idazkiak behar bezala eta epeen barruan izapidetzen direla bermatzeko.

7.Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari   gogorarazi behar zaio legezko betebeharra dela ingurumenari buruzko informazio-eskaerak garaiz eta behar bezala ebaztea. Era berean, kasu honetan erantzuna berandu ematea  eragin duen akatsaren kausak aztertzeko gomendatzen zaio, eta, beharrezkoa izanez gero, akats hori ez errepikatzeko neurriak hartzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2022. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra 
Nafarroako Arartekoa

 

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia